Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Euskal estaturantz

Euskal estaturantz

Markos Zapiain 2024/04/11 12:09

1966an argitaratu zuen Txillardegik “Hizkuntza eta erresuma” artikulua, Branka aldizkarian. Horrela laburbildu zuen 2004an:

«Erresuma propiorik gabe, tesi «apolitikoek» esaten zuten eta dutenaren aurka, nekez berma daitekeela gaur egun nazio-hizkuntzaren etorkizuna, eta tresna erresumatarren beharra aldarrikatu zuen. Eta, beraz, instituzio publikoez nagusitzeko borroka politikorik egin gabe euskarak jai daukala».[1]

Artikuluan Txillardegik aitor du ulergarria zaiola autonomistak eta progre espainolak euskarari kontra egitea; ez, ordea, euskaltzaleak eta abertzaleak. Horietako gehiegik espainolen eta frantsesen sedukzioan jartzen dute euskararen salbazioaren giltzarria; zehazki, ospearen eta literaturaren bidezko erakarpenean. Euskal eskola batzuekin ere egin ei geniezaioke aurre apika erdarari.

Halakoek diotenez, Sabino Arana izan da euskaldunik kaltegarriena, abertzaletasunari bide politikoa zabaltzeagatik, abertzaletasunak ez bestek nahasi baitu gure herria, eta hiltzeko zorian jarri. Zoritxarra baizik ez dakarkio politikak Euskal Herriari. Kosta lain kosta utzi behar da euskara politikatik aparte.[2]

Txillardegiren ustez, aitzitik, euskarak pairatzen duen egoeran, ezinbestekoa zaigu politika, eta euskal estatua lortzera bideratu beharko genuke.

Hizkuntzak galtzeko arrazoiak aztertzen ditu donostiarrak. Ez du hodei olerkarien artean ibili nahi, hankak lurrean baizik. Meillet adituarena dakar: lurralde jakin batean ongi ezarririko hizkuntzak bizirik iraungo du.[3] Alta, ez du hizkuntzaren barne egiturak erabakitzen hizkuntza jakin bat lurralde jakin batean ezaguna eta erabilia izatea, baizik eta estatuaren mintzabide izateak. Oskoera eta umbriera ez ziren latina baino primitiboagoak edo zailagoak. Hala ere, oskoera eta umbriera hil egin ziren, eta latina hedatu. Arrazoia: Erromako estatuak latina hartu zuen hizkuntza ofizialtzat. Erromatar inperioaren batasunean finkatu zen latinaren batasuna. Eta inperioa desegiteak erabaki zuen azken batean latinaren heriotza.[4]

Marxistek diotenez, estatua ez da klase baten tresna baizik, eta hizkuntzen patua klaseenari datxekio. Txillardegik aitor du klaseek garrantzi handia dutela hizkuntzaren zorian; eta estatua klase nagusiaren tresna izaten da. Dena den, giltzarria estatua da. Klaseak ez dira estatutik kanpo bizi. Klase jakin baten nagusitasuna estatuan mamitzen da. Estatua beti izan da talde baten zerbitzari: bai antzinateko estatu-moldea, bai burgesa; eta komunista ere bai.[5]

Meillet aipatzen du Txillardegik berriz ere: «agintarien klasearen hizkuntza nagusitzen da beti». Galiako aiton-semeek galiera arbuiatu zutelako gailendu zen Galian ere latina. Boteretsuen hizkuntza nagusitu da beti Frantzian eta edonon. Euskal Herrian, elite ekonomikoak izan ziren lehenbizikoak euskara abandonatzeko eta erdara besarkatzeko eta inposatzeko orduan.[6] 

Berriki arte mintzatu da nederlandera Holandan ez ezik Belgikan zein Frantzian ere, Lillen, Dunkerquen eta Calaisen. Zabalak dira, haatik, dagoeneko galdu dituen eskualdeak. Frantziako estatuaren jazarpena ikusten du Txillardegik heriotza horren atzean. Estatu atzerritar horrek galarazi die jatorrizko hizkuntza.[7]

Zenbait adituk ez estatua baizik eta ospea dute galeraren gakotzat. Bretoiak edo nederlanderak ez omen dute osperik, frantsesak izugarria. Txillardegiren iritziz, berriz, Frantziako estatuak kendu zion ospea bretoiari Nantesen eta Saint-Malon, edota nederlanderari Lillen; eta  Holandako estatuak eman dio ospea nederlanderari Amsterdamen. Estatu-hizkuntza bilakatzen ez diren hizkuntzak galtzen dira, eta estatu-hizkuntza bilakatzen direnak salbatzen. Horri dagokionez, ia ez dago salbuespenik.[8]

Beren buruaren jabe diren herriek hizkuntza bizirik dute; ostera, estatu arrotzen menpean bizi direnek galdua dute, edo galtzear, edo nabarmenki itzaltzen hasia, eta estatu-hizkuntza arrotza baliatzera izan dira bortxatuak. Azken mendeetan desagertu diren hizkuntzen artean, bakar bat ere ez zen estatu-hizkuntza.[9]

Txillardegirentzat, hizkuntza, funtsean, «gizarteko harremanetan erabiltzen dugun mintzabidea» da, gizarteko lanabesa. Harremanetarako mintzabide baldin bada, balio du; eta mintzabide ez bada, ez du balio. Mintzabidetasun hori da hizkuntzaren izankizun nagusia. Hizkuntza batek bere helburua betetzen ez badu, harremanetarako balio ez badu, harremanak debeku baldin bazaizkio, bere buruari uko egiten dio, ez du zentzurik; eta jendeak ahaztu egiten du, ospea eta literatura gorabehera.[10]

Herri xeheak dioelarik familian ikasitako mintzairak ez diola jendartean balio eta, balio ez diolako, ahaztu egin nahi duela, herri xehe hori, Txillardegiren iritziz, zuzen dabil. Beste hizkuntza bat hartzeko beharra eta eskubidea du, jatorrizkoa ez baitzaio mintzabide egoki, ez dio bizitzen laguntzeko balio. Jokoz kanpo gelditu da herri xehearen jatorrizko hizkuntza, bizitzatik at. Ez dago gizaki konkretuaren zerbitzura. Eta, Txillardegik dioenez, gizakiaren zerbitzuko behar du hizkuntzak. Eta ez baldin bada, baztertu eta suntsitu egiten da.[11]

 



[1] Euskararen aldeko borrokan, 8. or.

[2] Ibidem, 104. or.

[3] Ibidem

[4] Ibidem

[5] Ibidem, 106. or.

[6] Ibidem, 104-105. orr.

[7] Ibidem, 105. or.

[8] Ibidem

[9] Ibidem, 106. or.

[10] Ibidem, 114. or.

[11] Ibidem

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.