Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Euskal Herrian ere, euskalduna paria

Euskal Herrian ere, euskalduna paria

Markos Zapiain 2024/03/23 22:44

 

Latzak dira inondik ere Txillardegik jakinarazten dizkigun datuok:

«Hamar lagunen talde batetan, erdaldun batek elkarrizketen erdia erdalduntzen du; baina bost euskaldunek, % 2,9 baizik ez dute hitz eragiten. “Euskeromano” omen gara... baina zifra horiek aski dira ERDAL ARRAZAKERIAZ hitz egin ahal izateko. Pariak baino gutxiago gara euskaldunok geure herrian; eta erdaldunak Hegoafrikako zuriak baino aisa nagusiago. Batzuk hala ere “euskal inperialismoaren” bildur!

Herriko lagun-taldeak eskuarki tamaina horietakoak izaten direnez gero, zifra BILDURGARRI horiek har daitezke oinarritzat; eta gure herrietan gertatzen denaren iruditzat.

Hitz gutxitan esateko, herri batetan jendetzaren ERDIA erdalduna baldin bada (gaur leku askotan duguna), herri horretan erdaraz egiten da % 91-97 kasutan! Herri horretara datorren kanpotarrak, beraz, ez du ia inoiz euskaraz inor entzuten; eta bertan galdutzat ematen du hizkuntza.

Horixe da, ordea, gaur Zuberoan eta Lapurdi osoetan gertatzen dena; eta Sánchez Carriónek bere liburu ezin-mingarriagoan adierazi digunez, Nafarroako euskaldun barrutirik gehienetan gertatzen dena: oraindik ere batzuek (askok beharbada) euskaraz jakinik ere, euskara EZ DA ERABILTZEN, eta hildakotzat jo daiteke.

Inpresio hau, bestalde, ez da inolaz ere ustekeria faltsu bat; egia latzaren irudi xuxena baizik. Ene koadroek hozki erakusten dutenez, euskaldunak oraindik ere ERDIA diren herrietan, erdara entzuten da % 91-97-tan... GUTXIENEZ! 

Askotan euskaldunek berek, eskuarki erdaraz egitera beharturik, ez baitute azkenean beren artean ere euskaraz egiten. Zifra izugarri horiek, beraz, egia baino... larrosago dira!!»[1]

 

ERDALDUN ELEBAKARRAREN ERAGIN GALGARRIA

Horrela jarraitzen du Txillardegik “Matematika eta erderomanoak” erabakigarrian:

«Beste gauza bat agertzen da zifra horietan: erdaldun bakar batek duen eragin galgarria. Sei lagunen talde batean, esate baterako, aski da lagun BAKAR BATEK euskaraz ez jakitea, talde horretan, besterik gabe, % 53,4 multzotan erdaraz egin beharra gerta dadin.

Zifra bildurgarri hauek euskaltzaleek ondo kontuan hartzea nahi nuke; eta euskaltzale omen diren erdaldunei ene irakurleek azaltzea. Zifra lazgarri hauetaz zeharo denok jabetu artean, euskararen arazoak ez du soluziorik izango. Zifrak lagun, euskaraz ikasten ez duten 'euskaltzaleak' (???) euskal giroaren MINBIZIA dira, eta “erderomano” huts.

Noiz helduko ote dira Euskal Herrira, alajainkoa, zifra horiek kontutan hartu, eta provo gisa GOGOR jokatzeko gertu egongo diren gazte suharrak? Noiz??

Zeren izurrite horri nagusitzeko bide bat baizik ez baitago: 1/ ardi-larruz jantzitako URDEEN aurka, ikastolei nola edo hala eustea; 2/ errazkeriak baztertuz, euskara lantzea eta ikastea, beti ere euskaraz lasai hitzegiteko gauza izan arte; 3/ katalanek, flamenkoek eta txekoek egin duten bezala, euskaldunok ere, zer gerta ere, gure hizkuntza ez dakitenen aurrean, ausarki EUSKARA HUTSEZ hastea; 4/ euskaraz ikasteko urratsak EMATEN-ez dituzten ERDEROMANO eta sasi-euskaltzaleak zapuztu, mespretxatu eta zakurraren ip.ra botatzea.

Bestela, jaunak, gureak egin du. Eta utz ditzagun ametsak, eta... xeru-xeru, guretzako gertu dagoen... PUTZURA!»[2]

Beraz, ez intuizioak bakarrik, matematikak ere erakusten digu euskaltzale militanteak elebakar bilakatu ezean, euskararenak egin duela.


ELEBAKAR BILAKATU

Elebidun gizarteen azterketa matematikoa liburuaren amaieran, Txillardegik adierazten du daramagun martxa honekin euskarak ez duela burua altxatuko.

Zertxobait lortuko badugu, beharrezkoa da, alde batetik, elebidunen kopurua handitzea, eskolaren, telebistaren eta abarren bitartez.

Bestetik, ezinbestekoa da aurreko paragrafoan aipatu hirugarren puntuari adorez ekitea eta muturrera eramatea:

«Euskaldun elebakarrak (egiazkoak edo ‘faktikoak’) sortzea; eta, tentsioak sortuz, eta abar, dinamika azkarrago bat sortzea.

Bestela, gezurra da Euskal Herria normalizatuko dela esatea; liburuxka honetan barrena argi agertu den bezala.

Jokabide hauen kontra dagoenak, hitz batez, euskararen heriotza bilatzen du; bai konturatzen baldin bada, eta bai konturatzen ez bada ere.

Problema latza? Noski!

Euskal Herriaren arazoa ez baita txantxetako jokoa».[3]

Txillardegik berak euskaldun elebakar “faktiko” horietako bat izateko aukera existentziala egin zuen. Euskaraz erantzuten zuen telebistako kazetariek gaztelaniaz galdetzen ziotenean. Zorroagako Filosofia fakultateko jantokian, amore emateke eusten zion euskara hutsari bazkari osoan, solaskidea erdaldun elebakarra zenean ere, eta mahaian Txillardegi eta erdalduna baizik egon ez arren.

Horretan, Jon Etxaide idazlea izan zuen eredu. Frankismo betean ere, Etxaidek ez zuen hitz bakar bat ere egiten erdaraz. Euskaraz ikasten zebilen Txillardegi gazte zalantzatia nekez ausartu zen idazle heldu miretsiari mintzatzera, eta, ondikoz, hitzak gaztelaniaz atera. Orduan, Etxaidek bizkarra eman eta alde egin zion. Jokabide eredugarria Txillardegiren ustez, bihotzez eskertuko ziona.[4]



[1] Ibidem, 241-242

[2] Ibidem, 242-243. orr.

[3] TXILLARDEGI, Elebidun gizarteen azterketa matematikoa, UEU, Iruñea, 1984, 113. or.

[4] Hitza hitz, 40. or. eta  Euskal Herria helburu, 177. or.

 

Amatiño
Amatiño dio:
2024/03/24 11:51
Erabat natorke Txillardegik eta zuk diozuen guztiarekin baina, kontra egiteko baino ez, titulua ez da zuzena. Euskalduna ez da "Euskal Herrian ere, paria".

Hitzez hitz diozun bezala, "sei lagunen talde batean, esate baterako, aski da lagun BAKAR BATEK euskaraz ez jakitea, talde horretan, besterik gabe, % 53,4 multzotan erdaraz egin beharra gerta dadin". Baina horrek ez du euskalduna "paria" egiten. Izan daiteke inozo, axolagabe, ezjakin, hipokrita, tontolapiko edo alu, baina ez paria.

Hori da gure arazoa, zailtasun objektiboak nahiko ez balira bezala, horrez gainera uste dugu gu ez garela sekula errudun, beti biktimak baizik.
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2024/03/25 10:36
Bai, beti da eskertzekoa ondo arrazoitutako edozein kontra egite. Txillardegik idatzitakoa aztertzen ari naiz aspaldion: hizkuntzari buruz oro har, eta euskarari buruz zehazki. Oker ez banago, “etorkinak eta euskara” arazoaren inguruan idatzirikoek sortu zituzten iskanbilarik sonatuenak ezker abertzalearen baitan. Ea halako batean fundamentuz heltzen diodan.

Amatiño, Txillardegiren aipua da zuk dakarzuna, hitzez hitzezkoa. Komatxo artean doaz halakoak.

Egokia izan liteke beharbada Txillardegik beste testu batzuetan “paria” hitza nola erabili zuen ikustea, zer esanahi eta zentzu ematen zion jakiteko. Adibidez, lau aldiz erabili zuen “paria” 1973ko Proyecto de manifiesto vasco idazkian, eta horietako hirutan letra larriz:

“El autóctono vasco monolingüe es un PARIA EN SU PROPIA TIERRA, como en cualquier colonia clásica. Ahora bien: todo el pueblo euskaldún ha sido exactamente eso durante siglos: EL PARIA DE SU PROPIO PAÍS OCUPADO; y aún hay hoy trágicos testigos vivientes de esa situación infra-humana, sobre todo entre las mujeres labradoras”. (37. or.)

“La alta burguesía vasca ha sido la primera del país en perder la lengua y desnacionalizarse. Y ha sido el proletariado vasco (labradores, pescadores, obreros) la clase que más tiempo ha permanecido a nivel de AUTENTICO PARIA en un país ocupado por poderes extranjeros. He aquí la historia real de las clases populares euskaldunes hasta hace muy pocos años”. (37. or.)

“Parece evidente, por consiguiente, que para una COMUNIDAD MONOLINGUE, la contradicción fundamental, salvo alienaciones cuyo origen cabe analizar, ha sido, y es donde se produce, la contradicción NACIONAL entre el pueblo euskaldún paria y el poder extranjero ocupante; y que se acompañaba, en su origen, de una dimensión simultánea de opresión SOCIAL-ECONÓMICA no menos patente (como ocurre hoy con los indios del altiplano peruanoboliviano)”. (38. or.)
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2024/03/26 12:51
Amatiño, biktimatasunari dagokionez ados. Noski, gurea bezalako gizarte diglosiko eta eskizoglosikoetan asko dira benetako biktima linguistikoak. Baina beren burua biktima gisa saltzea atsegin duten batzuek barrea eta nazka eragiten dute aldi berean. Adibidez, familia euskalduna, ikasketak euskaraz, badaki Orhan Pamuken Elurra sekulako itzulpen ederrean duela, baina hala ere Nieve irakurtzen du. Ados, egizu nahi duzuna. BAINA GERO EZ SARTU KRISTOLAKO TXAPA NOZITZEN DUZUN ERREPRESIO LINGUISTIKOAZ!

Eta, batez ere, ez berdindu zeure biktima izaera, tripa polito beteta bizi baitzara azken batean, eta 55 urterekin Gorteen kalean gau eta egun prostituta dabilen brasildar beltzarena!
Amatiño
Amatiño dio:
2024/03/27 20:58
Txillardegik eta biok dozena erdiren bat aldiz izan genuen elkarrekin, elkarren kontra, aurrez aurrez, jendaurrean eztabaidatzeko abagunea. Segurutik berak ezer gutxi ikasi zuen niregandik (praktizismo apurren bat, agian), baina nik, ordea pila bat harengandik.

 Aditua, jakintsua eta holakoez gainera, Jose Luis tipo bikaina zen, adiskidetsua, leiala, benetalaria. 1980 urte inguruan, “erakundeak bai/ez” delako eztabaida hartan –beti euskararen inguruan eta sekula ez alderdi-politikaz-- hainbat aldiz deituak izan ginen jendaurreko eztabaidan parte hartzera. Antolatzaileek bazekiten zergatik deitzen zuten Txillardegi eta zertarako nahi zuten Amatiño. Eta geuk bagenekien zertara gindoazen.

Aldez aurretik jakineko bi jarrera kontrajarriak-edo defenditzera biltzen ginen arren, ez ginen sekula haserretu. Are, hainbeste aldiz elkarrekin eztabaida bertsuan aritu beharraren beharrez, azkenean aurrez genekien besteak zer esango zukeen. Bera beroa zen hizketan, nik, berriz, epeletik gutxi. Segurutik entzuleren bat baino gehiago beldur izan zitekeen noiz gu elkarri mokoka hasiko, baina guk bagenekien, funtsean, eremu berekoak ginela. Inork uste baino hurbilekoagoak.

Ni gaztetxoagoa nintzen, inozoagoa eta ahulago behar bada, eta behin, etsi egingo nuelakoaren beldur-edo, esan zidan bastidore artean maitekiro: “Zu, Amatiño, ez gero etsi, zuk zureari heldu, oso ondo ari zara-eta”. Eta nik erantzun: “Baina, Jose Luis, nola ba etsiko, besterik ez dut sinesten eta. Ez dakit gurea inoiz konponduko ote den erakundeekin, baina erakunderik gabe, seguru ezetz”. Eta berak ezarri: “Horretan arrazoi duzu!”. Eta taula gainean eseri ginen, aurkari amorratuak bagina bezala.

Berrogei urte geroago, egoera erabat aldatu da, ez beti onerako. Nahi diren muga, baldintza eta eragozpen guztiekin, agintean dagoen euskaldunak gauza ondo, gaizki edo erdipurdi egingo ditu, baina sekula ez diot nik onartuko “paria” denaren aitzakia. Ikastolan hezituak izan arren gaur egun euren artean gaztelaniaz whatsappatzen duten guraso eibartarrak ez dira pariak. Korrikaren inguruan txaloka, oihuka eta animoka aritu arren, euren artean barra-barra gaztelaniaz mintzo diren gazteak ez dira pariak. Nahiz euren diziplinetan profesional oso onak izan, euskaraz petralak diren euskaldunak ez dira pariak.

Segurutik izan da inoiz euskaldun pariarik, baina, nik sumatzen dudanez, aspaldi hil zen azkena.

P.D. Eta, barkatu, titulua zurea da, ez Txillardegirena.
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2024/03/28 20:55
Mila esker, Amatiño, preziatu bezain baliosak zaizkit Txillardegiri lotutako oroitzapen horiek.
  
Bai, izenburua nirea da. Ez nago behartuta dioenarekin ados egotera: Txillardegiri buruzko ikerketa bati dagokio, eta beraz ez nik baizik eta Txillardegik pentsatzen duena da kontua.
 
Dena den, sarritan bat nator izenburuak dioenarekin. "Paria" hitzaren esanahiari eman nahi diozun intentsitatean dago gakoa. Baina ez gara gutxi kalean euskaraz egiteagatik errieta pairatutakoak. Aspaldi, egia da. Hala ere, joan den astean, Gasteizko Batán tabernan, mutil batek "kolakao bat, mesedez" eskatu zuen. Tabernariak “en castellano” erantzun zion. Bigarren aldian, “kolakao bat, mesedez” errepikatu zuen bezeroak, kolakaoa atzamarrez seinalatuz: “¡te he dicho que en castellano!” Azkenik, bezeroak alde egin zuen. Urkulluk enpresaburuen aurrean hitz gutxi batzuk euskaraz ahoskatzen hasi orduko isilarazi zuten eztul espainolek.

Iparraldean zein Hegoaldean, bi hizkuntza daude, bat da nagusi, eta menpekoa erabili nahi izateak gatazka dakar sarritan. Gogorregia da beharbada hori aipatzeko "paria" erabiltzea, esklabotasunari, kastei eta goseari lotzen baldin badiozu. Baina Txillardegik polemikek akuilaturik idazten zuen maiz, eta polemikan ohikoa izaten da mintzamolde bortitza; eta ñabardura galtzen da horrela.

Bestalde, uste dut asko direla paria eta biktima sentituta ekimena bizkortzen zaien gizakiak. Nabarmena da artisten artean. Adibidez, euskal idazlerik kontsakratuenek ere, sariak oro jasotakoek, testu-liburuetan hilezkorturik ageri direnek, errekonozimendu falta, bazterkeria eta pariatasuna sentitzen dute.
Susmoa dut horrela sormena bizkortzen zaiela, horregatik sentitzen dute biktima izateko "behar" hori.

Duda bat: “baina gero ez sartu kristolako txapa…” idatzi dut. Zeuk "sartu"ren ostean jarriko zenuke "gero", ezta? Akats sintaktikoa egin dut? Zuzendu beharko nuke?
Amatiño
Amatiño dio:
2024/03/28 22:51
Azken bi lerro horietako galderari erantzunez... ez dakit zer esan. Aho zabalik utzi nauzu.

Ez dakit txantxetan ari ote zaren... benetan galdetzen ote duzun ez dakizulako... ni ote naizen ulertzeko beste ez dakiena... ala erabat oker ote nagoen.

Ea hitz gutxitan azaltzeko gauza naizen. Harrigarri iruditu arren, oraintxe arte, zurea irakurri arte, nire ustez (nire barne-ulermen, sintaxian edo semantikan) "ez gero sartu," eta "ez sartu gero". Bi gauza ziren. Ahalegindu naiz pare bat minutuan aldearen froga inon aurkitzen, baina ez dut aurkitu! Jarraituko dut bila.

Nik uste nuenez, "baina gero ez sartu" denbora-kontua da. Noiz? Gero.

Hala ere, "baina ez sartu gero" jarrera-kontua da. Ez dezazula pentsa sartzerik (iritziz aldatzerik) duzunik.

Baina, nonbait, nire buruan dagoen zerbait baino ez da. Behar bada, horregatik erabiltzen dut horren sarri. Ni ere jabetu naiz gehiegizko sarritasunaz, eta ekiditzen saiatzen naiz, baina, kentzen dudanean, esaldia erren-edo geratzen dela iruditu izaten zait...


Ez dakit zer esan... Buruhauste ederra jarri didazu!
Amatiño
Amatiño dio:
2024/03/28 23:10
Ez duzu gero potrorik izango hori egiteko.
No tendrás pelotas para hacerlo.

Gero ez izan potrorik hori egiteko
Luego no tengas pelotas para hacerlo.

Froga gisa, euskarazko bi esaldi jarri dizkiot itzulpen automatikoari. Kuriosoa, aurrenengo itzulpenean ez da "luego"rik agertzen gaztelaniaz. Bigarrenean bai, ordea.

Ez da izango gero (jarrera) aurrenengo esaldiak "jarrera" azpimarratu nahi duelako eta bigarrenak, ordea, "noiztasuna" batez ere?

Tira, ohera nora, bihar mendira joan behar dut-eta.
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2024/04/08 12:03
Barka atzerapen luzea, Amatiño, baina Internet barik ibili naiz.

Zure barne-ulermen sintaktikoa eta semantikoa oso fidagarria iruditzen zaidalako galdetu dizut, ez dago ezkutuko bultzatzailerik. Eta zeure erantzun horixe behar nuen hain zuzen: orain garbi ikusten dut zein den “gero” horien kokapen desberdinek dakarten diferentzia semantikoa. “Baina gero ez sartu”, denbora-kontua; “Baina ez sartu gero”, jarrera. Primeran azaldua!

Bestalde, oso ona darabilzun itzultzaile automatiko hori. Zehaztasun harrigarria lortzen du; potro eta pelota kontuei dagokienez bai, behintzat.
Oier G
Oier G dio:
2024/04/22 14:19
Nik ere oso argi bereizten ditut "gero"ren adiera bi horiek (ez galdetu gero zergatik ;-) azalpen linguistikoetan oso analfabetoa bainaiz). Uste dut Eibar bueltan oso hedatuak dauden adierak direla.

Gure amak, Eibarren gerra aurretik euskaraz hezia, eta 6 urterekin Gasteizera joan ostean halabeharrez erdaldundua, euskaraz kostata egiten zuen baina bazituen zenbait esamolde fosil, gurasoengandik jasoak. Bata zen: "GEROOOOO...!". Esan bedi mehatxu tono larriz, trastada baten egile potentzial den ume bat, trastada hori egiten ausartu ezkero, etor daiokeena kontuan hartzeko.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.