Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Darwin espainolei buruz

Markos Zapiain 2022/07/17 14:15

Darwin arrazista zen, uste zuen goi mailako arrazak daudela, oroen gailen ingelesena, hau da, berea, eta behe mailakoak, primitiboak, hurbilago dabiltzanak animaliengandik. "Gizakiaren Jatorria" liburuko bosgarren atalean bere buruari galdetzen dio nondik ote datorren espainolen gainbehera arraza gisa, espainolen ergelkeria intelektual eta etikoa. Darwinen azalpena: Inkisizioak hiru mende luzeetan espainolik zalantzati, adimentsu eta ausartenak akabatu zituen. Urtean, batez beste, mila inguru. Horrek birrindu du arraza espainola. Arrazakeriaren aurkako sentiberatasuna dela eta, gaur egun gogorra egiten zaigu horrelakoak irakurtzea, baina zer ez ote zuen erantsiko Darwinek Sergio Ramos ezagutu izan balu...

Bultoa eskuan

Markos Zapiain 2022/07/15 21:30
Filosofia eta bertsolaritza (eta VI)

Nori onartuko litzaizkioke honako bertso eta giro hauxe, ez hain aspaldikoa, baina gaur egun, eta Mañuren ordez Etxahun Lekue, Amets Arzalluz edo arraren ezaugarri bistakoak dituen beste edozein ipinita, zeharo pentsaezina? Gaia: Miren Amuriza azafata da, eta hegazkinera igotzen nori utzi eta nori ez erabaki behar du. Fredi Paiari ez dio utzi, Amets Arzalluzi ere ez. Mañuren txanda heldu eta, Jainkomendikoak kontatzen duenez, “esan jostan, ba, mutil guapue ta noblie emoten nebala, baina gerrittik behera baneukola bulto bat, eta haxe zer zan ikusi barik, dudie emot’otsola nigaz zer egin, da kantatu najotsan:

 

Berdingabeko jakinduria

Dezu buruko kaskuan

Ta horregatik agintzen dezu

Nor juan edo ez juan.

Nire gerriko bulto honekin

Ibili gabe juzkuan

ez dizu ezer egingo eta

hartu zaidazu eskuan.

Harek ein jittuan barriek!”

Miren Amurizaren aitari kontatu dio hori Mañuk, eta Xabier Amuriza izango da ziurrenik bertsolaritzaren eta filosofiaren biltzeak zein fruitu ederrak eman ditzakeen darakutsan figura behinena, Haritz Garmendia gaztearekin batera.

Sokrates bezala, izkribuarekiko mesfidantzak bizi du Mañu, irakurtzeko orduan nahiz idaztekoan, nobleagoa zaio esana idatzia baino, eta, goitik behera badago ere Jainkomendin sustraiturik, Sokrates bezain atopos da, kokaezina, harrapagaitza, sarritan egiten dielako irri, eta berariaz, inguruan nagusi sumatzen dituen dogmei. Eszeptiko samarra du jarrera, botereaz eta oposizioaz eta antibotereaz denaz bezainbatean, eta beti saiatzen da gozatzen eta gozarazten, ez bere buruari ez beste inori kalterik egiteke.


Xelebre ospea. Mañukortaren etekina

Markos Zapiain 2022/07/14 09:45
Filosofia eta bertsolaritza (V)

Bertsolariak eta filosofoak, baita Filosofia irakasleak ere, biek izan dute ilargitarraren ospea, bere kasa dabilenarena, Tales edo Pernando Amezketarra bezalako aitzindari bide-erakusleengandik hasita; halatan, sinpatiaz onartzen zaizkie beste herritar zein irakasleek debeku lituzketen hainbat estrabagantzia. Orain dela bizpahiru hamarraldi Bermeon bertso-saioa antolatu eta Jon Maiari ahaztu egin zitzaion etortzea; Maialen Lujanbio berandu iritsi eta aparkatzean portura erori zen ia, atzeko gurpilak erdi zintzilik itsaso orrolariaren gainean. Bertsolaria, badakizu. Filokoa, badakizu, koitadua, berriro aurkitu dute billarretan Formakuntzako orduan. 

Zentzu horretan, Mañukorta izango da beharbada bertsolaririk filosofoena, pekuliarrari dagokion estatus pribilegiatuari etekinik oparoena atera diona. Beste edonori txantxetan ere ez litzaizkioke onetsiko Mañuk ez bertsotan inoren ahotan baizik eta bere izenean Bertsonajea liburuan Xabier Amurizari Francoren alde adierazitako arrazoi sendoak: ferroldarraren sasoian ez ei zegoen langabeziarik, langileentzako paga estra biak ezarri zituen, jubilazioa ere bai. Kriminala izango zen, baina baita beharginen lagun fina ere. Mañuk, zertara edo hartara, laguna omen zuen Franco.

Zirika ibiliko da agian, datuak erabilirik haatik; egia egia baita, euskaldunak esan nahiz espainolak esan.

 

Autistaren lotura

Markos Zapiain 2022/07/12 18:37
Filosofia eta bertsolaritza (IV)

Orain dela dozena urte inguru Asperger bat izan genuen, Oier deituko diot, nerabe seriosa, bere baitan itxia, ia harremanik ez ikaskide-irakasleokin, begiratu ere ez zigun egiten. Halako batean, epistemologiari buruzko jakin-mina piztu eta hilabetean bere irakasleok bizialdi osoan baino gehiago eta zehatzago jakitera heldu zen. Egun batean, Fredi Paia eta Xabier Silveira ekarri genituen. Areto Nagusian jesarlekuak bukatu eta Oier erdiko pasilloan eseri zen, behearen gainean. Haren barre-algarak, Silveira eta Paia hasi orduko! Ez ziren saio osoan etengo! Institutuan eman zituen sei urteetan egundo ez nuen ikusi inorekin horrela konektatzen. Huraxe izan zen benetako harremana eta benetako lotura sumatu nion egun bakarra.

Azterketa eta kartzela

Markos Zapiain 2022/07/11 22:40
Filosofia eta bertsolaritza (III)

Dirudienez, mugikorraren eraginez, besteak beste, inoiz ez bezain sakabanatua eta urduri dabilkigu atentzioa. Gainera, eta mugikorra baino lehenagokoa da joera hau, nekeza zaigu edozeri buruz geuretik mintzatzea, errazagoa da besteri entzundakoa edo irakurritakoa gogoratu eta ziplo botatzea. Kasurako, azterketako galderak irakurri orduko hasten zara erantzunak idazten, denbora kosta lain kosta irabazi guran-edo, ez jakin zertarako, beti entregatzen baituzu txirrinak jo baino lehen.

Kartzelako ariketak iradoki zidan pentsatzeko orduan hain kaltegarria den presa hori desaktibatzeko bide bat. Aspaldion, ikasleei azterketak banatu eta ordu laurden igaro ostean baino ez dizkiet bolalumak ematen. Ordu laurden horretan egin dezaketen gauza bakarra da galderak patxadaz irakurri eta erantzunei buruz pentsatzea. Distantzia hartu, perspektiba aukeratu, erantzun osoa irudikatu, gogoan erabili eta taxutu, amaiera erabaki, kartzelako lanean bezala, eta ez erantzuna di-da goitikatu. Idoia Pujana bertsozaleak jakinarazi dit Suediako Institutuetan ere, Biologiako azterketetan bai bederen, ohikoa dela jokabide hori. Oxala gero eta ikasgai gehiagotara zabalduko balitz, eta azterketa orotan ezarri, hain baita onuragarria.

Kometaren heldulekua

Markos Zapiain 2022/07/07 23:31
Filosofia eta bertsolaritza (II)

Filosofia ikasteko orduan, izugarri laguntzen du bertsolaritzak. Beste ariketa batzuek ere bai, noski, hala nola irakurtzeak, egunerokoa idazteak, instrumenturen bat jotzeak. Burmuineko gune berezi bat pizten zaio ezustean nerabeari atzamarrak partituran irakurritakoaren arabera mugitzen ahalegintzen delarik, irakurketa eta interpretazioa eskuen bitartez sinkronizatzen dituelarik. Orobat, gai baten inguruan irudiak eta ideiak asmatu eta doinu eta hitz neurtuetan tolestera entseiatzen delarik, diziplina eta autokontrola sormenaren abiapuntu eta euskarri. Hori dena primeran datorkio Filosofiaren ikaskuntzari.

Ikasle ditudan bertsolariak ez dira bereziki langileak, ia beti alderantziz; emaitza bikainak izaten dituzte ordea, azterketetan azkar bezain originalak direlako, hizkuntzarekin duten harreman sakona lagun. Gogoangarriak izan dira Filosofian Iker Uriarte, Nerea Amparan, Ane Lastra, Lore Barrena, Sergio Serrano, Nagore eta Aitor Beitia, Ander Oleaga, Unai Egaña eta Anertz Muniategi bertsolariak.

Indartsua da bertsoaren zein filosofiaren moldagarritasuna inguruko ia edozer erabiltzeko elikagai gisa. Unai Iturriagarenaz gain komikiarekin, esanguratsua da halaber Maddalen Arzalluzen harremana Doraemon katu kosmikoarekin, edota Nerea Ibarzabal Lazkao Txiki eta Pernando Amezketarraren marrazki bizidunak ikusiz bertsozaletu izana txikitan, eta Harry Potterren inbokazioa Miribillan; gogora dakarte nola baliatzen zituen Gilles Deleuzek tenisa, txikiteoa zein B serieko filmak, edota Clément Rosseten eta Tintinen arteko lotura estua. Filosofiak ez dakigunari buruz dihardu, baina dakiguna oinarri hartuta; gaur egun, batez ere Biologia eta Ekonomia. Era berean, bertsotan, oinarri material mugatu batetik aireratzen da irudimenaren jolas mugagaitza. Fantasia eroa eta azpiegitura trinkoa horrela biltzeak egiten du bertsoa hain liluragarri.

Matematikan eta Fisikan ikasleek klase partikularrak izaten dituzte ikastetxetik kanpo. Filosofiakorik ez dago, bertso-eskolak betetzen baitu zeregin hori. Filosofian konpontzen ez den ikasleren bat daukadanean, bertso-eskolara joateko aholkatzen diot. Gurasoei ere bai. Asmamen indefinitua hitz eta neurri zehatzetan mamitzeko trebetasuna lantzen duen gazteak nabarmen jotzen du aurrera Filosofia eta Historia bezalako ikasgaietan, zer esanik ez Euskaran; are Biologian.

 

Filosofia eta bertsolaritza (I)

Markos Zapiain 2022/07/06 08:46

Bertsolari aldizkariaren udaberriko alean atera da "Filosofia eta bertsolaritza"


Hauxe kantatu zuen Aitor Etxebarriazarragak Bizkaiko azkeneko finalean, Miribillan, hasierako agurrean, eta gogo biziz txalotuko zukeen Chamfort moralistak:

Nik neure bertsoa dakart,

eta helburua argi:

gozaraztea zuei,

eta nire buruari.

Chamforten ustez, Etxebarriazarragak adierazitakoak, edozein bertso-saio edo jarduera artistikoren helburu ez ezik, giza bizitzarena ere izan behar luke, etikaren muina baita. Chamfortek, hitzez hitz: “Gozatu eta gozarazi, zure burua edo beste inor kaltetu gabe, horra hor, nire ustez, moralaren funtsa”. Harrigarria da zenbat pasabide dagoen bertsolaritzaren eta filosofiaren artean. Nerea Ibarzabalen tankeran esateko, filosofiaren ahala ere konjuratu beharra dago bertsolaritzaren mesedetan; hasiak zaizkigu honezkero bertsotan Simone de Beauvoirren lau bihotzak.

 

LEGATZA ETA BEHIA

90eko hamarraldian Jon Lopategi etortzen zitzaigun Bermeoko Institutura bertsotan irakastera. Behin batean, hipotesi interesgarri hauxe jakinarazi zidan, mendiak zergatik eman izan duen itsasoak baino bertsolari gehiago azaltzeko: legatzari bertsotan egin eta ez dizu erantzuten; behiak bai. Eta Nietzschek idatzi zuen filosofoak behiaren antzekoa behar duela, hausnar luze geldoan kontzentratua. Horregatik egongo da apika hainbeste parekotasun eta elkargune filosofiaren eta bertsolaritzaren artean. 

Foucault eta Deleuzeren iritziz, filosofiak tresna-kutxa izan behar du, filosofiatik at erabiliak izateko kontzeptuak gorde eta eskaini, filosofiatik kanpo funtzionatu. Bestela, ez du balio. Halatan, saiakera bat argitara emateko edo ez emateko irizpide bat izan liteke ea bertsolariak eta bertso-jartzaileak erabil ote lezaketen, bertatik arrazoiak atera, ea ondo letorkiekeen testuko ideiaren bat. Hala ez balitz, hobe isilik, pedantekeriak joa egongo baita ziur aski.

Botere hutsalenaren erotismoa

Markos Zapiain 2022/06/30 11:30

Bitxia da botereak, denik eta ezdeusenak ere, batzuetan eragiten dituen ezusteko erreakzioak; esaterako, lilura.

Demagun Institutu bateko irakasle arrunt bat zuzendari izatera behartu dutela. Inork ez du nahi izaten, gehiago kobratu arren: irakasleek ez dute zuzendari izateko ikasi, bestelako lanbide bat da, presaka eta beraz baldarki ikasi beharrekoa goitik behera, gurasoen eta administrazioaren presioei aurre egin behar diezu, asteburu eta oporretan ere ikastetxearen erantzule zara... Lankideek badakite ez duzula zuzendari izateko inolako meriturik egin, eta ikuskariak derrigortu zaituela ez zarelako gauza ezta eskakeatzeko arrazoi konbentzigarriren bat asmatzeko ere.

Gainera, barregarria da zuzendariaren egiazko boterea. Botere efektibo handiagoa dute Institutuko administratiboek, intringulis burokratiko guztiak kontrolatzeaz gain, zuzendaritzak joan zuzendaritzak etorri hortxe jarraitzen baitute.

Ikastetxean inertziak agintzen baitu batez ere, eta zuzendaria zerbait ezohikoa egitera ausartuz gero, berehala etorriko zaizkio ikuskaria eta delegatua bere tokian berrezartzeko.

Jende orok daki, zeu barne, ez duzula zuzendari izateko balio. Hala ere, behin zuzendari zarela, diferente begiratzen hasten zaizkizu, izendapena Buletin Ofizialean agertzeaz batera aura distiratsu batek inguratuko bazintu bezala. Boterearen erotismoa da.

Han goian zaude orain, gailurrean, berezi eta bakan. Mesedez eskatzen dizute dokumentu zigiludunak izenpetzeko, eta gero eta aiseago izenpetzen dituzu, esku, beso eta buruaren dantza eta mugimendu gero eta larderiatsuagoez. Ondo kalkulatu hurrengo urratsa gorabidean, probintziako hezkuntza-delegaritzako pertsonalaren idazkariordetza lortzeko gai zara, ahal duzu, zeure esku dago, izugarri harrotuko zaizkizu gurasoak eta amaginarreba. Zure aldean, Alexandro Handia eta Kleopatra ez ziren oso desberdinak izango. Dei nazazue supergizaki.

Sortzailearen errekonozimendu falta

Markos Zapiain 2022/06/28 09:10

 

Badago noski datu objektiboetan oinarrituriko errekonozimendu falta bat. Jende gutxi bizi daiteke sortze artistikotik. Arte plastikoetan latza da egoera. Lagun batek Mexikon, Japonian, Txinan erakusketa garrantzitsuak egin ditu, hainbat sari ospetsu irabazi, baina hala ere ezin hortik bizi eta basozain dabil.

Idazleen arazoetara mugatzearren, zenbat literato bizi da gurean nahi duena idaztetik? Zenbat satelite ditu Pluton nanoplanetak? Saiogile bakar bat ere ez. Beno, literatoek saiogilea ikusi ere ez dute egiten, ez dute sortzailetzat, Jainkoari esker. Ai, Jainkoa, hura bai ganorazko sortzailea, Pluton bezalako nanoplanetak eta bere sateliteak xehero-xehero irudikatzen!

Arraroa da, tristea, idazleak, saldutako liburu bakoitzeko, ehuneko hamar baino ez kobratzea. Mundu osoan gertatuko da antzera, baina hor zerbaitek huts egiten du.

Ordea, badago bestelako errekonozimendu falta bat, ez hain objektiboa, sortzailearen ezaugarri nabarmenetakoa: inoiz ez du bere burua merezi bezain onartua ikusten, beti sentitzen du gizartearen eta kolegen errekonozimendu falta. Hainbat Euskadi Sari jasotako sortzaileek ere, etenik gabe daudenak hedabideetan, jendeak benetan maite dituenak, hala ere ez dute aski. 

Gurean, esaterako, sortzaile jeltzaleak garbi sentitzen du baztertua dela, sormenaren esparrua ezker abertzalearen esku ei dagoelako. Sortzaile konstituzionalistak, zer esanik ez. Alderantziz, ezker abertzaleko sortzaileak aldarrikatzen du ezker abertzalekoa izateagatik baztertzen dutela Euskadi Saritik, Gutun Zuritik. Zerrenda beltzak egiten omen dituzte Batzokietan, ezker abertzaleko sortzaileak zokoratzeko, eta zerrenda zuriak, jeltzale jatorrak promozionatzeko. 

Hor badago misterio psikologiko bat, eta uste dut giltzetako bat dela zure burua baztertua edo ez merezi bezain errekonozitua sentitze hori sormenerako akuilu izan daitekeela. Orain baztertzen nauzue, baina hurrengo liburuarekin ez duzue nire talentua aitortu beste erremediorik izango. Sentimendu horrek amorru sortzaile halako bat pizten duela dirudi. Berrogeita hamar urte barru bai, jakingo dute nire obra miresten, Nietzscheren, Van Goghen eta Kafkaren kasuetan bezala. Nire garaikideak infantilak dira, itsuak, ergelak. Oraindik ez dut herririk. Sortzeko orduan, etorkizuneko tribuak ditut gogoan.

Orgiaren eta masturbazioaren dialektika

Markos Zapiain 2022/06/27 11:25

Geure gaitasunak garatzeko eta gauzatzeko besteen beharra dugu. Talderik gabe mintzatzen ere ezingo genuke ikasi. Besteekin batera bilakatzen gara garena, inguruko jendearekiko etengabeko tentsioan. Aristotelesek uste zuen animalia gizartekoak garela berez, besteekiko elkarrekintzan baino ez ditzakegula gure ahalmen indibidualak mamitu, zoriona ezin dela bakardadean lortu, baizik eta soilik hirian. Kantek erantsi zuen gizartekoitasun horrekin batera baditugula bultzada antisozial gogorrak ere, eta tentsio horrek dakarrela aurrerakuntza. 

Freudek zehaztu du ezinbestez eta sakonki frustratzen gaituela elkarbizitzak, barne desira oinarrizko eta indartsuenei uko egin behar diegulako: intzestuari, agresibitate hiltzaileari eta biolazioari. Ezingo ginateke herrian bizi, baldin eta semaforoan ondoan egokitu zaidana nazkagarria zaidanez hilko banu, edo erakargarria zaidanez biolatuko banu. Funtsezko hiru pultsio horiek erreprimitu behar ditugu, edo kate motzean lotu bederen, besteekin batera biziko bagara, eta desira horiek naturalak zaizkigunez, barne errepresio horrek neurotiko bihurtzen gaitu. Komunitatean bizi ahal izateko oinarrizko grinak disimulatu edo zapaldu beharrak bihurtu du gizakia animalia gaixoti. Zapalketak zapalketa, edonola ere, desira horiek inkontzientea dautza. Ametsetan agertuko zaizkigu, edo eldarnioetan.

Gizakia, horrenbestez, antinaturla eta neurotikoa da, eta perbertsoa izan daiteke. Perbertsioa, nolabait, taldeak eragiten digun frustrazioari ematen diogun erantzunetako bat da. Zenbat eta perbertsoagoak, orduan eta humanoagoak.

Taldeak, bestalde, indibidualtasun bereziak kamusteko joera izaten du. Hala ere, bakoitza bere aldetik oso luzaro bakar-bakarrik egoten dakiten kideek osaturiko taldeak izaten dira sendoenak. Deleuzek zioen hezkuntzaren helburu nagusia jendeari bakardadean luzaz egoten erakustea dela. Nekez funtzionatuko du ondo orgia batek, baldin eta partaide bakoitzak aldez aurretik bere organoen barrualdea luzaz esploratu ez badu. Masturbazioa oinarri ez duen orgia berehala bilakatzen da artalde, edo alderdi politiko.

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.