Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Garagoittiko Orakulua

Txisperuen kantua

Oier Gorosabel 2024/06/21 15:30
Aurreko baten, beste gauza baten billa nenbixala, eibartarrondako intereseko bertso batzukin topo egin neban. De la Fuente anaienak diraz, "Durangoko platero" famosuak, 1800 ingurukuak beraz, eta sasoi hartan armagintzan erabiltzen zirazen operaziño eta prozedimentuak zehaztasun haundixakin deskribatzen dittuez.
Txisperuen kantua

Halako jantzixekin irudikatu bihar doguz gure protagonistak. Irudixa: Costumes of All Nations (1882)

Oker ez banago, hónek bertsuok Jose Antonio Uriartek bildu zittuan estraiñekotz. Uriarte fraille frantziskotarra zan, Bonaparte printzipian korrespondientia, eta 1850-60 hamarkadan herri kantuak biltzen jardun zeban handik eta hamendik; horrekin eskuizkribu "totxo" bat osatu zeban, Arantzazuko komentuan gordetzen dana, eta editau barik egon dana urte askuan. Ni manejatzen nabillen liburua, eskuizkribu horren transkripziñua da. Hauxe da erreferentzixia:

  • URIARTE, José Antonio. 1987, Poesía bascongada. Dialecto vizcaíno. Jon Kortazar, Miren Billelabeitiak prestatutako edizioa. Bizkaiko Foru Aldundia.

"Chisperos" izeneko bertsuok 124-125 orrialdetan datoz, "Durango cidarguiñen cantac" azpiatalian, eta artikulu honen barrenian dakazuez.

Nik ez nittuan ezagutzen, eta Eibartarrak zerrendara bota nittuan, ea bateren batek honen barririk ete zekan. Ez itxuria, eta jaso neban erantzun bakarrian, Oier Araolazak Durangoko platerueri buruzko informaziño gehigarrixa emon zeskuan. Lehendik plateruak estimatzen banittuan be, Oierrena irakorritta, Juan Kruz de la Fuente agure-dantzari-potoluan FAN INKONDIZIONALA bihurtu naizela aldarrikatzen dot (gaiñera, seguraski bertsuon egillia bera izan zan).

Hamen Oier Araolazan mezua:

Durangoko zilargile edo plateruen ekarpenak ugariak eta interesgarriak dira (bertsolariak, musikariak, kantugileak, dantzariak... Durangoko Kafe Antzokiari Plateruena izena jarri zetzenerako batzuk izango zuten horren kontzientzia), eta haien inguruko zenbait kontu ezagunak izan arren, neuk ez nuen txisperoen bertso-sorta hori ezagutzen eta eskerrik asko! Fabrikazio prozesuko parteen zerrendatzeak orain aste pare bat, ...eta kitto!-k argitaratu zuen Zamakola lantegiko bideoa gogorazi dit: https://etakitto.eus/albisteak/zamakola-lantegi-etxea-altxor-bat-otaola-etorbidean

Plateruak dantzari apartak zirenez hortik gurutzatu zitzaizkidan niri bidean, eta dantza eta generoa aztertzen jardun nintzenean aurkitu nuen beste kontu interesgarri bat Zamakola idazle arratiar madrildartuak 1818an idatzi zuena: Antonio eta Juan Cruz anaia nagusiak zirela platero famatuenak, baina aita zilargiletik hasita bazirela familian artista gehiago, tartean arreba bat, dantzari trebea hura ere. Beste behin, fama eta sona gizonezkoek bereganatu eta emakumea itzalean geratu zen, eta eskerrak Marisa Barrena euskal kulturaren aktibista, dantzazale, feminista eta wikilari nekaezinari ezagutu genuen arreba horren izena: Maria Escolastica.

1828an, Fernando VII. eta Maria Amalia Sajoniakoa Durangon izan zirenean, Plateruek (kroniketan Antonio eta Juan Cruz aipatzen dituzte, baina Zamakolak zioen Antoniok arrebarekin, Maria Escolasticarekin beraz, dantzatzen zuela maiz) eskainitako dantza ekinaldi baten pasartea jasotzen dute Beitiak eta Etxezarretak idatzitako Durangoko historiari buruzko lanean (1868):

"Sacaron el baile largo ó aurrescu dos hermanos ancianos sexagenarios (cuasi septuagenarios) conocidos por los plateros de Durango D. Antonio y D. Juan Cruz de la Fuente, el primero flaco y estenuado, y el segundo gordo y obeso; bailaron ambos con mucha mas agilidad de la que podia prometerse de aquella edad; y tanto chocó a SS. MM. ver bailar con tanta ligereza a dos ancianos tan diferentes entre si, que S. M. la Reina, a quien nadie habia visto ni aun sonreirse desde su salida de la corte, al ver bailar el fandango con tanta agilidad al anciano obeso  D. Juan Cruz, como lo hubiera podido hacer un joven de veinte años; la salió la risa en términos que no podia contenerla, y se dijo que en todo su viaje no se le habia visto sonreirse hasta entonces."

Plateruen inguruan hainbat bitxikeria daude eta niri atentzioa gehien eman zidana izan zen gabonetako (eta beste testuinguru batzuetako ere) ia-ereserki bihurtutako "Hator, hator..." kantaren egiletza ere Durangoko zilargile hauei egozten zaiela. Hemen manejatzen dudan Plateruen inguruko bibliografiatxo bat (dantzarekin lotutakoa batez ere):

    Aldekoa-Otalora, Antton Mari. «Durangoko Plateruak». Karmel euskal aldizkaria 291 (2015(e)ko martxoaaren ): 3–23. https://www.karmelaldizkaria.eus/publico/upload/articulos/karmel-2015-3-Durangoko_Plateruak_.pdf

    Ansorena Miner, Jose Ignazio. «Hator, mutil, etxera». dantzan.eus (blog), 2023(e)ko abenduaaren 28(e)an. https://dantzan.eus/kidea/ansorena/hator-mutil-etxera.

    Barrena, Marisa. «Dantzari ahaztua: Maria Francisca Escolastica (Durango 1749)». dantzan.eus (blog), 2018(e)ko urriaaren 29(e)an. https://dantzan.eus/kidea/Mbarrena/dantzari-ahaztua.

    Beitia, Fausto Antonio de, eta Ramón de Echezarreta. Noticias históricas de la Noble y Leal Villa de Tavira de Durango. Bilbao: Imp. y Lib. del Euskalduna, 1868.

    Trueba, Antonio de. «Los plateros de Durango, con un recuerdo del rey Fernando VII y la reina Amalia.» Euskal-Erria : revista bascongada. 11 (1884(e)ko smearen ): 181–82.

    Uriarte, Francisco de. «Los plateros de Durango: aurreskularis célebres». Txistulari, zenb. 17 (1930(e)ko ): 5.

    Zamacola, Juan Antonio de. Historia de las naciones bascas de una y otra parte del Pirineo septentrional y costas del mar Cantabrico, desde sus primeros pobladores hasta nuestros dias, con la descripcion, caracter, fueros, usos, costumbres y leyes de cada uno de los estados bascos que hoy existen. Libk. III. 3 libk. Auch: Imprenta de la Viuda de Duprat, 1818.

Eta hamen "Txisperuen kantua", 1987ko transkripziñotik kopixauta (puntuaziño signuak eta ortografia errespetatzen saiatu naiz, akats eta guzti, "sic" ipiñi doten lekuetan).

CHISPEROS

1

Amabi verso oneetan

Esan biar dogu

Erreguen armerubac

Nortzubec ditugun

Oneec ezpalitzatez

Beti biarrian

Cer egingo guenduque

Guerria danian?

2

Gobernadore Jaunen

Disposicinuan

Dagoz materijala

Fabrica guztijan

Baita onche biar eguinac

Bere escubidian

Erreguen almacenera

Eruan artian

3

Lelengo chisperubac

Ifinico ditut nic

Alan merecietan dabeela

Ondo pentsaduric

Fuelle osterarantzian

Sinistu eizube

Ezpadauco an chispa

Ez da ecerbere.

4

Guztiz gossetic oneec

Labia issioturic

Forjetan asten dira

Guelditu bagaric

Eurac forjetan dabe

Eurac limadore

Eurac asi, ta acabau

Tornillo ta muelle.

5

Astelen martitzenetan

Ondo umilderic

Erregue echera duaz

Piezac arturic

Esaminadu daizan

Ondo guztiz ondo

Ta badago faltaric

Contu beste beingo.

6

Forjadore, cañonistac

Lelengo caldia

Ausse da tin, tan, ton, tun

Batzeco chapia.

Guero acaburantza

Dagoz guztiz listo

Canoijaz eguiteco

Pa, ti, to, pa, ti, to.

7

Canoiac forjau, eta

Dago barrenatzen

Barrenadoria nequez

Sartu, ta ateratzen

Limatu, esamiñara

Ta andic pruebara

Ostera bigarrenagaz

Esaminatzera.

8

Ta esamiñadoriac

Cañoija arturic

Joten dau lurren contra

Badauco otz onic

Eta topetan badau

Inundic trampia

Zapalduba izango da

Escuco armia.

9

Esamiñau ezquero

Darue bertatic

Compañiaco echera

Almacenerubari

Guero bialtzen deutsa

Cañoe ta chispac

Carguerubac armatera

Ederqui fusilac.

10

Culatac, abrazaderac

Guardapaja, escudo

Sei pieza ateratzen

Fundidora dago

Aparejerubentzat

Limau daijen ondo

Baitabere baquetia

Cajerubentzaco.

11

Alan fusilla armauric

Dua esamiñetan

Baricu edo zapatuz

Arturic lepuan

Esaminau ezquetio (sic)

Daruez bertatic

Compañiaco echera

Contetuz beteric (sic)

12

Andic erregue echera

Betico moduban

Directore jaunaren

Disposicinuan.

Baijonetac, fusillac

Encajonaturic

Laster bialduric

Fabrica lecutic.

13

Aste erdijan duaz

Dirubaren billa

Jan biarco badabe

Nai dabeen guztija

Pagadoren echera

Ichuturic leguez

Guero sedaz jantziteco

Besteric ez leguez.

14

Entzun beide munduan

Gente cristau onac

Cer falta eguiten daben

Fabrican guizonac

Oneec ezpagueuncazque

Diñodan moduan

Ez litzate guretzaco

Gauza onic munduan.

 

PD: hara nun ikusi doten, nere peskisetan, aro garaikidean grabautako lehelengo kantua hauxe izan zala, eta Amaia Urangak egin zebala, 1992 urtian, "Lilura Urdinak" euskerazko diskuan. Ez dot interneten bideorik topau.

Ezjakintasun gorakarixa

Oier Gorosabel 2024/06/07 16:50
Euskal Herriko saguzarren gida, Naturtzaindia. Azal biguna, 54 orrialde. Euskara hizkuntza. Naturtzaindia(e)k argitaratua. ISBN: 9788409483167

Hauxe da markia! Juan dan aste bixan egindako #speleo jardunaldi bixen ostian (bata JEELekuekin actualid-ades.blogspot.com/2024/05/jeeikuekin-rhinolophus-euryaletan.html eta bestia Naturtzaindiakuekin actualid-ades.blogspot.com/2024/05/naturtzaindiakoekin-aixan.html ), barriak be urtetzen jestak. Konturatu naizelako, saguzarrez nekixana uste baiño gitxiago dala (abismalki gitxiago). Erregalau desten argitalpen hau asko gustau jatak: argixa, entretenigarrixa eta sinplia (publiko orokorrari begira). Neuk "ezagutzen" najittuan 5 saguzarretatik, antenia hogetapiku espezieri zabaldu biharrak... esandakua, barria urten eragitten jestak! Mision imposible jirudik, baiña... EINGOU ZEOZER.

Lekeit fiction

Oier Gorosabel 2024/06/07 15:38
Itzulerak, Miren Agur Meabe. Azal biguna, 210 orrialde. Euskara hizkuntza. 2024ko urt. 1a(e)an Elkar(e)n argitaratua. ISBN: 9788413603155

Aje bat dok, gazte literatura idaztian ondo biribildu bako argumentuak, eta "deus ex machinen" larregizko erabiltzia. Egixa dok, genero fantastikuak horrek jaukala: ez jagok dan-dana koherentia izan biharrik, eta oso exijentiak be ez gaittuk jarriko. Izan be, halako atxakixak kenduta, Lekitto ondo ezagutzen dogunondako liburu hau gozamen hutsa dok. Erreferentzia historiko-geografiko-literarixoz beteta, herriko jauntxo familixen refrito batetik datorren "Nieves Izotza"neko leiñuan gaiñeko belaunaldi-arteko-ministerio-del-tiempo-el-nombre-de-la-rosa tipoko jolas baten sartzen gaittuk, neri irakortzeko oso entretenigarrixa egin jatana, baiña (dana esan biharra dago), nere 16 urteko semiari korapillotsu xamarra.

Paperjale.eus-en botatako beste pare bat arrantza:

  • Oso gustora irakortzen najabilk. Halan be, argumentuak pespunte errezegixak jittuk eta leku-izenak letra bakarra aldatuta kamuflatzian errekurtso hori arrarua dok, lekuok ezagutzen doguzenondako behintzat.
  • Gaixak erakarri, eta instituturako irakortzen dabillen semiari kendu jetsat. Nobela historikuakin gauza kuriosua gertatzen jatak: historiazale modura asko gutxiesten juat (zenbat adarjotze egin izan dittudazen etxian, totimartinezdelezeismuan kontura), baiña gero oso gustora irakortzen juat. Gaiñera, baliabide bikaiña dok historia datu "gogorrak" publiko orokorrera zabaltzeko.

Herri txiki, infernu handi

Oier Gorosabel 2024/05/20 23:08
Juanita La Larga. Crisol #73, Juan Valera. Spanish hizkuntza. 1957ko uzt. 20a(e)an Aguilar(e)n argitaratua.

Oso ondo idatzittako liburua: idazliak errejistro jasoa zein herrikoia manejatzen jok (eta bistan jagok garaiko errepublikazale/materialisten hizkeria be ezagutzen dabela, parodiatzeko beste). Testu osuan umore fiña eta kontenidua be igartzen jok. Eta gustau jatak, baitta be, epilogo morokua, nun pertsonajiak mundutik zihar sakabanatuta amaitzen dabenez, 1855ian antxiñako espainiar inperixua zertan dagon ikusteko balixo deskuan.

Iruzkin gehixago Paperjale.eus-en (atzetik aurrera):

  • Don Andres jauntxuakin izandako tirabiran, ixa Juana Bixenta Olabe bat egin jok Juanitak! 😂
  • Bajoiak aurrera liburua eta, nahiz eta oin bilbe erromantiko arruntetan korapillatu, interesa mantentzen jok. Esate baterako, oiñ "iguala" famosuak zer ziran enterau nok. Nik amari entzunda najetsan, bazirala izen horretako osasun asistentzia mota bat eta noski, Igualatorio Mediko Kirurgikuan jatorrixan egongo zirala, baiña ez najenkixan detallerik. Eta hara nun topau doten pasarte argigarri hau: "...el boticario, que con el permiso del médico visitaba también y tenía bastantes igualas, era quien asistía a la enfermita y tenía que visitarla dos veces al día o por lo menos de diario. / Don Policarpo no se daba por entendido de la verdadera enfermedad y distaba mucho de querer aplicarle el conveniente remedio. La iguala que tenía con el escribano era de las más cuantiosas del lugar: cada año cincuenta reales. Esto, no obstante, le parecía muy poco para pagar tanta visita, por lo cual, según Serafina, el boticario buscaba compensación recetando mucho y obligando al escribano a gastar su dinero en potingues de los que él elaboraba en su casa". Arraixua, zelako ona gaurko osasun aseguru pribatu askorendako be balixo daben erretratu hau!
  • Benetan gozagarrixak dittuk Valerak egindako jente-erretratuak. Konplejuak dittuk gaiñera, "onak eta gaiztuak" topiko errezetik aparte, eta narratzaille omnisziente modura bere interbentziñotxuak be bajittuk, oso sinpatikuak. Kontakizunian, herri txiki bateko neurrira egindakua izan arren, idazlian errejistro zabala eta jakindurixia igartzen dok -modu fiñian, ez pedantian- eta pertsonajiak maittasunez tratatzen jittuk, baitta gorrotagarrixenak be. Etxakixat berari buruz gauza haundirik, klase altukua eta eruditua zala bakarrik, baiña trabes egingo najeukek baietz errepublikazalia izan. Gero ikusiko.
  • Asko gustau jatak XIX mendeko herri txiki bateko erromerixian deskribapena: garbantzo tostauak, gozoki postuak -danak artesanalak-, buñueluak prijitzen daben ijittuak, jente normal apaindua, txapliguak... Deigarrixa egin jatak, baitta be, maixuan pertsonajian deskribapenian natural-natural esplikatzia, zizka-mizkak poliki-poliki zelan jaten dittuan: hagiñik ez dakalako. Lehen 50 urteko pertsona baten zihero normala zan gauzia, eta gaur egunian pentsau eziñezkua, estetikian izenian.
  • Irakorketa atsegiña. Planteamendua be interesgarrixa, herri txiki dezimononiko baten bizimodu eta ohitturen erretratu bizixa, eta jauntxo baten menpe bizi dirazen esklabu alaiak. Ea orekia nundik okertzen dan...
  • Gardelegiko zabortegixan errekuperautako bildumako beste bat.

Ez irakurtzea ezinezkoa izan da

Oier Gorosabel 2024/04/26 13:11
Moio: gordetzea ezinezkoa zen, Kattalin Miner Perez. 140 orrialde. Euskara hizkuntza. 2019ko mai. 17a(e)an Elkar(e)n argitaratua. ISBN: 9788490279434

Trans kontua, oso ezkutua izan dok ointsu arte. Moio hil zanian ni politikoki aktibo eta gogotsu najenbixan, eta Donostia-Oarsoaldean asko ibiltzen nintzuan, baiña halan be etxuat oiñ arte bere barri izan. Ez nok bakarra, liburuan ikusi dotenez. Hain zuzen be, liburua irakortzeko asmua be ez najeukan, gaiñetik pixkat begiratzeko asmuakin baiño ez najuan hartu. Baiña historixiak hain pultsu indartsua jok, benetakotasuna, eze idazlana hasieratik eta osorik jakitzeko premiñia ixotzen daben. Eta orduan bai: ate ostian ezkutuko hori, auzokide ezezagunan errealidade hori, agerixan geratzen dok modu harrigarri batian, eta interesa pizten dok. Iñorenganako enpatia sentitzeko, pertsona hori ezagutu bihar izaten dok. Eta Moio... Moio bakarrik eta galduta aurkittu zuan, mobimendu feministenak eta progresistenak be errealidade hau ondiok landu barik zekenian. Prezio garestiegixa izan zuan bai, eta igual artian emaitzak ez zittuan begi bistakuak izan. Baiña berak hartutako erabagixa, eta bere lagunak egindako lanketia ez dok alperrikua izan, ez horixe.

Paperjale.eus-en lagatako ohar gehigarrixa:

  • 2007an oso ezjakiñak giñuan danok (transak barne) transexualidadiak berez dakarren berezittasun eta gatazken gaiñian. Irakorri ahala, gaiñera, "hot spot"enakin konturatzen najabik, hau da: armarixotik urten osteko fasia. Eten bako konfrontaziñua, azalpena emon biharra... suizidau diran trans asko orduantxe egin juek, eta etxuat uste kasualidadia danik. Betidanik uste izan juat gogorragua zala armarixo barruan bizitzia kanpuan baiño, baiña bistan dok ezetz.

Eskuetan ondo gastatzeko kutizia

Oier Gorosabel 2024/04/22 17:08
Markos Gimenoren 101 Letrakartel, Joseba Sarrionandia, Esteban Montorio, Azal biguna, 248 orrialde. Euskara hizkuntza. Pamiela(e)k argitaratua. ISBN: 9788491723646

Liburu batzuk berezko artelanak dittuk. Iñoiz esku artean izan juat banako aleren bat, 1960-70 edo noaki ze hamarkadatan egindakua, ixa-ixa esku hutsez. Anaianian dagon baten modura, Joxean Artzena-edo: kartoi lodizko pajinak, bentanillak eta bestelako jolas kontzeptualez beteta, hilo balaz jositta. Etxian ondo gordetzeko liburuak, eskutan askotan erabiltzeko eta berrirakortzekuak.

Halako liburua dok hau. Artelan bat ez, 101 jaukazak barruan: bakotxakin, poliki eta ardau onan kopa batekin (ardaua gustatzen jakonak) pasau leiken denporia pasau lajeikek, bera ikusten, eta onduan dittuan burutaziño, azalpen, iruzkin eta info anplifikauakin gozatzen. Horregaittik, irakorketa dosifikaua egin juat: egunian letrakartel bat, gehixago ez. Eta, kasualidadiak zer dirazen, azkena barixakuan bertan amaittu najuan, justu Gernikako lehelengo erakusketan, Mursegok egindako lehelengo kontzertuan egunian. Maite Arroitajauregik kontzertu berezi bat prestau jok-eta, bertan horman esegitta ikusi ahal izan genduzen palindromuen letrekin. Zoragarrixa, aukeria badakazue ez galtzekua.

Irakorketian amaiera biribilla egin juat, beraz. Liburuak, bere horretan, asko bete nok: horregaittik Paperjalen 4/5eko izar bat ipiñi jetsat, nik normalian edonun ipintzen doten maximua. Baiña hortaz gain, Markos ezagutu genduanondako plus bat daukanez (aurreko iruzkin baten azaldu najuan hori), 5garrena be ipiñi jetsat.

Ederra izan zuan erregalo moduan jasotzia, dedikatoria eta guzti. Izan be, opari oso politta eta publiko guztiendakua dok! (nik ya enkargau jittuadaz ale batzuk).

Paperjale.eus-en botatako iruzkin batzuk (atzetik aurrera):

  • Eskeskeske... ixa orrialde bakotxak mereziko lajeukek iruzkiña, burutaziño bat, hausnarketia edo aipu kriptikuen deszifratze saiakera bat. Halan ezin dok, Sarrionandia! 😂
  • Arraixua! Aipu erudito BAT harrapau juat!! 158 orrialdian, "Ero maite beti amorE" letrakartelan ondoko testuan. "Amodioa zoro da beti amoraduen artean..." aipua, Eibarko 1685eko bertso zaharretakua da. "Contu barri bat susedidu da..." hasten dana. Baiña idazle jostarixan kamuflauta emoten jok, "Adarrak emaiten dira Miraballesen" izenburuakin.
  • 101 letrakartel, 102 historia. Ipoin liburuetan legez, ixa bakotxak mereziko lajeukek iruzkiña. Klabe askotan jotako "musikia" izanda, edozeiñek bere neurriko "kania" topatzen jok ateburuan. Esan gura juat: letrakartel askok, edo eurei laguntzen detsen testuak, barruko fibrekin resonatzen juek, eta begixak itxitta eta pentsamenduan lagatzen habe. Oso ederra dok.
  • Asko gozatzen najabilk liburuan irakorketia. Palindromo ixa guztiak dittuk txapela kentzekuak (normala, onenen aukeraketia dok!), baiña batzuk... jenialak. Ilustraziño bakotxak be bere “zera” jaukak, eta testu aukeraketiak, gustora pentsatzen eta bigurguniak asmau nahixan irribarrez lagatzen gaittuk. Berbetan egon giñanian, Josebak pajinaren bat erakutsi jestan, adibide modura (Manu Sotarena, txarto gogoratzen ez badot: atentziñua deittu jestan bere gutxiespenan bidegabekerixia nabarmendu zebala, jeltzale izatiari egotzitta) eta azkenian galdetu najeutsan: “baiña hau zeiñek idatzi dau? Markosek, zeuk...?”. Orrialde horretakua aklarau jestan, baiña baitta be, irribarre bigurriz, liburua halako trikimailluz jositta dagola, apropos benetako eta asmautako aipuak ezin bereiztu ahal izateko (kontrastatze-lan monumentalakin ez bada). Horrenbestez, ixa eziñezkua dok Markosen eta Josebaren ekarpenak eta juan-etorriko hitz jolasak bereiztia: zihero txirikordatuta jagozak. Zelako ederra, eta gozagarrixa.
  • Eta bueno: oin liburuan alde ludikua datork, "101 Letrakartel". Quino-n komikixak legez, dosis txikixetan hartzekua, bakotxan ostian bihar dan beste hausnartuta. Markosen "Ermuko Espirituan" zelebraziñua!
  • Oin pentsatzen hasitta, Markos ni baiño urte bi gaztiagua izanda, seguru nagok Institutuan kointzididu genduala. Baiña batetik edadia, eta bestetik gaztelerazko lerrokuak euskerazkuekin asko nahastatzen ez giñala (“los kaixos” esaten gentsen), ba ez juat gogoratzen. Eta, Tonoren ikuspegi soziologiko kaletarran harittik, nere inguruko panorama linguistikuakin be pentsatzen hasi nok:
        • EGB osua gazteleraz egin najuan nik. Eta BUPera juanda be, segi: nere kurtsuan euskaldun nahikotxo jeguazen, igual %25a bai. Ni bertan nenguala, esperimentu bat hasi zuan: “euskera” ikasgaiko klasiak bikoiztu egin jittuezen. Bata normala zuan, erdeldunendako; eta bestia aurreratua, euskaldunondako. Euskaldunoi aukeria emoten jeskuen: normalera, edo aurreratura juatia. Gehixenok azken honetara apuntau giñan, nahiz eta batzuk normalera juatia aukeratu juen (gainditzeko errezagua zalako, noski).
        • Konturatuta najenguan, halan be, euskerazko lineako askok be ez zebela euskeraz egitten euren artian. Ulertzekua dok: kalian genkan girua total erdelduna izanda, errezena zuan hori, ez bazeguan bestelako motibaziño sendorik.
        • Nere kurtsoko euskaldunokin (eskolan zein institutuan), nik beti harremana erderaz egin izan najuan, harik eta 18 urte bete arte (1990). Hortik aurrera, kanpora ikastera juatiak, eta Eibarren bizi izan zuan euskal susperraldixakin (Eta Kitto elkarte/aldizkari sortu barrixan orbitan, batez be), kontzientzia pizkunde bat ekarri jestan, eta euskeraz gehixagotan eta jente gehixagokin egittera bultzatu ninduan. Institutoko kriptoeuskaldunotako batzukin barne, gaur arte.
  • Bajakixat nere ikuspegixa ezin dala objetibua izan, Markos ezagutzen nebalako (oso gitxi! ikusten nabillenangaittik). Sarrerako testuak, baiña, barrua mobidu jestak, zelan gaiñera, Eibarko nere aldi aktibuenian sartu nabelako bete-betian. Aldi horretan, Ermua eta bere mobidillia erakargarri bihurtu jakun, eta beraz historixan aittatzen dirazen leku eta jente asko ezagutzen jittuadaz (Zuloa, Tono...  Santi Sarmiento bera!!). Ordurako Markos buruko arazuekin hasitta jeguan -nik ez najenkixan hori- eta nik bere bertsiño potolo eta geldua ezagutu najuan, baiña beti maitagarri. Jente askok maittatuko juan Markos kontizu: izan be, bere aurreko historia trukulentuari buruz nik ez najuan sekulan tautik entzun kalian, ez Eibarren eta ez Ermuan. Badakigu herri honetan txutxumutxuak eta jentia larrutzia zenbat gustatzen jakun, ezta? Ba txalo bero bat bere inguruko jente guztiari, halan jagotiangaittik. Hori be bihotz-berogarrixa dok. Egin kontu, Puto Amoak Matematiketan taldian izenan jatorrixa ointxe ikasi dotela! 😄
  • Beste ohar bat: oso deigarrixa egin jatak Ermuko erdal giruan euskerian "berpizkundian" kontakizuna, Ego Ibarreko beste herrixen kasuan be (Eibar barne) hitzez hitz aplikau leikiana. Sekulan etxuat halan formulauta ikusi, Karibeko extraterrestre bat etorri bihar izan dok gure buruan gaiñeko ikuspegi hau  hartzeko. :-) Tono Fernandezen kontakizuna bereziki argigarrixa dok:
    "Gutako bakoitzak bazuen bere familia-kultura, eta penintsulako herri urrunetatik ekarritako argot eta lokalismoek arrakasta izaten zuten Ermuko kaleko gure Babel oilategian. Gaztelania diferenteak egiten ziren, nahaste aberatsean, Euskaldunak biztanleriaren ehuneko 15 edo 20 baino ez ziren izango; extremadurarrak, zamorarrak edo Burgosekoak bezainbeste gutxi gora-behera.
    (...)Gazteok oso inportanteak izan ziren herriko euskararentzat. Jatorri ermuarreko mutil eta neska zoragarriak zeuden herriko taldeetan, eta etxean euskaraz hitz egingo zuten, baina kalean gaztelaniaz. Haietako batzuk ikastera joan ziren gero, eta konturatu ziren euskera zekitela eta ez zutela erabiltzen. Arraroa zen, eta erabaki zuten kalean ere euskaraz egitea beraien artean eta besteekin, denok genuelako euskera herdoildu bat edo genekizkielako oinarrizko hitz batzuk, eta haiei esker hasi zen euskara berriro entzuten Ermuko kalean, euskaldun askok imitatu zietelako. Eta beste batzuk ikasten hasi ziren errazago hitz egin ahal izateko, eta asko joan ginen Euskaltegira, berba egin nahi genuelako, eta kalean entzun ere egin nahi genuelako.
    Eta meritu handikoa da Ermuko euskal unibertso horren eragina, berpiztu zutelako oso zimeldurik zegoena. Ermuko euskaldunak jende zoragarria dira, eta euskara oso ondo etorri zen beste udalerri batzuetako euskaldunekin lokarriak egiteko ere. Globalizazioa izan zen, ze garai hartan Ermua Riaño txiki bat zen Euskadiren barruan, eta kanporan aldiberean. Galiziako bosgarren probintzia zen, Euskadiko hiru hiriburuetatik distantzia berean, hiruretatik urrun. Globalizazioa izan zen, euskara berriz erein zuten euskaltzale haiei esker birsortu da euskara Ermuan orain 30 urtetik hona.
    Giro oneko istorioa izan da euskararena: balio handirik ez zuela zirudien hizkuntza, bokazio eta zaletasun bilakatu zen askorentzat, Markosentzat esate baterako. Euskara zabalkunde kulturaleko plataforma bihurtzeak identitatea eta argi handia eman zion hizkuntzari, eta apur bat noraezean zebilen jende askok aurkitu zuen hor elkartasuna, mundu atsegina zelako eta ez konpetitiboa. Horrela iruditzen zitzaidan behintzat niri".
  • Zelako lurrikara emozionala, "Autore Erotua" atala irakorritta. Ez juat pentsau nahi bere lagun miñak sentiduko dabenakin... Baiña poza, poz haundixa bebai. Esan najetsan Josebari berari: zenbat poztuko litzaken Markos, bere biharrakin egin dozuena ikusitta.
  • Bufa, zelako zirradia. Ezin lagata najabik, lehelengo zati biografikua. Nik Markos 2000 inguruan ezagutu najuan, eta ez najenkixan e-zer-txo-bez hamen kontatzen dirazen bere aurreko urtieri buruz. Zelako gustora emongo netsaken besarkada haundi eta ixil bat.
  • Hau ete dok Sarrik Euskal Herrixan ondutako lehen idazlana? Markosengaittik poza, eta "zelebrazio" hitza dok behin eta barriro burura datortena, bere jenialtasuna deskubritziakin batera. Bizi zala ez genduan bihar zan beste estimatu, jenio askokin gertatzen dana. Irribarrez txipristintzen ginttuan. Baina hasieran esandakua: zirraragarrixa dok, baitta be, Joseba Sarrionandiak bere itzulera ostian eguneratzeko Markosen "gure mundua", Ego ibarrekua, erabilli izana.  "Ez dut liburu hau idatzi banekielako, baizik eta ez nekielako. 1980an joan nintzen hemengo egunerokotasunetik, 2021ean itzuli naiz, beraz ez nuen ia ezer ezagutzen Markosen garaiaz. Idatzi ahala ezagutu dut Markosen bizitza eta beste askorena. Zirraragarria egin zait, horiei ere garai interesanteak tokatu zaizkie (Slavoj Žižek filosofoak esaten zuen: "Baten bat benetan gorrotatzen baduzu, maradikazio moduan esaten da Txinan: "Garai interesanteak bizi ditzazula!", gerra eta arazo larrien sasoiak direlarik interesanteak"). Iruditzen zait Markosen eskizofrenian belaunaldi baten ibilbidea irudikatzen dela, baina hori irakurleak esango du (ea ispilutzat har dezakeen datorren "hizpilua")".

Andra liberalak

Oier Gorosabel 2024/03/22 14:57
Emakume gaiztoak, Marilar Aleixandre. 2023ko api. 24a(e)an Alberdania(e)n argitaratua. ISBN: 9788498688122.

Liburuan planteamentua nahastoso xamarra dok. Igual itzulpenak be ez jok asko laguntzen? (gaztelerazko prosa dezimononiko korapillotsu hori literalki itzultzeko oso gatxa dok...). Halan be. Gaixa oso interesgarrixa egin jatak. Lehendik gitxi ezagutzen doten sasoia dok hori, XIX. hastapen-erdikaldekua ("liberal" berbiak askatasunzale eta eskubide zibillen aldekua esan gura zebanekua, gaurko esanahi bigurrixan aldian). Eta ondiok ezezagunago, orduko andren bizimodu ixa ikuseziña. Eta ez garrantzirik izan ez zebelako! Concepcion Arenal eta Juana de Vegaren biografixak ikustia besterik ez jagok. Galiziarrak gaiñera! (uste genduanian, Galizian betidanik danak kontserbadore izan dirazela). Ondiok eliza katolikuan estunetik askatu barik, geruago etorriko zuan hori. Eta ikuseziñen artian ikuseziñago, andren arteko maittasun kontuak. Literaturia, imajinatzen juat, kroniketan halakorik jaso be egingo ez zalako, gertatu gertatu arren. Azkenian ondo dagok liburua, beraz. Eta gehixago jakitteko gogoz lagatzen hau!

Paperjale.eus-en botatako beste iruzkin batzuk (atzetik aurrera):

  • Concepcion Arenal. Banajenkixan gure aurrekuendako emakume garrantzitsua izan zala: selluak, kale-izenak... baiña ez najenkixan zergaittik. Banajabik sumatzen... Halan be, etxuat nere ezjakinttasun hori konponduko (wiki billaketak eginda) harik eta liburua amaittu arte. Gitxi falta dok eta!
  • Kartzelak historia ezkutu asko gordetzen jittuek. Normalian zentzu txarrian: gizartiak ahaztu nahi dittuanak, miseriaz eta bidegabekeriz gaiñezka. Baiña bestetik, oso literarixuak eta iraultzailliak be badittuk, eta AEBetako genero talegeruak dakan arrakastia ikusitta, bildur barik ustiatzeko morokuak. Edozein probintziatako edozein porlan-kaixoletan topau leikiaz halakuak, billatzen hasi ezkeriok.
  • Erritmua hartzia liburu erdi kostau jatak: historia paraleloz osatutako lehelengo kapituluetan ez najuan ulertzen zertaz genbixan. Oin bajakixat: Coruñako Galera espetxia, bertan preso dagozen emakumien historixak, eta Concepcion Arenal bisitatzaillian eta harekin lotutako Magdalena elkarteko kidien biharra. Gartzela eredu mediebaletik modernora pasatzeko ahalegiña, gizartian aurrerabidia bultzatziakin batera. Egixa esan, epoka oso interesgarrixa dok, eta ez dotena ondo ezagutzen: banekixan XIX mendeko filantropo aberatsen motibo haundixenetako bat gillotineri bildurra izan zala, baiña ez bakarra. Bazan benetako kezka edo progresismo bat, eta horixe giruhori dok esandako historixan barruan erakusten dana.
  • Miseriako historixak beti interesgarri: gure arbaso gehixenok bizi izandakuak, eta zorixonez gaindittutakuak (horregaittik bizi gaittuk gu). Idazkeria pixkat korapillotsua egitten jatak, seguraski gaztelerazko orijinaleko esaldi subordinau luziak itzulpenerako emondako arazuengaittik.

Punk estiluan

Oier Gorosabel 2024/03/13 14:10
King Kong teoria, Virginie Despentes, Itziar Diaz de Ultzurrun (itzultzailea).148 orrialde. Euskara hizkuntza. Elkar(e)k argitaratua. ISBN: 9788490276822

Horrek dakan alde onakin (espontaneidadia), eta txarrakin (erdipurdizkuak justifikatzeko atxekixia). Liburua gustau jatak, eta zati batzuk oso argigarrixak egin jataaz; gauzak beste ikuspegi batzutatik erakusten-eta. Halan be, idea-zaparradan gauza batzuk ondo lotu bakuak begittandu jataaz, King Kong teorixia bera adibidez (txarto ulertu ez badot, momorruan eta neska polittan arteko queertasuna). Zuek ze iritzi?

Hamen paperjale.eus-en botatako beste iruzkin batzuk (atzetik aurrera):

  • Amaierako kapitulua, agurra, epilogua, hau bai: manifestu itxurako testo laburra, eta sintetikua. Trintxerian alde berian gagozela baieztatzen destana.
  • Pornuan eta King Kongen atalak nahastoso xamarrak egin jataaz, bestiak baiño kaotikuago, ahuak emon ahala idatzittakuak edo. Oso punkak, hori bai, baiña diskurtsuan kaltetan. Bigarrena, liburuari izena emoten detsana gaiñera, pixkat "pintzekin hartuta" moduan begittandu jatak, inkonsistente xamarra.
  • Hau bai, bortxaketiakingo jarreria (kontsumatua, zein potentziala) bai begittantzen jatak oso iraultzaillia. Honengaittik bakarrik bada be, liburu hau edozein neska gazteri zein emakume helduri oparitzeko morokua begittantzen jatak.
  • Argumentu zaparradan, oiñ arte irakorri dotena ezaguna eta arrazoizkua begittandu jatak: handik eta hamendik -liburu hau iruzkinduz, edo beste- sare sozialetan irakorri dittudazen gauzak. Bortxaketa-kulturan sartzia, ostera, argigarrixagua izan dok. Amorruz idatzitta -zelan ez-, oiñ arte konturatu izan ez naizen gauzak seiñalatzen jittuk. Esate baterako, 60 hamarkadatik frantziar gizonak gerretan ez parte hartu izana, eta bortxaketa "zibillen" gorakadia lotzia. Oso ondo ekarritta, eta terriblia aldi berian...
  • Inguruan "hard" feministak eukitta, eta performance cortapichas harena entzunda, nik uste najuan hobe nebala leku batzutatik aparte ibiltzia, endreduetan ez sartziarren. Liburu hau be, etxakixat zergaitik, onda horretakua zala uste najuan (izenburua? idazlian aurpegi ez oso adeitsua?) eta beraz, neretako ez zalakuan, ez najeukan irakortzeko asmorik. Halan be, etxera ale bat allegau dok. Eta, ba, zelan ez pixkat kurioseau? Lehelengo pajinak ikusi, eta, tira, diskurtsua pixkat "sopiña", baiña irakortzeko morokua begittandu jatak. Liburuan jabiakin komentau, eta nere aurreiritzixa zuzena ez dala, eta liburuan gizonok ez garala etsai baieztatu jestak. A bai? Ba orduan irakorriko juat. Ea zer moduz...

Tiburoien piszinan

Oier Gorosabel 2024/03/01 14:37
La cocina al desnudo. Una visión renovadora del mundo de la gastronomía, Santi Santamaría. 283 orrialde. Spanish hizkuntza. 2008ko ots. 18a(e)an Temas de Hoy(e)n argitaratua. ISBN: 9788484607144

Uste eze liburu honek, bere garaian, polemika haundixa ixotu zebala. Ezin juat iritzi sendorik emon: ni superbibentziako sukaldarixa baiño ez nok -basarrittarrak astero ekartzen deskuan jenerua gastatzera eginda-, eta sukaldari molekularren eta normalaguen arteko mokokadak, ba... ulertzeko gatxak egitten jatazak, eta etxatazak bereziki interesatzen gaiñera. Ikusten dotenez, ixa-ixa arkeologuen arteko besteko liskarrak jarabixek euren artian. ;-) Edozelan be. Gauza interesgarriren bat edo beste topau juat, baiña orokorrian liburua astuna egin jatak. Berez sinplia dan gauziari, irakorketa ixa metafisikua egin bihar hori, artifiziala eta faltsua egitten jatak; koktel egilliak bere artiari buruz, edo elektrizistia bere ofiziuari buruz, edo artista abanguardistiak bere zereri buruz, interpretaziño jasua eta poliedrikua egingo baleu legez. Etorri askoko jentia, burgesak epatatzeko trebia.

Paperjale.eus-en lagatako beste iruzkin batzuk (atzetik aurrera):

  • "Humanamente lo natural es sinónimo de felicidad, por lo que se puede defender que vivir en paz con el entorno es un derecho". Bigarren kapitulua esaldi honekin irekitzen dok. Ahuak emon ahala, garunetik pasau barik botatako etorrixan oso adibide ona begittantzen jatak.
  • Gauza interesgarrixak botatzen dittuan arren (horretxegaittik hartu juat), idazle honek oso ondo menperatzen jok betegarrixa sartzeko artia, kazetaritzan jardundakua dalako igual. Bere irakorle perfillak igual estimauko jok gauziori, baiña neretako, orrialde bakarrian esplikau zeikian gauza baterako kapitulo oso bat erabiltzia, minus bat dok.
  • ADESeko bookcrossing kajan 1000 bidar esku artian ibillittakua, baiña sekulan etxuat hartu. #etxekoandros naizen neurrixan seguru gauza interesgarrixak ikasiko dittudazela, baiña batez be kuriosidadia jaukat, azken urtietako sukaldaritza mediatiko honetan, ze errekurtso erabilli leikiazen betiko gauzak, era diferentian esateko.

Dibertidu eta ikasi

Oier Gorosabel 2024/03/01 14:09
Maitasun kapitala, Karmele Jaio Eiguren. Azal biguna, 240 orrialde. Euskara hizkuntza. Elkar(e)k argitaratua. ISBN: 9788413603605

Gaixan interes minimo bat eskatzen jok (abentura nobelian billa datorrenari, etxakok gustauko), baiña behiñ harixan sartuta, oso egittura efektibua daukan liburua. Historia interesgarri bat, liburuan zihar interesez eruaten habena, eta tartian historia horrekin bat datozen aipuak, kontakizuna irudiz eta kolorez janzten dabenak. Bide batez, historixiakin integrauta bebai, gaixari buruz idatzi daben autorieri buruz ikasten juagu, jakinmiña ixotzen daben pilulekin. Oso liburu intelijentia!

Paperjale.eus-en lagatako iruzkiñak, atzetik aurrera:

  • Bueno, ba korapillua nahikua egokiro askatu dok: - Matxirularixak, azken unian, benetako maittasunan tximistiak jota erredentziño XabierLetetiarMoment hori jaukak. Mmmm... bueno. Bizitzia barkatuko jetsagu Jaiori. 😜 - Laiak tesisa irakortzen daben pasartia, publiko ausente guztiakin, nahiz eta oso hollywoodianua izan (txalo sinkronizatuan hastia falta zuan), ondo jagok. - Amaierako autoestima ariketa Klimtiarra be, idem de lienzo.
  • Eta halan be, uste juat laster sorpresa bat datorrela. Etxuat espektatibak altuegi ifiñi nahi, baiña... traza ona hartzen jetsat asuntuari. Bestalde, zelako penia liburua laster amaittuko dala, joder.
  • Dana dala, gauza baten be huts egitten dabela begittantzen jatak: etxakixat nahitta ala deskuidoz, baiña gizonezko antagonistian pertsonajia karikatura bat dok. Esan gura dot: protagonistan eta bere lagunetan, emakumien izaerian eta maittatzeko formen espektro zabala ikusi geinke (artelanen eta idazlanen bidez anplifikatuta eta edertuta). Baiña gizonezkuan erretratua askoz be sinpliagua dok, arketipo bat: matxirulotasunan alderik makurrenen sintesisa, pertsona bakarrian. :-) Horretara, nekez sinistu lajeikek protagonistia -emakume burujabe, jantzi eta sendua- halako "pajaruakin" horrenbeste maitemindu izana. Liburuan oiñ arte kontatzen danak, behintzat, ez jok halako furixadarik justifikatzen!
  • Zelako ondo idatzitta dagon liburua, oso gustora irakortzen najabilk. CarsonMcCullersak, AleksandraKollontaiak eta bestelako aipu feministak ugarixak dittuk -tesisan bueltan dabizen hiru emakumien eztabaidan testuinguruan- baiña ez dittuk astunak egitten, ondo ekarritta jagozak, eta lau-bost planotan egindako kontakizunan barruan (errekurtso ona, hori) liburuan erritmua ez juek eteten. Ikasi eta entretenidu!
  • Elementuak mahai gaiñian jagozak: (ustez) maittasun erromantikuan tranpan bete-betian jauzi dan emakume ahaldundu bat - Eskrupulo gitxiko txortalari hotz bat - Maitemiñezko furixadia. Elementuokin, idazliak bere tesisa aurkezten jok. Horixe entzunda najeukan, eta gauza akademiko astuntxo bat espero najuan. Baiña ez: elementuok gitxigorabehera ezagutzen dittuan edozeiñek ulertzeko moduko era kaletarrian, eta aipu artistikuekin lagunduta (ez dok bape astuna edo pedantia), irakorketia bizi-bizi joiak. Liburuan egitturia, edo suspentsia, ondo pentsauta dagola jirudik.
  • Gustatzen jatak ba, artelanei erreferentziak egiteko jolas hori. Liburuan irismen anplifikatua, kanpuan info gehixago billatzia.
  • Ondiokan erderaz errezago irakortzen juat, euskeraz baiño; zentzu horretan, idazkera erreflexibo hau pixkat korapillotsua egitten jatak. Halan be, gaixan interesak aurrera tiratzen nok, eta uste juat arazo barik irakorriko dotela.
Aurkezpena

Oier Gorosabel Larrañaga, Lekeittioko Eibartar bat

 preacher.gif

Eibarrespaziuan zihar esan zesten pizkat mesianikua nintzala idaztian, eta bloga sortzerako orduan horregaittik ipiñi netsan izenburu hau. Lehen nere gauza guztiak (argitaratzeko morokuak, behintzat) hamen idazten banittuan be, espeleologixiari buruzko gauza guztiak ADES-en webgunian emoten dittudaz, eta osasun asuntoko artikulu guztiak hona mobidu dittudaz, gaika klasifikauta.

Txorrotxioak
Etiketak
ETB1 Eibar EibarOrg Info7 Zer erantzi abertzale abittaga abortuak adela larrañaga aitor_eguren aittitta raduga aldatze amarauna amuategi andoain antzerkia araba arantzazu aranzadi ardantza argentina_2005 armando gorosabel armeria eskola arrajola arrakala arrantza literarixuak arrate arrosa artxanda aulestia axpe_martzana azkue ipuin bilduma azpimarra banu_qasi baxenafarroa baztan belaunologia berasueta berbologia berriatua bidai_aluzinantia bilbao bittorixa buruntza chill_mafia comunitat_valenciana covid19 culineitor deba desempolving diaspora diego-rivera durangoko-plateruak egillor eibar eibarko_lagunak ekialdeko nafarrera eraikinologia erdialdekoa erresuma_batua erronkari espeleologia etxebarria eup eusebio-azkue euskadi_irratia euskal_erria_aldizkaria euskalkia faktoria felix_arrieta felix_ruiz_de_arkaute galicia ganbara gasteiz gatobazka gce gernika girua gisasola gorosabel hormasprayko igotz_ziarreta ikerkuntza ilegales indalecio ojanguren info7 irabiaketa irati-filma irratia irun iruñea izarraitz iñigo_aranbarri jacinto_olabe jamo_savoi jendartologia jeremiah_alcalde jon-etxabe jose-antonio-uriarte juan de easo juan san martin julen_gabiria julian etxeberria kalamua kanposantuak katarain kirola komikiak koska kuku kurik-3 kurosawel labordeta lagunologia lalolalia lamaiko_operia lasarte leintz_gatzaga lekeitio lekeitioko_lagunak lituenigo lopez maeztu magia manex_agirre maputxe markina-xemein markos_gimeno_vesga markues matrallako mendaro mendebalekoa mezo_bigarrena mineralak mogel morau musikeruak muskildi mutriku nafar_lapurtera nafarrera noain oiartzun oioioi-lur ondarroa opaybo orakulua otsagabia ozeta paisajiak parakaidistiarenak paris patxi_gallego pedro chastang pedro gisasola polo_garat rufino sande sagartegieta san antoni sartei sasiola sega segura slovakia tafalla2016 talaiatik telebista toribio_etxebarria umeologia urberuaga urkiola xabier_lete xoxote zaharrea zaharreologia zaragoza zer erantzi zerain zornotza zuberera zuberoa
hgikj
2002 2003 2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018 2019 2020 2021 2022 2023 2024