Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Garagoittiko Orakulua

Kamerari irribarre

Oier Gorosabel 2017/03/22 22:58
Aurreko batean, autobusean “arrain begi” baten azpian eserita joan nintzen, badakizue zer diren: 360 gradutako ikuspegia hartzen duten seguritate kamera horiek. Irribarre garratza egin nuen: duela urte batzuk, horrelako bat ikusita, asaldatu egingo ginen eta makila batez hausteko gogoa sortuko zitzaigun. Orain berriz, irribarre egiten diogu guapo-guapo agertzeko.

1990 hamarkadan oraindik jende gehiena mugikor barik bizi zen; eta “segapotoa” zutenek (horrela esaten baikenien telefono eramangarriei, bere formarengatik), bilera iraultzaileetan, ez zuten itzaltzen bakarrik: bateria ere kentzen zieten, zeren eta (kontatzen zenez) poliziek-eta aukera baitzuten itzalitako mugikorretatik soinu seinalea hartzeko. Bateria kenduta berri, ezin omen zuten ezer entzun. Entzuna dut, baita ere, “liberatuak” zeuden militanteek (ETA-koak, eskuarki) sarri izaten zituztela etxean poliziek jarritako mikrofono ezkutuak. Seguritate neurri modura, kontu sekretuak aipatu behar zituzten bakoitzean irratia ozen jartzen zuten; honek entzuleen lana oztopatzen omen zuelako. Ez dakit egia den ala kondaira urbanoa; eta uste dut ez dugula sekula  jakingo, harik eta, hemendik 40 urte, ahotsak.com-eko ikerlari gazteek euskal “gatobazka” bizi izan genuen atso-agureak elkarrizketatzen hasten diren arte.

Urte haietan, nik ere banuen zelatatua izatearen errezelo hori; batez ere lagunak eta biok 2002 urtean botere exekutibo-judizialarekin arazoak izan genituenetik. Ez dut ondo gogoratzen nola iritsi ginen espiatuak ginela ziurtatzera; agian eguneroko bizitzan gertatutako pasarte xelebre, susmagarri eta kointzidenteak. Kontua da, une batetik aurrera, bagenekiela telefonoak “ziztatuak” genituela. Gure mobidengatik (abokatuak, baldintzapeko askatasuna...) sarri telefonoz berba egin behar izaten genuen, laguna Zaragozan bizi baita; eta gogoan dut beti gauza bera egiten genuela: solasaldia hasteko eta amaitzeko, “Arriba España!!” zalu eta sendoa botatzen genuen, eta hizketaldian zehar ere, behin eta berriro, hirugarren lagun mutuari berba adeitsuak eta goraintziak eskaintzen genizkiola. Berarekin bat gentozela argi izan zezan. Guk umorez hartzen genuen, bistan da, eta zorionez gure auzia pare bat urtez bakarrik luzatu zen; baina esan behar da halako egoerak luzaroan jasatea oso gogorra izan daitekeela, eta ez dela arraroa izaten burutik nahastua amaitzea.

Baina, esandako moduan, hori asko aldatu da azken urteetan. “Alasbarricadas.org” atari anarkistako lagunek dioten bezala: “...jada ez digute geolokalizazio txip-ik ipini beharrik; 700 € ordaintzen baitugu soinean eramatearren. Gure datuak gustura oparitzen dizkiegu enpresa handiei, haiek sal-erosiz aberastu daitezen. Gaur egunean, jendearen gehiengoak momentu oro zelatatua izatea onartu du”.

Horixe da alde nagusia, beraz; lehen monitorizatuak baginen ere, nolabait ere kontrolari ihes egiten saiatzen ginen. Orain, berriz... gustura gaude segurtasun-kameretan agertuz, txartelekin arrastoa utziz, interneten cookie-ak onartuz... “big data” multzoetan datu bat gehiago izaten.

Kasu gehienetan ez da ezer larririk gertatzen: propaganda gehiago jasoko dugula, supermerkatuan deskontu txartel pertsonalizatuak aterako zaizkigula... Baina gaizkileek, ai gaizkileek! Bizimodu zaila dute. Gaiztakeriak egiten dituztenek, eguneroko bizitzan, ibilbidea urratsik urrats jarraitzeko adina aztarna uzten baitituzte eguneroko bizitzan, eta ekintza bat egin eta ordu erdi barruan atxilotuta amaitzeko moduan daude. Bai ongi! Hiritar eredugarriok lasai bizi gaitezke... inork gaizkiletzat seinalatzen ez gaituen artean.

Info7 Irratiko "Talaiatik" saiorako, 2017ko martixan 22xa.

Deskubrimenduan une magikua

Oier Gorosabel 2017/02/23 17:37
Aspaldi jirau nahi neban Xabier Leten azken kontzertuan diskua, eta aurten Olentzerori eskatu detsat. Guzurra dirudi gizon honen kantu barririk entzun neikianik, hain fan izanda, baiña bai: disko honetako asko entzun barik nittuan ondiokan.
Deskubrimenduan une magikua

Urte askuan irudi unicejo/tartalistiko hau izan zan XL-ri buruz nekan bakarra ("aleiya", etxian genkan EP honena)

Juan dan egunetan diskua pizkaka-pizkaka entzutzen jardun dot, ixa modu relijiosuan, aurkezpenak bebai (kantu bakotxan aurretiko parrafada luzia). Gaur egunian musika gehixena diskografiaka irunsten dala esango neuke, neuk kontsultarako ekartzen dotena bai behintzat: takada baten igual 100 kantu sartzen dittudaz, gehixenak sekulan entzun bakuak. Ez neban halakorik nahi disko honendako.

Ez naiz damutu. Ez dakitt zer sentiduko zeukian euskaldun batek 1975an, ordurarte sekulan entzun bako Ez Dok Amairukuak estrainekotz entzutzian; baiña nik entzunaldi honetan igarri doten zirradian erdixa bazan, ez ahaztutzekua seguru! Eta behin bakarrik bizitzekua, bistan da: lehelengo entzunaldittik aurrera, kantuak ezagunak bihurtzen diralako, onak bai, baiña sorpresa elementuan faltan. Horregaittik jaso nahi izan dot idatziz. Seguraski, nere bizitzan barriro ez dotelako Xabier Leten lehelengo entzunaldirik biziko (hónen kantuena ez, behintzat).

Lete da Ez Dok Amairuko sasoikuen artian nere gustokuena. Haren izaera poliedrikuan ikusi dot onduen nere burua isladatuta: seriotasun fondo baten gaiñian –tristuria, askotan- umorezko ezten gaiztuakin. Etxekuen artian, adarra jotzeko, Lete “la alegria de la huerta” izentatzen neban; eta disko honetan ikusi dot, atsegiñez, berak be bazekala bere buruan gaiñeko ikuspegi sarkastikua (umorez, bera “oso optimista ez dala” aitortzen dau disko honetako aurkezpenetako batian).

Disko bikotx honetan kantu apartak dagoz. Ez dittudaz banan-banan komentauko, bistan da; bereziki inpresionau naben hiru kantu aittatuko dittudaz bakarrik, lehelengo entzunaldixan ostian idatzittako zirriborruetan.

 

Malkoak euri balira

Kotxian entzutzen netorrela, kantu batek blastiau egin nau, literalki, bistia lausotu arte. Motibuak asko izan dira, ezkez-eskuma-ezker-eskuma, boxealarixan modura:

  • Musikian egillia, berez hunkigarrixa jatan pertsonajia.
  • Mezua, negar garbitzaillian metafora ezaguna baiña indartsua.
  • Tango musikia: bortitza, adierazkorra eta gure aittitta-amamen herriko oihartzun zaharra.
  • Letrian egillia bera, bistan da, indar ikaragarrixa gorputz ttattarrian.

 

 

Hurrengoa

Lehen normala ei zan mutillak lehelengo harreman sexuala putetxian izatia (nere edadetsuko jentia be ezagutzen dot nik, halan hasittakuak, eta bizitza osorako markatuak –neskekingo harremanei dagokixonez behintzat-). Kantu honetan Brelek bere lehelengo esperientzia sordido ha kontatzen dau, eta “au suivant!” diarran errekurtsuak alienaziñua maisuki azpimarratzen dau (justu egunotan horri buruz pentsatzen nenbixan, beste adibide hau dala eta).

Etxera allegatzen nenguan kotxeko radiokasetian jotzen hasi danian, eta kotxian motorra geldittuta ahozabalik (sic) geratu naiz kantua amaittu arte. Lete bere alde histrionikorik onenian, irudi inpresionista ezin indartsuaguan. Interneten ez dot topau kantua, eta nik neuk ipiñi dot Youtuben, Leten hitzaurre eta guzti.

 

 

Amsterdam

 Amsterdameko portuko kantuakin be, noraezian ibilli izan naiz ni. Jacques Brelena izanda be, nik ez netsan berari adittu estrainekotz, David Bowieri baiño. Doiñuak berak, melankolikua eta bortitza era berian, erakarri ninduan. Handik urte batzutara, binilo merke montoiak arakatzen, Brelen disko bat harrapau nebanian –eusnoba ni-, hara nun topau neban kantua, eta beria zala ikasi. Xabier Leten disko hau entzun arte ez nekixan letriak zer esaten zeban zehazki; hamendik aurrera gehixago gustatzen jata “kantu kanalla” hau, berak esaten daben lez.

 

 

Bakillaua Eibartar Erara

Oier Gorosabel 2017/02/21 23:09
Jakiñekua da idea onenak eskasia egoeran sortzen dirala; halan, baten, meloia jamoiakin prestau nahi eta, ez meloirik ez jamoirik ez nekala ikusitta, nere plater-ikurretako bat asmau neban: sandia saltxitxoiakin. Zer? (irakur bedi doinu desafiantez)

Oinguan be antzerakua gertatzen jata. Arrainzalia ez naiz, baiña “Legatza Ondarrutar Erara” salbuespena da: izugarri gustatzen jata kanpo kurruskarixan eta barru gurixan arteko kontraste hori. Juan dan astian hori prestatzeko gogua sartu jatan, baiña legatza barik bakillaua ofertan zeguanez, aldaketa “txiki” hori egittia pentsau jatan. Arraiñakin etxera allegautakuan, baiña, beste arazo bat: limoirik ez. Eta, noski, nere sukaldian inprobisaziñua nagusi danez, behiñ aldaketak egitten hasitta, eskura nittuan beste zitrikuak erabiltzia pentsau neban, jakiña. Laranjak.

Hatzapar puntak txupatzeko moduan geratu jatan; hain da eze, eserialdi baten kg 2 inguru bakillaua jo-ta-garbittu genduan etxeko lauron artian. Penia hartu neban erretratua etara ez izanaz, eta hori dala eta aste honetan esperimentua errepikau dot, pare bat argazki eginda. Jakiña: “Legatza Ondarrutar Erara” ez da plater honendako izenik egokixena, beraz beste bat asmau biharko dogu. Zer moduz “Bakillaua Eibartar Erara”?

Errezetia ez dot azalduko: legatzan berbera da, baiña legatzan ordez bakillaua, eta limoian ordez laranjia. On egin, eta kontaukozue ia zelan urten jatsuen!

170219leke06

Disidente pop

Oier Gorosabel 2017/02/20 14:46
Urte askoan, koherentziari garrantzi handia eman izan diot; besteengan, eta batez ere nire buruan. Urteak pasatu ahala, berriz, fundamentalistek gero eta beldur gehiago ematen didate; eta haiei aurre egitera ausartzen diren disidenteak estimatzen ikasi dut. Ez mugimendu konkretu batekoak; disidentzia bizitzari aurre egiteko jarrera bezala, esan nahi dut.

Gogoratzen al duzue joan den hilean aipatu nuen kartzelakidea? Kalean ikusita kasu egitera ausartu ez nintzaiona? Egun gutxitara berriro ikusi nuen, autobusean. Oraingoan arnasa sakon hartu eta berarengana joan nintzen; adeitsuki hartu ninduen. Hasierako isilune normalen ostean, naturalena egin genuen: gai monotematiko talegeroari heldu. Gero ezin isildu!

Kartzelakide hau ere disidentea da, eta urte luzez etsaien ituan egotetik kide ohien jopuntura pasatu da. Horri guztiari buruz berriketan aritu ginen, harrapaladan. Izan ere, duela 15 urte Valdemoroko transito guneko “ziega amerikarretan” legez, oraingoan presa Berriatua eta Ondarroa arteko tarte laburrak sartzen zigun. Solasaldi motza baina niretako lasaigarria izan zen; izotza haustekoa behintzat. Eta ez dadila azkena izan!

Ez dagokit niri ezker abertzaleak disidenteekiko izan duen jarrera juzkatzen hastea (kanpotik epaiak errazegi eman ohi dira, etxe barruko detaileak ongi ezagutu barik). Halere, zuzena edo okerra,  nire iritzia badut. Adibidez, asko gustatu zitzaidan “Pitu” Llamas irratikide eta sukaldariak idatzitako artikulu bat: “Un menú desagradable pero necesario en el proceso de paz” izenburukoa. Balore berezia ematen diot gainera, borrokalari batengandik datorren neurrian. Halere, hori irakurrita, segituan gogoratu nituen iraganean horrelako ideak erabili zituzten pertsona asko, garesti ordaindu dutenak. Izen batzuk etorri zitzaizkidan, anabasan: Dolores Gonzalez, Imanol Lartzabal... traidore bezala hilak; Agustin Ibarrola, oraindik bizi dena... Edo, Piturengandik hurbilagoko kasuak aipatzearren, nire kartzelakidea bera (Joseba Urrosolo) eta bere kintakoak, oraindik orain bere kide ohiak seinalatuak eta marjinatuak dirautenak. Zorionez gaur egunean fundamentalista gutxiago dago, eta gutxienez kaletik ibil daitezke...

Bada ezker abertzalean jarrera “gogorra” mantentzearen aldeko jendea, batez ere EPPK-aren estrategia kontuetan; agian oker nago, baina kanpoan jarrerak gero eta malguagoak diren honetan, presoei oraindik erabateko koherentzia eskatzen zaiela iruditzen zait, nolabaiteko heroiak izatea. Horrelako zerbait ulertu nion Josebari, eta uste dut bere iritziak errespetua merezi duela, haren esperientziarengatik eta kurrikulum militarrarengatik bada ere.

Izan ere, nik behintzat ez ditut ahazteko 80.ko hamarkadako urteak (agian ETA eta Espainiako Indar Armatuen arteko gerrako gogorrenak). Artean politikaz ezer ulertzeko gaztetxoegia,  ez dut esango ETA-ren aldekoa nintzenik, baina bai ostera haiek polizia eta militar guztiak garbitzea ez nuela txartoegi ikusten; nire inguruko jende gehienak bezala, bide batez esanda. Eta behin eta berriro ikusten genituen aurpegi haien artean (egunkarietan, zein far westeko tipoko karteletan: “wanted”, badakizue...), Josebarena nolabaiteko pop ikonoa bihurtu zitzaigun; horregatik 20 urte geroago kartzelan aurrez aurre aurkitzean, autograforik ez genion eskatu, baina...  ia-ia. Baina urteak ez dira alferrik pasatzen; haiekin batera, gu ere pertsona helduagoak gara. Horregatik, oraingoan, autografoa ez, baina autobusean berarekin selfiea ateratzeko tentaldiari eutsi beharko diot.

Info7 Irratiko "Talaiatik" saiorako, 2017ko zezeillan 20xa.

Lau "biaje"

Oier Gorosabel 2017/02/05 16:51
BASHO, Matsuo. THOMAS, Dylan. CAPOTE, Truman. KIPLING, Rudyard. Lau bidaia. (Itzultzailea: Joseba Urteaga). Igela Argitaletxea, 1990.

Etxian biharreko ordutegixak moldatu doguzenetik, gabeko irakurtaldixak asko urrittu dittuk; eta bestetik, udatik hona darabiltten esmarfonak kaletik erabiltzen nittuan liburutxuei lekua kendu jetsek... aldaketihau begibistakua dok hamen idazten dittudazen arrantza literarixo kopuruan be.

“Okuko bidezidorra” (Basho). Liburu honetan, zatirik haundiña “pikuak” hartzen jok (“basho” horixe esan gura dok, idazlian gatxizena ei zuan). Kuriosua dok benetan, XVII gizaldiko japonesari bidaiatzen jarraittu ahal izatia, 500 urte lehenago gertatutako gauzei erreferentziak egiñaz... Baiña neri astun xamarra egin jatak, seguraski lekuak ez dittudazelako ezagutzen, eta gitxiago bertako historixia. Beraz, irudi politten sekuentzia luze xamarretik aparte (liburuan bi herenak hartzen jittuk), etxok neretako esangura berezirik izan.

“Ixtorio bat” (Thomas). Igual kuriosidade gehixena idazle honekin banekan be (Bob Dylanen referentia izan zalako, bla bla bla), historixiak berak hotz xamar laga nok. Egin kontu, Mark Twainen haren moduko biajia, baiña herri txiki bateko jubilau alkoholiko batzuk ondoko herrira autobusez egindakua. Superbanguardistia seguraski, baiña neri behintzat, bost axola destana.

“Egun bateko lana” (Capote). Hau, barriz, asko gustau jatak. Capoten liburu bakarra nekan irakorritta oiñ arte (“A sangre fría”), eta inpresiño ona laga jestan. Oin, 25 urte geruago, banaiz kapaza kazetaritza/literatura arteko nahastian barrikuntziaz jabetzeko. Idazliak etxe-garbitzaille batekin arratsaldia pasatzen jok, etxerik etxe, harekin bizittakua kontauaz. Hiri haundi bateko estolden berezko xarma horrekin.

“Ehun Atsekabeen Atea” (Kipling). Harrittu egin nok, oin dala gizaldi biko idazle batek egindako yonkixan erretratu hau. Opixo erretzaille batek bere bizitzia kontatzen jok, lehengo bizimoduko gomuta lausoak, erretokiko jabiekin harremanak, beste bezeruen barri be emoten jeskuk... heroinazaliak behiñ eta barriro etortzen dittuk gogora, baiña ez dok kontakizun dramatikua. Ostera, erretoki hauei buruzko kuriosidadia be asetzeko balixo jok, barruan jentiak izaten daben konszientzia estaduan barneratuz.

Sentimendu fosilak

Oier Gorosabel 2017/01/22 20:15
Gaur kartzelan ezagututako euskal preso politiko batekin gurutzatu naiz. Ez nau ezagutu, noski: berak pila bat urte egin ditu barruan, eta nire moduko makinatxo bat ikusiko zituen bere denboran. Halere, ziur nago kasu egin izan banio adeitsuki hartuko ninduela. Zergatik ez diot ezer esan?

Handik minutu batzuetara damutu egin naiz, baina beranduegi zen: bere bidean aurrera eginda, bistatik galdua nuen. Eta barruak nahastu zaizkit: zergatik geratu naiz izoztuta? Ez da gertatu zaidan lehengo aldia, gainera.

“Barruan” ezagututako jendearekin behin bakarrik izan naiz, atera eta gero esan nahi dut. Porlan artean egindako lagun ugarien artean minenari zor nion begirunearengatik izan zen, nolabait esateko. Baina topaketa hori ere oso arraroa egin zitzaidan. Agian motibo berberarengatik. Orain, sentimendu hori idatziz jarrita, argitu nahiko nukeen arrazoi misteriotsu eta deserosoarengatik.

Presondegiko lagunarekin topatu nintzenean sentsazio arraroak igarri banituen, lagunarengatik baino, familiarengatik izan zela uste dut. Nik oso oroitzapen garratzak ekartzen nizkiela konturatzen nintzen. Edo hori uste nuen nik, behintzat. Eta ez zitzaidan gustatzen haiei min ematea. Azken finean gure lagunak, etxera bueltatu zenean, bere bizitzarekin jarraitu zuen; txarto edo ondo, baina askatasunean bizi izandako hurrengo asteek, hilabeteek, urteek, kartzelako urte mingots haiek nolabait estaltzen ari ziren. Eta hara non agertzen naizen ni, iraganeko fosila, zer eta kartzelako urte haiek berpizteko (lagunak eta biok ez baikenuen ezer konpartitzen, espetxealdiko oroimenak baino). Gu pozik, bistan da; katxondeo pixka bat ere bagenuen; baina begi-bistakoa zen gure ingurukoei ez ziela grazia putarik egiten une haiek berriro bizitzea. Edo hori uste nuen nik. Eta sentsazio hau jasanezina zitzaidan.

Kontrakoa ere gertatu zait, nirekin preso izandako laguna etxera etortzea, eta neure familiakoen begietan horrelako lainoa ikustea. Deserosoa da. Eta ez dakit egoera erreala den, ala nire barruko kondenatuaren begirada berezia. Sarrionandiak esana baita, preso egon denaren gogoa kartzelara itzultzen dela beti; eta poliziek besteei baino gehiago begiratzen diotela, pausua sosegatua ez duelako; edo sosegatuegia. Eta, hau idatzi ahala, konturatzen naiz une bortitz haiek horrelako gauzak tatuaturik utzi dizkidatela. Eta segur aski nire burutazioak baino ez diren arren, nire pausuak baldintzatzen dituztela nik sekula pentsatuko ez nuen forman...

Bai. Hurrengo ikusten dudanean, eskua emango diot. Ukitu nahi dut (ikusiko dugu berak zer nahi duen, euskaldunak baikara, eta ez dut inor bortxatu nahi). Lotsa gabe hitz egin nahi diot. Zimurturik nago, baina guardasola bezala ireki nahi dut. Ez dakit metafora egokiena den, baina horixe da momentu honetan etortzen zaidan irudia: porlanezko sotoetako ziegetan lizundutako arimak astintzea, lisatzea, aireratzea, eguzkitara ateratzea. Sendatzea.

Talaiatik irratsaiorako, 2017ko ilbeltzan 20xa.

Euskal-Erria aldizkaria (1880-1918). Espeleologia artikuluak eta beste.

Oier Gorosabel 2017/01/12 20:36
ADES-eko lagunek Euskal-Erria aldizkari donostiarraren artxiboak arakatu dituzte. Bertan argitaratu ziren euskal espeleologia modernoaren lehen kronikak, eta hoiek biltzen dituen dokumentua osatu dute, nahi duenak deskargatu dezan.

Euskal espeleologiaren historia aztertzeko zalea naizen aldetik, Euskal-Erria aldizkariko hainbat erreferentzia bibliografiko bilduak nituen: artikulu zaharrak, duela gutxira arte liburutegi handi batera joan ezean kontsultatu ezin nituenak. 2011 urteaz geroztik, baina, Sancho el Sabio Fundazioak hartutako lanari esker, Euskal-Erria aldizkaria interneten kontsultatzeko moduan dago[1], eta beraz indizeak arakatzeari ekin nion.

Lan honen ostean, zerrenda bibliografikoetako artikulu espeleologiko hoiek zuzenean irakurri ahal izan ditut, baita lehendik ez nituen erreferentzia batzuk jaso ere. Gehiago ere egon daitezke: izan ere, izenburuak batzutan ez dira oso adierazkorrak (“Un hallazgo curioso” bezalako izenburu ugari daude), eta agian intereseko artikuluren batzuk ihes egingo zidaten.

Jarraian, aukeratutako zenbait artikulu emango ditut. Kronologikoki doaz (aldizkarian argitaratu ziren fetxaren arabera), bi multzotan:

  • Espeleologiarekin zerikusiren bat dutenak.
  • Beste guztiak (interesgarriak iruditu zaizkidan hainbat gairi buruz).

Haietako askoren aurretik iruzkin bat egin dut, zenbait kasutan datu osagarriak emanaz. Artikulu guztiak dokumentu batean bildu ditut errazago kontsultatzeko; hemen eskegi dut nahi duenak deskargatu dezan (denbora mugatu baterako, leku asko okupatzen baitu -303 orrialde, 800 Mb inguru-; baina aurrerago inork kopia nahiko balu, lasai eskatu diezadala).

Hauxe da dokumentu horretan aurkituko dituzuen artikuluen zerrenda. On egin!

ESPELEOLOGIAREKIN ZERIKUSI DUTENAK

Nahikoa da autoreen zerrendari erreparatzea, Euskal-Erria aldizkariak sasoi hartako espeleologoen artean izan zuen garrantziaz jabetzeko…

  • IRURROARIZAGA, G. 1882. La gruta de Amoroto. In: Variedades éuskaras. Euskal-Erria VI(8): 244-245. Donostia.
  • ANONIMOA. 1882. La cueva de Amoroto. In: Variedades éuskaras.Euskal-Erria VI: 274-276. Donostia.
  • F.R. 1882. La gruta de Achurra. In: Variedades éuskaras. Euskal-Erria VII: 134-135. Donostia.
  • ENCISO, J. 1882. La gruta de Achurra o de Amoroto. In: Variedades éuskaras. Euskal-Erria VII: 268. Donostia.
  • CAPELASTEGUI, Leon. 1884. La gruta de San Valerio en Mondragón. Euskal-Erria Revista Bascongada XI:486-494. Donostia.
  • NAVARRO VILLOSLADA, Francisco. 1888. De lo prehistórico en la Provincias Bascongadas. Euskal-Erria Revista Bascongada XIX:5-11,33-39,65-69,97-101. Donostia.
  • GAMON, MM. GAMON, JI. 1785. Las cuevas de Aitzbitarte en Rentería. Año 1785. Informe enviado á la Real Academia de la Historia por conducto de la Diputación Foral de Guipúzcoa. Euskal-Erria Revista Bascongada XXVI:537-539. Donostia 1892.
  • MURGA MUGARTEGI, Rafael. 1892. Arrechinaga. Euskal-Erria Revista Bascongada XXVI:19-21. Donostia.
  • GORDON, Rogelio. 1893. Euskal batzarre. Expedición Reglamentaria núm 2 bajo la dirección del socio Don Rogelio Gordón. Visita a Oñate. Principales edificios. Ascensión al monte Aitzgorri. Exploración de la famosa cueva de Guesalza. Euskal-Erria Revista Bascongada XXVIII:85-90,177-181. Donostia.
  • ZABALA, Alfonso Maria. 1894. Comisión de Monumentos de Guipúzcoa. San Adrián (Aitzgorri). Euskal-Erria Revista Bascongada XXX:531-537. Donostia.
  • PUIG Y LARRAZ, G. 1897. Las cuevas de Vizcaya. Euskal-Erria Revista Bascongada XXXVI:138-141. Donostia.
  • ADAN DE YARZA, Ramon. 1897. Descripción geológica de Bizcaya. Movimiento y denudaciones del suelo. Euskal-Erria Revista Bascongada XXXVI:138-141. Donostia.
  • SORALUCE, Ramón. 1899. La Cueva de San Valerio. Euskal-Erria. Revista Bascongada XL:15-20. Donostia.
  • BOWLES, Guillermo. 1775. Introducción a la historia natural y a la geografía física de España. Euskal-Erria Revista Bascongada XXXVII:33-38,65-68,129-138. Donostia.
  • REPARAZ, Gonzalo. 1902. Las cavernas de Aitz-Bitarte en Landarbaso. Euskal-Erria. Revista Bascongada XLVII:369-376. Donostia.
  • RODRIGUEZ-FERRER, Miguel. 1905. La Caverna “Aitzkirri”. Euskal-Erria. Revista Bascongada LII:214-225. Donostia.
  • ARANZADI, Telesforo. 1905. Lapur-zulu, Impresiones subterráneas. Euskal-Erria. Revista Bascongada LIII: 97-105. Donostia.
  • ALZOLA MINONDO, Pablo. 1912. La exploración de las cavernas en Vizcaya. Euskal-Erria Revista Vascongada LXVI:212-215,272-277,317-321,353-357. Donostia.
  • ARECHAVALA, F. 1907. La gruta de Balzola. Euskal-Erria aldizkaria LVI:27-28. Donostia.
  • BARANDIARAN, J M. 1917. Discurso leido en la solemne apertura del Curso Académico de 1917-1918, en el Seminario Conciliar de Vitoria. Euskal-Erria LXXVII:386-392,434-442,488-496. Donostia.

BESTELAKO ARTIKULU INTERESGARRI BATZUK:

  • GOROSTIDI, M. 1883. El enjuiciamiento criminal en sus relaciones con el catalán y el bascuence. Euskal-Erria Revista Bascongada VIII:298-305. Donostia.
  • MARTINEZ AGUIRRE, Marcial. 1884. De Eibar a Saturrarán, con un recuerdo del rey D. Francisco de Asís. Euskal-Erria Revista Bascongada XI:188-191. Donostia.
  • LA CANI, Rosi. 1887. Santo Tomás. Antaño. Ogaño. Euskal-Erria Revista Bascongada XVII:564-567. Donostia.
  • TRUEBA, Antonio. 1889. El santuario de Arrechinaga. Euskal-Erria Revista Bascongada XXI:225-231,257-267. Donostia.
  • LABAYRU, Estanislao Jaime. 1891. Sobre huelgas. Euskal-Erria Revista Bascongada XXIV:520-522. Donostia.
  • ANONIMOA. 1892. Los bascos en la Argentina. Euskal-Erria Revista Bascongada XXVI:313-316. Donostia.
  • ANONIMOA. 1892. Curiosidades históricas. La expulsión de los judíos de Vitoria en 1492. Cesión por la aljama israelita a dicha ciudad de los terrenos de Judumendi. Euskal-Erria Revista Bascongada XXVII:467-470. Donostia.
  • SORALUCE, Ramón. 1899. La vida de los gitanos en Guipúzcoa. Euskal-Erria. Revista Bascongada XLI:175-179. Donostia.
  • ANONIMOA. 1902. Tipos euskaldunas. El atalayero de Ondárroa. Euskal-Erria. Revista Bascongada XLVI:453-456,510. Donostia.

[1] Helbide honetan: http://hdl.handle.net/10357/2813

Kuneteroen bilobak

Oier Gorosabel 2016/12/19 16:10
Hegoaldean, 1936ko gerraren ostean, urte gutxi geroago Iparraldean naziekin bezela gertatu zen: inork ez omen zuen haiekin kolaboratu, denok Erresistentzian parte hartutakoak ziren. Hemen ere, duela gutxirarte, Gerra Zibilean euskaldun guztiok errepublikazaleak eta ia-ia heroiak izan ginela uste zen.
Kuneteroen bilobak

Epika, sendagarri

Jarrera psikologikoa da, noski: gerraren zauri sakonak gozatzeko behar den kontsolamendua. Gogora dezagun I Mundu Gerra, eta Europa osoko gazterian eginiko triskantza. Heriotza hoiek heroismoz estali ziren, edozein gaitzespen antiabertzaletzat seinalatuta, eta lehen idazlan kritikoak gerra amaitu eta 10 urte pasa arte ezin izan ziren argitaratzen hasi (kritika gogorrekin, gainera).


Espainiako Gerra Zibilera itzuliz, duela urte batzuk nagusi zen diskurtsoan denok “somos los hijos de los que perdieron la guerra civil” omen ginen. 1936 gogoratzean, “haietaz eta gutaz” aritzen ginen, “gutarrak” zeintzuk ginen larregi zehaztu gabe. Izan ere, memoria historikoa lantzen hasi garenean begibistan geratu da gorri guztiak ez zirela hain gorriak; abertzale guztiak ez zirela uste bezain sutsuak; frankista guztiak ez zirela hain frankistak; eta heroiak izan, izan zirela, baina ez guk uste genuen bezain ugariak... Ez da historia asko miatu behar, gauzak hain sinpleak izan ez zirela ikusteko.


Nire aiton bietatik bat Francoren aldekoa zen. Ez pentsatu, halere, bere jarrera oso arrazoitua zenik; soldaduzka Marokon eginikoa zen, 1918an, eta Francisco Franco bere komandantea izan zen, besterik gabe. “Horrelako potroak” zituela esaten zuen, ukabilak estutuz, bere kurrikulumeko meritu goren bezala. Beraz, 1936ko estatu kolpean beretzat naturalena haren alde jartzea izan zen; gainera kontuan hartu behar da Gasteizen bizi zela, lehen unetik kolpe militarrarekin bat egin zuen hiria.


Beste aitona, berriz, familia sozialistakoa zen. Borrokara joateko nagusiegi, industrian jardun zuen, Errepublikarentzat armak ekoitziz. Ezaguna denez, une batzutan Gobernuak populazioa ebakuatzea erabaki zuen, eta gure amona ere bi seme txikiekin Frantziara bidean itsasoratu zen. Gerra galdutzat emanik, aitona ere haiekin batera itsasontzian sartzen saiatu zen... baina harrapatu zuten; baita desertore bezela kartzelaratu ere.
Horixe da, bada, gure etxeko “iragan heroikoaren” kontakizuna (irakur bedi ironiaz). Ez da ezagutzen dudan kasu bakarra: falangista militanteen, rekete nafarren eta “kunetero” beldurgarrien ondorengoak ezagutzen ditut gure gizartean ongi txertatuta, aitonek egindakoari nolabait buelta eman nahian, eta batzuk mugimendu progresistetan lanean ere.


Izan ere... zilegi al da arbasoek eginikoagatik bilobei kargu hartzea? Nik neuk, behintzat, ez dut horrelakorik egingo.

"Talaiatik" Info7 Irratiko saiorako kolaboraziñua, 2016ko zemendixan 23a. Aurreko baten hamentxe bertan idatzittakuan gaiñian.

Hamaika heriotzena

Oier Gorosabel 2016/11/06 23:05
PERURENA, Patziku. 2015. Hilen xarma. Elkar, Donostia.

Nere lehelengo harriduria: zelan onartu leike argitaletxe batek hau argitaratzia, pistolia buruan ez bada? Liburu astuna, entsegua-edo, handik-hamendik Leitza-Goizueta inguruan izandako dozenaka heriotzen bilana, familien eta etxien izenak zitz eta mitz azalduta... Bertako jentiandako –halako gauzak gustatzen jakenendako- interes haundikua duda barik, baiña hortik kanpokuondako... Interesekua bai, noski; bestela ez neban liburua amaittuko. Heriotzia gai unibertsala izanda, danoi interesatzen jaku neurri baten; eta Patziku Perurenaren estilua beti egin izan jata oso erakargarrixa, Delirio Vascon ezagutu nebanetik. Beraz, oso gauza lokalak kontatzen zittuezen parrafo osuak salto eginda, orokorrian –kostata- baiña irakortzeko moduko liburua begittandu jata. Batez be bertan agertzen diran lekukotasunen interes etnografikuangaittik, eta gaixa bera oso arrarua dalako.

Despotismo Ilustraua

Oier Gorosabel 2016/10/20 21:20
Lekittoko Eskola Publikuan, zuzendarixan eta Guraso Elkarteko kide batzuen artian izandako mobidian gaiñeko nere iritzi pertsonala.

EGUNERAKETA 1:  Batzuei etxake gustau asunto hau publiko egittia. Horren aurrian pare bat gauza daukat esateko:

  • Gauzak “barrutik” konpondu nahi, eta erantzuna isolamendua eta azpi-jana danian (dimisiñora bultzatzia), ez dala beste alternatibarik gelditzen. Ondarruko Udalak badaki hori.
  • Ikastolako jentia: ez euforiko jarri. Trapu zikiñak etxe guztietan dagoz (zuenian bebai) eta batzu “ikastola vs. eskola” lehian bentajia hartzeko aprobetxatzeko tentaldixa izango dozue. Auzi honek ez daka lehia estupido horrekin zerikusirik.

*****************************************************************************************

Modu marjinalian jarraittu badot be, Lekittoko eskolako Guraso Elkartiak eta Zuzendarixan arteko mobida honetan faktore argi batzu ikusi dittudaz:

  • Zuzendarixan aldetik, idea pedagogiko bikaiñak, baiña... “dena herriaren alde, herriarekin kontatu gabe”. Guraso Elkarte burujabia ez da bere plan perfektuan sartzen.
  • Nepotismo eta klientelismua. Oso deigarrixa da kontratautako jentian artian dagon seme-alaba, loiba, koiñatu eta lagun kopurua.
  • Extraeskolarretako premiñen arabera soluziñuak billau biharrian (langilliak kontratatzia), gauzak aldrebes egittia: langille hauek kontratau nahi doguz, beraz extraeskolarrak hori lortzeko antolatuko doguz.

Oker egon neike, jakiña. Baiña hori da nik, guraso moduan, hartu doten inpresiñua. Gustora entzungo neuke kontrako ustia dakan jentian iritzixa...

Hau idaztia pentsau badot, atzo gutun hau jaso ostian izan da.

 ************************************************************************************************************

Kaixo,
Lekeitioko Herri Ikastetxeko Guraso Elkarteko hiru kide gara. Aurreko ikasturtean eskolako zuzendariarekin eduki ditugun desadostasunengatik gure dimisioa aurkeztu dugu. Erantsitako dokumentuan, gure dimisioaren arrazoiak hobeto azaldu ditugu. Ea zuen interesakoa den.
OHARRA: zuen helbideak, eskolako zuzendaritzak askotan bidaltzen dituen email masibo horietako batetik jaso ditugu, helbideak gordean bidaltzen ez dituen horietako batetik. Ez luteke horrelakorik egin behar. Baina, egia esan, guri orain ondo etorri zaigu zueri mezu hau zabaltzeko. Mezu hau bidali bezain laster, zuen helbide guztiak gure kontaktu karpetatik kentzera konprometitzen gara. Eta baita sortu dugun kontu hau ere, betirako ezabatzera, behin zuen erantzunak jaso ondoren.
Barkatu eragozpenak.

XXX bokala

YYY diruzaina

ZZZ idazkaria

 

Guraso Elkarteko Zuzendaritza Batzordeko

hiru kideen manifestua

 

Kaixo, guraso hori:

Gogoan baduzue, iazko azaroan egin genuen batzarrean, kuoten sistema aldatu behar izan genuen, legeztatzeko bidean. Bazkideentzako 30 euroko kuota kalkulatu genuen, eta EKEetarako bi kuota jarri ziren mahai gainean. Gurasoek, beren iritziak eman ondoren, kuotetako bat, bozkaz onartu zuten: 150+30 bazkidetza. Kuota garestitzen zenez, batzar haretan, gurasoen aurrean konprometitu egin ginen, beharrezkoak ikusten genituen murrizketak egitera, kobraketen gestio zorrotza egitea -galerarik egon ez zedin- eta kurtso berri honetarako kuota gutxienez mantetzea, eta gainera, ahal bazen, merketu ahal izatea.

Eta lan horretan hasi ginen. Lehenengo eta behin, Guraso Batzar Orokorrean azaldu eta onartu zenari jarraituz, elkarteak koordinaziorako dituen langileei ordu bat murriztu genien: hiru orduko kontratua egin zitzaien azkeneko urtetan, guraso elkarteko zuzendaritzan kide gutxiago zirelako, baina aurten guraso elkarteko hiru kideek disponibilidade gehiago genuenez, guk hartu genuen gestio lana, eurei koordinazio lana utziz. Eskolaz Kanpoko Ekintzak (EKE)-ko taldeak eginda zeudenez, begiraleak mantendu egin genituen. Horretaz gain, langileen kontratazioen kudeaketa (kontratoak, nominak, Asegurantza Sozialarekiko gestioa...) herriko asesori baten esku jarri genuen.

Gastuak murriztu eta egokitzeaz gain, EKEak rentableak ziren edo ez jakiteko, zenbakiak egiten hasi ginen. Rentabilidade taulak egin ondoren, EKEak ez direla errentagarriak ikusi genuen. Elkarteak ez dauka irabazi asmorikan, baina, EKEak galerak ekartzen zituzten, eta hori, bazkidetza sistema-berriarekin, ezin zen soportatu. Aurreko urteetan, guraso guztiek (EKEra apuntatzen ez zirenek ere) denek kuota ordaintzen zutenez, horregatik ez zen galerarik sortzen, baina ez zen errentagarria. Gure ustez, eta aurreko Batzarraren erabakiari jarraituz, guraso elkarteko funtzionamendua bermatzeko gurasoek bai aportatu behar dutela, horretarako dira bazkidetzako 30 euroak. Baina EKEak, EKEak erabiltzen dituen gurasoek ordaintzea litzateke, egokiena.

Gurasoen benetako parte-hartzea

Bestalde, EKEak zein helburu duten berpasatu behar zela konturatu ginen. Guraso batzuentzako: EKEak, emaitza akademikoak hobetzen laguntzeko gunea izan behar dute, eskolako arloak indartuz: informatika, ingelesa... baina beste batzuentzako, EKEak aisialdia dira: haurra egon dadila lagunekin jolasten, begiraleek ondo zainduta. Guraso askok EKErako idea asko eman izan digu, eta bertan aportatzeko guraso asko dagoela konturatu gara. Gure ustez, guraso elkarteak partehartzailea izan behar du, eta gurasoari aukera eman behar zaio eskolan lan egiteko: musutruk, gu aritzen garan gisan, edo baita diru-truke ere, ahal bada, konpromisu zehatzak eskatzen bazaizkio: begirale gisa, gestioan, koordinazioan, aholkularitzan... berak dakien moduan aportatzearen truke. Baina beti ere, ezinbesteko baldintzarekin: guraso izatea. Gurasoak baitira, eskolaz kanpo, gurasoen eta umeen beharrak zeintzuk diren, egokien dakitenak. Gurasoek eta beren seme-alabek ia 10 urte pasatzen dituzte eskolan: esperientzia hartu eta besteei irakasteko denbora soberan dago. Gestioan kontinuidadea bermatuz.

Honekin batera esan nahi dugu: gaur egun ditugun langileak ez direla gurasoak, baina bere garaian bai izan zirela, eta bere garaian eurak ere egin zutela lan musutruk. Lan hori, gure aldetik, beti errekonozitu izan zaie, baina gure ustez, beste eskoletan bezalaxe; guraso elkarteko kideek rotatiboak izan behar dute: musutruk lan egiten dutenak eta baita remuneratuak ere. Umea eskolan dagoen bitartean izan leike guraso elkarteko kide, eta gure estatutuetan ere, halaxe dago jasota.

Lehengo haria hartuz, errentegarritasun eta helburu zehaztapen hori falta zela eta, kurtsoan zehar, gurasoei inkesta bat pasatzeko edo batzartzeko asmoak genituen. EKEak berriro berplanteatzeko: gure ustez, helburu guztiak bete bailitezke, era merkeagoan gainera. Horretaz gain, gurasoen artean, lan-poltsa bat egiteko deialdia ere egin nahi genuen: bakoitzak bere aportazioak eta trebeziak eskolan eskura jartzeko. Baina aurten kuota hiru zatitan kobratu behar izateak, eta gestioak eman digun lanangatik, ez digu denbora eman gurasoengana jotzeko.

Zuzendariaren interbentzioa

Horretan ari ginela: zuzendariaren deia izan genuen. Zuzendaria gure erabakien gainetik jarri zen, eta esan zigun Guraso Elkarteak ezin zituela EKEak gestionatu. Hori eskolan lana zela eta gestioa Guraso Elkarteko bi langileek egin behar zutela. Guk elkarteko beste lanetara dedikatu behar genuela: hitzaldiak antolatu e.a. EKEak, beti eskolak antolatu izan dituela eta ez daudela gure esku. Gu, zur eta lur geratu ginen: nolatan ez genekien guk hori, hainbeste urte EKEak antolatzen aritu eta gero? Ez al ditu ba Guraso Elkarteak kontratatzen koordinatzaileak eta begiraleak? Eta are gehiago, ez al dute ba gurasoek, urtea joan, urtea etorri, kuota ederra ordaintzen EKEak antolatzeko?

Zuzendari jaunari esan genion, gure ustez, Guraso Elkartearen lana dela bai berak esandako lanak eta baita EKEak antolatzea ere, beste eskoletan ere halaxe izaten dela. Eta gure ustez, gurasoek gestionatu beharrekoa dela gainera. Ordura arte, kurtsoan zehar, Zuzendariarekin, ikuspuntu ezberdinak zirenean ere, konpondu izan ginen, baina puntu hau, ez zuen onartzen. BIGEra jo genuen, informatzera, eta eurek guk uste genuena baieztatu ziguten: EKEak Guraso Elkarteak gestionatzen dituela.

Azkenean, zuzendariari, halaxe esan genion: EKErako dirua jartzen dutenak gurasoak dira, beraz, ez zuzendaria eta ez guraso elkartea ez da inor hori erabakitzeko. Baldin badago beste guraso bat, Zuzendariaren iritzi bera duena, ekar dezala Batzarrera, mahai gainean jarriko ditugu bi ikuspuntuak eta bertan erabakiko dute gurasoek, zein motatako Guraso Elkartea nahi duten: gurasoek gestionatutakoa edo, eskolak (zuzendariak) gestionatua, gurasoen diruarekin.

Horretan geratu zen gaia. Baina guk lanean jarraitu behar genuen, ekaina zen eta kurtso honetako EKEak antolatzen hasi behar genuen: taldeak nola koordinatu ahal zen errentagarriena izateko. Taldeen eta begiraleen taulak eskatu genion langile bati eta ukatu egin zen ematera: informazio hori guztia 'berea' zela esanez. Handik egun batzuetara beren ordenagailuetako pasahitzak aldatu zituzten, guraso guztiena den informazioa ezkutatuz. Karpeta komun batera pasatzeko eskatu genien, ez beren dokumentazioak, baizik eta Guraso Elkartearena zirenak, eta ukatu egin ziren.

Gu, saiatu gara, aurten EKEak martxan jartzen, Batzarrean erabakitzen dena erabakitzen dela ere, ez genuen nahi utzi lan hori zintzilik. Horretarako, bi langileak kontratatu behar izan ditugu: informazioa eskura ez genuenez ezin baigenuen ezer prestatu. Rentabilidadea kalkulatuta genuenez, EKEtan 15eko ume-taldeak egiten saiatzeko eskatu genien, gure aurrekontuaren arabera, galerik ez izateko eta kuota garestitu behar ez izateko. Bitarte horretan, koordinatzaileei azaldutako direktrizak ez zirela betetzen ikusten hasi ginen, ez dakigu seguru noren iniziatibaz, eta horren aurrean, guk Guraso Elkartean funtzionamenduan eta ekonomian gertatuko zenaz kontrolik ez genuenez, ezin dugu ziurtatu, guk aurreikusitako aurrekontuak, beteko diren edo ez. Guk, gure aldetik, urtean zehar egindako lana, Guraso Elkarteko beste kideen eskuetan utziko dugu: guk egindako lana izan da, baina ez 'gurea', zuek danona baizik. Beraz, informazio guztia hortxe edukiko dute, beren lana oztoporik gabe egin dezaten. Izan ere, guk eduki dugun desadostasuna eta ez konpondua, zuzendariarekin eduki dugu. Talde berria, uste dugunez, geroztik hasi da lanean.

Erabaki dezatela gurasoek

Zuzendariari esan genion bezala, gurasoek ekartzen zituzten proposamenak jarriko genituen mahai-gainean, eta gurasoek, zuek, aukeratu. Gurea badakizue zein zen, eta ilusio haundia genuen, Guraso Elkarte partehartzaile bat bultzatzeko. Baina zuzendariak berak esan zigun: ez zegoela ados gure proposamenarekin, eta bazekiela zeren kontra egin behar zuen. Gu, Guraso Elkartean, gurasoen ordezkari izateko eta zuen interesak defenditzeko hasi ginen lanean. Ahalegin guztia egin badugu ere, baleike gauza batzuk ez ongi egin izana, beste batzuekin akaso asmatuko genuen, baina zuek baloratuko duzue hori. Baina argi duguna da, gure indarrak gure seme-alabak hazitzen eta hezitzen jarri nahi ditugula batez ere, eta Ikas Komunidade honetan, gure umiei, “ez burla, ez jo, elkarrekin ondo” erakusten ari garen bitartean, guk ez dugu nahi inorekin borrokan aritu.

Beraz, gurasoak, zuen eskutan geratzen da zer nahi duzuen. Erabakitzen duzuena erabakitzen duzuela, beti izango da zuen umeen alde, beraz, ez duzue kezkatu beharrik. Gestio bat eduki edo bestea eduki, elkarrekin ordu asko pasa behar ditugu hemen: guraso, ikasle, irakasle, langile... izan gaitezen elkarrekin ondo!

Mila esker: guraso guztiei, modu batera edo bestera laguntzen duzuen guztioi. Urteroko ekimenetan laguntzera apuntatzen zareten guztioi. Gure proiektuan sinistu eta nahiz eta zuen umeak EKEra ez joan, bazkide egin zareten guztioi, asko izan zarete eta. Eta mila esker baita ere hemendik, begirale guztiei, umeetaz hain ondo arduratzeagatik.

Esan bezala, gu laguntzera sartu ginen Guraso Elkartera, eta ez zuzendariarekin borrokan ibiltzera, beraz, hementxe bukatzen da gure urtetako lana. Honegatik, guztiagatik, hementxe aurkezten dugu gure dimisioa.

 

XXX diruzaina

YYY idazkaria

ZZZ bokala

 

P.D.: Hau jakina, gure eskutik kontatutakoa da. Idatzi honetan zuzendaria eta koordinatzaileak aipatzen direnez, euren bertsioa entzutea ere komeni izango da. Eskatzen badiozue, seguru horretarako prest egongo direla.

Aurkezpena

Oier Gorosabel Larrañaga, Lekeittioko Eibartar bat

 

Eibarrespaziuan zihar esan zesten pizkat mesianikua nintzala idaztian, eta bloga sortzerako orduan horregaittik ipiñi netsan izenburu hau. Lehen nere gauza guztiak (argitaratzeko morokuak, behintzat) hamen idazten banittuan be, espeleologixiari buruzko gauza guztiak ADES-en webgunian emoten dittudaz, eta osasun asuntoko artikulu guztiak hona mobidu dittudaz, gaika klasifikauta.

Txorrotxioak
Etiketak
ETB1 EibarOrg Info7 Zer erantzi abertzale abittaga abortuak aitor_eguren aittitta raduga aldatze amarauna andoain antzerkia araba arantzazu aranzadi ardantza argentina_2005 armando gorosabel arrajola arrakala arrantza literarixuak arrate arrosa artxanda aulestia axpe_martzana azkue ipuin bilduma azpimarra banu_qasi baxenafarroa baztan belaunologia berasueta berbologia berriatua bidai_aluzinantia bilbao bittorixa buruntza comunitat_valenciana culineitor deba desempolving diaspora diego-rivera egillor eibar eibarko_lagunak ekialdeko nafarrera eraikinologia erdialdekoa erresuma_batua erronkari espeleologia etxebarria eup euskadi_irratia euskal_erria_aldizkaria euskalkia faktoria felix_arrieta galicia ganbara gasteiz gatobazka gce gernika girua gorosabel hormasprayko igotz_ziarreta ikerkuntza indalecio ojanguren info7 irabiaketa irratia irun iruñea izarraitz iñigo_aranbarri jacinto_olabe jamo_savoi juan san martin julen_gabiria kalamua kanposantuak katarain kirola koska kuku kurik-3 kurosawel labordeta lagunologia lalolalia lamaiko_operia lasarte leintz_gatzaga lekeitio lekeitioko_lagunak lituenigo lopez maeztu magia manex_agirre maputxe markina-xemein markues matrallako mendaro mendebalekoa mezo_bigarrena mineralak musikeruak muskildi mutriku nafar_lapurtera nafarrera noain oiartzun oioioi-lur ondarroa opaybo orakulua otsagabia ozeta paisajiak parakaidistiarenak paris patxi_gallego polo_garat sagartegieta san antoni sartei sasiola sega segura slovakia tafalla2016 talaiatik telebista toribio_etxebarria umeologia urberuaga urkiola xabier_lete xoxote zaharrea zaharreologia zaragoza zer erantzi zerain zornotza zuberera zuberoa
hgikj
2002 2003 2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018 2019