Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Garagoittiko Orakulua

Folletinerako bidian

Oier Gorosabel 2023/05/04 12:55
El Libro Negro de las Horas. Eva García Sáenz de Urturi. Azal gogorra, 384 orrialde. 2022ko ots. 2a(e)an Editorial Planeta(e)n argitaratua. ISBN: 9788408252856

Liburua irakortzen oso ondo pasau juat, eta horixe dok inportantiena: 4-5 eguneko entretenimendu bikaiña, etxian momentu bat libre noiz geratzeko gogoz. Kapitulo motzak, "bat gehixago", "bat gehixago"... egun pare batian ordu batzutako loa galdu juat, liburuan "erruz".

Halan be, liburu amaieria ondo biribildu barik geratzen dok, eta ez "amaiera ireki bat" emon nahi izan jakolako, ez: historixa nagusixa (Itaca Exposito) ondo kontauta geratzen badok be (gitxi gora behera), bere inguruan ehundutako bigarren maillako linea askori amaiera bizkor eta ez oso koherentia emoten jakek: dendako enplegatuana... bibliofilo/faltsifikadorien arteko harremanak... liburuzale emakumien saria... Unaien amaordia... hiltzaillian izaera bikotxa... Santxoelsabioko bihargiñen arteko harremana... Itacan benetako jatorrixa... Entzun juat Urturik ondiok serie honetako beste ale bat idatzi dabela, izan leike hónek gauzok geruago kontatzeko asmuakin apropos laga izana? Etxakixat, hori be irakorri biharko juagu (gustora gaiñera).

Gero, idazle honen konstantiak jagozak: arabartasunan esentzien kantua (abizen konposatuak, aittitta-totema, Bittorixa eta inguruko herrixen geografiak...). Horren barruan "condicional alavés" izendatzen daben horri protagonismo berezixa emoten jakok, lizentzia literario askokin baiña (ez jagok esaten daben bezain hedatua -eskola askorik bako jentien artian bakarrik-, ezta Arabara mugatuta be). Kuriosidade modura, "euskera" berbia aittatzen dok (serie osuan lehelengotz, oker ez banago).

Liburuan motor nagusixa bibliofilixia danez, gauzak ikasi jittuadaz: ez najenkixan "libro de horas" bat zer zan (eta "libro de horas" baltza, gitxiago). Mundu horretan mobitzen dittuazen antikuarixuen arteko kontuak be kuriosuak egin jataaz, baiña tamañuan: urriñegi gelditzen jatan mundua da, bildumazale aberatsen gauzak. Ontzat emongo juagu ba, pentsauta autoria "Tahitiko" zonbixen gaiñian (p. 342) baiño hobeto dokumentauko zala. :-)

Bestelako gauzaren bat be ikasi juat: AEBetan spanish craze bat egon zala, XIX-XX artian izandako furixadia.

PD: hau argitaratu baiño lehen billaketa bat egin juat eta bai. "El Ángel de la Ciudad" liburua argitaratu dau aurten, liburu honetako trama familiarrekin segiduta. Beraz argi jagok Urturik bide folletineskua hautatu dabela, horrek dakazen alde on eta txar guztiekin...

PPD: igual El Conde de Montecristo irakorri barri (erloju-mekanismo perfektua!) folletinekingo exijentiegi bihurtu nauk. ;-)

Hamen paperjale.eus-en botatako beste arrantza batzuk:

  • Arraixua, eta Spanish Forger horren kontua egixa ei dok. es.m.wikipedia.org/wiki/Falsario_espa%C3%B1ol Bistan da gure zipaio faborituen nundik norakuak idazteko, Urturi ondo dokumentau dala.
  • Gertatu bihar zuan, noski: 2020xan hasittako Covid19 pandemia nobela baten. Banajekixan literaturan sartzen hasitta jeguala, gai monografiko moduan - halan be, esku artian suertau barik najeukan, liburu honetara arte. Kasu honetan, bibliofilo zaharren herixotza masibuak liburu arraruen merkaua hankaz gora jarri izanangaittik, gain-eskaintzian kontura.
  • Bibliofiluen, zehazki liburu ehiztarixen beste bat. Uste eze genero bihurtzeko bidian dagola!
  • Normalian liburu zaharrunuekin ibiltzen nauk, ba... hara! Igazko hau erregalau jestek aste honetan, aurreko hirurak gustau jataazela-eta. Ea zer moduz!

Mompracemeko kebaba

Oier Gorosabel 2023/04/28 09:18
Sandokan. Lehen liburukia. Emilio Salgari. Azal gogorra, 173 orrialde. Gaztelera hizkuntza. 1973ko urt. 1a(e)an EDAF(e)n argitaratua. ISBN: 9788471663511

Ea: neri Lekue kebaba gustatzen jatak, eta askotan juaten nauk kontsulta onduan dakatelako; baiña, berez -nahiz eta urriñago egon, eta karuagua izan- gehixago gustatzen jatak Beikozini. Orduan, Salgariña horixe dok: Malaysiako kebaba.

Barre egin juat, bai: baiña karikatura bat dalako. Sandokanen pertsonajia dok onduen erretratatzen dana, eta halan be arpegi bi baiño ez jaukazak: pirata bihotzbakua, eta maitemindu zorua; dana pasiñua, adoria, eta herixotziari ezikusixa. Beste pertsonajiak, bere "argittasunan" mende dagozen kerizak baiño ez dittuk; izatekotan, lady Mariana; baiña hau, halan be, folletin-heroina topikuan (maittasun suspiriyuetatik, desmayora txandaka pasatzen, beti gizon testosteronikuan besuetan).

Hau abentura baten lehelengo zatixa dok; bistan danez, gatxa izango dok bigarrenakin segitzia (pare-parian jausten ez bajatak, behintzat).

Hamen Paperjalen botatako txatal batzuk:

  • Puf, hain eskasa da eze, barregarrixa bebai. Labuanetik iges eta Mompracemera allegau, eta Yañezi bere maitemiñan barri emoten detsanian, nik portugesan lekuan, tiro bat emon eta itsasora botako neuke. Zelako tipo inpresentablia, Sandokan hau!
  • Sandokanekin be banabil gauzatxuak ikasten: - Babirusa eu.m.wikipedia.org/wiki/Babirusa - Blaciang es.m.wikipedia.org/wiki/Pasta_de_gambas
  • Badakitt injustua dala (ezin dok epaittu XIX. mendeko folletin bat gaurko begixekin) baiña barre egin juat, barre, Sandokanek Marianari bere maittasuna deklaratzian ("Sí. Quiérame usted!" erantzunda, gaiñera). Gero, egoeriak etxaukak ez hankarik ez bururik: zelan, hain buruzagi ausart eta burutsua izanda, sartu leikek bat bere etsairik mortalenan etxian, ezelako susmorik barik? Zelan hartu leikek etxian hor zihar topautako naufrago bat, itsas batalla baten ostian, ezelako konprobaziñorik barik, eta, susmuak sortuta dagozenian be, norbere loibiakin egun osuan bakarrik laga? Ene, ene.
  • Baiña 1900ko gaztien buruan jarri biharra jagok. Salgariren idazkeria sinplia eta bizixa dok. Izperringi eta liburu editoriak asko saltzeko aukeria ikusiko juen eta... leña al mono. Izan be, bere biografixa latza irakorri dot, eta liburu-txorixo-ekoizpenera bultzatu zeben, baiña etekiñak partidu barik...
  • Lehen esanten nenguan arrazoiangaittik, barregarrixa egin jata naufragio ostian Mariana Guillonk aurkitzen daben lehen aldixa. Zinema mutuko pertsonajien modura, iglesekingo gorroto bortitzenetik maitemiñik gorenera pasatze hori, en "su corazón, que hasta entonces no había latido por mujer alguna". Bueno bueno bueno... 😂 Sandokan arketipo hutsa da, alde bakarreko pertsonaje planua. Zelan izan zeban liburu honek hainbesteko arrakastia?
  • "...los alcanzó un feísimo negro de enorme cabeza (...) de esos horribles negritos que se encuentran en el interior de casi todas las islas de la Malasia". Arraixua, honek ez leuke gaurko zentsuria pasauko!😅
  • Lehelengo kontaktua: askotan entzundako izenak ( TBn, komikixetan...) kokatzen, aspaldiko lagunak berraurkitzen. Halan be, idazkeriari traza eskasa hartzen jetsat: pertsonajiak karikaturak diraz, antzerki txarrian lez sobreaktuatzen.

Ondo eraikittakua

Oier Gorosabel 2023/04/26 23:19
El cuento número trece. Diane Setterfield. Azal gogorra, 479 orrialde. Gaztelera hizkuntza. 2007ko api. 11a(e)an Lumen(e)n argitaratua. ISBN: 9788426416049

Uste nebana baiño gehixago gustau jatak. Egitturia sinplia, baiña orijinala eta eraginkorra (irakorlia engantxatzeko). Historixiak "losricostambienlloran" teklia sakatzen jok: aberatsen etxietan be miseriak egoten dittuk (pobrien etxietan beste, barrena - alde bakarra, idazgai bihurtzen dirazela), eta kasu honetan etxe bat "Usher etxe" zelan bihurtu leikian irakortzen juagu - interesgarrixa. Gauza txikiren bat kenduta (ez dok sinisgarrixa "fantasmiak" hainbeste urte oharkabian pasau izana), kalidadeko historia eta liburua begittandu jatak.

Bibliofiluen arteko kontuak dirazenez, erreferentziak be ugari (ez Montekriston beste, orraittiok!). Euren artian, hauxe harrapau juat eu.m.wikipedia.org/wiki/Koxka_bat_estuago Eta Dickensen amesen kuadrua deigarrixa egin jatak Dickensen ametsa fr.m.wikipedia.org/wiki/Le_R%C3%AAve_de_Dickens

Paperjale.eus-en egindako iruzkin bat:

  • Txistu bizixan irakortzen najabik. Jauregi bakartixa, Yorkshireko "dale"etan eu.m.wikipedia.org/wiki/Yorkshire_Dales, neri gustaten jatan etxe baten (iputargixak, egurra, moketa uletsua, liburuak...). Historixia ondo kontauta, jakinmiñari eusten. Eta fikziñuari buruzko fikziñua, orrialdien barruan bizi leikian bizitzian aldarrixa.

Belaunaldixak lilluratu dittuan bestsellerra

Oier Gorosabel 2023/04/25 13:16
DUMAS, Alexandre. 1844. El conde de Montecristo. eBook ediziño txungo bat, errata tipografikoz beteta.
Belaunaldixak lilluratu dittuan bestsellerra

Luigi Vampa-ren lapurrak Danglars harrapatzen. Itturrixa: Wikimedia Commons

Lagun batzuk esan jesten, liburu ona zala, eta berresten juat. Asko gozatu, eta batez be gauza pillua ikasi jittuadaz, agertu ahala, ezagutzen ez nittuan gauzeri buruzko informaziñua billatzen. Azkena Via Apia eta Caracallaren terma ingurua, 1844ko Erroman gaizkillien mendeko ruina eremua, Dumasek "Mario eta Grakoen seme" izentatzen dittuan kaleko umez beteta. https://eu.m.wikipedia.org/wiki/Gaio_Grako

Azken zatixan, Danglars bankari ustelan gaiñian egindako mendekua oso entretenigarri eta barregarrixa dok: gainbeheran dagon bankari iruzurgillia, italierazko ikastaro azeleratua eginda ("allegro", "moderato" eta "mio caro" esaka). Eta gero, beti galdera bera eragitten destan happy end erromantikua: lagunak hainbeste maitte badabe alkar, zergaittik egin bihar juek alde, illunabarrian, agian betirako? Bizitzia jaukek alkarrekin! Baiña tira, topikua onartu biharko juagu, momentu on ugari eskindu deskuan liburu honi.

Jarraixan, irakorketian zihar ikasittako gauzak eta sortutako burutaziñuak, parrastadan, paperjale.eus-en botatakuak (atzetik aurrera idattzitta):

  • Kortsikarren papela, handik eta hamendik agertzen dirazen pertsonajiak euren erretrato topiko bat egitten juek: zazkarrak, trafulleruak, pasionalak, bortitzak... Halan be, erretratu hori sinpatiaz eginda dagola esango najeukek.
  • Bestalde, liburuan ikuspegi orokorra hartuta, oso idazlan modernua begittantzen jatak bere sasoirako. Ez jakixat ziur (kontsultau biako juat) baiña hau best seller modernuen aintzindari zuzena izan lajeikek, egitturan, suspensian manejuan... Dumas eta bere "baltzak" ondo diseñautako mekanismo oso garatua.
  • Eta kondiak Villejuifen egitten daben geldialdi dramatiko ederra. Eta esango neuke nere etxian 1000 bidar entzun izan doten "Adios París" esaerian jatorrixa pasarte hau dala.
  • Lagun frantsesekin, askotan lekuz kanpo geratu nauk, euren artian serio antzian "rigolatzen" hasten dirazenian ez naizelako kapaza ezer aditzeko. Bon, ba Benedetton epaiketa hastian Debray, Chateau-Renaud eta Beauchamp gazte diletantien artekua horren adibide deleziusa dok. 😄 Idatziz bai ulertzen juat eta.
  • "Kanpaian eta Botillian Hotela" be, benetakua ei dok. Eta Compiegnen dagok. www.alexandrines.fr/compiegne-alexandre-dumas/
  • Baiña igual, interesgarrixena, Giuseppe Fieschi eta "infrañoko makiñia"n kontuak egin jataaz. eu.m.wikipedia.org/wiki/Giuseppe_Fieschi
  • Esango neuke, Montecristoren morroietako bat (Bautista, jatorriz Baptistin) maiordomo-izen prototipikuan jatorrixa izan leikiala, Rigoberto Picaporte baiño 100 urte lehenagotik.
  • Interesgarrixa dok sasoi horretan, Frantzian, 30 urte lehenago fraktura sozialak zelan zirauen. Gainditzeko bidian, ados (realisten eta bonapartisten loibak alkarrekin konpondu nahixan), baiña ondiokan diferentziak presente. Eta Dumasi ondo igartzen jako alboraketia: bonapartista noble-zaharrak gentlemanak dira, "trepa" realista aberats-barrixen aldian...
  • Ikasten: Haydee izenan sorreria eta zabalkundia. Byronek asmau, Dumasek bultza, munduan zabaldu. it.m.wikipedia.org/wiki/Haidee
  • Benedetto Cavalcantiren ihesian (Dumasek ez jaukak retranka gitxi, zer zan, haitianuan ala galleguan semia?), kotxero okzitanua topatzen jok (pau de ratafia!).
  • Bigarren maillako kontua dok, baiña liburu honetan ikasten nabillen gauza interesgarri bat, posta sistemian funtzionamendua dok: zaldixak, postilloiak, bidaiari bateK XIX mende hasieran kontuan hartu bihar izaten zittuan gauza arruntak.
  • 3050 orrialdian, azkenian, Eugenia "Tomboy" Danglars eta Luisa Armilly delikauan arteko harremana argitzen da, 1844 urterako egin zeikian bezainbeste. Kritiko gehixenendako behintzat, harreman lesbikua dana.
  • Dumasek suspensia ondo menperatzen jok, gero! (1844 urteko liburua dala kontuan hartuta). Marka ederra dok, liburuak osorik 3590 pajina izanda, maittale zaharrak 2249 pajinaraiñok ez barriro alkartzia! XIX. mendeko irakorlien suspiro eta aieneak imajinau najeikez... 😄
  • Ondo pasatzen najabilk, baiña liburu honek bajaukak gaur egunian sinesgarrixa egitten ez dan gauza bat: Edmond Dantesek, 30 urte eta gero, gaztaruan berari faenak egindako jente guztia, ondorenguak barne, lotzeko eta txirikordatzeko dakan ahalmena. Badakitt baiña, garai bateko folletiñak eta Rocambole estiloko kontakizunen ezaugarrixa dala hori (gaur egunian historixa txarrak baiño erabiltzen ez daben errekurtsua), beraz onartzeko modukua dok. Aurrera goiazak beraz, Auteuilgo afari "narruzkerua" gertatu barri, eta gauzak eten barik ikasten:

    Urrats galduen areto eu.wikipedia.org/wiki/Urrats_galduen_areto

    Riminiko Francesca eta Paolo it.m.wikipedia.org/wiki/Francesca_da_Rimini

    Torquato Tasso eu.m.wikipedia.org/wiki/Torquato_Tasso

    Ugolinoren torria it.m.wikipedia.org/wiki/Torre_della_Muda

    Gangeko markesa eu.m.wikipedia.org/wiki/Sadeko_markesa

Ez dok neretako

Oier Gorosabel 2023/04/17 13:32
ONDAATJE, Michel. El paciente inglés. Paperback, 332 orrialde. Spanish hizkuntza. 1995ko ots. 3a(e)an Plaza & Janés(e)n argitaratua. ISBN: 9788401463297

Paperjale.eus liburu honekin estreiñau juat, irakorri ahala burutaziñuak idazten. Hamentxe danak bilduta:

Puf! Banekan amaitzeko gogua (eta hori txarra dok, liburu baten gaiñian gabizela). Lehenago esandako moduan, etxakixat itzulpen arazua dan edo zer: baiña idazteko era erratikua, eta zatikatua, desatsegiña egin jatak. Gerria kaosa dok, ados: baiña ño, liburu bat idazten gabizenian, ba gauzak pixkat ordenatzia be etxagok txarto. ·Edo pixkat azaltzia behintzat! (zer da, liburu amaieran, Almasyren oiñetan agertzen dan "keriza illun" hori?). Lau pertsonaje jaukaguz, bakotxa bere bizipenekin; euretako biren historian sakontzen dok (asko bez) eta beste bixak, ostera, ixa ez doguz ezagutzen. Hori nere lehelengo inpresiñua. Oin interneten pixkat begiratzera najoiak, ia liburuak nik harrapau ez dittudazen birtudiak ete dakazen (hori be izan lajeikek eta). Eta pelikulia be ikusi biako juau, noski.

PD: ba bai, ni baiño garun jasuaguendako mamin asko ei jaukak nobelionek. Metafisika (historia, gorputza eta naziotasun kontzeptuei aplikauta), oroimena, Herodoto eta II Mundu Gerra. Azkena kenduta, neretako baiño gehixagoko gauzak. Gaiñera, beste aurreko liburu baten jarraipena ei dok (eta bertan, hamen garatzen ez dirazen pertsonajien historixak ei dagoz). Bookcrossingera!

Zelebraziño bat

Oier Gorosabel 2023/03/31 15:05
Harkaitz Cano, Unai Iturriaga, Joseba Larratxe Berazadi. 2022. Ni ez naiz Mikel Laboa. Elkar, Donostia.

Banekixan oso gustuko izango nebala: Laboa da kantari bat, bere osotasunian maitte dotena (ez dagoz asko), eta argitaratutako kantu guztiak entzunda dittudaz. Ze ondo asmau daben liburuan enfoke jostarixakin.

Zoragarrixa. Asko be asko gozatu dot, gizon honekingo nekan maittasuna biderkatuta. Kolorien trataeria gustau jata gehixen. Eta dada estiloko egitturia, historixa bat be (ez pintturia bakarrik) Zumetan estiluan egin leikiala erakutsitta. Oillo-popa azala ipiñi jata hainbat pasartetan. Pertsonaia inkietante irribarre zabaldunan rekurtsua be gustau jata.

https://paperjale.eus/book/10511/s/ni-ez-naiz-mikel-laboa

 

 

Nazixak gurian!

Oier Gorosabel 2023/03/08 15:13
ARRIZABALAGA GONZALEZ, Jon. 2022. Alemanaren mamua. Dortoka Inprimategia, Bilbo.

Liburuan, alemanen historixian bezainbeste pixu jaukak "historia hori argitzeko egindako ikerketen" historixia. Esango najeukek, Arrizabalagak kontatzen dabena, herri memorian gordetako edozein historia jaso nahi daben edozeiñek segidu biharko leukian prozeduria dala. Gustau jatak, markina-xemeindarren hizkera bizixan eragin haundixa dakan batueran kontauta dagolako, eta nik neuk bertan, iñoiz egindako etno-bilketak (Urberuaga, Jose Sagarna...) gogoratu destazelako.

Argi dagok, 60 eta 70 hamarkadetan hain ugarixa izan zuan nazi ezkutuen gaiñeko literaturiak (nobelak, pelikulak...) bazekala fundamenturen bat, bai. Eta zelako barre zantzuak egingo jittuezen eurak, despiste jokuan, koktelak eguzkittan hartzen! Jakiña: hórrek gauza guztiok urriñeko modura ikusten genduzen; zeiñek esango leuke nazixok gu ibiltzen giñan lekuan be ibiltzen zirala, Karraspixon baiñua hartzen-eta! Liburuan ez da horretan sartzen, baiña Lekitton be Otto Skorzeny eta bere konplizien arrastua jarraitzeko pista onak emoten jittuk.

Orokorrian, liburua espero nebana baiño gehixago gustau jatak! Pare bat egunian iruntsi juat, irakortziari laga ezinda. Azken kapitulua bakarrik egin jatak pixkat astuna (Wilhelm Malleten datu bilketia exhaustibua dok, imajinatzen juat etorkizuneko ikerketak errezte aldera). Bestalde, alemanen puzzlia osatzeko piezen faltia dala, ezinbestian hari soltiak eta konjeturak gelditzen dittuk han-hemenka; baiña egilliak argi jiñok zer dan sigurra (froga dokumentalekin), zer zalantzazkua eta zer ezezaguna. Hutsuniak inferentziez ez betetzia gustau jatak.

Grazixia egin jestak manta elektrikuan kontua. Markina-Xemeinen urte asko egin najuan biharra, eta konturatu nintzanez, paziente askok jetsen bildurra manta elektrikuakin lotan gelditziari. Oin bajakixat zergaittik.

Bigarrenian, hobetu

Oier Gorosabel 2023/03/06 23:15
Liburuen aldian, etxuat ohitturarik pelikulen gaiñian ezer idazteko, baiña "Irati" (2023) filmakin salbuespena egin bihar izan juat. Zorionak ekipuari!

Gauza kuriosua: pelikulia bi bidar ikusi juat, astebeteko tartiakin; eta bigarrenian, gehixago gustau jatak lehelenguan baiño.


Juan dan astekua be gustau jataan; baiña arrazoiren batengaittik, begi kritikua zorrotzago eruan najuan, eta falluak etaratzen ibilli nintzuan. Danak lorak euforikoki bota eta bota zebizen eta ez nintzan kortapedos izan nahi, baiña azkenian batzuk hasi giñuazen ahua zabaltzen. Haritxo honetatik etaratako tut pare baten laburtuta:

 

  • Malvarak: Irati filma tira... Ondotxo. Agian hype-agatik edo izango da baina ez zait hainbeste gustatu. Gauza gehiegi sartzeko antsia nabaritu diot, CGIa makal, arku erromantikoak ez du hanka ez buru, gaiztoa oso gaiztoa da zergatik bai... / Baten bat ari omen da esaten geure Braveheart-a dela: Ez, ixo, bilatu laguntza. / Baten batek esan zidan "Conan el barbaro" zela baina euskaraz: Oxala / Vasco txarra naiz: BAI / Joan zinemara eta ikusi, way dagoela. Eta oso gustuko duzuenok ez zaitezte flipatu hainbeste.

  • Nik: Ados, denean: pelikula guay dago, eta ikusi beharra dago horregatik eta horrelako ekoizpenak bultzatzeko. Baina hobetu zitekeen gidoiean, eta guda/efektu espezialak ere, ehem (baina hemen ulerkorra naiz, bai baitakit gauza garestienetakoa dela, eta, zer kristo, zine zoldatsuaren zalea ere ba naizelako. Bide batez, norbaitek esan bezala, epika serioegia. Detaile umoretsu/xamur/sinpatikoren bat ondo etorriko zen, tentsioa askatzeko.

Oinguan, ostera, beste arrazoiren batengaittik (espektatiba errealaguekin juan naizelako igual?) detalliekin eta "gimmick" ugarixak deskubritzen gozatu juat. Handiko eta hamendiko txoritxuak kontautako gauzak batetik (Errolan, "ajutu ez dugu", Virilaren txantxangorrixa...), ikuslien artian komentautakuak bestetik (zergaittik autozauritzen dok Irati? zer irudikatzen jok txantxangorrixak?), eta nik neuk ikusittakuak azkenik (heriotzera kondenautako franko bixetako bat , Errolanen laguna? Ximenotarren 3 belaunaldixak "konkista aurreko konkista" hasieran, kristautu nahi eta ezinda; "Zer lantzako sasia"aipua...), detalle ugari eta aberatsez betetako pelikulia dala konturatzera eruan najuek. Argitaratu orduko, klasiko bihurtuta. Gauza bera esango najeukek Maitek & Ciak egindako musikiangaittik. Kantu nagusi hori ("Izena duena bada") zuzenian herri musikan errepertorixora juateko modukua dok. Altabizkarko Kantua XIX gizaldixan sortu ez zuan ba?


Esan biharrik etxagok -gehixen aittatu dana horixe dalako- hizkuntzian trataeria oso interesgarrixa dala. Espektakulora begirako rekreaziño-ez-filologikoki-zorrotza izan arren -labar-arteko irudixak, edo gertakari historikuak legez-, ikusle arruntari eremu-sakontasuna emoteko balixo jok, argazkigintzan estiluan. Eta halako bertigo bat...


Aktorien artian, bistan dok, Edurne Azkarate nabarmentzen dok; ez najuan ezagutzen, eta gustau jatak. Dana, baiña bereziki, abotsan trataeria; ez jakixat estudixuan grabauta dagon, baiña lokuziño kanonikotik aldentzen dok, eta horretxegaittik gustau jatak. Batzutan orrua, batzutan marmarra (ulertzeko gatxa! azpitituluak eskertzeraiñok), baiña errejistro orijinala.


Horraiñok boteprontuan idatzittako oharrak; liburuen aldian, etxuat ohitturarik pelikulen gaiñian ezer idazteko, baiña honekin salbuespena egin bihar izan juat. Zorionak ekipuari!

Gustu mingotx ona

Oier Gorosabel 2023/03/05 23:10
BARBERY, Muriel. 2010. La elegancia del erizo. Seix Barral

Liburu erdittik aurrera, asko hobetu dok. Igual aurreko txataletan ipiñittako premisengaittik, atezaiñan eta japonesan arteko konplizidade estetikua hobeto ulertu ahal izan juat. Pentsau: printzipioz, asko inporta ez jatazen gaixei buruzko interesa be ixotu jestak! (bizitzian zentzua, etc).

Interesa, eta tentsiñua amaierara arte mantendu dok: oso ondo. Eta amaieran... umorezko (sushi jatetxekua) eta lirismo une bikainak (drogazalian bisittia), eta lekuz kanpo laga naben azken errebueltia (Le Mari de la Coiffeuse gogoratu jestak) eta gero, gusto mingotx baiña ona laga destan liburua. Gin tonic baten modura.

Behin eta barriro irakortzeko modukua

Oier Gorosabel 2023/03/05 13:44
MANINI, Jack. TIEKO. 2018. Tomoë. Harriet ediciones.

Seme zaharrenan bidez eskuratutako alia. Japongo kultura aberatsan briztada bat: prezio bardiñian ezagutu geinkek kondaira bat, historia pixkat, eta autoriak asmautako kontakizuna. Marrazkixak apartekuak dittuk -Edo garaiko erreprodukziñuak, eta komikikuak- eta paradoxikua dok eze, edertasun hori zatartasuna irudikatzeko be erabiltzen jok marrazkilarixak. Hori, eta detalle ugarixak, amaittu ahala barriro irakortzeko gogua emoten juek. Zelako bihar ona egitten jiharduk Harrietek, halako aliak argitaratzen.

Aurkezpena

Oier Gorosabel Larrañaga, Lekeittioko Eibartar bat

 preacher.gif

Eibarrespaziuan zihar esan zesten pizkat mesianikua nintzala idaztian, eta bloga sortzerako orduan horregaittik ipiñi netsan izenburu hau. Lehen nere gauza guztiak (argitaratzeko morokuak, behintzat) hamen idazten banittuan be, espeleologixiari buruzko gauza guztiak ADES-en webgunian emoten dittudaz, eta osasun asuntoko artikulu guztiak hona mobidu dittudaz, gaika klasifikauta.

Txorrotxioak
Etiketak
ETB1 Eibar EibarOrg Info7 Zer erantzi abertzale abittaga abortuak adela larrañaga aitor_eguren aittitta raduga aldatze amarauna amuategi andoain antzerkia araba arantzazu aranzadi ardantza argentina_2005 armando gorosabel armeria eskola arrajola arrakala arrantza literarixuak arrate arrosa artxanda aulestia axpe_martzana azkue ipuin bilduma azpimarra banu_qasi baxenafarroa baztan belaunologia berasueta berbologia berriatua bidai_aluzinantia bilbao bittorixa buruntza chill_mafia comunitat_valenciana covid19 culineitor deba desempolving diaspora diego-rivera egillor eibar eibarko_lagunak ekialdeko nafarrera eraikinologia erdialdekoa erresuma_batua erronkari espeleologia etxebarria eup euskadi_irratia euskal_erria_aldizkaria euskalkia faktoria felix_arrieta felix_ruiz_de_arkaute galicia ganbara gasteiz gatobazka gce gernika girua gisasola gorosabel hormasprayko igotz_ziarreta ikerkuntza ilegales indalecio ojanguren info7 irabiaketa irati-filma irratia irun iruñea izarraitz iñigo_aranbarri jacinto_olabe jamo_savoi jendartologia jeremiah_alcalde jon-etxabe juan de easo juan san martin julen_gabiria julian etxeberria kalamua kanposantuak katarain kirola komikiak koska kuku kurik-3 kurosawel labordeta lagunologia lalolalia lamaiko_operia lasarte leintz_gatzaga lekeitio lekeitioko_lagunak lituenigo lopez maeztu magia manex_agirre maputxe markina-xemein markues matrallako mendaro mendebalekoa mezo_bigarrena mineralak morau musikeruak muskildi mutriku nafar_lapurtera nafarrera noain oiartzun oioioi-lur ondarroa opaybo orakulua otsagabia ozeta paisajiak parakaidistiarenak paris patxi_gallego pedro chastang pedro gisasola polo_garat rufino sande sagartegieta san antoni sartei sasiola sega segura slovakia tafalla2016 talaiatik telebista toribio_etxebarria umeologia urberuaga urkiola xabier_lete xoxote zaharrea zaharreologia zaragoza zer erantzi zerain zornotza zuberera zuberoa
hgikj
2002 2003 2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018 2019 2020 2021 2022 2023 2024