Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing

Antzerkia zaborra balitz...

Oier Araolaza 2008/01/14 00:06
Gaur antzerkian izan gara Izar eta biok. "Bremengo musikariak" ikusi dugu Elgoibarko Herriko Antzokian. Trenean joan gara —hori berez da emozionantea— eta lehenengoak iritsi gara txarteldegira. Ez da meritu handia izan, erantzun eskasa izan baitu deialdiak.

50 lagun ez ginen izango antzokian. Tripako mina egiten zait horrelakoetan, beraz, nahiago dut pentsatzea zerbaitek kale egin duela: propaganda ez dela ondo egin, egun eta ordua ez zirela egokienak —goizean krossa izan da Elgoibarren, 16:30ak goizegi izan daiteke iganderako—, auskalo... Izarrek eta biok behintzat gozatu dugu.

Antzerkia beti da esperientzia majikoa, eta umeentzat are gehiago, ia hipnotikoa esango nuke. Gaurkoak ere osagai erakargarriak zituen: istorio eder bat, elkarrizketa errimatuak, musika zuzenean, animalia hiztunak, lapurrak eta emozioa. Baina antzokia ia hutsik.

Izarrekin umeei zuzendutako antzerkiak ikusten hasi nintzenean —alegia, gaueko ordutegiari uko egin ondoren arratsaldekoa existitzen dela deskubritu nuenean— umeei zuzendutako ikuskizunen mundua apustu segurua zela pentsatu nuen. Antzokiak erraz bete eta ikusleak beti konforme. Gainera, hasieran erdi-purdiko lan batzuk —dantzako bat tartean, oso eskasa bera— tokatu zitzaizkidan, eta antzokiak beteta.

Baina azken aldian antzerki ederrak ikusi ditugu antzoki erdi hutsetan eta dagoeneko ez dut negozioa hain garbi ikusten. "Galipotx" musikalak —aktore-abeslari onak, montaje bizia, musika gustagarria— sarrera erdia bakarrik lortu zuen Eibarko Coliseoan abenduan, eta urrian berriz "Ni ez naiz txotxolo" Eibarren eta "Handitan" Elgoibarren —estreinaldia zen— ikusi genituen, eta bietan ere erdipurdiko sarrerak izan ziren. Pailazoek errazago betetzen dutela iruditu zait, bai Txirri, Mirri eta Txiribiton telebisiboak eta bai Pirritx eta Porrotx modakoak betekada eta ikuskizunerako bermeak dira, baina ospe gutxiagokoekin —Zirko Ttipia malabaristak ikusi dugu Ermuan azaroan— eta ahalmen eskasagokoekin —Poxpolo eta Mokolo Eibarren izan ziren orain hilabete batzuk— ere antzokia lepo. Titulu klasikoek ere —Hiru txerrikumeak eta Txanogorritxu ikusi ditugu Glu-glu-rekin— tiradizo handia dute.

Ermua, Elgoibar eta Eibar artean, umeentzako antzerki eta ikuskizun programazioa polita daukagu. Bergara, Azkoitia eta Debara ere joan izan gara antzerkia ikustera, baina normalean hiru horietan gabiltza eta iruditzen zait hiru herri hauek (eta Plaentxia?) bakarra bailiran erabiltzera jo beharko genukeela. Orain 15 urte Elgoibarrera dantza ikastera hurbildu ginenean Jose Inazio Sarasuak garbi esan zigun, udalak mankomunitateetan elkartu badira zaborrak biltzeko, ez daukala zentzurik behar gorriagoa duen kultura alorrean bakoitza bere kasa ibiltzeak. Debabarrenaturismo-ren agendan bateratzen da bailarako kultura programazioa, baina programatzaile eta komunikabide lokalek mugak zorrotz errespetatzen dituzte, eta erne ibili behar da auzokoaren eskaintzaz jabetzeko.

Datorren astean beste goxoki bat Coliseoan: Kartoibiraka Markeliñe-kin!

Erregutzailearena

Oier Araolaza 2007/12/31 10:05
        ESTRAGON: Zein da gure papera horretan guztian?
        VLADIMIR: Gure papera?
        ESTRAGON: Behar duan denbora har ezak.
        VLADIMIR: Gure papera? Erregutzailearena.
        ESTRAGON: Hainbesteraino?
        VLADIMIR: Hartzekoekin dator berori, jauna?
        ESTRAGON: Ez diagu jadanik eskubiderik?

                     (Samuel Beckett. Itzulpena: Juan Garzia Garmendia)

Dantza alor desegituratua eta ahula zen iaz, eta aurten ere berdin jarraitzen du. Gutxietsia eta alboratua, gora behera handirik gabe eusten dio, ez aurrera ez atzera, bere txikitasunean iraun-bizitzen. Alorra bera artikulatu eta sendotuko duen elkarte indartsurik antolatzeko gai ez gara izan dantzari-jendea. Dantza dinamika biziberritzeko plan orokorrik, ez ekimen txikirik adosteko gaitasunik ez dugu erakutsi orain artean. Bakoitzak bere proiektu propioak bultzatu eta horien biziraupenean burubelarri jarduteko hautua egin du. Gauzak horrela erakundeetako kultura arduradunek praka barrenak ahalik eta gutxien zikinduta saiatzen dira pasatzen.  

Lerrook idazten ditudan unean urtebete bete da Eusko Jaurlaritzak dantza alorraren bilerara deitu gintuenetik. 2006ko azaroan izan zen hori. Dantzaren munduko esparru desberdinetako 20 lagun bildu ginen Gasteizen. Jaurlaritzaren enkarguz enpresa batek egindako “dantzaren egoeraren azterketa” aurkeztu ziguten. Kultura Planaren ondorio nagusia omen zen ez zela behar bezala ezagutzen dantzaren egoera, eta beraz, ezertan hasi aurretik diagnostiko zorrotz bat egin behar zela, eta horixe zen ahalegin horren emaitza.

Hilabeteko epea eman ziguten diagnostiko hari gure zuzenketak egiteko eta 2007ko otsailerako beste bilera bat egiteko deituko gintuztela esan ziguten. Hilabete horretan jo eta ke aritu ginen txosten haren hutsune eta akatsak zuzendu nahian. Bazeukan zer hobetua. Bidali genuen gure kontra-txostena. 2006ko abenduaren 20a zen, eta hor bukatu zen dena. Urtarrila eta otsaila etorri ziren eta joan ere bai. Martxoa, apirila, maiatza… Uda, udazkena… Urtebete pasa da, eta zain jarraitzen dugu.

Aurten erakundeetatik iritsi zaigun albiste pozgarriena Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskola Bilbon ezarriko dela izan da. Pozgarria ez da Bilbon ezarriko dela jakitea —niretzat ez behintzat, herrietako biztanleak gogaituta gaude “euskal hiria” literatura hutsa dela frogatzen duen hiri-zentrismoarekin—, baizik eta antzerkia eta dantza ikasteko eskola ofizial bat martxan jarriko dela jakitea. Baina dantza tradizionalaren arrastorik ez dago eskola horren egitasmoan, eta euskal dantzariori iruditzen zaigu berriz ere trenak ateak itxi dizkigula muturren aurrean. Oraindik beste trenen bat pasako den itxaropenik ez dugu galdu ordea.

Argia, Euskal Kulturaren Urtekaria 2008

Dantza, telebista eta Internet: 2008an bai ala bai

Oier Araolaza 2007/12/28 18:39
Izarrek 3 urte ditu. Telebistan marrazki bizidun batzuk parean tokatuz gero begiratzen dio tarte batean, baina nahiko azkar aspertzen da. Telebistaren mandoa erabiltzen ez du ikasi oraindik. Ordenagailuaren sagua badaki erabiltzen ordea.

Ordenagailu aurrean jarri eta bideoak bata-bestearen atzetik irensten ditu. Youtuben sartu, saguarekin klik eta klik egin eta bideo batetik bestera ibiltzen da zaping egiten. Ikusten ari zaren bideoarekin erlazionatutakoak erakusten dizkizu Youtubek eta horietan klik eginez batetik bestera ibiltzen da "telebista" ikusten Izar. Porrotxetik Txiribitonera eta zapi txuritik maite zaitut-era.

Abisatu zuten

Hiru urteko umeak ere konturatu dira telebista-zapinga ez dela Internetekoa bezain eraginkorra. Telebistan menu bat dago eta horrekin konformatu behar. Interneten nahi duzuna nahi duzun unean aurkitu eta ikus dezakezu. Telebistako kateei itsuan sakatzen diezu, zer agertuko den jakin gabe. Interneten, Pirritx-en aurpegian klik egiten duzunean badakizu nora eramango zaituen.

Aspaldi dabiltza hango eta hemengo guruak telebista eta Interneten arteko konfluentzia iragartzen. Internet telebistaren bideo bilduma erraldoia bihurtzen ari da, nahi duzunean unean nahi duzun bideoa ikusteko aukera eskaintzen dizuna. Baina horrez gain, emititzeko aukera erabat ireki du Internetek. Edonork sor dezake bere telebista kanala sarean eta horretarako ez du behar telebista lizentziarik ez eta teknologia garestirik ere. Telebista kateen monopolioa hausten ari da sarea.

Telebista konbentzionalak oso garestia izaten jarraitzen du noski. Telebista produkzioak baliabide eta lantalde handiak eskatzen ditu, eta horiek enpresa gutxi batzuen eskuan jarraituko dute. Baina horien ondoan medio gutxirekin egindako ekoizpenek edukien, interesen eta eskaintzaren esparrua izugarri zabaltzen ari dira. Internet bideoteka erraldoia bihurtzen ari da eta bideoteka hori dagoeneko edozeinek elikatzen du.

Mundua etxeko leihotik

Telebistari buruz esan izan da mundua etxetik irten gabe ikusteko aukera ematen duela. Dantzaren mundua ikusteko ez zigun balio ordea. Hurbil ditugun telebistek apenas eskaini dioten arretarik dantzari emanaldi folkloriko batzuen erabilera topikotik haratago. Orain Interneten ireki zaigu dantzaren mundua etxeko leihotik ikusteko aukera. Eta hau hasi berria izateko ikaratzen hasita nago ikusita zer agertu zaidan leiho txiki honetara.

Euskal Herriko dantzak hasi dira poliki-poliki sarera iristen. Urte batzuk daramatzat hara eta hona dantzak ikustera joaten, baina ikusi gabe nituen Foruko soka-dantza edo Ribaforadako dance-a Internetera etorri zaizkidan arte. Kretako soka-dantza apartak, Ingalaterrako morris dantzariak, eta zer esan Europako ekialdeko ijitoen dantza ikusgarriei buruz...

Youtuben dantza ikusten hasi, eta Izarrek bezala, erlazionatutako bideotik bideora saltoka orduak eman ditzake batek eta emaitzak oparoak dira.

Bada ordua

Dantzari buruz hitzegitea interesgarria da, baina dantza ikustea beste kontu bat da. Dantzaren alorrean irudiaren garrantzia izugarria da. Jarduera honen transmisio bide naturala da ikus-entzunezkoa, bideoa, telebista. Internetek ere erakutsi digu ikusentzunezkoa izaten dakiela. Orain arte dantza kontatu dugu, baina badugu dantza ikusten hasteko garaia.

Hasita gaude dantzan.com-en bideo batzuk jartzen, baina erabakita geneukan 2007an sistematikoki heldu behar geniola bideoak sareratzeari. Joan da 2007a eta oraindik salbuespen dira bideoak gurean. 2008an izan beharko du. Badaukagu urte berrirako erronka eta asmoa: Ea dantzan.com bideoa normaltasunez integratu eta dantzanTV balizko baterantz urratsak ematen ditugun.

Dantza ikasketak non?

oier_a 2007/11/28 19:41

Argia, 2007-11-30

"Edozein ergelek zuzendu dezake estatu bat eta futbol entrenatzaile izateko karneta behar da?". Piterman-ek —futbol taldeak hondoratzen espezialista den ukrainiar aberatsak— mozkorren eta eroen pareko egiak esaten dituela frogatu zuen esaldi horrekin. Arrazoi osoa zuen. Titulu gabe ezinezkoa gertatzen zaigu lanpostu txukunik —presidentearena salbu— aurkitzea. Gaur egun edozer gauza ikasi daiteke eta edozein jakintza arlotan eskura daiteke ditxosozko agiria. Badira salbuespenak ordea. Euskal dantza tradizionalean adibidez, ez daukagu ez ikasketarik ez karnetik.

Azken urteotan gero eta Musika Eskola gehiagotan ari da dantza tradizionala irakasten. Ikasleek izena gogoz ematen dute, baina gero irakasleak aurkitzen lanak dituzte arduradunek. Dantza talderen batean ibilitako edozein dantzari esku zabalik hartzen dute. Udalaren menpeko Musika eta Dantza Eskolek arazoak dituzte kontratatu nahi duten irakaslearen titulazioa justifikatzeko garaia iristen denean. Dantzako irakasleak ez duela titulurik! Nola izango du ba titulu hori ez bada existitzen!

Bilboko Alondegian Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskola ezarriko dutela irakurri dugu prentsan. Antzerki eta dantza munduko hainbat lagunek plataforma bat osatu zuten horrelako eskola bat sortzeko eskaerarekin, eta Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak horren ondorioz, edo horren beharrik gabe, baina eskola sortzea erabaki du.

Antzerki eta dantza ikasketak egin ahal izango dira Arte Eszenikoen eskola horretan. Antzerkiari dagokionez interpretazio zein zuzendaritza espezialiteak irakatsiko dira, eta dantzari dagokionez dantza klasikoa eta garaikidea ikasketa lerroak eskainiko dira. Baina, dantza tradizionala ikasteko aukerarik izango denik ez da aurreikusi, edo gutxienez ez da jakinarazi lehen aurkezpenean. Zer ikasia eta zer irakatsaia badago, nork ikasia ere bai, baina Piterman eta presidentea bezala, dantzariak karnetik gabe gaude.

Zenbat lagun dago gaur egun euskal dantza tradizionala ikasten? Ez dut datu zehatzik aurkitu —aurkeztu berri den Kulturaren Euskal Behatokiak lagunduko al digu honetan?—, baina kalkulu batzuk egitera ausartu naiz. Nire inguruko herrietako datuak baditut, eta horien proportzioak beste herrietara zabalduta, kalkulatu dut Euskal Herri osoan 20.000 ikasle inguru egon daitezkeela dantza tradizionala ikasten. Dantza ikasleak bakarrik sartu ditut hor, ez ditut kontuan hartu dantza taldeetan dagoeneko dantzan —nahiz eta etengabe ikasten— dabiltzan dantzari helduak.

20.000 dantzari horiei guztiei irakasten makina bat dantzari, dantza-maisu eta dantza-maistra dabiltza. Horien kalkulua egitera ez naiz ausartzen, baina mordoska bat direnik ez daukat zalantzarik. Dantza tradizionala irakasten ari direnek bere intentzio eta borondate onena jartzen dutenik ezin da ukatu, baina ezagutza eta prestakuntza aldetik biluzik gabiltzala iruditzen zait. Ikasleak baditugu, baina irakasleak, jarduera horretarako ondo prestatutako irakasleak falta zaizkigu. Tituluak behar dira, baina horren aurretik —edo batera— formazioa behar dugu. Dantzari bezala hezkuntza kaskarra dugu gehienok, eta dantza tradizionaleko irakasle lanetan aritzeko ez ezagutzarik ez prestakuntzarik ez dugu. Tituluak formazio egokia ez du ziurtatzen, baina gutxieneko bat eskaini dezake, orain hori ere ez baitaukagu.

Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskolaren aurkezpenean esan zenez ikasgaien aukera zabaldu egin daiteke eskaeraren arabera. Hona ba eskolaren ateak ireki aurretik nire eskaera: dantza tradizionaleko ikasketak egiteko aukera eskain diezagutela.

Entzuten ikasi

oier_a 2007/11/22 13:09

Azken asteotan Donostian, Gasteizen eta Iruñean hitzaldi eta mahainguruetan parte hartzea egokitu zait. Donostian, Ikasbide elkarteak gonbidatuta "Euskal dantza bidegurutzean" izeneko txapa bota nuen, Gasteizen Folklore Akademiako ikasleei dantza maisuetaz hitzegin nien, eta Iruñean, Ortzadarren jardunaldietan, folklore erakundeen iraganez, orainaz eta geroaz aritu ginen Emilio Xabier Dueñas, Mikel Aranburu eta hirurok.

Horrelakoetarako aurkezpenak prestatzeak lanak ematen ditu, eta lan-bolada gaiztoak tokatuz gero damutu ere egiten naiz baiezkoa eman izanaz. Baina pasatakoan merezi izan duela pentsatzen dut. Gai jakin horien gainean ditudan ideiak ordenatu, birpentsatu, kolokan jarri eta nire lana egituratzen duen diskurtsoa sendotzeko mesedegarriak gertatzen dira. Batetik, norberak gogoeta egiten duelako, eta bestetik, besteen ideiak eta ikuspuntuak entzuteko aukera izaten delako.

Donostian entzule talde anitza aurkitu nuen. Ikasbide elkarteko lagunen artean dantzari ohi batzuk zeuden, baina dantzarekin inolako loturarik gabekoak ere bai, kontaktu lanak egin zituen Aitor bera tarteko. Horien erantzun eta ikuspuntuak, alorreko jendearengandik nahiko aldentzen dira, eta distantzia horrek interes berezia ematen die. Hitzaldia bukatu nuenean bakoitzak bere iritzia emateko txanda ireki genuen (12-15 lagun ziren) eta denek izan zuten zerbait esateko. Ados zeudenek beren ekarpena egin zituzten diskurtsoa osatzeko eta erabat konforme ez zeudenek ikuspuntu propioa eskaini zuten. Benetan asegarria gertatu zitzaidan.

Gasteizen Folklore akademiako ikasle, irakasle eta dantzariek ekarpen interesgarriak egin zituzten. Pedro, Jon, Elena, Marta, Janire eta konpainiak bere eskarmentua eta bizi izan dituzten gora-beherak gogoratu zituzten. Dantza-maisu terminoa eta generoa uztartzeko modua aurkitu behar dugula konturatu nintzen dantzari batek egindako gakdera kritikoari esker. Carmen Ereñok, EHUn, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultatean gorputz adierazpena ikasgaia ematen duen irakasleak, biktimismoak alde batera utzi eta zirrikituak erabiltzen hasi behar garela esan zigun. Bere ustez kirolaren esparruan aurki dezakegu dantzariok gure formaziorako txokoa. Ez ninduen konbentzitu ideiak, baina zer pentsatua eman zidan.

Iruñean, Emilio Xabier Dueñasek dokumentazioa eta zorroztasuna beharrezko ditugula gogorazi zidan bere aurkezpenarekin. Mikel Aranburuk maisuki marraztu zuen dantza taldeon argazkia, eta ezagutzan eta analisian ezezik, sintesi eta aurkezpen lanetan zenbat daukadan ikasteko gogorazteko lezio bikaina izan zen. Ondoren, mahaingurua hartu zuen aretoan eta baita ondoko afari-dantzaldia hartu zuen sagardotegian dantzari eta dantzazale jendearen iritziak biltzen jarraitu nuen: Juan Pedro Aramendia, Juan Carlos Ornat, Joseba Altube, Mikel Goitia, Jokin Otamendi, Ortzadarreko jendea (Mikel, Iñaki, Gotzon,..) Batzuk diskurso oso bat agertuz eta beste batzuk iritzi azkar baina zorrotz bat eskainiz, baina esandakoen eta esan gabe geratu ziren kontuen inguruko ikuspuntuekin aberastuta itzuli ginen etxera.

Badaukat damu bat ordea. Gehiegi hitzegiteko ohitura dut eta hitz gehiegi behar izaten ditut gauza gutxi esateko. Nireak esan ondoren besteenak entzuten adi egoten jakin nahiko nuke, baina ez dakit, eta nik ere hitzegiten jarraitzen dut. Ondorioz, besteen esanei denbora kentzen diet, eta gero kezka horrekin etxeratzen naiz, "zer esan nahiko zuen horrekin?", "Hasi da zerbait esaten eta eten egin diot...", "nik nireak esateko nahikoa denbora izan badut, zergatik hitzegin dut horrenbeste bestei zegokien denboran??".

Entzuten ikasi, entzuten ikasi. Badaukagu ordua eta.

Euskara nagusi omen da euskal dantza ekitaldietan

oier_a 2007/11/15 11:20

Atzo hasi eta bihar arte Kulturaren Euskal Behatokiaren jardunaldiak egiten ari dira Donostian. Lehen bi egunetan lan saio itxiak egiten ari dira, nazioarteko beste bost behatokirekin elkarlanean, eta bihar, ostirala, jardunaldien ondorioak eta behatokiak egin duen lehen txostena aurkeztuko dituzte. Aurkezpen hori entzutera joatekoa naiz.

Lehen txosten horren ondorioen aurrerapen bat agertu da gaur komunikabideetan (Berria, Gara eta DV adibidez). Dantzari dagokioenez kopuru eskasak, ohiko legez. Arte eszenikoetan, EAEko 650 aretotan 2005ean eskaini diren 2816 emanaldietatik 2557 antzerki emanaldiak izan ziren eta 179 dantzakoak. Horrelakoetan beti pentsakor geratzen naiz aire libreko emanaldiak, alegia, plaza, kale eta frontoietan egiten direnak, zein ataletan jasotzen diren, edo besterik gabe, ez diren kontuan hartzen. Izan ere, dantza tradizionaleko emanaldi gehienak aire librean egiten dira.

Baina oraingoan sorpresa pozgarri bat ere aurkitu dut prentsako aipamenetan. Diario Vascon honela jaso dute (ez dut horren aipamenik aurkitu beste egunkarietan) euskararen erabilerari buruz:

"En general, puede decirse que el euskera tiene una presencia testimonial o muy discreta -el 2% en cine, el 11% en teatro, el 24% en los conciertos, el 24% en los fondos bibliotecarios...- en las actividades culturales, con la salvedad del mundo de las danzas vascas, donde su predomio es abrumador".

Alegia, euskal dantza ekitaldietan euskara nagusi dela. Aitortu behar dut sorpresa izan dela hori niretzat. Susmoa banuen euskal dantza tradizionalean gero eta euskara gehiago erabiltzen ari zela, baina ez nuen esango horrenbestekoa zenik. Ziur aski, dantza taldeon barne dinamiketan gauzak ez dira horren garbi egongo, baina hala ere, poztekoa iruditu zait euskal dantza ekitaldietan nagusiki euskara erabiltzen dela jakitea.

Gure dantzen historia egiteko baliabideak eskura

oier_a 2007/11/09 12:02

Gipuzkoakulturan irakurri dut gaur KOLDO MITXELENA Kulturuneak bere fondoetan dituen hainbat argitalpen digitalizatu dituela. Prentsa digitalizatua atalean daude erabiltzaile ororen eskura.

Digitalizatu eta denon eskura jarritakoen artean Argia, Baserritarra, Euskadi Roja, Euskal Esnalea, La Voz de España edo Euskaleerriaren Alde aldizkariak daude.

Dantzariontzat, gure dantzen historiaren nondik norakoak ezagutu nahi ditugunontzat, ekarpen bikaina da hau. Aldizkari horiek orain arte liburutegi eta artxibo batzuetan aztertu zitezkeen, baina orain etxetik zein bulegotik, edozein ordenagailutik ikusi daitezke. Gainera pdf formatoan daude eta nahi den orria zeure ordenagailura jaitsi dezakezu eta bertan gorde.

Material guzti horrek egin gabe daukagun euskal dantzaren historiarentzat zein interes duen ikusteko adibide bat. Har dezagun Euskal Erriaren Alde. 1911-1931 bitartean argitaratu zen aldizkari hori eta besteak beste garai horretan ospatu ziren hainbat Euskal Jai edo Lore Jokoren kronika ederrak biltzen dira bertan.

Adibidez, har dezagun 1913. urtea. Urte horretan Tolosan ospatu ziren lore jokoak, eta uztaileko Euskal Erriaren Alde aldizkarian jasota dago Gregorio Mujikak -Berrizale gaitzizenez- argitaratutako kronika. Begirada azkar bat eta hainbat kontu interesgarri agertzen zaizkigu:

110. orrian (494 jatorrizkoan) bordon-dantzariak aipatzen dira, diputazioko ordezkariei harrera egiten eta udaletxera sartzeko bordon-dantzariek arkua egin zutela dio: "formaron el arco con sus pintorescos bastones".

Hurrengo orrian berriz (111-112 digitalak, 495-496 jatorrizkoak) aipamen interesgarri hau aurki dezakegu: "Domingo, dia 27. (...) una docena de muchachos tolosanos convertidos en pocos días por el renombrado Pujana de Villafranca en habilidosos ezpata-dantzaris, bailaron muy bonitas danzas que fueron aplaudidas con entusiasmo".

Ohorezko aurreskuaren inguruko xehetasunak (498. orr.), argazki bat (499. orr) aurresku txaplketaren kronika ere jasotzen da

"En la Plaza de los Fueros, á las cinco, se verificócon gran animación el concurso de aurreskularis, en el cual obtuvo el premio primero el popular Amoña, de Zarauz, quien a pesar de sus ochenta años conserva bríos para vencer a los jóvenes. El segundo premio fué para el agil Zumeta; el tercero para Pujana (hijo), para Aurre el cuarto, y el quinto para Chomin, de Hernani."
(121. orr. digitala, 505. orr. jatorrizkoa)

Pujanak Tolosako gaztetxoekin prestatutako dantzari-txiki taldearen emanaldiaren egitaraua jasota dago: "El tercer número estuvo á cargo de os dantzari-chikis instruidos por Pujana. Bailaron ocho danzas por este orden: Kontrapas, Brokel-dantza, Ezpata-dantza, San Juan-dantza, Uztai-dantza, Makil-haundi-dantza, Zinta-dantza, y Arku-dantza. Cada número valió a los pequeños dantzaris y á su maestro una merecida ovación". 131-132 (515-516)

Eta beste aurresku baten kronika, parte hartzaileen izenekin, eta dantzarien erakustaldiaren inguruko iruzkinekin:

1913-07-29_Tolosa-Euskal-Jaiak-aurreskua-Euskal-Erriaren-Alde-Uztaila
"Los protagonistas se lucieron mucho; de los otros, unos bailaron bien, otros regular y otros... no bailaron. El "aseri-dantza" del dia 29 será famoso en los anales de algunas vidas particulares. ¡Ayek larriak, jaunak! En fin, cada uno hizo lo que pudo,y todos no hartamos de aplaudir y de disfrutar."

Ikusten denez, aldizkari eta kronika bakar batean hainbat informazio interesgarri:

  • Bordon-dantzariekin batera Jose Lorenzo Pujanak prestatutako tolosako dantzari-txiki talde bat aritu zela, ta beraz Pujanak Tolosan ere bere dantzakeraren arrastoa utzi zuela...
  • Aurreskulari txapelketan hainbat aipemen interesgarri, Candido Pujana edo Amuña adibidez. Amuñari orain ere 80 urtetik gora egozten dizkiote, baina Xabier Etxabek argitu zuenez 70 urte izango zituen Tolosako txapelketan.
Esandakoa, material ugari eta interesgarria jarri digutela muturren aurrean, eta orain gure esku dagoela horri zukua ateratzea. Gogoan dut orain urte batzuk aldizkari horietako batzuk arakatzen ibili nintzela, Koldo Mitxelenara bertara joan, eta aldizkariak aztertu eta interesgarri zena eskuz kopiatzen aritu nintzela. Orain lan hori erabat eskura jarri zaigu.

Axuri beltza eta Mutrikuko Gaba Beltza

oier_a 2007/10/30 11:53

Bilbon, mozorro denda batean sartu eta Halloween-en inguruko hamaika kalabaza eta mozorro ikusi nituen pasa den astean. Saltzaileari galdetu eta argi esan zidan "urtetik urtera izugarri igotzen ari da Halloween, ekartzen dudan guztia saltzen dut eta hurrengo urtean bikoitza ekarrita berriz ere agortzen zait".

Benetan bitxia da animen inguruko jai honekin (ere) gertatzen ari dena. Zinea eta telebistaren bidez Estatu Batuetako Halloween ospakizun eredua sartzen ari da, eta kuriosoena, ez gara konziente festa hori lehen ere ospatzen zela hemen. Asturias eta Galizian adibidez, orain gutxi arte ezagutu dira Domu Santu egunaren inguruan antzeko tradizioak: kalabazak hustu eta argia jartzea barruan, eta umeak etxez-etxeko errondak egitea goxokiak, jakiak edo dirua eskatuz.

Mutrikukoa ez dakit nondik etorri den, kostaldeko herriak berezi xamarrak izaten dira eta, eta bere kasa nahiko ondo moldatzera ohituak. Baina kontua da Gaba Beltza nahiko ondo sustraitu dela azken urteotan Mutrikun, eta gau horren iguruan sortu den erritual sortaren artean dantza bat errotu dela: Axuri beltza, Jaurrietako nesken dantza edo dena-delakoa.

Pasa den asteburuan ospatu dute Gaba Beltza Mutrikun, eta horren berri emanez Lea-Artibai eta Mutrikoko Hitzan artikulu kurioso bat argitaratu da. Axuri-beltzaren jatorria aztertu nahi izan du kazetariak artikulu horretan eta hara-nora bi bertsio kontrajarri nahi  izan dituen. Badirudi jatorri ezezaguna edo ez oso argia izateak misterio handiagoa ematen diola dantzari berari eta jaiari, eta ondorioz, jatorria argi eta garbi ezagutzen zaion dantza apurretako baten inguruan nahaste ederra egin du.

Gauza jakina da Juan Antonio Urbeltz-ek eta Marian Arregik sortu zutela "Axuri beltza" dantza Zaraitzun jasotako doinu zahar batekin. Dena den, esan beharrekoa da nahasterako bidea eman duena dantza talde baten webgunean dantza horri buruz ageri den "informazio" okerra dela.

Atzerritarrak Coliseuan

oier_a 2007/10/16 10:38

Luzaruan egon gera Coliseua zabaldu zain. Azkenian allau zan eta badira hillabete batzuk teloia altxatu zabala barriz. Hainbeste urteren ostian hasi gera Eibarko erdigunian antzerki, musika eta zine-klub programaziño normalizau bat eukitzen. Dantzarik ez dogu aipatu, izan ere, momentuz herriko taldiak bakarrik ikusi ahal izan dira Coliseoaren oholtzan. Eta ez dira makalak! Ballet Eibarres eta Ipuruako dantza taldea aritu dira bertan guk dakigula. Juanita Unzuetak Rusiatik bueltan Ballet Eibarres sortu zabala 50 urte sortu dira aurten, eta Pili-ren eskutik bizi-bizi jarraitzen dau Urtzaile kaleko akademiak. Nerea Lodosak kiroldegixan be urtiak daroiaz dantza sustatzen.

Baina herrikuez aparte ez dogu dantzarik ikusteko aukerarik izan Coliseuan lehenengo txanpa honetan. Egin doguz ahaleginak baina…. Inauguraziorako hamen inguruko dantza talderik onena ekarri nahi genuan: Ballet Biarritz ekartzeko eskatu genetsan Udalari. Baiezkua eman eta tratua be egin genduan. Baina obrak atzeratu eta ezinezkua gertau zan. Udazkenerako laga eta orduan ere ez da posible izan. Oin Antzerki Jardunaldietarako anunziau dittue. Baiña ez jaku gustau nola. Atzerriko taldiak anunziau eta Ballet Biarritz aittatu dabe. Txotxo, miarritzekuak etxekuak dira guretzat! Eta ez da Donostiako dantzariren bat tartian dakelako, edo gaztien baleta Donostian dakelako, edo Eibarren etxian moduan dantzatuko zabela esan zigutelako bakarrik. Ez, telefonoz deitu, euskeraz erantzun eta tratu guztiak euskera hutsin egin genituelako. Ez dira atzerritarrak ez, atzerrira deitzen dozunian ez detsue euskeraz hitzegiten eta.

Enrike Izagirre eta Oier Araolaza

Piparpotoaren erotika

oier_a 2007/09/28 13:31

Lizartzan Regina Otaola eta Espainiako banderarekin antolatu den zirkoari begiratu dio Zaldieroak.

"Kolore konbinazio hau berria de hemen!!" dio hor Lizartzako biztanle batek, baina hori ez da egia. Lizartzan piparpotoa lehen ere oso ikusia eta erabilia daukate. Regina bertara iritsi aurretik Lizartzako biztanleak berak arduratzen ziren espainiako bandera beren udaletxeko balkoitik zintzilikatzeaz.

2004-02-15_Lizartza_inauteriak_0490


Argazki hau 2004ko inauterietan ateratakoa da. Inauteri dantzak ikustera joan ginen Lizartzara eta herriko plazara iritsitakoan sorpresa, demaseko piparpotoa balkoitik zintzilikatuta. Azaldu zigutenez Joseba Egibar alkate zutenez herriko gehiengoaren borondatearen kontra, EAJren espainolkeria salatu nahi izan zuten modu horretan.

Guri deigarria egin zitzaigun ikustea nola apaindu zuen bere plaza nagusia jaietarako bere burua euskalduntzat eta ez-espainoltzat duen herriak. Orain Regina Otaolak gauza bera egin nahi izan duenean iskanbilak. Reginarentzat gomendioa: jar dezala berak ikurrina balkoian eta euskalduna dela aldarrikatu. Etorriko dira beste batzuk eta bera PPkoa eta espainola dela leporatuko diote, eta hori salatzeko beste horiek arduratuko dira piparpotoa udalean jartzeaz, eta gainera iskanbila gabe.

Aurten, Elgoibarko San Bartolome jaietan, piparpotoarekin lotutako beste kontu polit bat ikusi dut. Meza nagusia, soka-dantza eta Musika bandaren emanaldia izaten dira San Bartolome egunaren osagai nagusiak. Soka-dantza presiditzen udal-batza osoa izaten da, ohorezko tokian eserita, Udaletxe aurrean.

2007-08-24_Elgoibar-soka-dantza 002

Elgoibar Einbiouko bi kide, beraien alderdiaren legez kanporatzea salatzeko eta udalbatzan izatea tokatzen zaiela aldarrikatzeko gainontzeko zinegotzien ondoan eseri ziren. Eta isilarazi nahi dituztela salatzeko piparpoto bat jarri zuten ezpainetan.

Bukatu zen soka-dantza, eta bietako batek jaso zituen bi piparpotoak. Arretaz tolestu eta txukun-txukun sartu zituen poltsikoan zinta gorri-horiak. Alboan nuen lagunari esan nion: "Hau da hau marka, ez da egongo beste inor Elgoibar osoan, piparpotoa horrelako txukun tolestuta poltsikoan gordeta izango duenik, ezta etxean piparpotorik duenik ere!"

Total, ustez estima gutxien diotenak direla piparpotoa ongien zaindu eta haizeratzen dutenak!

Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter