Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing

124,29 euro

oier_a 2006/11/24 12:24

124,29 Euro lapurtu dizkidate kontu korrontetik, eta astebete daramat vietnamita alu baten atzetik. Orain egun batzuk gure kontu korrontearen miseriak begiratzen ari nitzela ezezaguna gertatu zitzaidan enpresa baten kargua ikusi nuen. "Nochex Limited" jartzen zuen, eta ondoan zenbatekoa: 124,29 Euro. Pentsatzen hasi nintzen zer izango ote zen hori eta ez zitzaidan ezer bururatzen. Prezio horretako ordainketak ez ditut usu egiten, eta beraz harrigarria gertatzen zitzaidan ez gogoratzea. Ainhoari galdetu nion. Honek ere ideiarik ez. Googlen begiratu eta berehala aurkitu nuen Nochex Limited enpresaren webgunea: "Online payment Solutions for Internet Bussines". Beraz, internet bidez ordainketak egiteko sistema eskaintzen duen enpresa bat. Webgunean bertan nire moduko zalantzak argitzeko sistema dute eta bertan jarri nuen nire galdera. "Aizu, Nochex-en izenean ordainketa bat dut nire kontuan, baina ez dut gogoratzen zerena izan daitekeen". Ashley izeneko langile atsegin batekin email trukea izan dut, eta nire datuak eman eta konfirmatu ondoren, jakinarazi dit noren eskura joan diren nire 124,29 euroak: "Max Mara Discount".

Berriz ere Googlen bilatu eta berehala agertu zait Max Mara Discount izeneko modako jantzi denda. Bertan ageri den helbidera idatzi dut nire galdera. Oraingoan James izeneko langile atsegin batek erantzun dit. Baietz, han egin dela aipatutako erosketa eta eskatutako jantziak kreditu txartelean bertan agertzen diren helbidera bidali dituztela. "Eta jakin al daiteke nora bidali dituzuen, ni bainaiz txartelaren jabea, eta nik ez dut halako jantzirik ez eskatu ez jaso". Eta honako helbidea eman didate: "SN 04 Ngo 02 Truong Chinh Son La SL". Niretzat hori txinoa dela esan diot, eta berak ezetz erantzun dit, Vietnam dela. Beraz, vietnamita alu batek Londresko denda guay batean erosi ditu modako jantziak eta nire txartel zenbakiarekin ordaindu ditu.

Bai Nochex Limited-ekoek eta baita Max Mara Discount-ekoek esaten didate ez dela beraien errua izan. Nire nortasuna faltsifikatu eta nire zenbakia erabiltzeko aukera eman duen bankuarena dela errua. Max Mara Discount-ekoek esaten didate hori posible egin duen bankuarengana jo behar dudala erantzunkizun eske. Nik ez dakit zein den banku hori, nirea ala vietnamita modazalearena. Kutxara joan naiz, eta gertatzen ari zaidana azaldu diet. Erreklamazio bat jarriko dutela esan didate. Besterik ezin daitekeela egin. Erreklamazio horrek eman dezakeenaren zain nago. Nochex Limited-ekoek esaten didate merkataritza poliziara joateko eta denuntzia jartzeko. Beraiek duten informazio guztia emango dutela ikerketa baten aurrean. Baina nik ez dut merkataritza poliziarik ezagutzen. Arratsaldean ertzaintzara joateko tentazioa dut, baina komisaldegian harrera egiten duenak ulertuko al dit batere? Eta ulertuta ere, ertzaintzak ezer egiteko aukerarik ba al du?

Zubereratik gaztelaniara

oier_a 2006/11/16 11:23

Barkoxen batez ere frantsesez entzungo genuelakoan joan nintzen Zuberoako Dantzak jardunaldietara. Batzuk frantsesez eta bakarren batek zubereraz, ulermen eta konzentrazio gaitasunak aproban jartzeko tokia izango zela uste nuen. Baina primeran konpondu ginen. Barkoxeko alkatearekin hasi, Eusko Ikaskuntzako ordezkariekin jarraitu eta Etxekopar, Kanpo eta Bedaxagarrera denek euskaraz, eta manexok ere arazorik gabe ulertzeko moduan egin zuten. Akaso lan handienak Etxekoparrek eman zizkigun, baina ez hizkuntzagatik, diskurtsoa korapilatzeko duen erraztasun ederragatik baino. Kanpotik etorritako bi hizlariak izan ziren frantsesez aritu ziren bakarrak Barkoxen.

Gasteizen, Jaurlaritzan, dantzaren sektorea eta administrazioaren arteko bileran bestelakoak izan ziren kontuak. Jaurlaritzako ordezkari biek, politikoak eta teknikariak, euskaraz eta gazteleraz egin zituzten aurkezpenak. Baina, hitza Jaurlaritzak kontratatutako bi enpresetako ordezkariek, Xabide eta Kualitate lantaldekoek, hartu zutenean bukatu ziren elebitasunak. Hortik aurrera gaztelania hutsean burutu zen bilera, eta zerbait esateko parte hartu genuen guztiok gaztelaniaz egin genuen. Nik aukera izanez gero zerbait esateko asmoa nuen, eta bilera aurretik prestatzen aritu nintzen. Txanda hartu nuenean beldur izan nintzen euskaraz hasiz gero, eztabaida dantzara baino hitzkuntzara zuzendu zitekeela. Beraz, ohi bezala txepeldu, eta nire zirriborroen azken orduko itzulpen simultaneoa egin nuen. Gaztelaniaz nik ere. Dantza tradizionalaren alorrean nahiko normal aritzen gara euskaraz gure artean, baina irudipena daukat dantza garaikidearen eta klasikoaren alorrean euskara ez dela existitzen. Eta noski, euskaraz ari garenak bai ez garela haientzat existitzen.

Dantzaren sektorea eta administrazioaren arteko bilera

oier_a 2006/11/15 15:19

Oharra: Barkamena eskatu nahi diot EDBko Santi Rodriguez-i bileran parte hartu dutenen zerrenda osatzerakoan bere izena jartzea ahaztu (uste dut idatzi ondoren borratu zaidala, gogoan baitut idazten aritu izan, baina berdin dio horrek) zaidalako. Zuzendu dut zerrenda. oier.

Astelehen goizean, Kulturaren Euskal Plana (KEP) kudeatzen duen Kualitate lantaldea izeneko enpresak deituta joan gara Gasteizera, Eusko Jaurlaritzara. Iñaki Gomez-ek, Kultura Sortzeko zuzendariak eta Imanol Arana, Dantza eta Musika teknikari arduradunak egin digute harrera. Bileraren helburua aurkeztu digute lehenik eta behin. KEP definitu ondoren lantaldeak martxan jartzeko fasean omen gaude. Zertarako?

  • Plana (KEP) zein egoeratan dagoen errebisatzeko
  • Atzeratuta dauden ekintzak martxan jartzeko
  • Zenbait ekintza berdefinitzeko
  • Administrazioarekin batera elkarlanean jartzeko
  • Sektorea eta administrazioaren artean komunikazio bide bat ezartzeko
Hori guzti kontuan hartuta, gaurko bileran hiru puntu nagusi landuko dira:
  • Ekintzen egoera
  • Dantzari buruzko azterketa deskriptiboa (Xabidek egindakoa)
  • Lanerako talde operatbo batzuk sortu
Segidan, bileran gauden guztiok gure burua aurkeztu dugu. Honetxek izan gara:
  • Sabin Egiguren - Bizkai Folklor Elkartea
  • Bizkai Elkarteko beste kide bat (ez diot izena harrapatu)
  • Santi Rodriguez - Euskal Dantzarien Biltzarra
  • German eta Esti - Kualitate lantaldea
  • Ane Albisu - Ikerfolk
  • Marta Monfor - Gasteizko Udala
  • Lide Arana - Gipuzkoako Foru Aldundia
  • Jon Maya - Kukai dantza taldea
  • Filgi Claverie - Dantzaz elkartea
  • Laura Etxebarria - La Fundición
  • Izaskun Santamaria - Asociación de danza contemporánea
  • Gabriel Ocina - Asociación de danza contemporánea
  • Oier Araolaza - dantzan.com
  • Faustino Aranzabal - Asoc. de prof. de danza de Gipuzkoa
  • Adolfo Yebra - Asoc. Bilbao Ballet Elkartea
  • Carmen Fernández - Asoc. Bilbao Ballet Elkartea
  • Susan Burnett - Artebi
  • Carmen Tercero - Conservatorio de Danza Jose Uruñuela
  • Iñaki Lopez - Bilboko Udala
  • Ricardo Bilbao - Bizkaiko Foru Aldundia
Sabin Egigurenek bere kezka agertu du taldearen osaketari buruz. Dantza tradizionala, klasikoa eta garaikideko eragileak batera jartzea bateragarria ote den galdetu du, eta ea ez ote den egokiagoa alor bakoitza banatuta elkartzea. Kualitate lantaldeko eta Jaurlaritzako ordezkariek erantzun dute, hori kontuan hartuta dagoela, eta aurrerago talde operatiboak erabaki dezakeela azpitaldeak deitzea, baina sektore osoa anitza dela, eta aldian behin sektore osoaren bilerak egitea interesgarri irizten dela. Gero, lan zehatzetarako gerta daiteke alor bakoitza bildu behar izatea.

KEPean jaso ziren akzioak zein puntutan dauden azaldu dute Kualitate lantaldekoek.

  • Dantzaren egoeraren azterketa. Gaur aurkeztuko da lan horren lehen zatia. Xabide ari da horretan.
  • Gazte konpainia. Dantzari gazteekin osatutako konpainia bat sortzeko aukera aztertzea zen helburua. Sektore pribatutik, Dantzaz elkarteak, martxan jarri du horrelako proiektu bat (Ballet Biarritz junior)
  • Dantza-etxea. Herrialde bakoitzean Dantza-Etxea bat sortzea proposatzen zen. Dantzaren egoeraren azterketaren emaitzak ezagutu arte itxarotea erabaki da.
  • Dantza zirkuitu finkoa. SAREAk martxan jarri du formatu txikiko produkzioen zirkuito bat, eta dantza garaikideko hainbat lan sartu dira hor.
  • Hezkuntza. Hezkuntza sailarekin elkarlanean aritu ikasketa artistikoan maila desberdinetan zein egoeratan dauden aztertu eta bultzatzeko. EJko Kultura eta Hezkuntza sailen arteko lehen kontaktuak egi dira. Konpetentzia Hezkuntzari dagokio baina Kulturak interesgarri irizten dio hor egoteari.
  • Ondoren, Xabide enpresako bi langile sartu dira eta egiten ari diren azterketaren lehen zatia aurkeztu dute. Azterketak honako izenburua du: "Estudio del aprovechamiento, coordinación y creación de recursos para la danza en la CAV". Lan horren helburuak hauek dira:

    • Sormen eta produkzio alorrean dauden beharrak zehaztu
    • Ekoizpenen hedapenean dauden beharrak zehaztu
    • Baliabide berrien beharrak definitu
    • Agenteak identifikatu
    • Laguntza lerroak zehaztu
    KEP-etik abiatuta, 30 lagunekin egin dituzte elkarrizketak, dantza tradizionaleko taldeak aztertu dituzte, dantza eskolak eta atzerriko ereduak jasotzen ari dira.

    Orain arteko azterketaren emaitza ohiko lau zutabeetan aurkeztu digute: Ikerketa eta dokumentazioa, formazioa, sormena eta ekoizpena, eta hedapena. Zutabe bakoitzean, bi multzo nagusi bereiztu dituzte: dantza tradizionala eta dantza Ez tradizionala.

    Emaitza horien laburpen azkar bat egin dute, baina txosten osoa idatziz eman digutenez ez dut gauza handirik apuntatu. Ezagun zaizkigun hutsuneak azaleratzen joan dira: dokumentazio zentrorik eza, formazio hutsuneak, difusio arazoak, e.a. Zenbait unetan gauza bat edo beste falta dela iruditzen zaigula aipatu da, baina erakusten ari diguten laburpen txiki bat bakarrik dela argitu digute, eta aipatutako kontuak txostenean jasota daudela. Hilabeteko epea izango dugu txostena aztertu eta iritziak eta proposamenak aurkezteko.

    Sabin Egigurenek egoera tamalgarria dela salatu du. "Egoera larria da. Ez du inork dantza egiten. Ikuskizunak jasanezinak dira. Erakundeek beste ardura bat izan behar dute. Ez da sustrairik geratzen, ez da iturririk geratzen".  Dantza garaikidea eta klasikoari inolako garrantzirik kendu gabe, herri honen sutraiak dantza tradizionalean daudela gogorarazi du, eta erakundeek ardura berezia izan beharko luketela alor horrekin.

    Nik neuk bi komentario egin ditut. Batetik, ulertu dudanagatik helburu nagusia orain arteko baliabideak nola kudeatu hobeto dela, eta hori ez zaidala nahikoa iruditzen. KEP-ak berak jasotako datuak gogorarazi ditut, Eusko Jaurlaritzaren gastu publikoa (miloi eurotan) kultura alorrean nolako den. Zerrenda osoa irakurri dut.
    • EITB 98.60
    • Hizkuntza politika 32.90
    • Museoak, arte ederrak eta erakusketak 13,61
    • Musika 8,55
    • Zinema 4,21
    • Arkitektura eta arkeologia ondarea 3,56
    • Liburutegiak 2,09
    • Antzerkia 1,81
    • Agiritegiak 1,03
    • Liburuaren sustapena 0,83
    • Arte plastikoak 0,52
    • Dantza 0,47
    Dagoen apur hori hobeto kudeatzea garrantzitsua deritzodala, baina dantzak hori baino gehiago behar duela, alegia, baliabide berriak behar dituela. Imanol Aranak erantzun dit lehenengo eta behin beharrezkoa dela gastatzen dena ondo bideratzeko irizpideak zehaztea, eta horrek ez duela esan nahi baliabide berriak aurrera ateratzeko aurrekonturik ez denik egongo.

    Bestalde, orain ere formazioa dela gure kezka nagusiena (Adolfo Yebrak aipatu berri du oinarria falta dela, formazioa, eta Xabideren txostenean argi agertu da hori) eta nik gogoratzen dudala 1996an bildu gintuela Eusko Jaurlaritzak KEPren antzeko helburuekin, eta dantza tradizionalaren alorretik eskaera argi eta zehatz bat egin genuela: dantza-maisuen formazioa bideratzea. Baina galdera Kultura sailak egin zigunez, eta konpetentzia Hezkuntza sailari dagokionez, 10 urteren buruan lehen toki berean jarraitzen dugula. Beraz, ezinbestekoa iruditzen zaidala Hezkuntza sailarekin kontatzea. Gabriel Ocinak ere kezka bera agertu du, eta esan du bere ustez formazioaren gaia aztertzeko bilera bat egin behar bada ez lukeela zentzurik izango Hezkuntza sailaren ordezkaririk gabe egitea. Jaurlaritzako ordezkariek erantzun dute kontaktuan daudela Hezkuntza sailarekin, eta KEPa ez dela Kultura sailaren kontua bakarrik, Eusko Jaurlaritzak bere osotasunean hartzen duela bere gain plan hori.

    Azkenik, talde operatiboaren inguruan jardun dugu. Administrazioko hiru lagun eta dantza sektoreko hiru lagunek osatuko luketen talde bat izango dela azaldu dute Kualitate lantaldeekoek. Zenbakiari buruz galdetuta, esan dute 6-7 lagunetik gora taldea handiegia izan daitekeela lanerako, eta horregatik mugatu nahi izan dutela. Talde honek proposamenak landu beharko ditu eta ondoren sektore osoaren bilerak adostasuna eman beharko dio. Dantzako sektoretik 4 ordezkari izan daitezkeela, eta bi dantza tradizionalekoak, eta beste bi ez tradizionalekoak adostu da. Ordezkarien perfila zehaztu dute Kualitate lantaldekoek.
    • Dantza orokorrean ordezkatuko dutenak izan daitezela, eta ez bere elkartea soilik.
    • Bileretarako eta materialak lantzeko denbora hartzeko disposizioan egon behar dira.
    • Talde lanerako eta akordioetara iristeko prest dagoen jendea izan behar da.
    • Dantzaren egoerari buruzko ezagutzak izan behar dira
    Egutegiari buruz galdetu du Laura Etxebarriak, eta talde operatiboa zehazteko urratsak ematen joatea proposatu dute Jon Mayak eta Gabriel Ocinak.

    Enkargu hauekin atera gara bileratik:
    • Abenduaren 20rako Xabidek egindako txostenari zuzenketak, proposamenak, ekarpenak eta iritziak idatziz bidal behar ditugu.
    • Horrekin batera talde operatiboa osatzeko proposamenak bidali behar ditugu.
    Otsaila inguruan deituko dute beste bilera baterako, Xabideren txostenaren bigarren zatia ikusi eta talde operatiboa martxan jartzeko.

    Bilera sektoriala

    oier_a 2006/11/08 15:34

    Kulturaren Euskal Plana dela eta, dantzaren inguruko bilera baterako gonbidapena jaso genuen atzo dantzan.com-en. Datorren astelehenean izango da bilera Gasteizen, Eusko Jaurlaritzan. Bilera sektoriala izena daraman mezuan etorri da gonbidapena.

    Telefonoz azaldu didatenez eta emailez bidalitako powerpointean irakurri ahal izan dudanez, bilera horretan aurkeztuko digute Xabide enpresak egin duen txostena. Dantzaren alorraren diagnostiko bat eta hartu beharreko neurrien inguruko txostena prestatzen aritu da Xabide. Txosten hori prestatzeko Xabideko langile batek egin zigun bisitaz hitzegin genuen orain hilabete batzuk. Txosten hori aurkeztu eta "balidatu" egin behar omen dugu bileran. Ondoren, talde operatibo baterako ordezkariak ere hautatu behar omen dira. Bileran parte hartzera gonbidatuta dauden elkarte eta erakundeen zerrenda ere dator dokumentuan. Hauxe da:

    Asociación de Profesionales de danza de Gipuzkoa)
    Bizkai Euskal Folklore Elkartea
    Euskal Dantzarien Biltzarra
    Ikerfolk
    Conservatorio Municipal de Danza “Jose Uruñuela”
    La Fundición SL
    Artebi
    Kukui Dantza Taldea
    Asociación de Danza Contemporánea
    Dantzaz. Centro Coreográfico Transfronterizo
    Arriola Kultur Aretoa
    Euskal Herriko Unibertsitatea
    Asocaición Bilbao Ballet Elkartea
    Eusko Jaurlaritza
    Foru Aldundiak (Gipuzkoa, Bizkaia, Araba)
    Bilbo eta Gasteizko udalak

    Zerrenda copy-paste egin dut, eta beraz talden izenetan dauden akatsak jatorrizkoan daudenak dira. Ikusten duzuenez dantzan.com ez da ageri hor, baina gero mezu bat bidali ziguten esaten zerrendan dantzan.com sartzea ahaztu zitzaiela, baina gonbidatuta zegoela baita ere.

    Luistxo guru teknologikoak erakutsitako azken erramintari esker bidali diguten powerpoint hori hemen ikusteko aukera duzue.



    Saiatuko naiz bilera ondoren haren kronika bat egiten, baina aste benetan nahasia dut datorren hori eta ikusiko dugu denera iristeko modua dudan.

    Festa Berriak jardunaldien kronika

    oier_a 2006/10/24 10:44

    Asteburuan burutu dira Donostiako Miramar jauregian Eusko Ikaskuntzako Folklore sailak antolatu dituen jardunaldiak. "Festa Berriak. Antzinako folklorea eta gaur egungo ekintzak" zuen izenburua jardunaldiak eta besteak beste Josep Martí, foklore ikertzaile katalana entzuteko aukera ederra eskaini digu. Jardunaldi mamitsua gertatu da eta ondoko lerrootan nire kronika pertsonala jaso nahi izan dut.

    Lehenik eta behin eskerrak eta zorionak eman nahi dizkiot jardunaldiak antolatu dituen lan-taldeari. Egitarau erakargarria apailatzeaz gain antolaketa lanak oso txukun bideratu dituzte. Emilio Xabier Dueñas-en gidaritzapean aritu diren José Patricio Aldama, Mikel Legorburu, José Alfonso Antequera, Juan Mari Beltran, Xabier Etxabe, Karlos Sanchez Ekiza eta Josu. E. Larrinagak osatu dute antolaketa lan-talde hori.

    Teresa del Valle antropologo eta Eusko Ikaskuntzaren Gipuzkoako Lehendakariordearen agurraren ondoren, Emilio Xabier Dueñasek jardunaldien abiapuntuan izan dituzten kezka eta oinarrizko kontzeptuen argiketa egin zigun. "Jaia" hitzaren aurrean "festa" aukeratu izanaren arrazoiak eman zituen, jai hitz hori gaur egun edozein jaialdi izendatzeko erabiltzen baita, eta festak oraindik baduelako zerbait zehatzagoa izendatzeko gaitasuna. Gainera, zenbait tokitan Korpus jaiek Besta Berri deitura jasotzen dute, eta horrek jardunaldien izenburuarekin jokoa egiteko bidea eman du.

    Folkloretik folklorizaziora

    Jose Patricio Aldamak egin zituen egun osoan aurkezle lanak, eta berezkoa duen patxadaz aurkeztu zigun eguneko lehen hizlaria, Josep Martí CSIC-eko ikertzaile eta folklorearen inguruko kontzeptu eta gogoetetan erreferentziazko aditua. Interesgarria oso Martíren hitzaldia. Tradizioaren balioak eta folklorearen dimensioak aurkeztu zizkigun, eta adibide zehatzen bidez ikusi genuen nola balio praktikoa edo ludikoa duten hainbat ekintzetan balioa aldatu eta balore folkloriko bihurtzen joan diren. Tradiziotik folklorera, folkloretik folklorizaziora eta hortik eszenifikaziorako han eta hemen eman ohi diren urratsak erakutsi zizkigun Martík. Bazkalorduan txantxarako bidea eman zigun hitz-bikotea ere aurkeztu zigun: "Disonancia axiológica", eta hitz ezkontza hori gordin samarra gertatzen bazait ere, Martík emandako azalpena erabat ulerterraza gertatu zitzaigun denori. Balio gatazkak adierazten ditu ikertzaileak hitz horiekin, eta balio gatazka horiek ezagunak ditugu gure festetan: tradizioaren izenean egindako genero diskriminazioa, animaliei eragindako tratu txarrak, gutxiengo etnikoen bizkar egindako jaiak, e.a. Alegia, tradizioak sustatzen dituen balioak egungo gizartean ditugun balioekin talka egiten dutenean sortzen diren gatazkak izendatzen ditu Josep Martík Disonancia axiológica hitz-bikotearekin.

    Ahuzkiko behi trashumantziaren besta abiapuntu hartuta festa berri horren atzean dauden sustapen egiturak aztertzeko eskema bat plazaratu zuen Kepa Fernandez de Larrinoa antropologoak. Ardatz sozio-ekonomiko-politikoa, zutabe agrotekniko eta zientifikoa eta ingurugiroaren ardatzaren araberako azterketa aurreikusten du Fdez. de Larrinoak ikerketa horretan. Komunitate lokalaren festa da Ahuzki mendian egin dena azken 7-8 urteetan, eta antropologoaren iritziz produkzio lokalaren irudia sustatzea eta sendotzea du helburu.

    80 festa baino nahiago San Fermin

    Bizkaiko Foru Aldundiak diruz babestuta, Enkarterrietako eta Ibaizabalen ezkerraldeko jaien azterketa zabala egiten dihardu azken bi urteotan Ingrid Kuschik antropologoak. 80 festa inguru aztertu ditu eta tokian-tokiko datu bilketa zabala egin du. Lan horretan aplikatzen diharduen metodologia eta sailkapen irizpideen berri eman zigun. Festa nazionalistak, lan-gremioetako festak, soziabilitate festak eta ikuskizun festak izeneko multzoak aurkeztu zizkigun. Entzuleen txandan estu hartu zuten Ingrid sailkapen horren aitzakian, eta multzoak antolatzeko erabilitako irizpideen egokitasuna ezbaian jarri zuten zenbait partehartzailek.

    Bazkalostean, sabela beteta ohikoa den logurearekin itzuli ginen Miramar jauregira, baina berehala iratzarri gintuen Mikel Aranburu Urtasunen ahotsak. San Fermin jaien inguruko hitzaldi ederra eskaini zigun iruinsemeak. Hizlariaren etorri oparoak, ezagutza bibliografikoak eta urteetako eskarmentu sanfermineroak bat egin zuten motz gertatu zitzaigun mintzaldi borobila osatzeko. Etengabe aldatzen ari diren festa paregabeen kronika aberatsaz gozatu genuen, izena ematen dien santu apokrifoaren inguruko kontuekin hasi eta prozesioak, entzierroak, eta sanferminetako egitarauko hainbat ekitaldik beren ibilbidean izan dituzten berritasun, aldaketa eta egokitzapenak aletu zizkigun. Gaur betidaniko tradiziotzat ditugun hainbat ezaugarri noizkoak diren ere zehaztu zituen, uniformea bihurtu den jantzi zuri-gorritik hasita txupinazora.

    Olentzero nazionala eta botila-festaren Aita Gurea

    Bi zarauztar eta bi Xabier, Etxabe eta Alberdi, elkartu ziren ondoko hitzaldian, eta Orentzago -edo Olentzero- eta Erregeek Zarautzen izan dituzten gora-beherak azaleratu zituzten. XX. mende hasierako Orentzago zarpail, mozkorti eta zekena ia-ia desagertu da dagoeneko Zarautzen, eta haren tokia 70-80ko hamarkadetan Euskal Herri osora hedatu den Olentzero formal, garbi eta eskuzabalak hartu du bere lekua. Nire ustez, kuriosoa da berriz ere ikustea, nola beste kulturen aurrean euskal berezitasuna sendotzeko tradizio propio bat hautatzen den, baina gero tradizio horren erabilera hegemonikoak tradizio lokalak baztertzen bukatzen duen. Dantzaren munduan horrelako adibide asko ezagutzen ditugu -Durangaldeko ezpata-dantzarekin edo larrain-dantzarekin egindakoak esaterako-, baina oraindik ere indartzen ditugu ikur folkloriko nazionalak. Etxabek eta Alberdik notario lanak egin dituzte Zarautzen, eta eredu nazionalaren mesedetan gertatzen ari den galera lokala agerian uzteaz gain, Orentzago eta Erregeen tradizio propioen aztarna oso interesgarriak bildu dituzte. Niretzat okerrena euskaraz eta gazteleraz aritu zirela hizlariak, batak euskaraz esandakoa besteak gazteleraz errepikatuz, eta azkenerako nekagarri gertatu zitzaidan ditxosozko elebitasun hori.

    Nik neuk hartu nuen hitza jarraian eta Arrateko Amaren dantzekin Eibar aldean burutu dugun ekimenaren nondik norakoak aurkeztu nituen. Ordurako arratsaldea luze zihoan eta berandu genbiltzan, eta nire lanak ahalik eta azkarren bukatu nahirik, baina nondik moztu asmatu ezinik, ba izugarrizko abiaduran aritu nintzen, eta ez dakit bai inork ezer ulertzeko astirik ere izango zuen. Hasieran aitortu nuen moduan, nire ekarpena ez zen ikertzailearen begirada zorrotz eta orekatuaren emaitza, ni neu protagonista ninduen ekintzaren narrazio pertsonala baizik, eta narrazioa den aldetik kontrukzioa, zenbait ekintza eta gertaeren gainean eraiki dudan kontakizuna. Eta gainera, narrazio interesatua, egin dugun lan horretatik niri interesatzen zaidan aurpegia erakusteko ahalegina egin bainuen.

    Alfredo Asiainek borobildu zuen jardunaldia. Pena ordurako berandu izatea, eta hura ere ni bezala erlojuaren kontrako karreran ibiltzea. Izan ere, harrapataka eta saltoka, baina benetan gauza interesgarriak kontatu eta erakutsi zizkigun. Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak Nafarroako folklorea bilduko duen artxiboa aurkeztu zigun. Festa eta tradizioetatik hasita, gaur egungo folklore urbanoko materialetara bidaia harrigarrian eraman gintuen landa-lanean bildutako bideo, soinu eta material ederren bidez. Soka-saltoan umeek dantzatzen dituzten kantak, ahozko erromantzeen aztarnak, Internet eta teknologia berrien babesean sortzen ari diren kultura popularreko adibideak (memeak, hoaxak, e.a.) eta denon barre algarak eragin zituen botila festaren Aita Gurea errezo mundiala.

    Non daude dantzariak?

    Hasieran eman ditut zorionak, eta bukatzeko kezka agertu nahi dut. 25 lagun inguru izango ginen jardunaldietan. Aulkietara begiratu eta nire buruari galdetzen nion... Non daude dantzariak? Non daude txistulariak? Non trikitilariak? Non beren burua euskal tradizioa eta folklorearen salbatzailetzat dutenak? Euskal Herria folklore sustatzailez beteta daukagu, baina jarduera nagusi dugun alor horri buruz ezer gutxi dakigu. Benetan arduratuta nago mundu akademikoan folkloreaz eta tradizioaz dagoen ezagutzatik dantza taldeetan ari direnengana ia ezertxo ere ez dela iristen ikusita. Salbuespenak badira noski, eta alde horretatik pozgarria izan zen Gipuzkoako eta Nafarroako EDBko lehendakariak (Xabier Mendizabal eta Aritz Ibañez), Gasteizko foklore akademiako zuzendari eta dantza irakasle talde osoa (Pedro, Jon, Marta, Elena eta Indarrako Amagoia), eta Debabarrenako zenbait  dantzari eta arduradun (Jon, Enrike, Arantza, Iñaki) jardunaldietan ikustea. Batzuk praktikan ari dira, eta besteak praktika horri buruzko gogoetak egiten. Bi multzo horien artean amildegi bat dagoela dirudi, eta etsigarria da dantza taldeetan hesi hori jauzi egin eta jarduera horri buruzko pentsamenduaz bustitzen saiatzeko dagoen nagikeria. Horren ondorioak larriak dira, eta adibide bakar bat jartzearren, jardunaldi osoan nabarmena zen hizlari guztiek eta parte hartu zuten entzuleek tradizioaren kontzepzio dinamikoarekin lan egiten dutela, baina amildegiaren beste aldean, Euskal Herriko dantza talde gehienetan tradizioa argazki estatiko bat bezala ulertzen jarraitzen da. Zenbait kontzeptu barneratzeak ahalegina eskatzen du, baina hau loteria modukoa da, inoiz ez baduzu erosten zail samarra da tokatzea...

    Soka-dantza ETBko Postdata saioan

    oier_a 2006/10/11 10:34

    Elixabete Garmendiak hotsegin zidan ETBtik. Blogaren bidez jakin zuen soka-dantzaren inguruan egiten ari naizen lanaren berri, eta horrekin erreportaje bat egitea gustatuko litzaiokeela Postdata saiorako. ETBko saio txukunenetakoa da Postdata. Aurten bertan Argia saria eman diote saio horri.

    Sanmigeletan Iruran egiten den ezkonduen dantza-soka grabatzera joan ginen. 2006-09-29_Irura-dantza-soka_093 Primeran portatu ziren Irurarrak. Jon Olano eta Jesus Nazabal dantzariek behar beste argibide eman zizkiguten, eta Irurako umeei dantzak irakasten aritzen dena herriko alkatea bera, Marimi Ugalde dela jakin genuen. Oraingo eta lehengo dantzariak elkarrizketatu zituen Elixabetek.

    Elixabete Garmendiak abisatu dit datorren astelehenean eskainiko dela erreportajea Postdatan. Hona datorren asteko saioaren ordutegi eta data zehatzak:

    Postdata
    Urriak 16, astelehena

    • 14.20an ETB1en
    • 21.10ean ETB1en

    Space invaders

    oier_a 2006/10/09 18:13

    Dantza emanaldi askotan ibiltzen naiz argazki kamerarekin klik eta klik, batera eta bestera, klik eta klik, erretratuak egiten. Amateur gehienak nahiko lotsati ibiltzen gara, baina harrituta nago ikusita argazkilari eta telebista kamerari profesional asko zein errespetu gutxirekin sartzen den ekitaldien eremuan, espazio inbaditzaile lotsagabeak dira: Space Invaders.

    Orain hiru urte Diputazio aurrean egin genuen ezpata-dantzan 2003-12-23_Donostia-OA-4011 dantzaren barruraino sartu zitzaizkigun kamerari eta argazkilariak erabat lotsagabeki. Argazkietan ikus daiteke nola taldearen erdi-erdian jarri ziren prentsa grafikoko lankideak. Eskatu genien handik ateratzeko, dantzarien lana oztopatzen ari zirela, bazterrera joateko mesedez, baina kasurik pez. Haietako batzuk zakar erantzun ziguten lanean ari zirela eta uzteko pakean!

    Abuztuan, Elgoibarko soka-dantzan, dantza horretan aurresku eta atzesku 18 urte aritu diren bi dantzariak zoriondu zituen Udalak. Alkatea eta kultura zinegotzia plaza erdira atera eta oroigarri bana eman zizkieten dantzariei. Bospasei argazkilari ari ginen erretratuak egiten, eta Alkatea erdira joan zenean han joan ziren beste argazkilariak ere, omenduen aurrean pantalla egin zuten, eta plazan bildutako herritarren aurrean izatekoa zen ekitaldia, lau-bost argazkilarientzako ekitaldi pribatua bihurtu zen. Noski, Abel eta Jon nire bi lagun minei egindako omenaldia ezin izan nuen ondo ikusi, eta argazki hau baino ezin izan nuen atera.

    Ez dut uste inork argazki edo bideo kamera bat eskuan duelako eta lanean ari delako beste inork baino eskubide gehiago izan behar dituenik ekitaldi publiko batean. Ez behintzat ekitaldia bera oztopatzeko, edo publiko arrunta sartzen ez den tokietan sartzeko. Gauza bat da irudi onenak hartzen saiatzea ekitaldira hurbildu ez direnei erakusteko, baina inork lehentasuna izan behar baldin badu, hori ekitaldira hurbildu den publikoa da. Eta argazkilari eta kamerariak ez genuke ekitaldiaren eta zuzeneko ikuslearen arteko harremanean distorsiorik eragin beharko. Ikusleak errespetu osoz plazaren ertzean baldin badaude, ekitaldi horren irudi grafikoa jaso nahi duenak errespetu berarekin egin beharko luke.

    Biarritz urruti dagoela Bilbotik

    oier_a 2006/09/12 15:45

    Abuztuan, Garan, dantzari buruzko elkarrizketa bat.  Elkarrizketatua, Adolfo Yebra, ABBE (Asociación Bilbao Ballet Elkartea) elkarteko lehendakari-ordea (eta Igor Yebraren aita). Hasi irakurtzen eta bihotzean kosk: "Las instituciones de aquí están apoyando económicamente al Ballet de Biarritz. Me parece muy bien, pero no tiene mucho sentido que apoyemos a una compañía del otro lado de la muga con la carencia que tenemos. Con ese dinero se podría crear algo aquí."

    Noski, Yebra-rentzat "aquí" horrek esan nahi du "Bilbao". Batzuontzat Biarritz "aqui" da, eta Donostia (gogoratu BBJ-ren egoitza Donostian dagoela) ere "aqui" da, baina Bilboko ikuspuntutik "aqui" horren mugak Malmasin-en bukatzen dira. "No tiene mucho sentido que apoyemos a una compañia del otro lado de la muga" dio. Nik oso argi dut, Ballet Biarritz gure konpainia dela.

    Oso kritiko naiz dantza alorrean EAEko erakunde publikoak oro har egiten ari (ez) diren lanarekin, baina Ballet Biarritz-en kasuan, uste dut egoki jokatzen ari direla. Behingoz mugak administratiboen gainetik auzokoaren balioa eta aitzindaritza onartuz proiektu horretan inbertitzeko erabaki txalogarria hartzen ari dira, eta benetan haserretuko nintzateke bilbozentrismoak kosta ala kosta bere "konpainia" propioa ezartzeko tentazio handiusteari amore emango balio.

    Dantzari heavya atondu

    oier_a 2006/07/14 10:50

    1992ko azaroan 13an iritsi zen Donostiara Metallicaren tourra. Jaka beltz, zorri hegalari eta dezibelio orgia eroan sartu eta ia lepahezurra hautsi arte dantzarazi nuen burua. Biharamunean jaka beltzaren ordez baserritar brusa jantzi, eta txapela buruan makaleko bestondoarekin joan nintzen dantza taldearekin neukan zitara. Izan ere, 1990ean Argia dantzari taldearen Zortziko ikuskizunak liluratu ninduen. Zortzikoren doinuek eta dantzek mozkortuta erori nintzen dantza tradizionalaren sarean. Metallica, Argia dantzari taldea, Guns N Roses eta Sutagar dira 90eko hamarkada hasierako nire bizitzaren soinu bandaren toptenak.

    Ez dakit esaten noiz pasa ziren modaz heavyak. Akaso ez ziren inoiz modan egon, baina eredu musikal horri tinko eusten diote zenbait taldek eta doinu gogorren proposamenak jarraitzaile fidelak ditu belaunaldi berrietan ere. Gure taldeko dantzari gazteagoekin 15 urteko tartea dut, baina horien artean badira Metallica eta Sutagarren zaleak. Metallica, Sutagar eta ezpata-dantzak osatutako menuak baditu jarraitzaileak oraindik ere.

    70eko hamarkadan abiatu zenetik heavyak oso argi izan ditu bere ezaugarri nagusiak: soinu astuna, kitarra eta bateria indartsuen nagusitasuna, distorsiorako zaletasun mugagabea, abiadura handiko trenaren erritmo azkar eta errepikakorra, eta rockarollaren bolumena eta teatralitatea azken muturreraino eramatea. Gaur egun tradiziozko musika da heavy metala. Diska-denda handietan “musika tradizionala” izeneko atalean sailkatu beharko genituzke Iron Maiden eta enparauak. Baina bidea egin duten beste zenbait tradiziotan bezala, heavy metalean ere arruntak dira hasierako oinarriei eusteko joeren eta berritzeko borondateen arteko tentsioak. Heavy ortodoxoaren ezaugarrietatik abiatu eta soro berrietan sartzen hasi direnek berehala antzematen dituzte tradiziozale itsuen makilakadak.

    Zenbaitek ez diote barkatuko inoiz Metallicari 1996an ilea moztu izana. Beste batzuk ahalegin handiak egin dituzte ile motza izan arren heavyak izan daitezkeela frogatzen. Rammstein taldeak heavy tradiziotik abiatu eta heavy izpirituari traiziorik egin gabe bide berriak jorratu ditu. Metala, rock industriala eta musika elektronikoaren eraginak ditu alemaniarren proposamen bortitzak. Hori bai, gauza bat da ilea motza izatea, eta bestea parafernalia heavya ez erabiltzea. Rammsteinek muturreraino eraman ditu tradizio heavyko emanaldi piroteknikoak. Donostiako su artifizialen lehiaketa bera irabazteko moduko su eta eztanda erakustaldiak dira horien kontzertuak.

    Sutagarreko gure lagunek ere moztu zuten ilea. Horrek ez zien indar zipitzik ere kendu, baina handik piska batera, haietako batzuk konturatu ziren erosoago sentitzen zirela txima luzeekin. Beraz, bakantzen hasitako ileak luzatzen utzi dituzte berriz. Ikerfolk elkarteko Ane Albisuk idatzitako Atondu liburua argitaratu da egunotan. Euskal tradiziozko jantzien nondik norakoak eta aurrera begirako proposamenak bildu ditu bertan. Euskal janzkeraren oinarri-oinarrizko ezaugarriak txapela eta buruko zapia direla esan zigun Albisuk aurkezpen ekitaldian. Azken urteotan dantzarion artean ohikoak dira txapela kentzeko ahaleginak. Txapelik gabe primeran dantzatu daitekeela erakutsi du zenbaitek. Hori bai, lehen ere dantzan kaskar zebiltzanak, txapelik gabe kaskar jarraitzen dute. Gu ere txapela kenduta konforme ibiliko ginateke, baina Sutagarrekoak txima luzeekin bezala ohitu gara gu txapelarekin, eta eroso daramagu, roskan sartuta. Gainera, ileak urritzen hasi zaizkigu dagoeneko eta oraintxe egiten digu benetan mesede.

    Munduko dantzak

    oier_a 2006/05/25 12:20

    Asteburu honetan Mundumira jaialdia ospatuko da Oñatin. Munduko Kulturen Festa da jaialdi honi antolatzaileek jarritako leloa, eta egitarau oso potentea du. Txangoak, musika, janariak, azokak, eta musika emanaldi aukera izugarria: Amparanoia, Mal de Ojo, Nino Galissa, Terrafolk, Justin Vali (Madagascar), Mariem Hassan (Errepublika Saharauia), Tenzin Choegyal (Tibet), Juan Mari Beltrán (Euskal Herria) eta Paulinho Lêmos (Angola/Brasil) besteak beste.

    Egitarau erraldoi horretan hauxe irakur daiteke: 12.00h. Munduko tradiziozko dantzak

    Atentzioa deitzen dit zein erraztasun dugun dantzariok etiketa handi baten itzalean geratzeko. Askotan tokatzen zait jai egitarau bat hartu eta horrelakoak ikustea: 18.00etan dantzak. Besterik ez, dantzak. Oraingoan hiru aldiz zehatzagoak izan dira: Munduko tradiziozko dantzak. Munduko kulturen aniztasuna aldarrikatzen duen jaialdian gertatzen da hori. Musikariak jatorrizko labela eta izen-abizenekin iristen dira kultur topaketen eskenatokira, eta dantzariek ordea, badirudi ez dutela inolako etiketarik behar.

    Ondo dago Munduko dantzak izango direla jakitea. Horri esker badakigu ez direla Marteko dantzariak. Hortik aurrera Munduko dantzak horrek zer adierazten duen misterio bat da. Programa eta jaialdiaren berri ematen duen aldizkari ederra goitik behera arakatu dut eta ez dut inon aurkitu Munduko dantza horiek zehazkiagoa nongoak izango diren, Euskal Herriko dantzarik izango ote den, ez ezer ere. Badirudi Munduko tradiziozko dantzak hiru hitz horiekin dena esana dagoela.

    Aurkezpena

    Dantzing

    Hitzen eta gorputzen dantza

    Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

    Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

    twitter