Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing / Euskara nagusi omen da euskal dantza ekitaldietan

Euskara nagusi omen da euskal dantza ekitaldietan

oier_a 2007/11/15 11:20

Atzo hasi eta bihar arte Kulturaren Euskal Behatokiaren jardunaldiak egiten ari dira Donostian. Lehen bi egunetan lan saio itxiak egiten ari dira, nazioarteko beste bost behatokirekin elkarlanean, eta bihar, ostirala, jardunaldien ondorioak eta behatokiak egin duen lehen txostena aurkeztuko dituzte. Aurkezpen hori entzutera joatekoa naiz.

Lehen txosten horren ondorioen aurrerapen bat agertu da gaur komunikabideetan (Berria, Gara eta DV adibidez). Dantzari dagokioenez kopuru eskasak, ohiko legez. Arte eszenikoetan, EAEko 650 aretotan 2005ean eskaini diren 2816 emanaldietatik 2557 antzerki emanaldiak izan ziren eta 179 dantzakoak. Horrelakoetan beti pentsakor geratzen naiz aire libreko emanaldiak, alegia, plaza, kale eta frontoietan egiten direnak, zein ataletan jasotzen diren, edo besterik gabe, ez diren kontuan hartzen. Izan ere, dantza tradizionaleko emanaldi gehienak aire librean egiten dira.

Baina oraingoan sorpresa pozgarri bat ere aurkitu dut prentsako aipamenetan. Diario Vascon honela jaso dute (ez dut horren aipamenik aurkitu beste egunkarietan) euskararen erabilerari buruz:

"En general, puede decirse que el euskera tiene una presencia testimonial o muy discreta -el 2% en cine, el 11% en teatro, el 24% en los conciertos, el 24% en los fondos bibliotecarios...- en las actividades culturales, con la salvedad del mundo de las danzas vascas, donde su predomio es abrumador".

Alegia, euskal dantza ekitaldietan euskara nagusi dela. Aitortu behar dut sorpresa izan dela hori niretzat. Susmoa banuen euskal dantza tradizionalean gero eta euskara gehiago erabiltzen ari zela, baina ez nuen esango horrenbestekoa zenik. Ziur aski, dantza taldeon barne dinamiketan gauzak ez dira horren garbi egongo, baina hala ere, poztekoa iruditu zait euskal dantza ekitaldietan nagusiki euskara erabiltzen dela jakitea.

etiketak: dantza
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter