Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / Nora hoa, telebista?

Nora hoa, telebista?

Luistxo Fernandez 2007/12/05 17:32
Bernardo Atxagaren blogeko azken sarrera, Euskal Hiriaz. Termino honen sorreraz, esanahiez, eta, behin autorearen eskuetatik libre doanean, hartzen dituen inplikazioez idatzi du Atxagak.

Ez dakit ba ote dakien Atxagak telebistako pertsonaia komikoa dela. Atxaga The Pooh, Euskal Hiria dioen marrazki bizidunen marko bukoliko batean agertzen da, gauza korrienteenak biribilguneekin azaltzen. Grazia du, Noaoaren esketxak.

Jarri naiz sarean bilatzen ea esketx horietakoren bat topatzen nuen. Eta Noaoaren webgune ofiziala topatu dut: xolomo bokadilloen irudiak, bate bestearen atzean. Itxuraz, esketxen baten leitmotifa ei da xolomoarena... baina ulertzen ez dudana da, nola den xolomoaren anekdota hori Noauaren web osoa. Ez dago besterik. Ez dago esketx edo bideo bat bera ere. Ze pobrea.

Espainiako telebistan umorezko beste programa berri bat dago, Muchachada Nui. Haren webgunearen muina esketxak dira, bideoak bertan, eta pegatzeko aukerarekin, Enjuto Mojamutoren abentura zoragarrienak, adibidez:

Ze atzeratua eta traketsa, Noaoa, horrekin konparatuta. Nagusiren bati entzun diot, gainera, Noaoa ez dela Wazemank bezain barregarri, estudioko kontu gehiegi daukalako. Neure semea Peru ados dago diagnostikoarekin. Nik ez nuke zer esan jakingo, ze ez dut saio osorik ikusi. Gero eta gehiago, pilulatan kontsumitzen dut telebista. Ez dakit, adibidez, ze egun edo ordutan ematen duten Muchachada Nui telebistan, baina beren esketxak eta Enjutorenak, bereziki, alde guztietan agertzen zaizkit.

Kontsumo modu hau da etorkizunekoa, seguruenik. Youtube eredua. Telebista pilulatan, norberak aukeratuta. Horixe esan zigun Vicent Partal Vilaweb atari/proiektu katalanaren sortzaileak joan den ostiralean Sareko Argiaren edizio jarraiaren 10. urteurreneko ekitaldian bildu ginenoi. Gertu neukan Bingen Zupiria. Oso kezkatua zirudien.
etiketak: telebista, eitb
amonamantangorri
amonamantangorri dio:
2007/12/12 15:26

Tamalez, Alkain eta bere lagunei ideiak ahitzen hasi zaizkie. Hori komiko hoberenekin gertatu izan da, eta nahitaez gertatu behar zun, programaren izena aldatuta ere. Zaila da. Langile talde ona bat, ongi ordaindua eta esketx bakoitza geniala izateko gaitasunarekin... hori, gauden bezala, ezinezkoa da. Erdimoduko gauzekin aurrera atera behar.

Bestalde: ikusi al duzue Goenkalen duten gidoilari zerrenda? Euskal idazleen krema eta gaina dago produktora horren soldatapean (Anjel Lertxundi, Harkaitz Cano, Andoni Egaña,...) eta begira zer ateratzen zaien. Hauetako gidoilari batek hitzaldiren batean aipatu zuen, Goenkale azkenean kulebroi bat besterik ez dela, eta beren lanean ez diotela burua asko nekatzen.  Haiek bai dutela dirua, teknikariak, antzezle finak, eta hala ere, kaka mokordoak besterik ez dituzte egiten. Nola liteke?

Iigo
Iigo dio:
2007/12/11 17:29

Hona hemen Estudio General de Medios delakoaren azken datuak, EITBk emanda (edo "salduta", batek daki) eta, jakina, etb24.com-ek ez du esaten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoakoak diren ala Hego Euskal Herrikoak:

"Euskarazko irratiei dagokiola, EGMren urteko hirugarren neurketak 128.000 entzule ematen dizkio Euskadi Irratia eta Gazteari. EiTB Irratiak, EiTBko musika eta kultura uztartzen dituen irratiak, 22.000 entzule ditu".

"797.000 ikusle ditu, bestetik EGMren arabera, Euskal Telebistak. ETB-2k 642.000 ikus-entzule ditu eta goranzko joera erakusten du eta ETB-1, berriz, 155.000 ikus-entzulek jarraitzen dute".

Hots: 150.000 pertsonek baino gehiago (Bizkaia irratia eta bestelakoak ere kontuan hartuz gero) entzuten du irratia euskaraz (nahiz eta Euskadi gaztearen musika gehiena erdaraz izan) eta 155.000k telebista ikusi (dagoeneko ia futbol onik ez dutela ematen, errealitatetik gertuago gaude datuetan, nahiz eta ATB eta bestelakoak faltan izan).

Hots, 2.250.000 edo 2.750.000 biztanletik (Nafarroa Garaia sartuta edo sartu gabe) %5,64 eta %6,89 bitarteko kopuru batek ikusten du euskaraz, gehienak umeak, nire ustez. Dena den, kalean (%14,2 Euskal Herrian) baino dezente gutxiago erabiltzen dugu euskara telebista eta irratiarekin. Bagenekien EITBk ez zuela batere ondo jokatzen euskararekin baina horrek euskaldunen ohituretan eragina ere baduela argi ikusten da mota honetako estatistiketan.

Hori bai, Andoni Ortuzar EITBko zuzendari negargarria (EAJ, EA, EB eta Euskal Herritarrok alderdiek aukeratua) orain Bizkai Buru Batzarreko arduradun egin nahi dute. Horrek bermatu behar al du Azkunak eta bestelakoek alderdiaren Euskara Plana bete dezaten?
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004