Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing / Dantza ikasketak non?

Dantza ikasketak non?

oier_a 2007/11/28 19:41

Argia, 2007-11-30

"Edozein ergelek zuzendu dezake estatu bat eta futbol entrenatzaile izateko karneta behar da?". Piterman-ek —futbol taldeak hondoratzen espezialista den ukrainiar aberatsak— mozkorren eta eroen pareko egiak esaten dituela frogatu zuen esaldi horrekin. Arrazoi osoa zuen. Titulu gabe ezinezkoa gertatzen zaigu lanpostu txukunik —presidentearena salbu— aurkitzea. Gaur egun edozer gauza ikasi daiteke eta edozein jakintza arlotan eskura daiteke ditxosozko agiria. Badira salbuespenak ordea. Euskal dantza tradizionalean adibidez, ez daukagu ez ikasketarik ez karnetik.

Azken urteotan gero eta Musika Eskola gehiagotan ari da dantza tradizionala irakasten. Ikasleek izena gogoz ematen dute, baina gero irakasleak aurkitzen lanak dituzte arduradunek. Dantza talderen batean ibilitako edozein dantzari esku zabalik hartzen dute. Udalaren menpeko Musika eta Dantza Eskolek arazoak dituzte kontratatu nahi duten irakaslearen titulazioa justifikatzeko garaia iristen denean. Dantzako irakasleak ez duela titulurik! Nola izango du ba titulu hori ez bada existitzen!

Bilboko Alondegian Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskola ezarriko dutela irakurri dugu prentsan. Antzerki eta dantza munduko hainbat lagunek plataforma bat osatu zuten horrelako eskola bat sortzeko eskaerarekin, eta Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak horren ondorioz, edo horren beharrik gabe, baina eskola sortzea erabaki du.

Antzerki eta dantza ikasketak egin ahal izango dira Arte Eszenikoen eskola horretan. Antzerkiari dagokionez interpretazio zein zuzendaritza espezialiteak irakatsiko dira, eta dantzari dagokionez dantza klasikoa eta garaikidea ikasketa lerroak eskainiko dira. Baina, dantza tradizionala ikasteko aukerarik izango denik ez da aurreikusi, edo gutxienez ez da jakinarazi lehen aurkezpenean. Zer ikasia eta zer irakatsaia badago, nork ikasia ere bai, baina Piterman eta presidentea bezala, dantzariak karnetik gabe gaude.

Zenbat lagun dago gaur egun euskal dantza tradizionala ikasten? Ez dut datu zehatzik aurkitu —aurkeztu berri den Kulturaren Euskal Behatokiak lagunduko al digu honetan?—, baina kalkulu batzuk egitera ausartu naiz. Nire inguruko herrietako datuak baditut, eta horien proportzioak beste herrietara zabalduta, kalkulatu dut Euskal Herri osoan 20.000 ikasle inguru egon daitezkeela dantza tradizionala ikasten. Dantza ikasleak bakarrik sartu ditut hor, ez ditut kontuan hartu dantza taldeetan dagoeneko dantzan —nahiz eta etengabe ikasten— dabiltzan dantzari helduak.

20.000 dantzari horiei guztiei irakasten makina bat dantzari, dantza-maisu eta dantza-maistra dabiltza. Horien kalkulua egitera ez naiz ausartzen, baina mordoska bat direnik ez daukat zalantzarik. Dantza tradizionala irakasten ari direnek bere intentzio eta borondate onena jartzen dutenik ezin da ukatu, baina ezagutza eta prestakuntza aldetik biluzik gabiltzala iruditzen zait. Ikasleak baditugu, baina irakasleak, jarduera horretarako ondo prestatutako irakasleak falta zaizkigu. Tituluak behar dira, baina horren aurretik —edo batera— formazioa behar dugu. Dantzari bezala hezkuntza kaskarra dugu gehienok, eta dantza tradizionaleko irakasle lanetan aritzeko ez ezagutzarik ez prestakuntzarik ez dugu. Tituluak formazio egokia ez du ziurtatzen, baina gutxieneko bat eskaini dezake, orain hori ere ez baitaukagu.

Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskolaren aurkezpenean esan zenez ikasgaien aukera zabaldu egin daiteke eskaeraren arabera. Hona ba eskolaren ateak ireki aurretik nire eskaera: dantza tradizionaleko ikasketak egiteko aukera eskain diezagutela.
etiketak: dantza
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter