Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing / Antzerkia zaborra balitz...

Antzerkia zaborra balitz...

Oier Araolaza 2008/01/14 00:06
Gaur antzerkian izan gara Izar eta biok. "Bremengo musikariak" ikusi dugu Elgoibarko Herriko Antzokian. Trenean joan gara —hori berez da emozionantea— eta lehenengoak iritsi gara txarteldegira. Ez da meritu handia izan, erantzun eskasa izan baitu deialdiak.

50 lagun ez ginen izango antzokian. Tripako mina egiten zait horrelakoetan, beraz, nahiago dut pentsatzea zerbaitek kale egin duela: propaganda ez dela ondo egin, egun eta ordua ez zirela egokienak —goizean krossa izan da Elgoibarren, 16:30ak goizegi izan daiteke iganderako—, auskalo... Izarrek eta biok behintzat gozatu dugu.

Antzerkia beti da esperientzia majikoa, eta umeentzat are gehiago, ia hipnotikoa esango nuke. Gaurkoak ere osagai erakargarriak zituen: istorio eder bat, elkarrizketa errimatuak, musika zuzenean, animalia hiztunak, lapurrak eta emozioa. Baina antzokia ia hutsik.

Izarrekin umeei zuzendutako antzerkiak ikusten hasi nintzenean —alegia, gaueko ordutegiari uko egin ondoren arratsaldekoa existitzen dela deskubritu nuenean— umeei zuzendutako ikuskizunen mundua apustu segurua zela pentsatu nuen. Antzokiak erraz bete eta ikusleak beti konforme. Gainera, hasieran erdi-purdiko lan batzuk —dantzako bat tartean, oso eskasa bera— tokatu zitzaizkidan, eta antzokiak beteta.

Baina azken aldian antzerki ederrak ikusi ditugu antzoki erdi hutsetan eta dagoeneko ez dut negozioa hain garbi ikusten. "Galipotx" musikalak —aktore-abeslari onak, montaje bizia, musika gustagarria— sarrera erdia bakarrik lortu zuen Eibarko Coliseoan abenduan, eta urrian berriz "Ni ez naiz txotxolo" Eibarren eta "Handitan" Elgoibarren —estreinaldia zen— ikusi genituen, eta bietan ere erdipurdiko sarrerak izan ziren. Pailazoek errazago betetzen dutela iruditu zait, bai Txirri, Mirri eta Txiribiton telebisiboak eta bai Pirritx eta Porrotx modakoak betekada eta ikuskizunerako bermeak dira, baina ospe gutxiagokoekin —Zirko Ttipia malabaristak ikusi dugu Ermuan azaroan— eta ahalmen eskasagokoekin —Poxpolo eta Mokolo Eibarren izan ziren orain hilabete batzuk— ere antzokia lepo. Titulu klasikoek ere —Hiru txerrikumeak eta Txanogorritxu ikusi ditugu Glu-glu-rekin— tiradizo handia dute.

Ermua, Elgoibar eta Eibar artean, umeentzako antzerki eta ikuskizun programazioa polita daukagu. Bergara, Azkoitia eta Debara ere joan izan gara antzerkia ikustera, baina normalean hiru horietan gabiltza eta iruditzen zait hiru herri hauek (eta Plaentxia?) bakarra bailiran erabiltzera jo beharko genukeela. Orain 15 urte Elgoibarrera dantza ikastera hurbildu ginenean Jose Inazio Sarasuak garbi esan zigun, udalak mankomunitateetan elkartu badira zaborrak biltzeko, ez daukala zentzurik behar gorriagoa duen kultura alorrean bakoitza bere kasa ibiltzeak. Debabarrenaturismo-ren agendan bateratzen da bailarako kultura programazioa, baina programatzaile eta komunikabide lokalek mugak zorrotz errespetatzen dituzte, eta erne ibili behar da auzokoaren eskaintzaz jabetzeko.

Datorren astean beste goxoki bat Coliseoan: Kartoibiraka Markeliñe-kin!

Iban Arantzabal
Iban Arantzabal dio:
2008/01/16 11:54

Nik ez daukat umerik baina gustura ikusten ditut ustez umeendako diren antzerki lanok. Ustez umeendako diot ze oso argi daukat familia antzerkiak direla. Amorrua ere ematen dit guraso gehienek "ordu libre" moduan ulertzen dutelako umeak antzerkian "abandonatzea".

Antzerki lanetan denetik dago, baina gauza onak egiten direla egi egia da. Nik Espaloian ikusi nuen azkena ere ona: Pizti domatzailea. Nik gustura ikusi nuen. Baliabide ezberdin hainbat, hari polita, aktoreak ondo, dekoratua, itzal jokoak, proiekzioa, euskara ona...

"Domador de monstruos" ipuinean oinarritua dago. Neskatoa (uste dut Eider edo Maider deitzen zela...) beldurtuta egoten da gauero. Argia itzaltzeak beldurra ematen dio. Munstroak ikusten ditu eta horiei aurre egiten saiatzen da. Polita.

Oier, lan horiek ikusteko sarrerarik ordaindu zenuen? Uste dut umeen antzerkiak direlako sarrerak doan jartzea errore handia dela... Inork ez du dudarik egiten Pirritx eta Porrotx ikusteko ordaindu egin behar deña, baina antzerki lanok ordaintzeko ez dakit ohiturarik sortuko den inoiz! Sortu beharko litzateke erakunde publikoek bakarrik beharrean pribatuek ere pausoak eman ditzaten umeendako programazioa handitzen.

Gari
Gari dio:
2008/01/14 10:42

Oier, ni ez nintzan enterau. Eta hori hain gertukoa izanda.

iturri
iturri dio:
2008/01/22 12:38

Kaixo:

Gaur ere jai daukat eta asteazkenean dudan mahaingururako materiala biltzen ari nintzela, hara nola ikusi dudan aproposa izan daitekeen mezua. Agian erabiliko dut, segun eta gauzak nondik joaten diren.

Donostiako kultur etxe eta teatrotan, adibidez, sarrerak kobratzen den zirkuitu bat dago (Antzoki Zaharra, Egia, Lugaritz, Altza) eta sarrerak kobratzen ez den beste zirkuitu bat dago (Intxaurrondo, Okendo eta Amara). Arrazoia da bigarren zirkuituko aretoek ez dituztela lehenengokoeen baldintzak.

Lokalismoa: herri batek besteari egiten dio konpetentzia, diru publikoarekin gainera, eta horrela ez dago modurik. Hitz argiak dantza irakaslearenak, Oier.

Aio.

oier
oier dio:
2008/01/16 17:27

Guk abuztuan ikusi genuan Pizti Domatzailea, Itziarren. Frontoian izan zan emanaldia, eta antzerkiak mamia zuela antzematen bazen ere, baldintzak ez ziren batere onak izan, eta emaitza kaskar samarra izan zen. Frontoiak ez dira antzokiak, eta gainera kasu horretan ez ziren saiatu antzoki itxura ematen. Ez teloi beltzik ez ezer, egun argiz (iluntasuna gaitzat zuen antzerkiak, eta dena argi!), audio txarra,... Lan bera beste nonbait ikusita umeekin esperientzia errepikatzera Itziarrera hurbildutako lagun batekin topo egin nuen bertan eta erabat zapuztuta zegoen. Hala ere Izarrek egunetan errepikatu zituen munstroen eta Eiderren pasadizoak.

Sarrerak? Bai, gogoan dudala emanaldi guztietan ordaindu dugu sarrera. 2,50 merkeenak eta 6 eurokoren bat ere tartean (helduen sarrera izango zen hori, ez dut oso ondo gogoratzen).

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter