ADDEko bazkide egin naiz
Zergatik?
Badira
hilabete batzuk martxan jarri zela ADDE eta luzaroan hausnartu dut
elkarte berri horretan izena eman ala ez. Euskal Herrian dantza
desegituratuta dago, elkarte gutxi eta ahulak ditugu, eta horrek ez du
batere laguntzen dantzaren egoera kaskarra iraultzen. Beste eskualde
batzuetan elkarte sendo bat izateak asko lagundu du sektorea bera
dinamizatzeko orduan.
Orain arte ezagutu ditudan elkarte
gehienak sektorearen alderdi zehatz bati begiratzen zioten. Batzuk
dantza tradizionala, edo garaikidea, edo klasikoa soilik hartzen zuten
kontuan. Beste batzuk lurralde zehatz batera mugatzen ziren, Gipuzkoara
bakarrik, edo Arabara…
ADDEk muga guzti horiek gainditzeko
borondatea erakutsi du. Euskal Herri osoa izango du jarduera esparru
eta dantza mota guztiak hartuko ditu kontuan. Beraz, hau ez da gai
zehatz baten inguruan jarduteko elkarte bat, hau DANTZAREN ELKARTEA da,
hitz larriz. Horrelako baten beharra geneukan eta uste dut elkarte hori
indartzeko modua bertan egotea dela.
Ez da bateraezina
Elkarte
batean egotea ez da oztopo beste batean ere egoteko. Nik Eibarko Kezka
dantza taldean egiten dut dantza, baina Argia eta Haritz taldeetan ere
bai (ahal izan dudanean behintzat). Ikerfolk elkartearen dinamikarekin
bat egiten dut eta Euskal Dantzarien Biltzarreko kide naiz Kezka dantza
taldearen bidez. Baina, horiez gain, orain Euskal Herriko Dantza
Elkarte Profesionaleko kide naiz. Onartu baldin banaute behintzat ;-)
Profesionala?
Elkarte
Profesionala dela dio ADDEk bere aurkezpenean. Horrek zer pentsatua
eman dit luzaroan. Dantzaren alorreko profesionalen elkartea dela esan
nahi du horrek? Zer da dantzaren profesionala izatea? Dantzatik
bizitzea bada, uste dut oso gutxi izan daitezkeela hemen eta orain
dantzaren profesionalak. Baina dantzatik baino dantzarako bizi gara
hemen asko, eta uste dut hori baino profesionalagorik ez dagoela. Nire
iritziz dantzari begira bizi garenak, dantza gure lehentasuna, gure
bokazioa eta gure interesgune nagusia dugun guztiok gara ADDEko kide
izateko egokiak.
ADDE behar dugu
Euskal Herriko dantzari eta dantzazaleok denok batuko gaituen dantza elkarte bat behar dugu. Eta hori ADDE izan daitekeela uste dut. Horregatik eman dut izena Euskal Herriko Dantza Elkarte Profesionalean.