Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing / Pristinako dantzen zipriztinak

Pristinako dantzen zipriztinak

Oier Araolaza 2008/03/13 08:25
Independentzia aldarrikatzera eta ospatzera atera ziren Kosovon. Bandera yankiak atera zituzten askok, eta kantuan eta dantzan ikusi genituen beste asko. Estatu Batuetako banderena azaldu, esplikatu, analizatu digute atzerri politika adituek eta ez adituek. Nik bandera kontuetaz ezer gutxi dakit eta, independentzia aldarrikapen horretan erabili zen beste sinboloa hartuko dut hizpide, dantza. Pristinako dantzak baditu eta bere zipriztinak.

Pristinako argazkiaren aurrean beste bat jartzera noa. 1990, Belgrad. Yugoslavian gerra bete-betean dago. NATOren indarrek Belgradeko azpiegiturak txikitzeko hegazkinak bidali dituzte. Yugoslaviako gobernuak giza babesa antolatu du, herritar zibilak bultzatu ditu bonben jo mugan jartzera erasotzaileak kokildu asmoz. Gau horietako batean, zibilek babesten duten zubi bat erakutsi du CNN-k. Ez dakigu hotzez ala beldurrez  dauden dardarka zubian daudenek. Hiru neska gazte agertu dira irudietan, jantzi tradizionalak dituzte soinean eta dantzan ari dira. “Kolo” bat, borobilean egin ohi den dantza tradizional bat dantzatzen ari dira, eta oso txukun gainera, dantzari bikainak direla antzematen da. 

Bonba azpiko dantza haien peskisan ibili da Lynn D. Maners antropologoa. Dantzarien janzkera Serbiako Sumadija nekazal eskualdekoa da, baina dantzarien prestakuntza onak eta eszenatokira begira findutako dantzakera dotoreak erakusten du Belgrad bertako dantza talde bateko kideak direla. 

Europako ekialdean, nazio-estatu modernoen formazio prozesuan, dantza komunitatearen iruditeria sortu eta herritarrak sinbolo jakin batzuen inguruan gotortzeko oinarrizko tresna izan da. Zenbait dantza tradizional hautatu eta nazioaren ikur bihurtu dituzte, eta haien goi mailako aurkezpena, dantzatzea, estatu-kontua bailitzan zaindu da. Dantza tradizionalak bere kontestutik atera, eta gizarte zibila antolatzeko eta estatu trinko baten irudia nazioartera zabaltzeko baliatu dira. 

Independentzia ospaketetan zein bonbardaketa gordinenetan dantzan ikusi ditugu. Dantza tresna politikoa izan da Yugoslavian eta hori nola gauzatu eta bideratu den azaldu digute etnokoreologoek eta antropologoek. Euskal nazionalismoaren bilakaeran dantzak jokatu duen paperak eta dantzari emandako erabilerek ikerketa lan mamitsua egiteko emango lukete. Baina euskal dantzak klinexak bailiran tratatu ditugu: erabili eta bota. Independentzia festarik ez dakit inoiz ospatuko dugun, baina harrituko nintzateke CNN-k dantzan harrapatuko bagintu. Ni behintzat ez nago zubi gainean dantzan hasteko.

Argia, 2008-03-16
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter