KEP eta dantza, nondik-nora gabiltzan
Kulturaren Euskal Plana (KEP) eta dantza kontuak zertan ziren kontatzen hastekoa nintzen, baina konturatu naiz horri buruzko azken kontua aspaldikoa izan dela. Izan ere, 2006ko azaroan egin genuen bilera Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak deituta dantzaren egoera aztertu eta jardunbideak zehazteko. Jaurlaritzaren enkarguz Xabide enpresak dantzaren sektorearen egoeraren diagnostikoa egiteko asmoz txosten bat prestatu zuen. Txosten hori aurkeztu ziguten azken bilera hartan, hilabeteko epea eman ziguten zuzenketak egiteko eta 2007ko otsailerako beste bilera bat egitekotan geratu ginen.
Xabidek egindako lehen txosten hura oso flojoa iruditu zitzaidan niri. Oinarrizko hutsuneak eta akatsak zituen, eta denbora galtzen ari ote ginen sentsazioa hartu nuen. Hilabetez jo eta ke jardun genuen kontra-txosten bat prestatzen eta halaxe bidali genuen epe barruan. 2007. urtea iritsi zen eta baita pasa ere, eta Jaurlaritzatik txintik ere ez. Azkenean pasa den otsailean eta martxoan bi bilera izan ditugu Eusko Jaurlaritzan. Atzerapenagatik barkamena eskatu ondoren gauzak non dauden eta nora goazen azaldu digute.
Aurreko txostenari egin zitzazkion zuzenketa eta kritikak barneratuta dantzarako plana osatu eta hori gauzatzeko urratsak ematen hasteko asmo sendoa dagoela esan ziguten. Dantzaren plana zabala eta asmo onekoa da, baina orain arteko aurrekariak ikusita gauzatzeko aukera gutxi ikusten dizkiot. Hortik ordea 3-4 proiektu estrategikori berehalako bultzada emateko borondatea agertu zuten Kultura Saileko ordezkariek. Iñaki Gomez-ek hiru proiektu nagusi nabarmendu zituen:
- Dantza-guneak
- Dokumentazio zentroa
- Hezkuntza
Dantza-guneak, dantza-etxeak, edo dena delakoak probintzia bakoitzean bana bideratzeko asmoa sendoa dagoela argitu zuten, eta kasu batzuetan, Gipuzkoan adibidez, bertako Foru Aldundiarekin ados jarrita, 2008an bertan lehen urratsak emango direla jakinarazi zuten. Formakuntza eta dinamizaziorako guneak izango dira hasiera batean, toki bakoitzean proiektua definitu beharko bada ere.
Dokumentazio zentroa
ri buruz, gauzak lausoago daude, aldez aurretik
zenbait erabaki estrategiko hartu beharko baitira. Lehenik eta behin
orain bertan dauden dokumentazio eta artxibo partikularen azterketa bat
egin beharko da eta horrekin batera alorrak norekin ezkonduko diren
argitu beharko da. Hau da, dantza tradizionala, garaikidea eta klasikoa,
hirurak hartuko dituen zentroa izan behar den; arte eszenikoekin ezkondu
behar den; garaikidea arte eszenikoekin eta tradizionala folklore
instituto baten baitan joango litzatekeen... Epe motzean hartu beharreko
erabakiak izango dira beraz, erabaki horiek nork hartuko dituen oso argi
utzi ez bazuten ere, baina iruditzen zait azkenean erabaki politikoak
izan beharko direla.
Hezkuntzari dagokionez, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin harremanetan hasita daudela eta gai horri serio heldu beharra dutela adierazi zuten. Lehentasunezko kontua da dantzaren alorrarentzat eta gai horretarako batzorde bat antolatu eta bilerak bultzatu beharko direla.
Hiru lerro estrategiko horiekin batera beste hainbat kontu biltzen ditu dantzaren planak baina zaila dirudi pentsatzea lehen urtean askoz gehiago egingo denik. Horiek eta gehiago bultzatu, bideratu eta gauzatzen joateko talde eragile bat sortu behar zela jakinarazi ziguten.
Talde eragile horretan Jaurlaritzako, Foru Aldundietako eta Udaletako ordezkariekin batera dantza sektoreko lau ordezkari egongo dira, bi dantza tradizionalaren alorrekoak eta bi ez-tradizionalekoak. Geure artean ados jartzeko eskatu ziguten baina zaila ikusten genuen horrelako adostasun batera iristea, eta beraz, azkenean Jaurlaritzak berak egin zituen proposamenak.
- Asociacion de Danza - Dantza Elkartea (ADDE)
- Gipuzkoako dantza profesionalen elkartea
- Euskal Dantzarien Biltzarra
- Dantzan.com
Dantza tradizionaleko ordezkari gehienek bere onespena eman zioten
proposamenari. Dantza klasikoko ordezkariek beren kezka agertu zuten
dantza klasikoa ez ote zegoen behar bezala ordezkatua, baina dantza
elkarteek jakinarazi zuten alor desberdinetako profesionalak daudela
beren elkarteetan.
Datorren astean dugu talde eragilearen lehen bilera.