No photos!
Utah-ko Unibertsitatetik etorritako ballet dantzari talde batekin ibili gara Aste Santuan Eibarren euskal dantzak irakasten. Dantzak irakasteaz gain saiatu gara batera eta bestera eramaten hemengo gauza batzuk ikus ditzaten, Zuberoara maskaradak ikustera joan ginen, Arratera lainoak eta euria ikustera igo gara, Bilbo, Donostia, Deba...
Ostegun santuan Deban geunden, aurretik deitu genuen
turismo bulegora eta eliza barrutik ikusteko aukerarik izango ote zen
galdetu genuen. Baietz, irekita izango zela. Bertara joan eta eliza
itxita. Turismo bulegora joan eta hura ere itxita!
Asteartean Eibarko arma museoa ikustera joatea proposatu genien eta
baietz, pozik
ikusiko luketela. Deitu genuen bertara eta aste santuan itxita dagoela.
Arraroa egin zitzaigun, opor egunetan itxita museoa, baina hasi gara
ohitzen. Dena den, Eibarko museotik asteartean mesede berezia egin
ziguten eta itxita behar zuen orduan guretzat irekin, bikain. Hasi gara
museoa ikusten eta Utah-ko dantzarien irakaslea pozik, halako pistola
nahiko berezia dela, ez zuela inoiz ikusi eta bere lagunei erakutsiko
diela. Atera du argazki kamera, baina berehala etorri zaigu arduraduna
eta debekua, ezetz, debekatuta dagoela argazkiak ateratzea museoan. "No
photos, no photos".
Ez dut ezer ulertzen. Benetan. Zergatik ezin daitezke atera
argazkirik arma museoan? Museoa Eibarko industria ekoizpena ezagutzera
emateko egingo zen ezta? Beraz, argazkiak ateratzeak helburu horretan
lagundu baino ez du egiten! Museoko zuzendaria banintz nik zera esango
nieke bisitariei: "Take photos please, egin argazkiak ahal beste eta
zabaldu mundura!!".
Arrazoia duzue, demonio. Estatubatuarrak Eibarren. Horrek gogora arazi dit New Yorkeko Metropolitan museoan armei eskainitako areto bat dagoela eta bertan Eibarko pistolak daude. Han lasai asko atera ahal izan nizkien argazkiak...