Daukanak ez daukanari, kolkoa bete madari
Gure aita otsailean hil zitzaigun, eta familiako Gabonetako tradizioak aldatu behar izan genituen, ondorioz. 37 urtez, nik uste, haren etxean elkartzen ginela bazkaltzeko, ez beti denok batera, baina bai behintzat, Natibittate egunez, lau seme-alabak aitarekin.
Aita barik, etxea ere salgai jarrita, antolakuntza berriak egin behar izan ditugu. Nire etxea jarri nuen boluntario, eta bueno, elkartu ginen batzuk. Paperezko mantela, plastikozko edalontziak: gabon proletarioak, betiko moduan alegia.
Urte berriarekin, bestalde, wasap talde batean baino gehiagotan ikusi dut modan jarri dela (ustez) animazioko katu batek abesturiko gabon-kantuena. Lagun bati grazia handia egin zion apenas ulertzen zuen bizkaierazko Urte-barri-barri batek, katuaren ahots bitxian... Gure aita zenak kantatzen zuen haren bertsio bat, eta, tira, gerorako geratu dadin, arbolaren aurrean grabatu eta abestera ausartu naiz. Horra, lotsa gitxirekin:
Uztarriaren urteurrenean, mahaingurua
Atentzioa deitu dit Uztarriatik mahaingururako puntu zerrenda luze bat bidali digutela, prestatzeko. Hementxe itsasten dut, publiko potentzialaren arreta pizteko:
-
Informatzeko ohitura aldatu da, baita informazioa ematekoa ere. Gero eta informazio iturri gehiago daude. Sare sozialekin "edonork" zabaldu dezake bere informazioa. Nahas-mahas horretan, zein da komunikabideen eta kazetarien egitekoa?
-
Batik bat, herrietako komunikabideak, eta komunikabide nazional batzuk, herritarren ekimenez sortu/abiatu ziren. Herri ekimen hori garrantzitsua da, eta bestelako herri ekimenen berri ematea ere garrantzitsua da komunikabide horientzat. Batez ere, tokikoentzat. Orain, Interneteko webguneetan txertatu diren parte-hartzeko atalekin (Komunitatea, esaterako) herriko taldeek-eta eurek eman dezakete informazioa. Baina, nola bereizi batzuen eta besteen lana (herriko taldeena-eta zein kazetariena)? Nola egin filtro lanak, alegia. Dena al da albiste?
-
Luistxok behin, behintzat, esan zuen honakoa: "Twitter-ik ez baduzu, ez zara kazetaria".
-
Twitter-en kazetari ez den asko dago berriak ematen. Denok al gara kazetari?
-
Halako sareetan-eta, informazio objektiboa bilatzen dugu, edo entzun nahi duguna esaten diguna?
-
Horri lotuta, nola egin behar da filtro lana?
-
Byung-Chuk Han pentsalari korearraren esaldia: “Twitter-en zarata gehiegi dago, eta pentsatzeko isiltasuna behar da". (Begiratu egin behar dugu zehazki nola d, Deiaren ed. elektronikoaren arabera: Chimæra berria)en esaldia, hau ez baita guztiz zuzena). Pentsatzen ahaztu zaigu?
-
Horren harira, nola egin bateragarri Twitter-eko zarata, eta pentsatzeko behar den isiltasuna?
-
Papera badoa euskarri bezala?
-
Komunikabideek zer egin behar dute bizirik mantentzeko? Borondatezko lana izan behar al du komunikazio-informazioak?
-
Interneteko hedabideak noraezean dabiltza. Hala nola, edukiak irakurtzeko ordaindu edo ez ordaindu probak egiten ari dira. Formula berrien bila ari dira. Nola ikusten duzue kontua?
-
Tokikoak/nazionalak eta txikia/handiak: denen arteko elkarlana behar al da?
-
Hizkuntza gutxituaren jabe izateak, euskaraz lan egiteak, nola eragiten du gaur egungo hedabideen testuinguruan? (Aurretik aipatu ditugun erronka horietan, alegia).
Blogista izatea, herritartasun agiri bat
Duela 10 urte, hemendik gertu, Bidebarrietako kaleko soziedade batean egindako afari batean plan bat aurkeztu nien Eibar.ORG elkartearen afari hartara etorri ziren lagunei.
Blog komunitate bat ireki behar zela. Eta egin egingo genuela.
Iragarpenak bi alderdi zituen.
Bata, teknikoa. Eibar.org-eko muin honetatik elkartu ginen zenbait lagun Interneteko enpresagintzan, eta blogen kontu hau enpresaren jarduna ere izan zitekeela pentsatu genuen. Hortaz, azpiegitura antolatzeko lana hartzeko gogoz geunden. Ikasteko, probatzeko.
Beste alderdia inportanteagoa zen ordea. Alde editoriala, nolabait esateko. Eibar.org-eko afarira etorritakoei esan nien. Blogak ZUEK egin behar dituzue, ZU, ZU eta ZU, boluntario, benga.
20 urte badira hemen dagoen baten bat Interneten hasi zenetik. Komunikazioaren aroan ordura arte ikusi ez zen promesa batekin hasi zen Internet: hartzaile guztiak, emaile izan gintezkeela.
Promesa teknikoa hor zegoen, eta baliabide batzuk ere asmatzen joan ziren: posta-zerrendena izan zen Eibarko internauta euskaldunen koadrila honek erabili zuen lehena. Eta Blogena etorri zen gero.
Gaur egunean, Interneteko promesa eta errealitate horren inportantzia funtsezkoa azpimarratuko nuke. Wasap erabiltzen dugu, eta komunikatzen gara, akaso tartean Internet dagoela konturatu barik.
Baina promesa teknikoaz aparte, Internetek beste zerbait behar du, orduan esan nuena: boluntarioen lana. Herritar boluntarioak ahotsa izateko prest daudenak, ez dutenak gehiago esango "honetaz ez du inork ezer esaten", baizik eta esan behar dena pertsonalki esaten dutenak.
Interneteko promesa, hiritargo parte-hartzaileago batek bete behar du. Izen-deiturekin eta ahots pertsonalarekin, artaldearen bozak jarraitu barik, pentsamendu, informazio eta iritzi pertsonala emateko prest daudenak. Horiek dira blogistak, Interneteko herritarrak.
Oraindik ez baduzue, hemen zaudetenon artean, zuen "herritartasun agiria" jaso, oraindik adin txikikoak bazarete komunikatiboki, oraindik ez baduzue blogik zabaldu; lasai, animo, laster bihur zaitezkete blogista, laster herritar eta hiritar, kexatzeko eskubidearekin, ideiak emateko erantzukizunarekin.
Eta Eibar.org-eko komunitatean beste hainbat lagunen berotasuna ere sentituko duzue, bide batez.
Primerako partidua Eibarren
Behin bakarrik izana nintzen Espainiako Primera Dibisiñoko partidu batean asteburu honetara arte. Aitarekin Real Sociedad - Valladolid bat ikusi nuen Anoetan, Egunkariako prentsa paseekin.
SD Eibar Primerara igo zela eta, behintzat partidu bat ikustea tokatzen zela erabaki nuen. Real Madrid edo holako bat etortzean zaila izango zelakoan, aurkari ez hain entzutetsu batekin, Levanterekin, aukeratu nuen. Seme-alabak gonbidatu baina alabak bakarrik onartu zuen. Eta joan ginen ba, larunbatean, Ipuruara. Lili harro zegoen Lili dioen Eibarren elastikoarekin. Eibarren askok dute, baina "pobreak," izen bakoak, eta horrek harroago jarri zuen alaba.
Partidua amaitzean pozik geratu ginen. 3-3 berdinketa: gol onak eta galdu ez genuen galdu. Azken uneko berdinketak zapore gozoa utzi zuen.
Baina dena ez da polita. Arbitroa gaizki egon zen, eta aurkari batzuk marrullero, baina hainbeste irain gure tribunatik... zatarra da hori. Ez dit gogorik ematen itzultzeko. Gola anulatu zigutenean ere, sekulakoak entzun behar izan zituen arbitroak. Baina, egia esanda, gure tribunatik ez zegoen modurik jakiteko jokoz kanpo izan zen ala ez (telebistako irudietan ikusten da, ez zegoela jokoz kanpokorik).
Bestalde, tribuna probisionala eraiki da Ipuruan (argazkian), eta susmagarri samarra da. Ez segurtasunaren aldetik, ezta hirigintzarenetik (kale erdia okupatuz), ez dakit nik guztiz fiatzekoa den hori. Susmoa dut futbolari gauza asko barkatzen zaizkiola. Gu ez ginen han jarri.
Levantekoak izkina hesitu batean egon ziren. Bandera beltz filonazi bat jarri zuten, Ultras LUD. Beste bandera normalago batzuk bazituzten, eta beltz hori bakarra zen, baina beldur pixkat eman zidaten. Partidua amaitzean Levanteko jokalari gehienak Ultra horien bazterrera joan ziren eskerrak ematera. Levanterekin jokatu zuten bi jokalari beltzak, ostera, ez ziren joan. Nire txaloa beraz Sissoko eta Diop aurkariei keinuagatik eta puntu saiatuagatik.
Eskerrik asko Felix Morquecho argazkilariari (DV) hau atera zigulako.
Haplotaldeak eta ahaideak [geno-4]
Genographic testarekin jakiten duzun datu nagusia zure haplotaldeak zein diren da: matrilineala eta patrilineala (bi, gizonezkoen kasuan, emakumezkoen analisian bakarrik matrilineala jakiten da). Haplotalde bat da, arbaso komun baten aztarna genetikoa daraman talde bat da. Milaka arbaso ditugu, eta haien guztien geneak ditugu, baina aztarna genetiko finkoak Y kromosomakoak eta mitokondrietakoak direnez, bi haplotalde motaz mintzo gara egiazki.
Aztarna genetiko horietan, mutazio bat gertatzen denean, azpi-haplotalde bat sortzen da. Horrela, haplotaldeak zuhaitz kladistiko baten eran antolatzen dira. Eboluzioaren zuhaitza ere, gaur egunean, horrela antolatzen da, animalia "moten" arabera baino gehiago, genetikaren arabera.
Ugaztunen zuhaitz honek erakusten du, adibidez, primate gisa ahaide hurbilagoak ditugula saguzarrak elefanteak baino.
Hala ere, haplotaldeen zuhaitzak, itxuraz antzekoak diren arren, esanahi desberdina dute. Ikus dezagun haplotalde mitokondrialen zuhaitz hau:
Ni, amaren partez, X2c taldekoa naiz, eta hortaz, ahaide hurbilagoa naiz X2a taldeko indiar amerikarretik? Ez. Saguzaharrak eta primateak bagara ahaide hurbilagoak, elefanteekin alderatuta, baina kasua ez da berdina haplotaldeekin. Eboluzioaren zuhaitz kladistikoan, populazioen genetikaz ari gara; haplotaldeen zuhaitz kladistikoan, pertsona indibidualen genetikaz ari gara, lerro matrilineal edo patrilinealen arabera transmititu diren gene zehatz batzuez.
Haplotaldea, modu figuratuan, leinu bat bezala ikusi daiteke. X2 leinukoa naiz, amaren partetik, eta euskaldunen %1 bakarrik omen da leinu horretakoa. Aldiz, Ojibwa indiarren artean, %25 dira X2koak. Horrela esanda, benetan harritzekoa dirudi eta, euskaldun euskaltzale indio samar bat naizen aldetik, harrotasun puntu baterako eman dezake... baina gauzak kontestuan jarri behar dira.
X2 izango naiz, baina horrek ez du esan nahi amaren aldetik lehengusu hurbilagoak ditudala Ojibwa indiarrak, euskaldun gehienak baino. Alderantzizkoa da egia: euskaldun gehienen ahaide zuzenagoa naiz, dudarik gabe, Amerikako indiarrena baino.
Kalkulu matematiko batzuk, Urkullu lehendakariaren ahaide ote naizen jakiteko
X2 markatzaileak adierazten du amaren amaren amaren lerroa... Lau 8 birraitona-birramona dauzkat, eta batengandik bakarrik jaso dut DNA mitokrondiala. Birramona hura zen X2 leinukoa, eta beste 7 arbasoak ba, ez dakit, estatistikoki aukera gutxi izatekoak, eta izan balira ere, haiengandik ezin jaso mitokondriak, iturri bakarrik baitatoz gene horiek, lehenago azaldu dudan bezala.
Egin dezagun matematika: 3 belaunaldi atzera joan, eta 2^3 (2 ber 3) arbaso ditut, 8 pertsona, eta 8ek pasatu didate arrasto genetikoa eta ahaidetza, baina bakarrak DNA mitokondriala eta X2 leinuaren marka. Egin dezagun atzera, 20 belaunaldi demagun, 500 urte edo, 1500 urteraino edo. 20 belaunalditan, esan nahi du nire arbasoak izan behar direla 2^20 (2 ber 20), hau da, 1.048.576 bir-arbaso. Ondo pentsatzen badugu, hau ez da posible: zuhaitz genealogiko horretan, lehengusu urrunen arteko parekatzeak egongo ziren (lehengusu hurbilenak ere bai, auskalo) eta izatez, askoz pertsona gutxiago izan behar dira, seguruenik, milioi hori baino.
Zenbat, ez dakit, populazio-genetista batek akaso kalkulu zehatzagoa izango da, baina demagun bakarrik 20.000 lagun direla benetan, garai hartako nire arbasoak: 1500. urtean bizirik zeuden 20.000 lagunek utzi dituzte geneak nigan. Igual oso zenbaki okerra da, baina utz dezagun, ariketa azaltzeko. Gauza bat dago argi, ordea, 1500. urtean bizirik zeuden pertsonen artean, bakarra da amaren aldeko amama matrilineala benetakoa, pertsona bat bakarra, eta haren X2 leinuko DNA mitokondriala da nik daukadana, emakumezko bakar horrena.
Orduan, nire ariketa hau errepika bedi beste edozein euskaldunekin. Adibidez, Urkullu lehendakaria. Seguruenik ez da X2 leinukoa (estatistikoki oso aukera txikia da). Baina 1500. urteko bere arbasoei begiratuta, bere 1.048.576 bir-arbaso potentzialetatik, 20.000 lagunera egindako murrizketa egingo bagenu, seguru-seguru bere jatorri bizkaitar horretan eta neure amarenean, kointzidentzia asko egongo direla. 1500. urtean Bizkaian bizi ziren pertsonen artean, estatistikoki oso posible da arbasoren bat izatea neuk eta Urkulluk. Hori bai, bere birramama matrilineala, seguruenik ez dator neurearekin. Hortxe dago koxka.
Hortaz, berriro begiratuta haplotaldeen zuhaitzari, irudiak adierazten duena hau da: amaren amaren amaren lerro matrilineal zuzenean, super-amama komun bat dugula x2c-ko guztiek. Eta X2c super-amama hori, benetan esistitu zen pertsona bat izan zela. Era berean, x2c super-amama (euskaldunen %1arena edo) eta x2a super-amama (Ojibwa indiarren %25arena), biak dira ondorengo zuzenak (matrilinealki), X2 taldea definitu zuen beste super-amama batenak. Euskaldun gehienon lerro matrilinealek N super-amaman egiten dute bat, duela 70.000 urte inguru.
Haplotaldeen zuhaitzean letra edo bifurkazio bat ikusten dugun bakoitzena, benetan esistitu zen pertsona baten aztarna erreala dagoela jakin dakigu, genetikatik, eta azken batean, denok gatozela Eba mitokondrial batengandik, duela 200.000 urte inguru bizi izan zen hiper-amama haren ondorengoak garelako gizaki guztiak.
Baliteke, Europako haplotalde mitokondrialen grafikoari begiratuta, Urkullu eta bion super-amama matrilineala N pertsona hori izatea. Ojibwatarrekin dudan super-amama komuna, aldiz, X2 (dudarik gabe hala da, Genographic-eko datuen arabera) agian duela 20.000 urtekoa da. Auskalo, beharbada Urkullu ere X2 taldekoa da. DNA analisatzera gonbidatzen dut hemendik.
Orain artekoak:
Sei abizen euskaldun, eta bi erdaldun [geno-3]
DNA analisia egiteko orduan, zertxobait espero nuen, aitaren eta amaren abizenengatik... Lerro matrilineala eta patrilineala aztertzen direnez nagusiki, gure aita eta amaren jatorri desberdinaren arrastoa espero nuen aurkitzea. Emaitzak pixkat paradoxikoak izan dira alde horretatik.
Hauek dira nire zortzi deiturak: Fernandez Ostolaza Zubimendi Sarasua Rubio Egaña Ibartzabal Arrate
Aitaren lerrotik datorkigu Fernandez, eta amaren partetik Ostolaza, nahiz eta, jakina, amaren deiturak ere maskulinoak diren azken batean. Hala ere, amaren amaren amaren aldetik, ez dugu zalantza handirik: Mallabiako zen ama, eta haren ama ere bai (amaren aita Ostolaza Itziarren jaioa zen: Gipuzkoako kostan zabaldua dago deitura hori, Ostolaza). Guk dakigunagatik, lerro matrilineala Oiz mendiarne inguruko Bizkaia baserritar, barnealdeko eta erabat euskaldunean kokatzen da.
Aitaren Fernandez eta Rubio horiek berriz... Aita Elgetan sortu zen, eta haren aita, gure aitita, izen espainol petokoa genuen: Agustin Fernandez Rubio. Izen espainola, baina Bergaran sortua eta euskalduna. Haren gurasoak ziren "kanpotarrak" eta, ustez, erdaldunak nahiz eta litekeena den euskara ikasiko zutela. Kanpotik etorritako maisu-maistrak ziren, aititaren ama Teresa Rubio Aragoikoa, eta aita Fernandez, uste dugunez arabarra. Arabar erdaldun eta Fernandez horretan amaitzen da nik dakidana letro patrilineala eta uste du gu familian, nolabait, ba "beheragotik igotako" Fernandez batzuen ondorengo izango zela hura, Espainiatik edo bederen Gaztelatik datorrela Fernandez izen hori. Fernandez de Zeozer formula arabarrekoa ere ez baita izena.
Orduan, bada, aitaren lerro patrilineala eta Y kromosomaren analisiak arrasto hegoaldetar eta espainol bat emango zidala uste nuen. Eta amaren lerro matrilinealetik analisatutako DNA mitokondrialak emango zigula zerbait autoktonoa eta euskalduna.
Eta hartutako sorpresa izan da, aitaren partetik, R1b haplotaldekoak garela, eta azpi-adar batekoak gainera, non euskaldun tipikoen ar/gizon gehienak sartzen diren (!). Eta amaren aldetik, berriz X2c talde exotikokoak garela.
Hona pare bat mapa, batak R1b taldearen azpitalde bat erakusten du (nire DNA hor sartzen da), eta X talde matrilinealaren mapa, izatez, are dispertsoagoa litzateke, baldin murriztuko bagenu nire DNA mitokondrialaren X2c taldera.
Paradoxa azalekoa da, egiazki
Hala ere, datu eta mapa hauek eragin didaten sorpresa eta paradoxa efektua, egiazki, azalekoa da. R1b euskaldunen artean hedatua dago, baina inguruan ere bai, Europako Mendebalde osoan dago zabaldua eta gure azpitaldea, berezikiago, Iberian eta Gaskoina aldean ere bai. Alegia, normala dela euskaldunak R1b izatea, eta baita ere, oso normala dela espainolak R1b izatea. Normala eta, areago ere esan daiteke, tipikoa ere bai, bi kasuetan.
Amaren aldetik ere paradoxa azalekoa dela uste dut: gutxiengo baten haplotipoa da X2C, baina %1 edo %2 baten markatzailea izan bada. Gutxi gara, baina bagara, eta zantzuak daude, gainera, aspalditik dagoela adar hori Euskal Herrian.
Hurrengo kapituluetan haplotaldeen saltsan sartuko naiz, aitaren eta amaren haplotaldeetan ikerketa egiten ari naiz, eta datuak bildu ahala joango naiz argitaratzen.
Orain artekoak:
Nola analisatu DNA Genographic proiektuan [geno 2]
Edozeinek analisatu dezake bere DNA, ordainduta, jakina. Adi, ez da merkea: 200 euro, biribilduta.
Kit bat erosi behar da National Geographic-eko sareko dendan, Europarakoa, zehazki. Aste pare baten buruan etxera iritsiko zaizu. Ireki, instrukzio labur batzuk ingelesez (grafikoekin), informazio orokor apur bat, eta eskuila txiki bi, flasko birekin.
Aho barruan, masailaren barruan eskuilarekin gogor eraginda, horrela lortzen da DNA. Bi eskuila daude, ezker eta eskuin egiteko eskatzen baitizute. Beraz, masail-barru bakoitzean eragin, eta eskuilaren muturra flaskoan sartu (beste ertzetik sakatuta, punta askatu egiten zaio). Bietako batean odola irten zitzaidan apur bat ("energikoki" egiteko esaten zuen instrukzioetan), eta lagina gorrituta joan zen horrela. Suposatzen dut kalterik ez zuela egin, odolean ere DNA baitugu, eta emaitzak lortu, lortu ditut. Baina tira, bi lagin hartzen badira badaezpada izango da. Prozedura honetan Lili alabaren laguntza preziatua izan nuen, eta interes bizia piztu zitzaion kontu guztiarekin, baita orain ere emaitzekin.
Flaskotxoak itxi, eta kit-ean jaso duzun gutunazal batean sartu behar dira. Texaseko helbide bat jarrita dauka han, eta hara iritsiko da postatik bidaltzen duzunean. Nik bidalketa arrunteko seiluak ordaindu nituen eta iritsi zen.
Kit-ean kode bat ere badago, eta kode horrekin Genographic webgunean konektatzen ahal zara. Hala egin nuen, baina jakina, emaitzarik ez zegoen hasieran. Halako batean, abisua, jaso zutela. Hurrengoan, DNA isolatu zutela. Gero, analisatu zutela eta azkenean, kontrol-test bat gainditu ondoren, txostena. Bost edo sei aste joango ziren horretan.
Emaitzak, beraz, Interneten dauzkazu, zure kodearekin sartzen zarelarik, deskargatzeko. Batetik, halako txosten labur bat jasotzen duzu, irudi batzuekin, eta baita CSV fitxategi batzuk, ze elementu analisatu dizkizuten eta ze emaitzarekin zehazten dutenak.
Gainera, emaitzak aberastu edo aldatu egingo dira denborarekin. Ondo ulertu badut, analisi genomikoan dakiguna hazten ari da denborarekin. Hain zuzen ere, analisi hauekin, lagin gehiago dauzkate, eta talde eta azpitaldeen historia genetikoaz gehiago dakite. Zenbat eta gehiagok egin testa, orduan eta emaitza hobeak. Horregatik, gaur egun baino gehiago jakin ahal izango dut, agian, sei hilabete barru itzultzen banaiz nire emaitzen analisi-orrira.
Baina bueno, hurrengo kapitulurako ez dut sei hilabete itxoingo, orain dakidanakin jarraituko dut hemen.
Oharra (emakumezkoentzat): zure DNA analisatu nahi baduzu eta emakumezkoa bazara, pentsatu pittin bat. Baduzu nebarik? Lehen kapituluan azaldu bezala, amaren jatorri genetikoa jakin daiteke DNA mitokondrialetik, eta hori denok dugu, gizonezko zein emakumezkook. Ostera, aitaren aldeko jatorri genetikoa bakarrik jakin daiteke Y kromosoma dugunon DNAtik, ar edo gizonezkoengandik. Horregatik, emakumezkoa bazara, nebaren DNA aztertuz gero, zeurea aztertuta baino datu gehiago jakingo duzu. Ez baduzu nebarik, baina semea baduzu, orduan jakingo duzu zure jatorri matrilineala (semeak zure DNA mitokondriala daukalako) eta baita zeure ume horren aitarena. Haur baten DNA analisatzea posible da, dokumentazioan ontzat ematen duzula sinatzen duzu eta kito. Jatorri patrilinealak ez badizu inporta, ahaztu gomendio hau.
Oharra (euskaldun alfabetatuentzat): Lehenengo kapituluan ADN eta ADNaz jardun nuen lehen bertsioan. Euskaraz DNA esan eta idazten da, eta artikulua duenean ere, berdin, DNA. Zuzendu dut hura, eta aurrerantzean ondo idatziko dut.
Genographic proiektuan DNA aztertu dut :-) [geno-1]
Genographic proiektua giza-populazioen jatorria ezagutzeko proiektu bat da, National Geographic erakundeak bultzatua. Test bat egin dut, eta emaitzak jaso ditut. Emaitza horiek ulertzeko gauza gehiago ikasi behar dut orain, eta artikulu batzuen bidez dokumentatuko dut hori nire blogean.
Lehenengo eta behin, saiatuko naiz azaltzen zer den Genographic-ek aztertzen duena.
DNA aztertzeko test bat da Genographic-ena. Etxera bidaltzen dizute kit txiki bat, instrukzio batzuekin (ingelesez), eta bi lagin itzuli behar dizkiezu postaz Estatu Batuetara. Handik bi hilabetera edo, emaitzak jasotzen dituzu sarean.
Batez ere, bi gauza aztertzen dira: pertsonaren jatorri patrilineala eta matrilineala. Gizonezkoa bazara hori; emakumezkoa bazara, matrilineala bakarrik. Bereizketa hau inportantea da ulertzeko, aztertzen den material genetikoarekin oso lotuta baitago.
Pertsona baten DNA bere bi gurasoen kromosometako geneen nahasketa bat da. Geneen erdiak amarengandik jasotzen ditugu, beste erdiak aitarengandik. Eta nahasketa aleatorioa da. Baina badaude bi DNA eremu non ez dagoen nahasketarik, Y kromosoma eta DNA mitokondriala.
- Y kromosoma da (batzuk) ar egiten gaituen kromosoma. Gizonezkook bakarrik dugu Y kromosoma, ez emakumezkoek. Eta aita batek semeari pasatzen dio, aldaketa eta nahasketarik gabe. Hau da, nire Y kromosoma aitarengandik jaso dut, eta hark bere aitarengandik, eta horrela, aitaz aita...
- DNA mitokondriala, berriz, zelulen barruan dauden mitokondria elementuetan dago, eta ez dago lotuta berez 23 kromosomen gizakiaren informazio genetiko orokorrarekin. Gauza da, mitokondrien DNA transmititzen dela osoki amaren bitartez, ez da nahasten. Hortaz, amak eman dit niri DNA mitokondriala, eta amari amamak eman zion, amaz ama transmititzen da hau.
Konbinazio edo nahasketarik gabe transmititzen dira beraz DNA zati espezifiko horiek. Ez dira eraldatzen belaunaldiz belaunaldi ez bada mutazio aleatorio bat gertatzen dela une jakin batean. Honek ondorio interesgarriak ditu. DNA, azken batean, kode bat da, kate luze bat non elementu batzuk konbinatzen diren, zehatz esateko lau nukleotido, bakoitza letra batekin azaldu ohi dena (G, C, T, A). Pentsa daiteke DNA zati bat dela esaldi luze bat, lau letrako alfabeto batez idatzia. Adibidez:
...TAGCGTTAAAAAAGTCAAGAAATCACAAGAAAACATTGGTTCTAAATTAGCCCTCGTCATGAAGAGTGGTAAATCCCAATTAGGTTA...
Testu bat dugu, azken batean, hor goian. Testu horretan, mutazioak puntualak dira, une jakin batean letra bat aldatu egin daiteke ausaz, eta harrezko haren umeei ere transmititu egingo zaie aldaketa. Demagun, aitita Albertok kode hau zuela:
AAAA
Baina seme bakarra izan zuen Albertok, eta AGAA mutazioa pasatu zion Gorka semeari. Gorkak, berriz, bi seme izan zituen, Gaizka, zeinak AGAA sekuentzia jaso zuen bere geneetan, eta Toribio zeinak, beste mutazio baten ondorioz, AGTA sekurentzia daraman.
Lau letrako sekuentziak izan beharrean, izan kontuan milioika karaktereko sekuentziez ari garela, eta hortaz, zaila dela mutazio bat toki berean gertatzea aurreko egoerara itzultzeko (nahiz eta posible den). Kontua da, mutazioen akumulazioa ondorengontzan ikusi egiten dela, eta AGTA sekuentzia duten guztiek, arbaso komun bat dutela, Toribio. Izatez, AGAA sekuentzia dutenen ahaide ere badira, baina aurreko belaunaldi batean, sekuentzia askoren konparaziotik ikusten baita lehenbizi gertatu zela AGAA mutazioa, eta ondoren AGAA-ren ondorengoen artean, batzuetan ikusten dela AGTA mutazioa.
Mutazio zaharrenak datatu dira horrela, eta era berean, segurantzia osoa dago, AGTA mutazioa duten guztiak direla, aita-seme oinordekotza maskulino zuzen batean, Toribio haren ondorengo, eta haren aurretik, halaber, Gorkaren ondorengo direla, eta lehenago, Alberto lehen patriarkaren ondorengo garela. DNA mitokondrialaren azterketaren arabera, adibidez, jakin dugu, benetan, denok garela, amaren-amaren-amaren arbaso lerroan, benetan Afrikan duela 100.000 eta 200.000 urte artean bizi izan zen emakume batengandik.
Eta, nagusiki, horixe aztertu dut nire DNAn. Hurrengo kapitulu batzuetan gehiago detailatuko dut, baina, aurreratzeagatik, amaren-amaren-amaren partez, X2 taldekoa naiz, Ipar-Amerikako Lakota/Sioux populazioaren %15 bezala (baina euskaldunen %1 edo %2 bakarrik, nonbait, gara halakoak). Beste modu batean esanda, Ekialde Hurbilean duela 22.000 urte bizi izan zen super-amama (benetako pertsona erreal bat, kontuan izan) baten ondorengo zuzenak garela (amaz amako lerroan) bai Lakota horiek eta bai neu.
Izotza ezagutu
Prentsan agertua, ama baten adierazpen estupidoak idazteko ohitura duen alaba bat duela eta... Eta Gabriel García Márquez hil da. Pentsakizun bat bi kontuak lotuz:
Ez da erraza nerabe izatea. Eta guraso izatea ere ez. Gaur gogoratu naiz nik teenager bat nintzela irakurri nuela Cien Años de Soledad. Eta Borges eta Cortazarren ipuin konpletoak ere. Inolaz ere ezin dut asmatu nola lortuko dudan nire seme-alabek halako bide bat jarraitzea. Galdutako aukeratzat daukat. Eta hala ere, sozializazioak ere izugarri kezkatzen gaitu gurasoak, eta notak eta ikasketak... Nik ere nahi nuke gogoratu nazatela etorkizunean, izotza ezagutzera eroan zituenean aitak, gogoratu dezatela arratsalde hura. Baina ez nago seguru non dagoen izotz magiko hori, edo niretzat magikoa izan daitekeena zer iruditu dakiekeen umeei.
Jose Luis Fernandez Zubimendi (Elgeta 1922 - Eibar 2014).
Elgetan jaio zen gure aita, Jose Luis Fernandez, 1922eko martxoaren 19an. 91 urterekin hil da beraz. Duela gutxi agertu zen medioetan, egun berean jaio zen beste pertsonaia bat, 2. mundu gerrako azken gerlaria (esan nahi baita, borrokatzen jarraitu zuen azkena), Hiroo Onoda tenientea. Hori ere aurten hil da, 91 urterekin. Albisteei erreparatu nionean fijatu nintzen bere jaiotzaren data bitxian, San Jose egunez, 1922 hartan jaio zelako gure aita ere.
Onoda tenientea ez bezala, gure aita ez zen sekula gerlari izan, eta ez zen errenditu, beraz. Eskopeta izan zuen, bai, kazaria izan zelako, baina afizio hori zorionez berarekin desagertu da familian. Gerra bizi izan zuen, bai, eta bera gazteen agertzen den argazkia Durangoko bonbardaketako hau da. Ez zaio igartzen, baina hor dago, Ezkurdi plazan, 15 urte bete berritan, 1937ko martxoaren 31n. Argazki hau duela gutxi ikusi zuen gure aitak. Hondakinen artean jaiki zen bonbardaketa igarota, zauri barik.
Gerra arte Elgetan bizi izan zen. Panaderokua etxean jaiotakoa zen, aita zuen Agustin, grabatzailea (Bergaran sortua), eta Juanita Zubimendi plasentziarra (gaur soraluzetarra). Gerran etxea galdu zuten, eta errefuxiatuta ibili ziren batetik bestera. Beste bonbardaketarik ere jasan zuten, adibidez Zaramillon (Bizkaia), baina aita ez zuten berriz hegazkinek sekula herrian harrapatu: hegaldietarako eguraldia bazegoen, Durangokoaz geroztik, basoan igarotzen zituzten eguna berak eta anaiek (Jose eta Miguel, biak sozialistak, gure aita ez bezala).
Aitita-amamak Errusiara zuzendu behar zen untzi baten zerrendan apuntatu zuten aita 1937ko udaberri hartan. Zorionez, Bilbo lehenago jausi zen, eta untzia galdu zuen. Gerra amaituta, beraz, Elgetara itzuli ziren eta ia etxea ere lortu bertan (alkate berriak bat eskaini zien), baina Bergarako falangista batzuek bestela pentsatu zuten eta aitita errepublikanoari ukatu egin zioten etxea, eta alde egin zuten (Elkoro delako jauntxo batek esan zion, gure aititari, "heuretzat ez daok etxerik hemen, hoia herrittik!"; irudikatu dezakezue noren aita izan zen hori). Antzuolan aurkitu zuten bizileku berria, eta handik mugituta, lehen lanbidea Eibarren topatu zuen aitak nerabe zela BH lantegian, ez bizikletak egiten baizik eta pistolak (gerra negozio handia zen Europan urte haietan). Urte beretsuetan Eibarko Eskola Armerian maestria industriala ere ikasi zuen aitak (azkarra zela uste dugu), eta geroxeago, soldadutza egitea ere tokatu zitzaion, 3 urte bata eta bestearen artean, Burgosen eta Donostian koarteletan.
Peripezia horien ondoren, bizitzako lanpostua aurkitu zuen: Alfan, josteko makinak egiten. Eta hantxe eman zuen lan-bizitza, jubilatu arte. Mallabiako baserritar batekin ezkondu zen (Joxepi Ostolaza), Logroñora egin zuten eztei-bidaia (aurrerago Madrilera ere joan ziren behin; aitak beste bidaia bat ere egin zuen Parisera behin Alfako talde batekin), eta Eibarko Bidebarrieta kalean bizitzen jarrita, lau seme-alaba izan zituzten: Agustin, Mariasun eta Ernesto jarraitu samar eta 3ak etxean, eta Ernesto munduratu eta 12 urte eta erdira, neu, Luis, Eibarko maternidadean. Aitari Jose Luis zeritzon, baina Luis esaten zioten, eta horregatik ni txikitan (edo familiarentzat) Luistxo nintzen, eta Interneteko aroan berpiztu nuen izen hau.
Bizitza osoan erre zuen tabakoa (akaso marihuana ere bai behin, ez dago argi); eta ardoa edan ere, azken unera arte, eta asko gainera. Modu nahiko harrigarrian, osasunez ondo eutsi zion azken urte hauek arte (baina aipatu beharko dut ama hil zitzaigula biriketako minbiziaz, erretzaile pasiboa izanik, suposatzen dut - erreprotxerik gabe esana, bide batez). Etxetik irtetea zaila izan zaionean ere, zainduta baina buruz argi, eta umorez (eta malaletxe puntuarekin), bizi izan da, lehenbizi Irma Ruiz kolonbiarrak zainduta, gero Mari Carmen de la Cruz dominikarrak. Azken gainbehera azkarra izan da, ez mingarriegia; urteberriarekin izan zuen beheraldia, eta gaur joan zaigun arte, jada ohean nagusiki.
Nik asko miresten dut nire aita, gizon zintzo eta langile bat izan da. Abertzale bat, bakezalea ere bai. EAJkoa izan zen, Francoren garaian propaganda banaketaren batean ere parte hartu izan zuen. Trantsizioatik ere jeltzale izan zen, baina EAra igaro zen, Garaikoetxearen aldekoa zelako. EArekin zapuztu egin zen gero, eta alderdi hori ere utzi zuen, Inaxio Oliveriren garaian (ez zitzaion gizon hori gustatzen). Beti izan zen ETAren kontrakoa, nik uste, baina zentral nuklearrik gabeko Euskal Herri bat lorpen bat izan zela entzun izan nion inoiz (seguruenik ez zituen une horietan Ryan ingeniariaren hilketa edo beste kasu batzuk kontuan hartuko).
Ia 55 urte zituela lortu zuten gurasoek etxea erostea. Ordura arte alokairuan bizi izan ginen. Ez zegoen diru asko, lau seme-alaba hazten nahiko lan, eta hala ere, egin zuten inbertsio esanguratsurik, bat estrategikoa, nik gehien eskertzen dudana: Eibarko Ikastolari lagundu zioten. Ni hara bidali ninduten, nire anai-arreba nagusiagoek eduki ez zuten aukera, eta Eibarko lokal batzuetan banatuta geunden umeek ikastetxea eduki genezan, dirua ere jarri zuten (dexente diru, gure etxean zegoenarentzako), eskola eraiki zedin. Ze suertea izan dudan horregatik, euskaraz ikasteagatik, beti eskertu ahal izango diot aitari.
Lau seme-alaba, eta hiru biloba (Ane, Peru eta Lili) geratzen gara haren oinordeko, denak harro aita eta aitita izan den gizonaren oroimenarekin.
(Asteartez, otsailak 25, Eibarko tanatorioan egongo gara bere kutxarekin, 11.00etatik 18.00etara; hileta katolikoa 19.00etan izango da Eibarko Karmengo elizan, gorpurik gabe. Erraustu egingo dugu eta familian barreiatuko ditugu errautsak, akaso Elgetako Asentzion, ikusiko dugu).