Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / Hirugarren Mundu Gerra Txinak eta AEBek borrokatuko dute eta nire alabak ilustratu du

Hirugarren Mundu Gerra Txinak eta AEBek borrokatuko dute eta nire alabak ilustratu du

Luistxo Fernandez 2015/10/19 15:51
Blogean ez dut asko idazten, baina bai dexente, azken aldi honetan, Mugikaria aplikazioan. Eta bide batez, baita tarteka ere Etzi.pm agerkarian (Mugikariaren 'partnerra' edukian) eta Sustatun ere. Artikulu horietako pare batean, alabak lagundu dit ilustrazioekin.
Hirugarren Mundu Gerra Txinak eta AEBek borrokatuko dute eta nire alabak ilustratu du

Artur Mas by Lili Manterola

Hauxe da artikulu horietako bat: Hirugarren Mundu Gerra Txinak eta AEBek borrokatuko dute eta horrela gertatuko da.
Tigre asiarra, arrano amerikarra, eta bi herrialdeen sinboloak nahasteko eskatu nion alabari. Igual ez da hain dotore geratu, baina ni konforme nago.



Beste artikulu bat, gogoeta politiko batekin egin nuen: Singularitatea. Kataluniako hauteskunde plebiszitarioen aurreko gogoeta bat.



Horretarako, estelada eta Artur Mas nahasteko eskatu nion alabari. Uste dut oso Artur Mas txuloa irten zitzaiola, oinarri gisa argazki bat erabiliz. Irudiaren bi bertsio erabili genituen, bertikala eta horizontala.

Irudi hauek Ubuntu ordenagailuan egin ditu alabak, Inkscape marrazketa bektorialeko programa doakoa erabiliz, marrazteko Wacom tableta gehigarria lagun zuela (arkatz optikoarekin). Inkscape eta Wacom-a Windows-en ere badabiltza.



Wacom-a opari tokatu zitzaion iaz 11 urte bete zituenean, eta horrez gain, klase partikular batzuk ere ordaindu nizkion, Pernan Goñi ilustratzailearen bitartez.

Alaba pozik dago, eta ni ere bai. Lan gehiago enkargatu behar diot jada 12 urte dituela. Beste inon baino lehenago ikusi nahi badituzue, instalatu Mugikaria app-a zuen mugikorretan.

Eta bide batez, liburu haren erreseina:

Hirugarren Mundu Gerra Txinak eta AEBek borrokatuko dute eta horrela gertatuko da

Oporretan irakurri dudan liburu bat, irakurketa arin eta entretenitu horietako bat: Ghost Fleet: A Novel of the Next World War. Tituluaren bigarren parteak argitzen du kontua, 3. Mundu Gerraren kontakizun bat da, 2030eko hamarkadan kokatua. Estatu Batuen eta Txinaren arteko gerra izango ei da Mundu Gerra hori. Ez baduzue jakin nahi nola amaitzen den, ez irakurri gehiago, ze spoilerrak daude artikulu honetan.

Ingelesez irakurri dut, epub-a aurkitzea erraza baita sarean. Kronikaren batean irakurri dudanez, paperezkoa oin-ohar mordoarekin dator, aipatzen diren armak eta kontuak dokumentatu egin dituztelako egileek, P. W. Singer eta August Cole analista militarrek, gaur egungo erreferentzia errealekin. Hortaz, gaur egungo teknologia eta analisi militarrak omen daude prospektiba ariketa honen oinarrian. Nire epub bertsioak ez zuen oin-oharrik, baina gaitzerdi: datu tekniko baten edo bestearen benetakotasunak ez dut uste asko ematen dionik liburuari.

Entretenitua egin zait liburua, baina, tira, ez du asko balio. Gauza batean asmatzen duelakoan nago, Txina eta Estatu Batuen lehia globala izan daitekeela 21. mendeko geopolitikaren ardatza. Baina hortik aurrera… Gerra hasteko eta garatzeko modua ez zait sinesgarria egiten. Japoniak eta AEBek II. Mundu Gerran egin zutenaren pareko kontu bat kontatzen zaigu: eraso asiarra Hawaiin (Pearl Harbourrekoa baino eraginkorragoa oraingoan, uharteen okupazioarekin), eta handik tarte batera untzidi amerikarraren kontraeraso bat indar txinatarrak txikitituko dituena (Midway-ko bataila izango zen horren parekoa II. Mundu Gerran). Horren ondoren, halako impasse arraro batean amaitzen da liburua (eta gerra): gerra aurreko posizio geopolitiko berdintsuetan geratzen dira Estatu Batuak eta Txina, eta hori da dena.

Hala ere, detaile batzuk baditu, ikuspegi prospektibo batetik interesa izan dezaketenak:

Ziber-gerra inportantea da gerraren eta nobelaren narratiban, espero daitekeen bezala. Eraso txinatarraren gakoetako bat da hainbat urtez Txinako lantegietan ekoiztu den hardwarea krakeatua dagoela, une jakin batean gaiztoen aginduen “kontrolpean” geratzeko. Urrutiko ziberkontrolaren kontu hau interesgarria da: liburuan, txinatarrek bakarrik egiten dute, jakin badakigunean (Snowdeni esker), izatekotan, orain, AEBek egiten dutela hori, gure Interneteko komunikazioak AEBetako NSAk kontrolatzen dituela. Hala ere, tira, hipotesi posibletzat jotzen dut: NSAk espiatzen gaitu darabilgun komunikazio tresneriari esker, baina Txinak ere bai akaso… ez nuke deskartatuko. Liburuan, ziber-gerrari buelta ematen diote amerikarrek Silicon Valleyko ekintzaile listoenek gerra-ahaleginean bat egiten dutelako eta super-operazio magiko batekin buelta ematen diotelako egoerari.

Ziber-gerraren beste osagarri bat da espazioko gerra. Txinako ahalegin espazialak poliki doaz, baina argi dago interesa dutela horretan aurrera egiteko. Liburuan, gerrako lehen ekintza da espazio-estazio txinatar batek satelite sare amerikarra suntsitzen duenean. Besteak beste, komunikazio sareak eta GPS sistema desgaitzen dute horrela.

Droneak ugari erabiltzen dituzte bi potentziek gerran. Airekoak, lurrekoak eta ur-azpikoak ere bai. Bereziki, erabaki autonomoak hartu ditzaketen droneak agertzen dira. Urrutiko aginterik gabe, adimen artifiziala* erabiliz erabaki autonomoak hartzen dituzten droneak, tiro egiteko autonomoak direnak. Arreta deitu dit honek, hain zuzen ere aurtengo udan publiko egin delako manifestu bat robot militar autonomoen debekua eskatzen duena. Argi dago liburuaren egileak ez datozela bat Steve Wozniak, Elon Musk edo Stephen Hawking-en eskaera horrekin. Izan ere, liburuan aipatzen da nola drone autonomoen garapena geldituta egon ei den AEBetan hainbat urtez, eta horrek gerraren balantza desorekatu duela Txinaren alde. Puntu horretan zein beste batzuetan, Singer eta Cole-ren intentzio argi samarra dirudi: teknologia militaristetan inbertitu behar dela Txinari aurre egiteko. Badirudi kontratisten propagandistak direla. Auskalo Pentagonoko aginte-postuetara iritsiko diren Trump presidente bihurtzen bada.

Teknologia eramangarria. Gaur egungo joera teknologiko batzuekin ere egiten da prospektiba apur bat eleberrian. Bereziki, mugikorretan oinarritutako itzulpen automatikoa garatua dago guztiz ingelesaren eta txineraren artean, eta Hawaii okupatzen duten txinatarrak horrela komunikatzen dira okupatuekin. Bestalde, Google Glass bezalako batzuen erabilpena globala da, marka amerikar zein txinatarreko gailuekin, kristo guztia dabil horiekin.

Kontestu historiko eta geo-politikoa ez da asko garatzen, baina pistaren batzuk badaude, gaurko mundutik gerra hori gertatu arte zer pasatuko den. Horien artean, gerraren kontesturako inportanteena da Txinan ez duela Alderdi Komunistak agintzen. Txinako erregimena “Directorate” bat da (Napoleonen Direktorioa bezalako zerbait?), eta aliantza bat ei da Txinako militarren eta oligarkia kapitalistaren artean, une jakin batean elkartu zirenak aparailu komunista gainetik kentzeko. Iraultza ez-odoltsu hori gertatu eta zenbait urtetara garatzen da liburuko gerra. Direktorio txinatar honek aliatu bat ere badu gerran, Errusia, baina konpartsa hutsa da garapenean. Europari dagokionez, lerro solte batzuk, kontestu geopolitikoan zentzu gutxi daukatenak. Liburuaren akatsetako bat da hau: ustez Mundu Gerra bat deskribatzen zaigun arren, azkenean Ozeano Barean kokatutako operazio militar mugatu batzuk deskribatzen dira, Txina eta Estatu Batuen artean, errusiarren eta poloniarren (!!) konpartsa paper batzuk tartean direla.

Kontestu historiko horretan, aipu pare bat islamismoaz. Batetik, badirudi islamismoarekin erlazionatutako munduko eremu legegabeen esparrua handitzen dela. Gaur Libia edo Siria izan daitezkeen bezala, etorkizune horretan Indonesia kaotiko bat omen dago hainbat fakzioren artean zatikatua. Ez dakit fantasia hau posible ote den, baina beldurgarri samarra da: Siriaren populazioa 15 bider da Indonesiakoa. Bestalde, badirudi une jakin batean eztanda nuklear “terrorista” bat gertatu izan dela: ez da asko esaten honi buruz, baina Dharango intzidentea bezala aipatzen da zenbait alditan liburuan (Saudi Arabiako hiri bat da Dharan). Eta beste detailetxo bat: Hawaiin amerikarren artean okupatzailearen kontra antolatzen den gerrila mugimenduak Muj edo Mujaheddin izena hartzen du beretzat.

Enfin, agian zain egon zaitezkete pelikularaino, liburua irakurri gabe. Prosa bastante txarra da, eta pertsonaien marrazketa, ezin topikoagoa. John Wayne 1950eko pelikuletan mintzatzen zen tono heroikoan ari dira pertsonaiak. Hori bai, emakumezko protagonista militar dexente daude amerikarren artean, baina horiek ere testosteronaz betetakoak ematen dute. Baina tira, batzuetan amerikanada lotsagabeak ere entretenigarriak izan daitezke, bereziki eszeptizismo pixka batekin hartzen baditugu.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004