Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / R1b haplotaldearen misterioa euskaldunen jatorrian (Geno-5)

R1b haplotaldearen misterioa euskaldunen jatorrian (Geno-5)

Luistxo Fernandez 2015/01/24 12:25
Duela ia urtebete idatzi nituen nire analisi genetikoaren inguruko mezu batzuk eta gero... hozten utzi nuen gaia. Baina KZjaia dela eta, kontua berpiztea erabaki dut.
 R1b haplotaldearen misterioa euskaldunen jatorrian (Geno-5)

R1b azpitaldeen zabalkundea Europan

Orduan idatzi nuen bezala, aitaren aldetik, patrilinealki, R1b haplotaldekoa naiz. Eta halako jatorri ez-euskaldun bat espero nuen arren Fernandez naizen aldetik, tipikoki euskalduna suertatu da emaitza. Euskal Herrian eta inguruan gehien zabaldutako haplotaldea da R1b. Hortaz, baliteke Fernandeztar horiek arabarrak izatea besterik gabe (lagun batek iradoki zidan bezala, erantzunetan), edo, bestela, jatorri karpetobetoniko jatorrago batekoak izanda ere, Espainian ere R1b aski barreiatua egonik, ez dago zertan harritu beharrik.

Nolanahi ere, nire lerro patrilinealaren gorabehera partikularra baino gehiago, R1b haplotalde tipikoki euskaldunaren historia bitxia eta misteriotsua kontatzera nator hona.

R1b taldearen mutazioa
, duela 18.000 urte inguru gertatu zen. Horrek esan nahi du, gizonezko zehatz eta erreal batengan mutazio genetikoa gertatu zela orduan, eta gaur, haren ondorengo zuzen-zuzenak garela mapa honetan agertzen garen populazioen portzentaiak. Maparen esanahia literalki ulertu daiteke: inguru ilun horietan, gizonezkoen erdiak baino gehiago patrilinealki gizon berberarengandik gatoz.

(1. irudia)



Punturik ilunenak, beraz, Europa mendebaldean ditugu (nolabait zentratuta Euskal Herriaren inguruan) eta halako bi puntu bero bitxi, bata Ural mendien inguruan (Baxkir herriaren artean) eta bestea Afrikako Sahel aldean: Niger iparraldeko etnia batzuen artean, oso hedatua dago, Boko Haram-ekoak gaur egunean dabiltzan lurretan, kurioski.

R1b haplotaldearen hedapen hau ulertzeko, duela 10 bat urte, teoria bat zen hedatuena. Europako mendebaldeko haplotaldeei begiratuta, bai orokorrean R1b-en zabalkundea ikusirik, eta baita populazioz populazioz haplotalde nagusiak ikusirik...

2. irudia

3. irudia

 

Erraza da ondorioztatzea, R1b-eren zabalkundea, Europako mendebaldean, euskaldunen ondorioa dela. Zuhaitz zahar honek hala adierazten du, adibidez:

4. irudia



Babesleku franko-kantabrikoaren teoriarekin egiten dugu topo hemen. Duela 14.000 urteko glaziazioaren une larrienean, Europako populazioa gune oso txikietan baizik ez zen bizirik geratu, eta izotzak desagertzean, duela 12.000 inguru, Europa babesleku horietan zeudenen populazioekin birpopulatu zen. Hortaz, hipotesi horren arabera, Europan zabaldu zen R1b, azken glaziazioaren ondoren babesleku kantabriarrean babestutako populazioa zabaldu zenean. Zabalkunde eskema argi bat adierazten dute koloreek hain zuzen, 2. eta 3. irudietan. Badirudi R1b ageri-agerikoen gure inguruan dagoela, eta Euskal Herritik urrundu ahala gutxitzen doala.

Irakurketa hori nahiko zabaldua dago "dibulgazio orokorrean" oraindik ere. Irlandan eta Euskal Herrian R1b gehien topatzen da, eta hortaz, halako konexio eusko-zeltiko bat egon behar da horren jatorrian, gero beste herri batzuen etorrerak zokoratu zuena.

Analisi genetiko komertzialak egiten zituen lehen enpresa 23andMe izan zen, Silicon Valleyko ekimen bat (fundatzaileetako bat, Googleren sortzaile batekin ezkondua), eta promozio gisa Techcrunch blog ezaguneko sortzaileari 2008. urtean eskaini zioten testa: R1b suertatu zen Michael Arrington (r1b1c, zehazki), eta emaitzak argitaratu zituen Techcrunch-en. Bertan azaltzen da, trikuharri baten irudiarekin, 23andMe-k Arringtoni kontatu zion historia. Europako Hegoaldean "murriztuta" egon ondoren glaziazioen garaian, R1b zabaldu egin zela Europako Mendebaldean zehar 12.000 urteen bueltan.



Kontua da, irakurketa hau zaharkitu geratu dela. Eta nola!

R1b haplotaldearen lehen mapa eta irakurketa hauek egin zirenean, duela 10-15 bat urte, munduan analisatutako DNA pertsonalak milaka gutxi batzuk izango ziren. 2015 urte honetan berriz, eta ororen gainetik, Genographic proiektuak aztertu dituenekin, milioi bat analisi izango ditugu: 700.000 baino gehiago Genographic-en bakarrik, tartean neurea. Biderkaketa esponentziala gertatu da.



Gainera, analisi hauek batez ere ordaindu egin dugun boluntarioek egin ditugunez (eta erakunde anglofono baten baitan), analisatuen artean Europako Mendebaldean (eta bereziki Britainiar Uharteetan) jatorria dutenak laginaren parte handi bat dira. Estatistikoki, beraz, R1b izateko aukera zuten gizonezkoen artean gertatu dira analisi asko eta asko. Dozenaka milaka analisi, bakarrik R1b populazioaren artean.

Honek, R1b-en barruan gertatu izan diran azpi-mutazio eta adarkatze ugarien koadroa asko handitu du. Argitu ere bai, zentzu batean, baina batez ere, biderkatu eta ugaldu.

Hona, R1b-ren zuhaitz filogenetikoaren gaurko irudi ba, eta konparatu goiko 4. irudikoarekin.

5. irudia



Guri interesatzen zaiguna, Euskal Herrian zabaldua dagoen DF27 azpitaldea da, Ibero-Atlantic gisa zehaztua zuhaitz horretan. Ikus dezagun, beraz, DF27 azpitaldearen zabalkunde mapa:

6. irudia



Glaziazioko babesgune kantabriarra izan balitz R1b-ren Europako zabalkundearen iturria, ez luke zentzurik DF27 izatea gure inguruko azpitalde nagusia, haren "aita/guraso" diren talde zaharragoak baitaude barreiatuta Europan.

Europa mendebaldean dauden adin bertsuko lau talde hauen mapak ikusten baditugu...

7. irudia


Izatez, R1b azpitaldeen adin eta hedapenak oso bestelako irudia erakusten du. Europa ekialdetik zabaldu zen R1b mendebaldera, eta denboran oso berria den azpitalde bat da R1b-DF27, Euskal Herrian hedatuen dagoena.

Goiko lau mapa horien arteko erlazio kronologiko eta filogenetikoa ulertzea interesgarria da. Zuhaitz honek erakusten digu:

8. irudia

L11 mutazioa, duela 4.500 urte inguru gertatu zen, eta haren azpi-mutazio bat, S21 delakoa, da goiko mapan herri germanikoekin bat datorrela erakusten duena. Beste hiru zabalkunde handiak, DF27 euskalduna, S28 eta L21, berriz, tarteko beste mutazio extra batekin ere identidfikatzen da, S116 gisa identifikatua (beste nomenklatura batzuetan P312 izenarekin ere izendatua).

Zabalkunde honen azalpen argiena Eupedia foroan aurkitu dut, bertako erabiltzaile baten testu honetan. Sentitzen dut erreferentzia zientifiko serioagorik topatu ez izana, baina hauxe da dagoena.

Funtsean, Maciamo erabiltzaileak R1b-ren Europako adarrak jarri ditu mapan, eta kronologikoki antolatu, azaltzeko, ekialdeko estepetatik zabaldutako zenbait kulturarekin, eta, bereziki, indo-europarren etorrerarekin, uler daitekeela Europako R1b-en hedapena.

9. irudia


Ekialde hurbileko, Kaukasoko eta estepen inguruko kontakizuna interesgarria da baina, euskaldunoi dagokigunez, maparen mendebaldean gertatutako R1b-en zabalkunde bitxiaren unea eta modua ulertzea interesatzen zaigu.

Lehenengo eta behin, L11 izeneko azpitaldearen mutazioa daukagu (ikus 9. irudiko mapan). Duela 4.500 urte inguru gertatu zen, Europa Erdialdean. Mutazio horren ondoren, beste bi mutazio nabarmen ikus daitezke, U106 delakoa, eta bestea P312 delakoa, zeina, era berean, 3 azpitalde nagusitan banatu zen, oso jarraian: DF27 (geurea), U152 eta L21. Gizaldi gutxiren buruan, beraz, L11 mutazioa zutenak, beste lau mutaziorekin identifika daitezke nagusiki, eta mutazio hauek guztiak duela 4.000 urte inguru gertatu ziren.

Berriz itsatsiko dut goiko mapa, erakusten duena L11ren ondorengo zatiketa, eta azpitalde bakoitzaren hedapena Europan:



Nahiko bitxia da talde-etnolinguistiko zehatzen historia eta zabalkundearekin lotzea dagoela talde hauetako bakoitza: herri germanikoak, uharteetako zeltak, italo-zeltak eta, DF27ren kasuan... euskaldunak?

Indoeuropearrek garai horretan Europa Mendebaldea okupatu zutela ere ondorioztatu daiteke, eta, bereziki, P312ren hiru azpi-adarrak, nolabait, zelten zabalkundearekin identifikatu daitezke. Gertatzen dena da, DF27, hirugarren adar hori, zeltiberiar baino gehiago, geografikoki eta gaur egungo populazioaren arabera, tipikoki euskalduna dela, inolaz ere ez zelta.

Perplexitatez bete behar gintuzkeen paradoxa dugu hemen: R1b taldeen hedapenak, ekialdetik mendebaldera, indo-europearren zabalkundearen kointziditzen du. Mendebaldeko azpitalde nagusien kasuan, gainera, herri germaniar eta zeltikoen zabalkundearekin, are modu zehatzagoan. Salbu eta... gu: euskaldunok, DF27 azpitaldekoak.

Maciamo berak azalpen bat eman du Eupedian, nola izan daitekeen hori.

Bere hipotesian, R1b inbasioa edo populazio-olatua irisi zenean gure ingurura, zeltiar zaldun gerlari batzuek, menperatu egin zituzten Iberian aurkitutako herriren batzuk, eta gizonezkoak hil zituzten: emakumeez jabetu ziren, nolabait. Pre-euskaldunak izango ziren talde hori, edo talde horietakoren bat. Zeltiar zaldunek menderatuak, gizonezko pre-euskaldunen jario genetikoaren parte handi ezabatu egin zen, eta zeltiarren lerro patrilineal R1b-tarrak nagusitu ziren. Gainerakoan, euskaldunen beste bereizgarri genetiko batzuek eutsi zioten, lerro matrilinealetan batez ere; eta hizkuntzari dagokionez, emakume pre-euskaldun eta inbaditzaile gizonezko zeltiko haien arteko ondorengo belaunaldiek pre-euskaldun izaten jarraitu zuten. Jario genetiko patrilinealaren ordezkapen handi bat egon zen, baina ez hizkuntzaren ordezkapena.

Duela 4.300 edo 4.000 urte artean gertatuko zen, datu genetikoen arabera, Macianok deskribaturiko gertaera dramatiko hori.

Horrela gertatu ote zen? Nik ez daukat daturik Macianorena zuzen ala oker dagoen asmatzeko. Datu bat argia iruditzen zait ordea. Duela hilabete batzuk, azkenean dexente atzeratu den artikulu honetarako prestatzen, bilera bat izan nuen Gasteizen bi irakaslerekin, Joseba Lakarra hizkuntzalariarekin eta Alvaro Arrizabalaga historialariarekin. Biak oso eszeptiko agertu ziren azaldu nizkien mapa eta kontuekin; oro har, esperantza gutxi azaldu ziten analisi genetikoek euskaldunen historia eta aurre-historia asko argituko ote duten.

Ulertzen dut eszeptizismo hori. Duela 4.200 eta 2.000 urte inguru gertaturiko ebento batzuen inguruan, ezer garbi ez dagoenean, profesore hauek ez dute ontzat emango espekulaziorik. Stricto sensu, bestalde, euskaldunak euskararen herria garenez, esan dezakegu euskaldunen lehen agerpen historikoa Akitaniako esteletako euskara-antzeko testuetan dagoela. Ondoren, autore klasikoen testuetan agertzen diren baskoi (vascones), barduliar, karistiar eta ingurukoak, akaso lotu daitezke euskaldunekin (batez ere baskoiekin). Euskararen antzinate aztarnetatik osa daitekeen proto-euskararen errekonstrukzioa, bestalde, gure aroko (kristo ondorengo) 4. edo 5. mendean jar daiteke, itxura batean, eta Nafarroan. Akitainera izan daitekeen pre-euskara horren eta Nafarroako proto-euskara horren artean zulo handi bat ere badago, Erromaren nagusigoaren garaia hain zuzen, non hizkuntzaren egoeraz ezer ez dakigun.

Garai hori, erromatarren garaia, gugandik 2.000 urtera dago. Eta R1b haplotaldearen ezarpena, beste 2.000 urte atzera eginda. Oso oso zaila izango zaigu zer izan zen argitzea. Hala ere, nik uste paradoxa genetikoa argia dela. Azalpen bat izan daiteke Macianok dioen hori: "inbasio maskulino" zelta bat pre-euskaldunen artean nagusitu zen, lerro patrilineal gehienak ordezkatuz; baina inbasioaren ondorengoak asimilatuak izan ziren herri haren hizkuntzan. Ba ote dago beste azalpenik? Beharbada bai.

Ezjakintasunetik, bota dezadan disparate bat: DF27ren zabalkundea ez da horrenbeste euskaldunen zabalkundearen aztarna bat, baizik eta barduliar eta karistiar herriena, eta herri horiek, demagun, zeltikoak ziren osoki (beharbada kirtenkeriak ari naiz esaren, baina permititu eidazue, mesedez). L21 taldearen markak britainiar uharteetako sustrato zeltiarra adierazten duen bezala, Bizkaiko Itsasoko honek ere herri zeltiko batzuena adierazten du. Gero, nolabait, erromatarren garaiko hizkuntza-panoramaren iraultza eta ordezkatze masiboan, Iberiako gainerako hizkuntzak bezala galdu zituzten herri haiek euren mintzaira zeltikoak, baina gure paraje hauetan hizkuntza-ordezkapena, latinaren eskutik etorri beharrean, akitaniar-baskoien ezkutik etorri zen. Paragrafoaren hasieran nioen bezala, disparatetzat har ezazue.

Eta hala ere, zerbait egon behar du. Eta nik uste dut, genetikaren ildotik gehiago jakin ahal izango dugula. Duela 10 urteko ikuspegia zen R1b zabaldu zela "glaziazioko babesgune kantabrikotik". 100 bider datu gehiago ditugunean, badakigu ez zela horrela izan. Datu kantitatea inportantea da.

Genographic testa egin duen beste inor ez dut ezagutzen pertsonalki: euskaldunon analisiak x100 biderkatuko balira, askoz gehiago jakingo genuke. Eta, era berean, askoz gehiago jakingo dugu eneolitiko, brontzearoko eta burdinaroko aztarnategietatik material genetikoa lortzeko teknikak eta moduak biderkatzen badira. Antzinateko eta gaur egungo analisi genetikoen biderkatzetik, gehiago jakingo dugu euskaldunen jatorriaz.

Goragoko eskema eta mapa gehienak, eta erabili ditugun hipotesi eta misterioak, DF27 haplotaldearen zabalkunde eta kokapenaren ingurukoak dira. Baina izatez, dagoeneko DF27 talde "euskaldunaren" azpitaldeen adarkatze oso bat ari da azaltzen. Azken 4 milurteetako mutazio berrienen mapak, kronologiak eta zuhaitz zehatzagoak ikusiko ditugu hurrengo urteetan.

Hau da, nonbait, DF27ren azpizatiketaren eskema bat. Nik uste dut nire azpitaldea, R-CTS7768 Genographic-en arabera, izenekoa, hor nonbait dagoela, agian C7768-rekin identifikagarria, baina ez nago oso seguru.

10. irudia



Lagun batek dioen bezala, informazio gehiegitasunetik informazio zehatza ateratzeko modu bakarra dago: informazio gehiago pilatu. Horixe behar dugu, informazio gehiago, datu genetiko gehiago, adar konplikatuagoak, azpitalde gehiagoren mapa xeheagoak, mutazioen kronologia eta geografia lotuko dituztenak.

Ez da merkea norbearen genetika analisatzea, baina nik animatzen zaituztet. Prozedura azaldu nuen hemen.

Kontestu apur bat, amaitzeko:

Eta nire geno-artikuluen segida:

etiketak:
Haritz
Haritz dio:
2015/01/24 19:41
Ze interesgarria Luistxo.

Gaur deskubritu dut DNAri eta Genographic egitasmoari buruzko zure artikulu sorta, eta jakinmina piztu didazu.

Banoa besteak ere lasai-lasai irakurtzera.

Ongi izan!
Maju
Maju dio:
2015/06/26 20:19
Erloju molekularra ez da fidagarria. Egiaz ez dakigu hain zaharra zenik R1b-a eta bere subkladuak. Batzuk esaten dira Paleolitikoa dela, beste batzuk Neolitikoa.

Baina, edozein kasuan, Eupediaren hipotesia, Estepa Pontiko etortzen dela Ekialdeko R1b haplotaldea (L11) esaten duena, derrigorrez faltsua da. Hipotesi hori indoeuropeista da baina arazo haundia dauka: Estepa Pontikoaren R1b ADN zaharra ez da L11 baina beste haplotaldekoa (Asiako kladu batena).

R1b-a haplotalde handi bat da, sub-haplotaldeak daukadan Asian, Afrikan eta Europan, eta Asiaren Mendebaldean hasi zen ("coalesced") inork ez daki noiz. Adar bat, M269, Europari etorri zen Balkanetatik. Adar hau bi sub-adarrak inportanteenak dauka: S116 (Frantzian zentratuta) eta U106 (Holandan). S116 R1b sub-adarra inportanteena dela zenbakiaz, Mendebaldeko Europar gehiena daukagula (bueno, nik ez dakit zihur baina 90% posibilitate daukat nire aitaren aitona euskaldun jatorra zelako).

Zuk azaldu duzula, S116 hiru sub-haplotalde inportanteenak dauzka: DF27 (euskal-iberiarra), M529 (breton, irlandar eta britanikoa) eta U152 (Alpeetaren inguruan).

Ezagutzen baduzun bezala, idazten dut aste honetan artikulu bat azken EHU-ko ikerketa bati buruz (ingelesez): http://forwhattheywereweare[…]knowledge-of-major-r1b.html
Jon
Jon dio:
2017/07/08 00:24
Kaixo.
Artikulu interesgarria idatzi duzu, baina zeltetan oso zentratua eta nire ustez faltsua dena. Alde batetik zeltak izan diren edo orain zeltak diren herriak ez dira beti zeltak izan, eta Euskaldunena ez da R1b haplotipoa ez dela ez zelta eta ez indoeuropearra nabarmenki erakusten duena. Iberiarrak ere ez zieren zeltak eta penintsula iberiarreko ekialdean da R1b da nagusi, (bertan iberiarrak bizi ziren eta ez ziren indoeuropearrak). Eskoziarrak ere VIII. menderarte ez ziren zeltak ezta indoeuropearrak ere eta Irlandarrak berdin. Beraz, oso oso arraroa da naiz eta gaur egun zeltak edo kultura zelta duten herriak R1b haplotipoa izan, haplotipo hau zabaldu zenean indoeuropearrak ez izatea.
Bestalde konkistatzaeleek, beraien hizkuntza esartzen dute normalean, batez ere gizonezkoen populazio osoa akatzen duten konkistatzaile ankerrak badira. Kasuak ehundaka daude, baina bat Amerikako "latinoak" dira, normalean hauek gizonezko arbasoak europearrak dituzte eta emakumeskoak indiar natiboak, ez dute baina inoiz Amerikako hizkuntza mantendu, hizkuntza europearra mantendu dute. Berdina gertatzen da Kanariar irletan ere.
Ez da munduan inoiz gertatu (ez dago behintzat dokumentaturik) konkistatzaileek konkistatutako gizarteko gizon guztiak akatu eta emakumeen hizkuntzak aurrera egin duenik, eta ala eta guztiz badirudi teoria honek dioenez europa mendebalde osoan justu hori gertatu zela. Zinezgaitza benentan.
Argi daukat ezin dela gaur egungo zabalkunde kulturalekin orain dela 4000 gertatutakoa azaldu, gutxiago tarte horretan zer gertatu den ez badakigu.
Fernandez abizena duzula eta Arabarra izan daitekeela diozu, edo Errioxarra, edo Burgosekoa edo Aragoi iparraldekoa... leku guzti horreitan egiten zen Euskaraz eta...

Ondo izan.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hamar gehi lau? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.