Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / 2015eko aurkikuntza genetiko esanguratsuak (Geno-6)

2015eko aurkikuntza genetiko esanguratsuak (Geno-6)

Luistxo Fernandez 2016/01/06 10:20
Ez diot kasu askorik egin blogari azken hilabeteetan, ezta nire azterketa genomikoaren sortari ere. Baina antzinako genetikan azterketa berriak egiten ari dira, eta datu esanguratsuak argitaratu izan dira 2015ean zehar, azkenengoan doi-doi urtea amaitzera doala. Laburpentxo bat merezi dutelakoan, hona 3 aurkikuntza inportanteren berri. Pertsonalki, gainera, zirrara berezia sentitu izan dut aurkikuntza hauekin nire haplotalde matrilineal eta patrilinealen historia antzinakoarekin zerikusia duten datuak agertu direnez. Zeharka, euskaldunen historiaz ere zerbait esan nahi dute datu hauek, niri iritziz, honetaz eszeptizismo handia dagoen arren inguru hauetan.

Atapuercako arbaso neolitikoak

Batetik, gertu-gertuko azterketa genetiko inportante baten berri eman zen duela hilabete batzuk: Atapuercako aztarnategiko populazio neolitiko eta nekazari batzuen genomak aztertu ahal izan dituzte, eta konparazioak egin dituzte beste hainbat populazio talderekin, antzinakoak zein berriak. Ondorioa, izenburu espektakularrez ere hornitu zena, zera izan zen: Atapuercako nekazari haiengandik gertuen dagoen populazio modernoa gaur egungo euskaldunena da. Era berean, nekazari haiek ez zeuden bereziki nahastuta Europako aurreko populazio ehiztariekin, eta jatorri mediterraniar argi bat zuten. Hona paper zientifikoa, eta analisi bat Razib Khan genetistaren gunean.
 
Zenbait teoria baieztatzera etorri dira datu hauek: bereziki, nekazaritzaren zabalkundea Europa hegoaldetik gertatu zela, eta horrekin batera populazio berriak hedatu zirela Europan, jatorria Anatolian edo Ekialde Hurbilean zutenak. Euskaldunon historiari dagokionez, teoria jakin bat gezurtatu edo zalantzan jarri dute Atapuercako datuek: euskaldunon jatorri zuzenena, edo nagusia, ez dagoela paleolito glazialeko populazio ehiztarien artean. Alegia, sinpleegi esanda: ez gara Ekaingo zaldiak marraztu zituztenen ondorengo zuzenak, baizik eta Europako lehen nekazarien uhinekoak. Sinpleegi diot, ze, izatez, pre-nekazari europarren geneak ere badaude euskaldunen artean gaur egunean, Europako populazio gehienen artean bezala, baina nolabait esatearren, geneen multzo handiena, eta lotura zuzenekoena, nekazari haien artean dugu.


Pertsonalki, gainera, zirrara berezia sentitu dut aztertutako laginean, 8 pertsona horien haplotalde mitokondrialean, X2C taldeko bat dagoela ikusirik: neuk amarengandik jasotakoa. Beste haplotalde mitokondrialek ere badute garrantzia: U5 marka duten hiru aldaerek jarraitasuna dute gaur egungo euskal populazioan, Uxune Martinez UEUkoaren familian, adibidez. X2Cren kasuan, X2 taldea tipikoki Ekialde Erdiko jatorrizkoa dela kontuan hartzen delarik, badirudi haren agerpena Mendebaldeko Europan eta geurean, lehen nekazari hauen etorrerarekin lotzen dela.

Yamnaya zabalkundea: hizkuntza eta gene indoeuroparrak

Bigarren aurkikuntza interesgarria, ikerketa zehatz batean baino gehiago, zenbaitetan ikusi dudala esan daiteke, eta laburbildu daiteke puntu batean: Yamnaya kulturaren inportantzia Europaren populazio genetikoan eta, aldi berean, lotura gero eta argiagoa Yamnaya eta hizkuntza indo-europarren artean.

Arkeologia eta hizkuntzalaritzaren aldetik, Yamnaya hipotesia indartzen ari zen azken urteotan, indoeuroparren jatorri gisa. Bereziki, gomendatuko nuke The Horse, the Wheel, and Language liburua, David W. Anthonyrena.



Hizkuntza indoeuroparraren jatorri eta zabalkundearen historia ondo harilkatu bat marrazten du Anthonyk liburu horretan, hizkuntzalaritzako zein arkegologiako datuak lotuz. Zaldia, gurdia, eta brontzearen teknologia zabaldu ziren Yamnaya haiekin Europan zehar, eta hain teknologia aurreratuak ziren aurrekoek zeuzkatenekin alderatuta non populazio konkista eta ordezkapen masiboak gertatu zirela, genozidioak ez badira: ez dago pre-Yamanata, pre-indeuroparrik egun Europan... ez bagara gu, euskaldunak (eta gure artean ere, eragin genetiko ikaragarriarekin, R1b-aren kasuak aditzera ematen duen bezala, ikusi beherago 3. atala).

Orain, genetikak ere bultzada handia eman dio Yamnaya hipotesiari, antzinako genotipoen azterketak agerrarazi baititu pare bat datu esanguratsu: Bat) Yamnaya hilobietako genotipoak, antzestralak dira Europa Mendebaldeko populazio askorengan. Europa Mendebaldean ordezkapen uhin bat baino gehiago dago antzinako genotipoetan: nekazariek aurreko ehiztariak ordezkatu zituzten neurri handi batean, baina ondoren, Yamnaya/indoeuroparren ordezkapen are masiboago baten aztarnak ageri dira. Eta Bi) Yamnaya jendearen jatorri genetikoan ere aztarna interesgarriak aurkitu dira, non eta Kaukasoan! Azkenean, izango da hemen kaukasotarren ahaideak ez garela euskaldunak, baizik eta gure inguruko indoeuropear etorri berri hauek!

Irlanda: noiz azaldu ziren zeltak (eta R1b-dunak)

Hirugarren datu inportantea urtearen amaierarekin etorri da. Irlandako antzinako lehen genomen sekuentzia egin da, eta datu interesgarriak aurkitu dira. Bata, 5.200 urteko emakumezko bat da, eta Ekialde Erdiko nekazarien aztarna genetikoak agertzen ditu. Berriagoak dira beste 3 aleak, Brontzezko kulturako hiru gizonezko, 4.000 urte ingurukoak, eta hauetan, jada, Europako bigarren zabalkunde horren aztarnak ageri dira. Pontoko eragin genetikoa aipatzen da laburpen honetan, eta bereziki Yamnaya kulturaren zonaldeaz ari dira.

Rathlin uharteko aztarna hauek, hiruak, R1b haplotaldekoak dira.



Hortaz, aztarnek adierazten dute aldaketa bat 5200 / 4000 urteen artean, eta hori asoziatzen da aldaketa genetiko handi batekin, brontzearen kulturaren etorrerarekin eta baita ere, oso litekeena dena (bideoan hala dio Dan Bradley irakasleak) hizkuntza zeltikoaren etorrerarekin.

Hortaz, hemen dugu puzzle euskaldunaren paradoxaren agerpen bat ere: R1b haplotaldearen nagusitasuna nola liteke euskaldunen artean? Non eta Europan oro har, eta Irlandan bereziki, hizkuntza eta herri indoeuropearren zabalkundearekin lotu daitekeen honen agerpena, zer gertatu zen gure kasuan?



Aurrekoan aipatu nuen teoria hartara joko dut berriro: nolabait, euskaldunen ondare genomiko indigenan, indoeuropearren etorrerarekin, haplotalde maskulinoen nagusitasuna inposatu zen Euskal Herrian (nukleo konkistatzaile maskulino batek konkistatutako herriaren emakumezkoak bereganatu zituen, nolabait), baina ez inbaditzaileen hizkuntza.

Datuak, Irlandakoak eta Atapuercakoak, bateragarriak dira: R1b agertu izan balitz Irlandako lagin zaharrean edo Atapuercakoan, R1b-ren zabalkunde indoeuropearra gezurtatua gertatuko litzateke. Baina aztarna zaharrago horietan ez dago indoeuropear/yamnayarik: bai ordea, Europako lehen populazio nekazarien aztarna, Anatoliarekin lotu daitekeena. Eta horien artean, haplotalde matrilineal batzuk oraindik irauten dutenak gure artean. Kasualitate hutsez, nire bi haplotaldeetan dago jatorri nahasketa bitxi honen aztarna, amaren aldetik X2C nekazari-ekialde-erditar antzina-antzinakoa, eta aitaren aldetik R1b indeoeuropar-yamnaya berriagoa.

Eta egongo da pentsatzen duenik honek guztiak ez duenik zerikusirik Euskal Herriaren antzinatearekin edo euskararen jatorriarekin edo euskaldunen jatorriarekin. Ba oso oker daude horiek. Eta hurrengo urteetan, oraindik gehiago ikasi eta jakingo dugu, 2015ean asko ikasi dugun bezalaxe.

Hona, nire geno-artikuluen segida:

etiketak: genographic
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004