Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / Haplotalde maskulinoen eztanda demografikoak: R1b euskaldunen jatorria (Geno-7)

Haplotalde maskulinoen eztanda demografikoak: R1b euskaldunen jatorria (Geno-7)

Luistxo Fernandez 2016/05/04 17:21
Nire lankide eta lagun Urtzi Odriozolak bere DNA aztertu du Genographic proiektuarekin, nik bezala! Nolabait, argazki bertsua ageri da bere lerro matri/patrilinealetan eta neurretan. Bion kasuan, amaren haplotaldea oso antzinakoa da Euskal Herrian (Urtzirena neurea baino are zaharragoa, eta izatez, euskaldunen artean tipikoagoa), eta aitaren haplotaldea, berriz, R1b talde tipikoki indoeuroparrekoa da.
Haplotalde maskulinoen eztanda demografikoak: R1b euskaldunen jatorria (Geno-7)

Animatu lagunok eta egin Genographic testa

 Hona informazioa zehatz azalduta, Urtzi Odriozolaren blogean.

Jakin dugu Urtzik eta biok halaber, amaren amaren aldeko amama komun bat dugula: duela 70.000 urte inguru bizi izan zen emakumezko bat izan zen hori. Aldiz, aitaren aitaren aldeko geure aitona komuna askoz berriagoa da, duela 4.500 edo 5.000 urteko gizon bat, seguruenik Europako erdialdean biziko zena.

Gizon hori, gure aitona komuna, indoeuroparrekin Europan zehar zabaldu ziren R1b taldekoa zen. R1b-ren nagusitasuna Europa mendebaldean, harrigarria da, bere ugaritasunagatik; baina are harrigarriagoa euskaldunen kasuan, mintzairaz ez baikara indoeuroparrak.

Hala ere, misterio hau (hala izendatu nuen iaz nire blogean), erlatiboa da. Gizateriaren historian zenbait bider errepikatu izan dela argi utzi du ikerketa berri batek.

R1b taldea Europan hedatu zen bezala, beste eremu geografiko batzuetan beste haplotalde maskulino batzuk ere izugarri hazi ziren. Ameriketan duela 15.000 urte gertatu zen eztanda demogragiko maskulino hori Q1 haplotaldearen azpitalde batekin, Afrikan duela 5.000 urte E1b taldearekin, aldi berean Europan gure Urtzi eta Luistxoren aitonaren R1b taldearekin, handik ez askora Indiako subkontinentean "geurekin" erlazionatutako R1a "lehengusuen" taldearekin (seguruenik, kolonizazio indo-ariar vediko baten aztarna)...



Zergatik ugaltze esponentzial horiek iraganeko tarte jakin batzuetan? Nolatan gaurko hainbeste gizonezko, eskualde kontinental zabal batzuetan, ondorengo zuzenak duela ez hainbeste gizaldi bizi izan pertsona zehatz batzuenak?

Teknologia eta indarkeriarekin du zerikusia erantzunak. Une historiko horietan, giza-talde batzuk abantaila teknologiko jakin bat eskuratu zuten zabalkunde demografikoa eta territoriala (konkista) erraztu ziena. Europan, litekeena da gurdiaren edo zaldiaren edo metal jakin batzuen abantaila militarra izatea talde horien nagusitasunaren gakoa, eta hizkuntza indoeuropearren nagusitasuna ere horrekin lotua dago segureunik. Era berean, gizarte konkistatzaile horietan gizonezkoen elite gerlari batzuek "monopolizatu" zuten ugalketa: emakumeen konkista, bortxaketa, eta antzeko kontu itsusiekin seguruenik. Kontua, halaber, ez da beste gizonezkoek ez erreproduzitzea, baizik eta elite gerlariak gehiago erreproduzitzea, eta emakume gehiagorekin.

Garai ikaragarri horien umeak gara, bai... Ikaratu ere egiten du geneetan zer daramagun pentsatzea.

Eta azterketa genetikoen alorrean... etengabea da informazio berria! Haplotalde maskulinoen kontu hau izan eta astebetera, Europako antzinate populazioari buruzko beste hau ere irten da, datu interesgarriekin hori ere.

etiketak: genographic
Luistxo Fernandez
Luistxo Fernandez dio:
2016/05/10 14:39
Artikuluan aipaturiko azken estekan eta ikerketa, beste sorpresa bat ere badago, R1B misterioa areagotzera datorrena. Sustatun gainetik azaldu dut, <a href="http://sustatu.eus/1462277167585#c1462540238">testu honetan</a>
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004