Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / Urkullu, Kenny eta abade katoliko abusatzaileena

Urkullu, Kenny eta abade katoliko abusatzaileena

Luistxo Fernandez 2017/01/14 15:15
Iñigo Urkullu lehendakariak esan du "Elizari dagokion prozesu bat" dela Juan Kruz Mendizabal 'Kakux' apaizarena. Ez, lehendakari jauna.
Urkullu, Kenny eta abade katoliko abusatzaileena

Iñigo Urkullu polifazetikoa eta Enda Kenny

Kasualitatea izango zen, Urkullu Vatikanoko ordezkari batekin elkartu behar izana, hain juxtu euskal eliza (edo eliza katoliko euskalduna, nahi baduzue), abusu kasu batean nahastu denean. Hala ere, hobeto prestatua ager zitekeen Lehendakaria, ze esan egin behar da, esan, "Elizari dagokion prozesu bat" dela Juan Kruz Mendizabal apaizarena.

Ez, lehendakari jauna. Agintari batek beste gauza batzuk esan eta egin behar ditu halako kasuetan, eta Elizak barik, aginteak hartu behar du esku delitugileen kontra.

Eredu hoberik bada hortik. Urkulluren ildotik ustez gertu behar lukeena ere bai: Enda Kenny. Hala ere, horra aipu bat Irlandako Taoiseach edo lehen ministroarena @iurkullu lehendakariarentzat:

Josef Ratzinger kardinalak esan zuen: «Gizarte zibilaren jokabide arauak edo demokraziaren funtzionamendua ezin zaizkio bere horretan eta sinpleki Elizari aplikatu».
Orain, Vatikanoa Cloyne Txostenaren inguruko hausnarketa prestatzen ari delarik, nik, taoiseach-a naizen aldetik, argi eta garbi utzi nahi dut,  estatu honetako umeak babesteari dagokionez, Elizak beretzat egoki jotzen dituen jokabide arauak ezin direla aplikatu, eta ez direla aplikatuko, errepublika honetako demokraziaren eta gizarte zibilaren funtzionamenduan. Ez bere horretan, ez sinpleki, ez bestela.

Enda Kenny abertzale eskuindar bat da, baina ganorazko politikari bat ere bai. Irlanda erreskatearen murrizketetan murgildu zuen, baina, adi, erreferenduma deituta neurriak onartzeko (!).

Goiko aipua, Elizaren abusuei buruzko txosten baten harira izan zen, Elizak Gobernuaren "esku-hartzea" kritikatu zuen une batean. Orduan, erantzukizun politikoarekin, hitzaldi batez ZAPLA suntsitu zuen Kennyk Irlandako Errepublikaren klerikalismo historikoa. Irakurri testua, eta ikusi bideoa.



Elizarekin erlazioak irauli ditu Kennyk Irlandan, eta bere agintean onartu da sexu bereko ezkontza, besteak beste. Eta bai, abertzale eskuindar bat, Urkullu bezala... baina ez Urkullu bezalakoa. Urkulluren antipodetan dagoen abertzale bat da Kenny.

Bestalde, Elizak "jada erabakiak hartu dituela", Urkulluk dioen hori... ikusteko dago erabakiak ze sakontasunez, asmoz eta hurrenkera kronologiko zehatzean hartu diren. Onartuta ere, gauzen argitan, Elizak berak zabaldu duela kasua, eta Munilla gotzainak aurpegia emanda jakinarazi direla gertaerak, esan izan diren gauza batzuek ez dute logika handirik. Esplikatu izan da Mendizabal "damututa eta terapian" zegoela apiriletik, eta hala ere, duela pare bat aste eskaini zion elkarrizketa bat Goienari, komentzimendu osoz bere egoera isilpean geratuko zelakoan, ez damu eta ez terapia.

(eskerrik asko Ana I. Morales, Kennyren berbak euskaratzeagatik)

Joxe Aranzabal
Joxe Aranzabal dio:
2017/01/16 13:52
Niri ere oso deigarria egin zait Urkullu lehendakariaren adierazpena, desegokiagatik. Ematen du ez diola ardura EAEko euskaldunon ongizatea. Nire iritziz, abade delitugile bat da pertsona delitugile bat, eta JUSTIZIAK erabaki behar du egindakoan legehausterik izan den edo ez ez beste abade batek.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004