Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Bidean . . . / Eibarren mugikortasuna hobetzeko neurri erraz eta merkeak

Eibarren mugikortasuna hobetzeko neurri erraz eta merkeak

Mikel Lizarralde 2012/09/19 21:16
Mugikortasunaren Europako astea dugu honako hau. Eta nago entzungo ditugula gure herriko agintariak mugikortasunaren aldeko hitz politak esaten. Baina egin, zer egiten dute? Obra garesti eta potoloak soilik, mugikortasunean eragin efektiborik apenas dutenak.

Trenbidea bikoizteak eta estazioak berritzeak zenbat bidaiari gehiago lortuko dizkio Euskotreni? Estaziño kalea eleganteagoa egiteak zenbat auto kenduko ditu? Saihesbidearen 3. faseak zenbat auto kendu ditu gure herritik?

Hemen neurri sinple eta merke batzuk mugikortasuna hobetzeko:

1. Trafiko araudia betetzea

Eibar herri anarkikoa da. Trafiko arauek ez dute pitorik balio. Autoak edozein tokitan aurkituko ditugu: espaloi gainean (gero espaloi horiek konpontzen dirua gastatzen da, gogoratu!), autobus geltokietan eta debekatua dagoen hamaika tokitan.

Doble-fila famatua. Ez dago eskubiderik. Autoa gaizki lagatzen dutenek bost minutu beharko lukete ondo aparkatu eta oinez nahi duten tokira joaten, baina beraien bost minutuak karabanan zain gaudenon bost minutuak baino baliotsuagoak dira.

Gaizki aparkatzeko ohitura hau kenduz gero jendeak autoa hartzeari lagako dio Eibar barruan distantzia laburrak egiteko. Trafikoa arindu egingo da eta gutxiago kutsatuko dugu. Baina horretarako legea bete behar da.

Trafiko arauak ez badira bete behar, soberan daude udaltzainak Eibarren. Aurreztu dezagun ba gastu hori.

2. Semaforo gutxiago eta azkarragoak

Trafikoa arindu beharra dago. Semaforoak denbora gutxi pasa behar dute itzalita. Alemanian, Ingalaterran, Holanda, Belgikan,... Europa osoan dagoen joera horixe da. Semaforo azkarrak, edota semafororik ez egotea. Arindu trafikoa. Geldi dagoen auto bat kutsatu eta kutsatu dabil.

3. Bidegorria Eibar barruan

Egunen batean iritsiko da Maltzaga eta Ermuarekin konektatuko gaituena. Baina herri barruan ere badago zer eginik. Eta oraindik egin ez bada udal agintarien errua da.

Ondorengo ibilbide ia guztia bi erraietako kaleak dira. Nahikoa da errai bat bizikletentzat lagatzea. Barakaldo kalea > Urkizuko pasealekua > Bidebarrieta > Julian Etxeberria > San Juan > San Andres pasealekua > Torrekua (Amañako gasolindegira arte).

Apurka-apurka eginda gastu txikia litzateke: hasi plastikozko hesi sinpleak jartzen eta pixkanaka joan txukuntzen.

Merkeagoa da horrelako zerbait egitea trenbide gainean pasealeku asmatzen ibiltzea baino.

Gainera, honek doble-fila eragotziko luke, trafikoa arinduz.

Egia da Eibarren aldapak daudela, baina Barakaldo kaletik Amañako gasolindegiraino bi aldapatxo besterik ez daude: Bidebarrieta eta Udaletxera iritsi aurretik.

Hasi horrelako bidegorri batekin eta arrakasta izanez gero joan luzatzen eta bide berriak gehitzen. Baina egin zerbait, hasi zerbaitekin. Ez dit balio kulpa beti Gipuzkoako Foru Aldundiari botatzen egoteak. Duela ehun urteko eibartarrak ez ziren beti besteei kulpa botatzen ibiliko, lana egiten zuten euren familiak, lagunak eta herria aurrera ateratzeko.

Mikel Larreategi
Mikel Larreategi dio:
2012/09/19 22:12
Bi errail dituzten kaleetan bidegorri edo bizikletendako bideak jartzea, prezisamente horixe pentsatzen egon naiz azkenaldian.

Nola igartzen den Holandan ibili zarela, eh?

Bizikleten alde apustua egin behar da. Donostian Odonek egin zuen gisa. Hasieran zorotzat hartu zuten, orain pentsaezina da bizikleta gabeko Donostia.

Eta horretan guztiok hartu behar dugu parte. Kasu honetan Klub Ziklistarekin hitz egingo nuke (bide batez Poesia Munisipalaren fakzio batekin ere hitz egingo duzu), eta horrela udalean presio egin.
asier
asier dio:
2012/09/20 09:16
Oso idea onak pentsatzen jatazak, merkiak eta arinak. Baina gizarte aurreratu eta zibilizatu batian bakarrik funtzionauko leukien ;-)
oier g
oier g dio:
2012/09/20 11:27
Ai Eibar herri anarkikua balitza! Poliziarik be ez litzakek biharko, jentiak bere erantzukizunak ondo ulertuko leukiazelako. Baiña ez dok anarkikua, KAOTIKUA baiño. Ez dok bardiña!
Oier Araolaza
Oier Araolaza dio:
2012/09/20 11:29
Irailaren hasieratik Udaleko Kultura teknikaria bizikletaz ikusten dut Ermutik Eibarrera etortzen. Horrelako zenbat eta gehiago izan errazago eman ahal izango dira bide honetan urratsak.

Doble fila famatuarekin ez daukat hain argi kontua. Doble filan geratzea erabat debekatzen baduzu gerta daiteke kotxe horietako askok behar-beharrezkoa izatea bere helmugatik gertu aparkatzea (pisu edo gauza asko dituelako, umeak utzi edo jaso behar dituelako,... ) eta ez badu lehen bueltan lortzen, buelta eta buelta segiko du bere jopuntuaren inguruan kotxeren bat mugitu eta aparkalekua aurkituko duen itxaropenarekin. Eta horrek trafikoa eta poluzioa handitu ekartzen du. Nire ustez soluzioa aparkamendua erraztea da, aparkatzeko guneak eskaintzea eremu guztietan. Horrek mesede egingo lioke trafikoari, doble filari eta baita Eibarko merkatariei ere, zentro komertzial edo nahi duzun tinglado onena baino hobeto.

Mikel Lizarralde
Mikel Lizarralde dio:
2012/10/02 23:13
Ene, lotsarik ez zuei ez erantzutearren. Barkatu, lehenik eta behin.

@erralin: Apuntatu hau: masa kritikoa ;-)

@Asier: Aste honetan pentsatu juat ideia ona litzatekeela San Juan eta Kalbetoi ziharo peatonalizatzia, betirako. Hortik hasi eta erdigune osua.

@Ogrosabel: Arrazoi osua dakak! Nahastu egin jituat kontzeptuak. Barkatu!

@Oier: zaila iruditzen zait aparkamentua erraztearena. Akaso TAO sistema bat behar dugu herrian. Horrek lagunduko luke jendeak kotxea gutxiago erabiltzen, ondorioz, aparkaleku gutxiago eta doble-fila ere behera.
Mikel Larreategi
Mikel Larreategi dio:
2012/10/04 11:46
Kendu ditzagun kotxeak kaletik!

Azken bi larunbatetan Toribio Etxeberria kalea itxita egon da kotxeentzat bi ekintza direla eta: Euskaraz bizi nahi dot lasterketa eta Deporraren ate irekiak. Gezurra badirudi ere sekulako bizi-kalitatea lortzen da larunbat goizetan kale horiek kotxe gabe ikusita.

Orain denbora asko zoramena zirudien Untzagatik kotxeak kentzeak eta Toribio Etxeberria kalea arratsaldez peatonalizatzeak, baina ohitu gara. Eman dezagun hurrengo pausua: fuera kotxeak Toribio Etxeberria kaletik egunero eta egun guztian zehar.

Hurrengo pausua, Fermin Kalbeton kalea Toribio Etxeberrizatzea, Donostiako parte-zaharraren estilora: goizez poste bidez kontrolatuta banatzaileak eta biztanleak bakarrik, arratsaldez guztiz peatonalizatuta. Kotxeak bariantetik.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Bidean...

Mikel Lizarralde naiz, 80an jaiotako eibartarra. Marketin lanak edo egiten ditut.

Hemengo eduki guztiak CC-BY-NC-SA lizentzia dauka.