Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Bidean . . . / Bizikleta garraiobide moduan Eibarren

Bizikleta garraiobide moduan Eibarren

Mikel Lizarralde 2017/09/13 11:20

Gipuzkoako Foru Aldundia aztertzen ari da (bigarren aldiz) nola egin bidegorria Maltzaga eta Azitain artean. Herri arteko bidegorriak egitearen ardura haiena da, eta herri barrukoa udal bakoitzarena. Twitterren Eibarko udalari galdetu nion ea zein asmo daukaten bidegorria herri barruan egiteko. Haien erantzuna: ez dagoela ezer oraingoz.

Legarre eta udaletxearen atzean trenbidea estali eta pasealekua egin zutenean halako bidegorri moduko bat jarri zuten. Baina Eibarko bidegorria horrela eraikitzeak ez dirudi erraza. Zer egin Mekola eta Estazioaren artean? Estaziotik Azitaineraino trenbidea estaliko dute? Eta, Ermurantz, zer?

Gure agintariek bizikletak eta bidegorriak ikusten dituzte aisialdiko zerbait moduan. Oinezkoek, gehienbat, eta bizikleteroek paseatzeko azpiegitura bat da bidegorria. Eta ez dira jabetzen bizikleta garraiobide moduan erabil daitekeela, Europa iparraldean (hemen baino askoz eguraldi txarragoarekin) darabilten moduan.

Eibarren egiten dut lana, eta sarri etortzen naiz bizikletan lanera. Eibarren bizikletan ibiltzeko (eta errepidean, oro-har) axolagabetasun puntu bat behar duzu. Susto bat baino gehiago izan ditut kotxeekin eta arriskuaz jabetzen naiz. Baina kontzienteki, eta militanteki, laga nahi dut kotxea aparkatuta.

Eta nago gero eta gehiago garela arriskua asumitu eta Eibarren bizikletan mugitzen garenak, zailtasunak zailtasun. Azpiegitura falta, trafikoa, aldapak, eguraldia eta aitzakiak alboan laga eta bizikleta garraiobide gisa erabiltzen. Inpresio hori daukat.
Laster dator mugikortasunaren astea. Gure agintariek argazkiak aterako dituzte bizikleta gainean eta kazetariek buelta ematean garajean sartuko dituzte berriz, eta mugikortasuna hurrengo urtera arte aparkatu.

Horregatik eskatzen diot udalari bizikletaren alde egin dezan. Eibar kotxez saturatua dago eta bizikletaren alde egiteak lagundu dezake auto batzuk zirkulaziotik kentzen. Ditxosozko bidegorria egitea garestiegia bada (edo EuskoTrenek bidegorria estali zain badaude), gutxienez egin dezatela beheko irudiaren moduko soluzio baten alde. Ados, kotxe artean ibiltzen jarraituko genuke txirrindulariok, baina legitimatuagoa sentituko naiz, marra horiek kotxe-gidari urduriei esango dietelako errepide erditik joateko eskubide osoa dudala. Antzerako soluzioak ikusi ditut Zarautz edo Bilbon. Beheko irudia Zumaiako udalak argitaratu du Baleiken:

Bidegorria Zumaian

Goikoa Eibarko udalari eskatzen diot. Baina Foru Aldundiak badu lana Debabarrenean. Begiratu beheko mapa. Marra gorriek eraikita dauden bidegorriei egiten die erreferentzia, eta berdeek egingo direnei. Urte pare batean Eibar eta Elgoibar lotuta egongo dira bidegorri bidez, baina, noizko lotura Soraluzetik Debagoienera doan bidegorriarekin? Noizko Elgoibartik Deba eta Mutriku aldera?

Gipuzkoako bidegorriak

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Bidean...

Mikel Lizarralde naiz, 80an jaiotako eibartarra. Marketin lanak edo egiten ditut.

Hemengo eduki guztiak CC-BY-NC-SA lizentzia dauka.