Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Bidean . . .

Ostegunak

Mikel Lizarralde 2018/06/29 08:44

Aurrekoan nioen esklerosi anizkoitzaren botika hartzen hastera nindoala eta errespetua niola, albo-ondorioak direla eta. Sentsazio bitxia, botikari (ia) beldur gehiago diozunean gaixotasunari baino.

Ekainaren 6an hartu nuen lehen aldiz nire botika, Avonex. Prozesu sinplea da berez, plastikozko luma moduko batean dator dosia, honi orratza erantsi, izter gainean kokatu, lumaren botoia sakatu, ziztada muskulu barnean, hamar segundo kontatu, luma atera, orratza estali eta tirita bat jarri. Oheratu aurretik. Astero. Apur bat lehenago parazetamol bat hartu. Hurrengo goizean beste bat, gripearen moduko sentsazioa gutxitzeko.

Lehen gau horretan goizeko hiruretan esnatu nintzen, txizalarriarekin. Komunean eseri eta dardarka hasi nintzen. Gorputza ezin geldi eduki eta sukarra. Ez nuen gehiago lorik egin. Gosaltzeko jaiki nintzen baina ezin ezer irentsi. Lankideei Whatsapp bidez abixatu nien ohera nindoala berriz. Ordu pare bat lo egin eta hobetoxeago nengoen, gorputza minduta eta burukominarekin. Eguerdi partean azaldu nintzen lanean. Lorpentxo (garrantzitsu) bat. Ezin nahikoa eskertu CodeSyntaxeko lankideen babesa, muxu bat denoi.

Ostegun hartako biharamunak izugarri sentsazio txarra utzi zidan. Esan zidaten botikara ohitu artean albo-ondorioak izango nituela, baina, txo, gogorra izan zen. Kuriosoa da, ordea, nola ostiralean jada ia errekuperatuta nengoen.

Beste hiru aldiz hartu dut botika geroztik. Sentsazioak asko hobetu dira, nahiz eta gogor xamarra den oraindik. Ez dut berriz eduki dardararik, baina lo oso gutxi egin dut ziztada-osteko gau horietan. Neke gehiena horrek eragiten didala uste dut, lo faltak.

Dena den, badirudi ohitzen noala botikara, pozik nago, eta tematuta jarraitzen dut lorpentxoetan pentsatzen. Ostegunetan lanean normal jardutea garrantzitsua da niretzat. Esklerosi anizkoitza nekearekin lotzen da. Botika hau hartzen duen bati baino gehiagori irakurri diot euren neke sentsazioa Avonex hartzeaz bat sortu zela. Horregatik jarraitu nahi dut kirola egiten, ahalik sasoi gutxien galtzeko, etzi hobeto egoteko.

Hemendik aurrera, badakizue, ostegunetan batzuk pintxo-potean eta ni botikaren bixamonarekin ;-)

Nire lorpentxoak

Mikel Lizarralde 2018/05/31 07:42

Bizitza normala. Horrela deskribatu zidaten neurologoek zetorkidana esklerosi anizkoitzarekin. Baina, nire bizitza normala? Edota eurena? Kirola sarri egitera ohituta nengoen. Korrika, bizikletan, igerian. Nire mugara iristen, ahal nuen gehienetan. Niretzat gustagarria, eta normal-normala. Euren bizitza normalaren kontzeptu horren baitan sartu liteke nire bizitza normala?

Asteartean neurologoan egon nintzen. Pasa den astean egindako erresonantziaren emaitza eman behar zidan. Albiste onak. Orain hiru hilabete bezala ikusten da irudia. Ez dago orban berririk, eta zaharrak ez daude aktibo. Beraz, lo dago oraingoz gaixotasuna. Pozik irten ginen emaztea eta biok kontsultatik. Lorpen txiki bat. Bat gehiago. Azaroan berriz aztertuko naute.

Azken hiru hilabeteetan lorpen txikiak egiten joan naiz. Aurrena igerian; gero munduko kirolik ederrenean, bizikletan; insomnioari neurria hartzen. Apurka-apurka lorpen txikiak. Poztasun txikiak, irribarre egiten jarraitzeko.

Fisikoak, eta psikologikoak. Ospitaletik irten berritan beldurra ematen zidan bi alabekin bakarrik geratzeak. Gai izango ote nintzen haiek fundamentuz zaintzeko? Eta gidatzeko, eta lana egiteko? Erronka horiek gainditu ditut, baita ere.

Esklerosi anizkoitzarena ez dut planteatzen borroka bat bezala. Ni gaixotasunaren aurka, boxeo konbatea balitz lez. Ez dago irabazle edo galtzailerik. Hau gaixotasun autoimmune bat da, nire buruak erasotzen dio nire buruari, burmuineko mielinari, hau kaltegarria delakoan. Eduki dezakedan garaipenik pozgarriena da bizitza ederra izatea, niretzat normala izan daitekeen (zitekeen) horretan.

Eta halaxe gabiltza. Lorpen txikiekin. Horrek ematen didan bizipozarekin. Hortxe ditut nire erronkatxoak: oporretan joatea familiarekin, lagunekin Hiru Erregeen Mahaiko tontorra zapaltzea, Arratera bizikletan igotzea, Getaria-Zarautz igerian egitea, ... nire lorpentxoak.

Dena den, hau baldintzatu dezake hurrengo asteak. Hurrengo asteazkenean hasiko naiz esklerosi anizkoitzaren botika hartzen. Ezin dut ukatu errespetu apur bat ematen didatela albo-ondorioek. Ohikoena omen da gripearen moduko sentsazioa izatea hurrengo egunean, sukarra eta ahuldadea. Ea ba. Erronka eta lorpentxoen bidean aurrera egin nahi dut eta, irribarre handi batekin. Hori izan dadila nire bizitza normala.

Medikuak esan dit esklerosi anizkoitza dudala

Mikel Lizarralde 2018/04/27 07:15

Otsailaren 3an, larunbata, mendira joan nintzen korrika. Aldapan behera nindoala dena bikoiztuta ikusten hasi nintzen, geratzean ondo ikusten nuen berriz. Etxera itzultzean Interneten bilatzen hasi eta gehiegizko esfortzua izan litekeela pentsatu nuen. Igandean esnatzean bikoiztuta ikusten nuen; ordu-erdira ondo. Astelehenean berdin. Lankide batek ea iktus bat ote zen esanaz beldurtu eta Mendaroko ospitaleko larrialdietara joan nintzen.

Eskaner bat egin zidaten eta oftalmologoak ikusi ninduen. Burua eta begiak ondo zeuden, baina proba gehiago egiteko ingresatu egin behar nindutela esan zidaten. Gehiegizkoa iruditu zitzaidan, gainerakoan zoragarri nengoelako. Azaroan Donostiako maratoia egin nuen eta sasoi bikainean nenbilen korrika zein bizikletan. Erdi bromatan esaten nien emaztea eta gurasoei ingresatutako gainerakoak batera baino hobeto nengoela. Ergela ni.

Asteartean ekografia egin zidaten lepoan eta asteazkenen goizean erresonantzia. Bazkalostean medikua gelara etorri eta desmielinizazio prozesu bat nuela esan zidan. Erresonantzian orban batzuk ikusten zitzaizkidan burmuinean. Larria al zen galdetzean erantzun zidan euren lankide anestesista batek bazuela eta bizitza normala zeramala. Emazteari abisatu ostean Interneten bilatu nuen, hor agertu zitzaidan, besteak beste, esklerosi anizkoitza. Kronikoa, degeneratiboa edota sendaezina bezalako berbek zapla kolpatu ninduten. Arratsaldean lagun neurologo bat etorri zitzaidan bisitan. Esplorazio azkar bat egin ostean esan zidan litekeena zela esklerosi anizkoitza izatea. Beranduxeago emaztea etortzean esan nion lehen gauza izan zen gaitza ez zela kutsakorra, "eta ez da genetikoki transmititzen" berak erantzun.

Ostegunean puntzio lunbarra egin zidaten, likido zefalorrakideo apur bat atera eta aztertzeko. Likidoa xurgatzen zihardutenean bizkarrezurra hustutzearen sentsazioa izan nuen. Tentsioa bat-batean jaitsi zitzaidan eta zuri-zuri jarri nintzen. Eskerrak azkar amaitu zuten. 24 orduz ohean egoteko agindu zidaten. Arratsalde horretan bertan hasi zitzaizkidan kortikoideak ematen, burmuineko inflamazioa txikitzeko. Bost egunez Urbason kortikoidea sartuko zidaten zainetan, eta ondoren 40 egun pilulak hartzen, Prednisona kortikoidea, dosia bost egunero txikituz.

Ostiral arratsaldean ospitaletik irteten utzi zidaten. Etxean jarraitu nuen tratamenduarekin. Ordura arte ondo egon nintzen, baina kotxean sartu eta berehala tentsio jaitsiera handia izan nuen. Izerditan blai eta zuri-zuri irten nintzen kotxetik Eibarren. Hori sustoa hartu zuena emazteak ikusi ninduenean.

Etxera itzultzea ondo etorri zitzaidan emaztea eta alabekin egoteko, baina fisikoki jota nengoen: neka-neka eginda eta buruko min handiarekin; gainera, apenas egiten nuen lorik, kortikoideen albo-ondorioetako bat. Burua dela eta, ez dakit zer esan. Gaitza ondo hartu nuen, aurrera egiteko indarrez, baina nire gorputza horren ahul ikustea gogorra egiten zitzaidan, aste pare bat lehenago sasoi betean nenbilen barren korrika egiten! Gainera, asteburu horretan Asier de la Iglesiari eginiko elkarrizketa hau irakurri nuen; primeran etorri zitzaidan berak transmititzen duen jarrera.

Apurka-apurka gero eta gehiago irteten nintzen paseatzera. Alaba zaharrena eskolara eraman eta jaso, parkera joan, txikiarekin paseatu. Nekoso, baina pozik.

Otsailaren 15ean lagun osteopata batekin txanda neukan. Hark garezurreko tratamendua egin zidan eta geroztik ez dut buruko minik eduki. Gau hori, ordea, izan da denbora honetan pasa dudan txarrena. Urduri jarri nintzen, tentsioa goi-goian igartzen nuen eta ezin lasaitu. Emaztearen laguntzaz, eta nekeak jota, lo apur bat egin nuen, baina goizean berdintsu esnatu nintzen. Famili-medikuarekin txanda lehenagotik hartua neukan, laneko baja dela eta. Hark esan zidan tentsioa kortikoideen albo-ondorioetako bat dela. Ez zuen laguntzen ezta ere lo eskasiak, ezta nire gorputza orain gutxira arte kirol dezente egitera ohitua egon eta orain geldi egoteak ere.

Zapatuan hobeto jaiki nintzen, lo gehiago eginda. Gainera lagunekin kalean egotea primeran etorri zitzaidan, eta zer esanik ez Lur lankideak Ipuruara Eibar-Bartzelona ikustera gonbidatzeak. Egun horretan hasi nintzen zulotik irteten.

Hurrengo asteko astelehenean igerian egiten hasi nintzen, poliki-poliki. Neurria hartzen hasi nintzaion insomnioari; gabean ohean bueltaka egon beharrean, irakurtzen hasi nintzen. Asko irakurri dut azken hilabete parean. Eta bada liburu bat bereziki iritsi zaidana: Joxe Aranzabalen Medikuak esan dit minbizia dudala. Bere sasoian irakurriko nuen Sustatun, baina ahaztua nuen Joxek transmititzen duen indar hori. Lagungarria izan zitzaidan, nahiz eta bion gaitzek zerikusi handirik ez izan. Bere lizentziaz darabilt izenburu hau.

Martxoaren 7an txanda neukan Mendaron neurologoarekin. Likido zefalorrakideoaren analisiaren emaitza eman zidan. Analisi honek banda oligoklonalak aztertzen ditu. IgG bandek konfirmatzen dute gaixotasuna. Positibo eman nuen horretan. Eta IgM bandek konfirmatzen dute gaixotasunaren bertsiorik erasokor eta azkarrena. Negatiboa horretan. Ondo, gaitzerdi. Etxera joan nintzen diagnostiko bitxi batekin (sindrome kliniko bakana) eta Donostia ospitaleko esklerosi anizkoitzean adituarekin txandarekin.

Martxoaren amaieran egon nintzen aditu honekin. Nire kasua aztertu ostean, esklerosi anizkoitzaren diagnostikoa eman zidan. Bospasei botikaren informazioa eman zidan Aste Santuan irakurri eta bat aukeratzeko berarekin batera. Aukeratua dugu bat jada, eta noiz ematen hasiko zaizkidan zain nago. Orduan eta lehenago hartzen hasi, hobe, diote medikuek. Oso ondo hartu naute Osakidetzan, ingresatu nindutenetik gaur arte, eta neurologoek denbora luzez jardun dute nirekin gaixotasunari buruz hitz egin eta zalantzak argitzen.

Mila aurpegiko gaixotasuna esaten diote esklerosi anizkoitzari, pertsona bakoitzean oso modu desberdinean agertzen delako. Ezin da jakin hurrengo erasoa noiz etorriko den eta zeri eragingo dion, edota etorriko denik. Auskalo. Ziurgabetasun horrekin bizitzea tokatuko zait. Baina, Asierrek goiko elkarrizketan dioen moduan, zuk badakizu hemendik bost urtera nola egongo zaren? Nik ere ez.

Gainera, baldintzarik onenak ditut nire inguruan. Emazte zoragarri bat, bi alaba txiki bizi eta eder, maite nauten familia, koadrilako eta lagunak (CodeSyntaxeko lankideak hemen sartzen ditut aspalditik), eta, akaso, gehiago baloratu beharko genukeen osasun sistema publiko hau. Eurek euren partea betetzen dihardute, nik nirea egiteko ahalegina egingo dut, irribarre handi batekin.

Bizikleta garraiobide moduan Eibarren

Mikel Lizarralde 2017/09/13 11:20

Gipuzkoako Foru Aldundia aztertzen ari da (bigarren aldiz) nola egin bidegorria Maltzaga eta Azitain artean. Herri arteko bidegorriak egitearen ardura haiena da, eta herri barrukoa udal bakoitzarena. Twitterren Eibarko udalari galdetu nion ea zein asmo daukaten bidegorria herri barruan egiteko. Haien erantzuna: ez dagoela ezer oraingoz.

Legarre eta udaletxearen atzean trenbidea estali eta pasealekua egin zutenean halako bidegorri moduko bat jarri zuten. Baina Eibarko bidegorria horrela eraikitzeak ez dirudi erraza. Zer egin Mekola eta Estazioaren artean? Estaziotik Azitaineraino trenbidea estaliko dute? Eta, Ermurantz, zer?

Gure agintariek bizikletak eta bidegorriak ikusten dituzte aisialdiko zerbait moduan. Oinezkoek, gehienbat, eta bizikleteroek paseatzeko azpiegitura bat da bidegorria. Eta ez dira jabetzen bizikleta garraiobide moduan erabil daitekeela, Europa iparraldean (hemen baino askoz eguraldi txarragoarekin) darabilten moduan.

Eibarren egiten dut lana, eta sarri etortzen naiz bizikletan lanera. Eibarren bizikletan ibiltzeko (eta errepidean, oro-har) axolagabetasun puntu bat behar duzu. Susto bat baino gehiago izan ditut kotxeekin eta arriskuaz jabetzen naiz. Baina kontzienteki, eta militanteki, laga nahi dut kotxea aparkatuta.

Eta nago gero eta gehiago garela arriskua asumitu eta Eibarren bizikletan mugitzen garenak, zailtasunak zailtasun. Azpiegitura falta, trafikoa, aldapak, eguraldia eta aitzakiak alboan laga eta bizikleta garraiobide gisa erabiltzen. Inpresio hori daukat.
Laster dator mugikortasunaren astea. Gure agintariek argazkiak aterako dituzte bizikleta gainean eta kazetariek buelta ematean garajean sartuko dituzte berriz, eta mugikortasuna hurrengo urtera arte aparkatu.

Horregatik eskatzen diot udalari bizikletaren alde egin dezan. Eibar kotxez saturatua dago eta bizikletaren alde egiteak lagundu dezake auto batzuk zirkulaziotik kentzen. Ditxosozko bidegorria egitea garestiegia bada (edo EuskoTrenek bidegorria estali zain badaude), gutxienez egin dezatela beheko irudiaren moduko soluzio baten alde. Ados, kotxe artean ibiltzen jarraituko genuke txirrindulariok, baina legitimatuagoa sentituko naiz, marra horiek kotxe-gidari urduriei esango dietelako errepide erditik joateko eskubide osoa dudala. Antzerako soluzioak ikusi ditut Zarautz edo Bilbon. Beheko irudia Zumaiako udalak argitaratu du Baleiken:

Bidegorria Zumaian

Goikoa Eibarko udalari eskatzen diot. Baina Foru Aldundiak badu lana Debabarrenean. Begiratu beheko mapa. Marra gorriek eraikita dauden bidegorriei egiten die erreferentzia, eta berdeek egingo direnei. Urte pare batean Eibar eta Elgoibar lotuta egongo dira bidegorri bidez, baina, noizko lotura Soraluzetik Debagoienera doan bidegorriarekin? Noizko Elgoibartik Deba eta Mutriku aldera?

Gipuzkoako bidegorriak

Bidaia baten kontakizun tuiteatua (sei)

Mikel Lizarralde 2012/11/05 12:00

Abuztuak 25, larunbata

  • Izugarri kosta zaigu Bruselarako bide egokia aurkitzea. Jada ez dugu bidegorri zehatzik jarraitu behar eta ezin asmatu errepideekin
  • 2 orduren ostean apenas egin ditugu 10km lerro zuzenean. Kafea hartzen geundela, eurijasa. Tren geltokira zuzen. Etsigarria horrela amaitzea
  • Melle herriko tren geltokian, Gante alboan, hamar minutu pasa ditugu zerura begira. Atertu da. Bruselara bizikletaz iritsi nahi dugu
  • Flandria atzean lagatzen goaz. Akabo bidegorriak, bidebazterretik joan behar. Ondo bereiztua hori bai, eta auto-gidarien errespetuaz
  • Aalst-eko supermerkatu batean erosketa egin eta han bertan bazkaldu dugu. Ziztu bizian goaz, bidaia osoko bataz-besteko azkarrenean
  • 65 kilometroren ostean, Brusela. Inmigrante arabiarren auzo batean barrena sartu gara hirian, larunbata, kaleak eta trafikoa lepo
  • Kasuen, hotela harbide eta maldaz jositako auzo batean erreserbatu beharra ere. Iristean, txapeldunen argazkia. Garaipen sentsazioa

IMAG0542-1-1

Abuztuak 26 eta 27

  • Goizean turismo apur bat, senideentzat opari batzuk erosi eta hotelera. Geltokian dena desmuntatu eta Parisa trenean
  • Jendetza Parisko Gare du Nord-en. Giroa sosegatu zain egon gara poltsatzarrekin metroan lasaiago ibili asmoz
  • Metroa topera, ezin bagoian sartu bizikleten poltsekin. Beltz handi 1 iseka eta bultzaka. Barkamena eskatu arren harroxko darrai, pikutara
  • Hendaiarako trenean literetan goaz, gurekin batera beste 4, hori zarata eta usain festa. Eskerrak ez naizen 1.80tik pasatzen
  • Hendaian bizikletak muntatu, parrillak eta poltsak jarri eta topoan Donostiara, eta handik Eibarrera, trenaren abiaduraz txistetxoak eginez
  • Herrian bueltan. Gustora. Egindakoaz harro. Batak besteari pasarteak gogoraraziz eta hurrengo bidaiekin amestuz. Egin geldi egon

Bidaia baten kontakizun tuiteatua (bost)

Mikel Lizarralde 2012/10/03 11:51

Abuztuak 22, asteazkena

  • Vlissingen-en ferrya hartu dugu. Haize zakarra eta fresko. Breskens-en, bestaldean, supermerkatu batean gosaria erosi dugu, eta kafea hartu
  • Bigarren Mundu Gerrako aztarna ugari edonon. Bunker mordoa. Holandan zein Belgikan
  • LF1 ibilbidearekin asper-asper eginda amaitu dugu, sigi-saga doa ibilbide turistikoan. Zuzenean hartu dugu Sluis-a bidea, Belgikarekin mugan
  • Sluis-etik aurrera kanal atsegin baten albotik. Gustura egin dugu Brujaserainokoa. Herriko irteera batean dago kanpina. 55km gaurkoan
  • Kanpinean, aldamenean goierritarrak. Bere tankeran hitz-egiten diodalako "euskaraz ondo egiten dudala" dio. Jamaika entzuteko
  • Polita da Brujas, baina apur bat masifikatua iruditu zaigu. Atseden eguna Ganten egitea erabaki dugu

IMG_4320 IMG_4336 IMG_4349 IMG_4353 IMG_4356

Abuztuak 23 eta 24

  • Ogia eta kroasanak saltzen dituen vending makina dago kanpinean. Bertan erosi dugu ogi fresko-freskoa, ona benetan
  • 55km lasai kanal baten albotik Gantera iritsi arte. Ezer gutxi kontatzeko
  • Aisialdi-parke handi batean dago Ganteko kanpina. Garestia benetan
  • Gante izugarri gustatu zaigu. Turistez gain bertako biztanleak ere ikus daitezke, eta errealistagoa da
  • Holandar agure-bikote batekin kafea hartu dugu. Flandrian zeharkatzen dabiltza, Vlaanderen fietsrute bidegorrian. Inbidia
  • Ondo jan dugu. Begetariano batean bazkaldu eta italiar cool batean afaldu. Garesti, baina oporretan gaude, ze demontre!

IMG_4360 IMG_4363 IMG_4365 IMAG0531 IMG_4373 IMG_4386 IMAG0538 IMG_4382 IMAG0541

Eibarren mugikortasuna hobetzeko neurri erraz eta merkeak

Mikel Lizarralde 2012/09/19 21:16
Mugikortasunaren Europako astea dugu honako hau. Eta nago entzungo ditugula gure herriko agintariak mugikortasunaren aldeko hitz politak esaten. Baina egin, zer egiten dute? Obra garesti eta potoloak soilik, mugikortasunean eragin efektiborik apenas dutenak.

Trenbidea bikoizteak eta estazioak berritzeak zenbat bidaiari gehiago lortuko dizkio Euskotreni? Estaziño kalea eleganteagoa egiteak zenbat auto kenduko ditu? Saihesbidearen 3. faseak zenbat auto kendu ditu gure herritik?

Hemen neurri sinple eta merke batzuk mugikortasuna hobetzeko:

1. Trafiko araudia betetzea

Eibar herri anarkikoa da. Trafiko arauek ez dute pitorik balio. Autoak edozein tokitan aurkituko ditugu: espaloi gainean (gero espaloi horiek konpontzen dirua gastatzen da, gogoratu!), autobus geltokietan eta debekatua dagoen hamaika tokitan.

Doble-fila famatua. Ez dago eskubiderik. Autoa gaizki lagatzen dutenek bost minutu beharko lukete ondo aparkatu eta oinez nahi duten tokira joaten, baina beraien bost minutuak karabanan zain gaudenon bost minutuak baino baliotsuagoak dira.

Gaizki aparkatzeko ohitura hau kenduz gero jendeak autoa hartzeari lagako dio Eibar barruan distantzia laburrak egiteko. Trafikoa arindu egingo da eta gutxiago kutsatuko dugu. Baina horretarako legea bete behar da.

Trafiko arauak ez badira bete behar, soberan daude udaltzainak Eibarren. Aurreztu dezagun ba gastu hori.

2. Semaforo gutxiago eta azkarragoak

Trafikoa arindu beharra dago. Semaforoak denbora gutxi pasa behar dute itzalita. Alemanian, Ingalaterran, Holanda, Belgikan,... Europa osoan dagoen joera horixe da. Semaforo azkarrak, edota semafororik ez egotea. Arindu trafikoa. Geldi dagoen auto bat kutsatu eta kutsatu dabil.

3. Bidegorria Eibar barruan

Egunen batean iritsiko da Maltzaga eta Ermuarekin konektatuko gaituena. Baina herri barruan ere badago zer eginik. Eta oraindik egin ez bada udal agintarien errua da.

Ondorengo ibilbide ia guztia bi erraietako kaleak dira. Nahikoa da errai bat bizikletentzat lagatzea. Barakaldo kalea > Urkizuko pasealekua > Bidebarrieta > Julian Etxeberria > San Juan > San Andres pasealekua > Torrekua (Amañako gasolindegira arte).

Apurka-apurka eginda gastu txikia litzateke: hasi plastikozko hesi sinpleak jartzen eta pixkanaka joan txukuntzen.

Merkeagoa da horrelako zerbait egitea trenbide gainean pasealeku asmatzen ibiltzea baino.

Gainera, honek doble-fila eragotziko luke, trafikoa arinduz.

Egia da Eibarren aldapak daudela, baina Barakaldo kaletik Amañako gasolindegiraino bi aldapatxo besterik ez daude: Bidebarrieta eta Udaletxera iritsi aurretik.

Hasi horrelako bidegorri batekin eta arrakasta izanez gero joan luzatzen eta bide berriak gehitzen. Baina egin zerbait, hasi zerbaitekin. Ez dit balio kulpa beti Gipuzkoako Foru Aldundiari botatzen egoteak. Duela ehun urteko eibartarrak ez ziren beti besteei kulpa botatzen ibiliko, lana egiten zuten euren familiak, lagunak eta herria aurrera ateratzeko.

Bidaia baten kontakizun tuiteatua (lau)

Mikel Lizarralde 2012/09/18 22:45

Abuztuak 20, astelehena

  • Atzo, sekulako auto-ilarak. Kostan asteburua pasa eta etxera bidean. Alemaniarrak asko. Ordenatuak direla? Denak ordu berean etxera, to!
  • Kostaldeari jarraituz hegoalderantz goaz Hoek Van Holland arte. Hemen hartzen da UK-ra joateko itsasontzia
  • Maas ibaian gora, Maasluis-en hartu dugu bestalderantz joateko ferrya, Rozenburg-era, Zeeland-en gaude jada
  • Nordzee route, LF1-a. Seinaleei jarraitzen diegu. Eta tarteka nahita galdu. Zeeland toki lasai eta atsegina da bizikletan bidaiatzeko
  • Bi dike pasa ditugu gaur. Bigarrena lehena baino luzeagoa. Biak ikusgarriak. Ur-korronte itzelak inguruan, baita haizea ere
  • Zierikzee genuen helmuga, baina apur bat gertuago genuen Renesse-ko mini-kanpin batean geratu gara. 70km inguru gaur. Tope!
  • Inguru turistikoa da hau. Taberna, jatetxe eta kanpin ugari. Kuriosoena ordea herriko eliza pareko seinalea: Santiago 2500km

Maas ibaia LF1a ibilbidearen seinalea IMG_4258 Bidean Herrixka IMG_4256 IMG_4259

Abuztuak 21, asteartea

  • Bart gabeko ihintzagatik arropak bustiak daude. Maillota bueno, bidean lehor daiteke. Baina kuloteak... galtza-motxetan noa. Hori piura
  • Etapa motza gaurkoa, 40km inguru. Zailtasun handiena pasa behar dugun dike luze-luze bat, kontrako haizeagatik
  • Dike horretan atera dugu biok agertzen garen lehen argazkia. Bazen garaia!
  • Bazkaltzean detaile kuriosoa. Maionesa eskatu dut hanburgesarekin jateko. Zerbitzaria ordenagailura. Kontua ekartzean: 0,5 euro. Kutrea, oso
  • Middelburg alboko mini-kanpin batean geratu gara. Jostailu zoragarria zegoen bertan: ohe-elastiko bat! Ze ondo pasa dugun!
  • Hirira joan gara afaltzera. Garagardo bat aurrena. Denak ezin probatu, lastima! Gustatu zaigu Middelburg, polita

IMG_4272 IMG_4287 IMG_4270 IMG_4295 IMG_4299 IMG_4304 IMAG0514 IMAG0517

Bidaia baten kontakizun tuiteatua (hiru)

Mikel Lizarralde 2012/09/17 13:57

Abuztuak 17 eta 18

  • Atsedena hartzeko behar genuena egin dugu bi egunotan: ondo lo egin, ondo jan, garagardoa edan eta pasiatu
  • Tenperatua altuak espero ziren. Haize afrikarrak hemen ere? 29 gradu gehienez. Maite dut sargori light hau
  • Jende cool ugari ikusi dugu kanaletan txalupaz paseatzen, kuriosoa

Cool people

Abuztuak 19, igandea

  • Amsterdametik ateratzea kosta zaigu, eskerrak mugikorrean GPS eta mapak ditugun!
  • Haarlem, 20km mendebalderantz. Hiri ederra. Kafea hartu eta handik kostaldera holandar mordoarekin batera, denak hondartzara bizikletan
  • Hondartza luze-luzea, etxola mordoarekin. Txirrindulari ugari. Eta trenetik ere jende mordoa. Zandvoort pasata dunetan zehar doa bidegorria
  • Kostaldean Kostaldean
  • Benidorm dirudien herri batean bazkaldu dugu. Bero itzela, eskerrak haizea dagoen. Egun gogorra gaurkoa, 95km ei dira guztira
  • Halakoan Haga alboko Scheveningen-ek harrituta laga gaitu. Holandan "Jersey shore" bat grabatzea nahi badute, hau da lekua
  • Helmuga Kijkduin-en ei dagoen kanpina. Kostata aurkitu dugu. Lur pusketa idor batengatik 40 euro. Etapa-puska honen astoan 5 axola. Bibagu!

40 euroko lur zatia

Bidaia baten kontakizun tuiteatua (bi)

Mikel Lizarralde 2012/09/13 15:03

Abuztuak 14, asteartea

  • Kanpin-denda bildu, superrean gosaldu, tunela gurutzatu eta hiri-erdian kafea. Apenas dago turistarik. Azken bisita plazari eta bidean gara
  • Gutxika-gutxika geratu beharrean gaude mugikorrean bide onetik goazen ikusteko. Kostata baina atzea laga dugu hiria, helmuga Breda
  • Bredara zuzen doan errepide-bazterreko bidegorritik goaz. Harrituta ikusten ditugun etxetzarrekin, hauek bai palazioak, dirua dago hemen!
  • Belgika eta Holanda arteko muga ohartu gabe pasa dugu. Errepideko numerazioa da aldatu den gauza bakarra.
  • Bazkaria ere superrean. Plastikozko ontziak botatzeko makina dago, txartel propioarekin erabiltzekoa, interesgarria
  • Polita da Breda. Pasioa eman, zerbait hartu eta gertu ei dagoen Drimmelen herrixkara goaz, kanpin bila
  • 75km-ren ostean Drimmelenen. Kanpina itxita. Herrixkako beste kanpinean: "karabanentzat soilik". Pena ahotsak ez dit funtzionatu
  • Kamperen bij de boer. Kanpina baserritarrenean. Alboan behiak, simaurra, eltxoak eta zentral termiko bat. Eta zeinen gustura

Breda

Drimmelen alboko baserri batean

Abuztuak 15, asteazkena

  • Ia 20 kilometro egin ditugu gosaltzeko toki bat aurkitu dugunerako. Broma gutxi gero goizetan bidaidearekin kaferik ez badu hartzen!
  • Harrituta nago hemengo bidegorri sarearekin. Bide ugari, egoera onean eta seguruak, norabideak primeran seinaleztatuak. Maite dut Holanda
  • Ibilbide zehatz eta zuzen bat eraman ordez herriz-herri goaz. Gorinchem-en atseden hartu ostean kanal baten albotik Utrechterantz, zoragarri
  • Kanal horrexi jarraituz Utrecht-era heldu gara. Lehen hiri handia. Bizikleta mordoa. Maria estresatu egin da eta kanpinera goaz azkar
  • Bilthoven herrian dago kanpina. 80 kilometro guztira. Nekeak jota. Superrean erosketa egin. Kanpinera iritsi eta, igerilekua, penak zokora

Utrecht alboko herriko kanpinean

Abuztuak 16, osteguna

  • Patxadaz ekin diogu gaurkoari. Amsterdam gertu dago, 50km ingurura. Utrecht-eko irteeran, eguzkipean, goxo, hartu dugu kafea, plazer txikiak
  • Eguneko bitxikeria. Breukelen herritik pasa gara; hau ei da New York-eko Brooklyn auzoaren izenaren jatorria
  • Breukelen-en atseden hartzen, alforjaz beteriko bizikletan bidaiatzen zuen agurea ikusi dugu. Halakoa izan nahi nuke
  • Azkar iritsi gara Amsterdamera, 50km. Hiri-hegoaldean dago gure hotela. Zeinen gustura hartu ditugun ohea eta esku-oihal lehorrak

Breukelen

Breukelen

Ziztu bizian!

Errota

Bidean

Aurkezpena

Bidean...

Mikel Lizarralde naiz, 80an jaiotako eibartarra. Marketin lanak edo egiten ditut.

Hemengo eduki guztiak CC-BY-NC-SA lizentzia dauka.