Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Guggenheimek 10 urte

Leire Narbaiza 2007/10/17 18:22

Museo zabaldu zenean, ahoz aho zebilen txistean Erriberako nafarrak zioen: “Si así es la lata, cómo serán los espárragos”. Baina Guggeheim “latan” geratu dela uste dut. Oso ederra iruditzen zait eraikina, itzela. Barrukoa, egia esateko, ez dut ezagutzen; ez boikota egin diodalako —ezta gutxiagorik ere—, baizik eta hamarkada honetan izan ditudan aukerei joaten laga diedalako. Beste barik.

Bestalde, aitortu beharra daukat arte modernoa ez zaidala gustatzen, nire onetik ateratzen nauela, adarra jotzen ari zaizkidan sentsazioa dut. Hainbat museotan benetan haserretu egin naiz, lagunak ditut lekuko. Beraiei disfrutatu egiten dute; nik, ostera, sufritu. Marmarka sartzen naiz, lanei begiratu, agobiatu eta lagunen zain egon. Atzera ere marmarka. Eurek barre egiten didate, baina gainditu egiten nau. Kultura eza izango da, sentsibilitate falta, ez naizela artista. Ondo da, onartzen dut. Baina zatar-zatarrak begitantzen zaizkit (gaztelaniazko horroroso berba erabiliko nuke!). Inpotentzia sentitzen dut, eta ziria sartu didaten sentsazioa. Hala da. Zer egingo diot, bada?

Guggeheimera itzulita, gogoratzen dut zer polemika izan zen orduan. Nire iritzia egitearen kontrakoa zen, ez museoren aurka nengoelako, diru gehiegi xahutuko zelako baino. Ekimen erdi-publiko, erdi-pribatua, dirutza ikaragarria gastatu behar zuena. Urte haietan hainbat kultur eta kirol talderen diru-laguntzak oso murriztuta gelditu ziren. Ezagutzen dut eskubaloi talde bat ezin izan zuena kategoriaz igo, hain zuzen ere, Bizkaiko Foru Aldundiko diru-laguntza hutsaren hurrengoa izan zelako. Proiektu faraonikoegia zela uste genuen askok. Eta horrela segitzen dut pentsatzen. Gainera modu yanki hori (pribatu-publiko) ez dut oso gogoko, susmagarria iruditzen zait.

Bilbori itzelezko bultzada eman dio. Ados. Baina herri honetan oso kanpolarrosak gara. Badakizue zer dioen esaerak: Kanpolarrosa, etxe-kardo! Seguru nago hemengo jendeak proiektu interesgarri bat aurkeztu, eta Guggenheimen gastatu dugunaren erdia eskatu izan balu, ezezko biribila jasoko zukeela. Ziur naiz. Asmo asko geratzen dira baztertuta oso karuak irizten dietelako, baina bat bera ere ez da museo hori bezain garestia izan, ezta hurrik eman ere!

Txiste batekin eman diot hasiera postari. Gero “latan” geratu dela esan dut. Nire ustez, hain modan dagoen “eskaparatismoa” egin da museoarekin: lata ederra, baina esparragoak…gutxi-gutxi batzuendako. Janari exotikoa!

Beste arrisku bi ere ikusten dizkiot Bilbok bizi duen eraldaketari: bata, nortasun bako hiri bihurtzea. Eta bestea, hainbeste eraikin ikusgarri izanda, eraikinen absurdo bihurtzea.

Bilbotarren bat haserretu egingo zait, badakit, nortasunarena diodanean. Niri Bilbo beti gustatu izan zait baita zikina, iluna eta zaharra zenean ere. Beraz, alde horretatik, lasai txinbook! Homologatze, garbitze horrek kezkatzen nau. Aseptikotasunean jausteko arriskua hortxe dauka-eta.

Eraikinen pilaketa ere, ez dakit, exageraziora ez duten eroango. Hainbesteko modernotasuna, hain fashion egin behar dutena, hainbeste arkitekto izar gauza onerako. Gehiegi, beti da lar.

Ez dakit, Begoñako amatxuk babes ditzala, negozioan sartuta daudelako, eta titanioak eman diena titanioak ken diezaieke. Arrakastaz ere makinatxo bat hil da!

Durango

Leire Narbaiza 2007/10/15 17:09

Pasa dan ikasturtian Durango deskubridu neban. Benetan deskubridu. Batek baiño gehixago pentsauko dau ia zelan izan leiken hori, Durango herri ezaguna eta hurrian egonda. Gaiñera, gure aitxa bertan jaixo zanez gertuago sentitzen neban. Baiña Eustakio bertatik gerriak bota zeban, eta sekula ez jakon gustau Durangon jaixo zala esatia.

Bertan, jakiña, hamaikatxo bidar egonda neguan. Gaztetxotan pisziñetara juaten giñan, orduan sasoian Eibarren ez zegualako. Gustora juan be! Haundixa zan arratsalde-pasa ibiltzia. Trenian edo autobusian abixau, pisziñetan baiñau, pasta bat erosi Goienkaleko pastelerixa baten, eta Carretora juan mosto bat edatera. Nagusixaguak giñala pentsau, eta Eibarrera itzuli.

Urte batzuk pasau eta gero, liburu azokara, jaixetara, kontzertu eta antzerkixetara be juan izan naiz. Goienkaleko “xarma” ezagutu dot. Gero lagun batzuk be izan dittut bertakuak, eta iñoiz egin dogu parrandatxoren bat Durengon. Hortaz, esan neike ondotxo ezagutzen nebala herrixa, eta azokia eta papeleria baiño gehixago ikusten nebala. Halan da be, ez netsan gustua topatzen. Oiñ, ostera, ikaragarri gustatzen jata.

Iaz, baiña, beste Durango bat deskubridu dot. Edo hobeto esanda, benetan ezagutu dot herrixa. Edarra da, benetan. Ez neban pentsatzen hain txoko polittak zekazela, bai paisajiak, bai eraikiñak. Gauza pilla bat egin leikez, aukera mordua dagozelako. Eibarren baiño gehixago, esango neuke.

Hori bai, herri tradizionala da: kanpaiak mezetara deitzen, hil-kanpaiak joten, hamaika eliza, komentu eta eskola relijiosokin. Hori eibartar batendako harrigarrixa da. Beste alde batetik, Durangon “gaztetxeruak” zein “pijo-pijuak” ikusi leikez. Txurrodunak, zein behi-miazkada orrazkeria dakenak. Danak herri berian, eta kantidadian. Iruña etortzen jata batzuetan burura. Hori, ba: Durango, buena jaula para malos pájaros

Panegiriko hau ez da herri aktibua topau dodalako, edo oso gustora sentitzen naizelako. Ez, ez neuke bestela post bat idatziko. 2006 urte horribilis ha ahazten lagundu desta. Nere biharran gustua berreskuratu dot bertan lanian. Indarra emon desta, gauza barrixak deskubridu dittut. Durangok ilusiñua itzuli desta. Badakitt bardiña gertau ahal jatana Abaltzisketan, baiña ez da holan izan. Oso eskertuta nago danagaittik. Aspaldi ez neguan hain pozik nere biharrakin, ezta biharreko herrixakin be. Bizkaiko geografixia politto ezagutu dot lana dala-eta; hortaz, badakitt zertaz dihardudan, badakitt neregan zelako eragiña dakan inguruak, lekuak. Trenez ibiltziak be badaka beria; automobilla ahaztu, eta disfrutau. Ondo nago gustora. Neu be ete naiz “mala pájara” eta Durango kaixola ona neretako?

Che, txo!

Leire Narbaiza 2007/10/09 21:16

Ni jaio nintzenerako, Che hilda zegoen eta mitoa sortzen ari zen. Hori gertatzen zaie gazte hiltzen diren “izarrei”. Iraultzailea izan zein aktorea, berrogei urteak iritsi aurretik hilez gero, mito bihurtzen ditugu. Mito, heroi eta santu premia daukagulako. Horrelako pertsonak mitifikatuz, geure burua zuritu. Maisuak behar ditugulako, bidea erakusteko, edota fama, boterea eta arrakasta zer diren ikusarazteko.

Zer pentsatuko luke Guevarak bere erretratu ezagun hori zer bihurtu den ikusiko balu? Bere aurpegia kontsumo gizartearen ikono bilakatuta, zer esango luke? Nolakoa izango litzateke Ernesto gaur egun Bolivian hil izan ez balute? Zenbat bider kartzelaratuta? Zelako bizimodua eroango zukeen?

Galderok ez daukate erantzunik. Beharbada, bizirik balego ez zen mitoa izango. Seguru. Imajinatzen duzue Che laurogei urterekin, burusoil, zimurrez betea? Ez, ez dago haragizko mitorik.

Eta zer egingo genuke horrelako mitorik izango ez bagenu? Zer egingo genuke Che Guevara existitu izan ez balitz? Utopia badela nork esango liguke?

Berrogei urte dira, txo, Che hemen ez dagoela. Berrogei urte, eta bere ezpalekorik ez. Horrelakoa izan zitekeela ematen zuen Marcos komandante-ordeak, baina hanka sartze batzuk izan zituen, eta gainera bizirik jarraitzen du…Horrela ezin da!

Che, txo! Kanta hau baino gauza politagorik nik ezin dut idatzi. Uda honetan diskoteka batean ordu txikietan erritmo arraro batean entzun dudan arren, oso letra ederra du. Beraz, Carlos Pueblaren berbak nire ahoan jarriko ditut zure omenez:

Hasta siempre comandante
Aprendimos a quererte
desde la histórica altura
donde el sol de tu bravura
le puso cerco a la muerte.

Aquí se queda la clara,
la entrañable transparencia
de tu querida presencia,
comandante Che Guevara.

Tu mano gloriosa y fuerte
sobre la historia dispara,
cuando todo Santa Clara
se despierta para verte.

Aqui ...

Vienes quemando la brisa
con soles de primavera
para plantar la bandera
con la luz de tu sonrisa..

Aqui ...

Tu amor revolucionario
te conduce a nueva empresa,
donde esperan la firmeza
de tu brazo libertario.

Aqui ...

Seguiremos adelante
como junto a ti seguimos
y con Fidel te decimos:
"Hasta siempre, Comandante!"

Freebatasuna!

Leire Narbaiza 2007/10/09 17:43

Konponbide demokratiko baten alde: hitzak soberan daude: freebatasuna!

Uste dut, baina, orain dela hitza gehien behar dugun momentua. Hori bai, hiztegi guztia ez da nahikoa sentitzen duguna adierazteko.

Udako liburuak

Leire Narbaiza 2007/10/03 17:27

Aurtengo udan makinatxo bat liburu irakurri ditut. Aspaldian best-sellerrak; nobela arinak (nik nobelita esaten diet nahiz eta 600 orri izan); misteriokoak edo gai esokeriodunak: kataroak, griala, anaitasun sekretuak, tenplarioak,….baita nobela arrosak ere banabil irakurtzen. Lehen edozein totxo irakur nezakeen, baina orain konplikazio gutxiko gauzak baino ezin ditut irakurri. Ez nau kezkatzen, badakidalako bizitzaren bolada bakoitzak liburu mota bat behar duela, eta nik orain horrelakoak behar ditut.

Udan, baina, irakurritako liburuen artean sorpresa politak hartu ditut. Liburu guztiak Eibarko eta Durangoko udal liburutegietatik hartu ditut, honekin esan nahi dut ia guztion eskutara egon daitezkeela.

Eibarko liburutegia itxi zen egunean sei liburu hartu nituen. Ia aukeratu barik, gauza gutxi zegoen-eta aukeratzeko. Zer zen hura! Kamioilarien grebetan egoten dira, bada, supermerkatuak tifoi bat bertatik pasatu izan balitz bezala? Horrela zegoen: apalak erdi hutsik, generoa desordenan botata, anabasa orokorra!!! Apalen artean ere hiru-lau pertsona…Horrela gaitza zen ezer aukeratzea, antsietatea baino ez zuen sortzen! Denbora amaitzen ziharduen, eta gero eta liburu gutxiago zegoen. Hortaz, gutxi pentsatuta hartu behar. Uste dut hemendik aurrera horrela hartuko ditudala liburuak, emaitza ezin hobea izan delako.

Oporretara lau liburu eraman nituen, eta joan ginenon artean ni izan nintzen libururik eraman zuen bakarra. Hori niretzat ulertezina da, baina denetarako jendea egon behar omen denez… Hartara, liburutegi ibiltari bihurtu nintzen, eta banatu egin nituen neramatzanak. Arrakasta bakarrarekin izan nuen. Hori dela eta, euskaraz eramandako liburua ezin izan nuen irakurri. Oraindik ere nire lagunak dauka, amaitu badu ere.

Hilabeteotan hamabost bat liburu irakurri izan ditut, baina denak ez ditut komentatuko, batzuek lerro bat ere merezi ez dutelako. Hauexek dira, pretentsio handirik barik, harritu nauten liburuak: “La casa veneciana” Mary Nickson-ena; “Pájaros sin alas” Louis de Bernières-ena; “Las hijas de Hanna” Marianne Fredriksson-ena; “Plataforma” Michel Houellebeq-ena; “Sobre la belleza” Zadie Smith-ena; “Orígenes” Amin Maalouf-ena.

La casa veneciana :Berba baten esateko liburu hau maitasunezko liburua da, hasieratik jakin liteke zein den neska eta zein mutila, eta zelan amaituko den. Hala ere, atsegina da, istorio gehiago nahasten dituelako, eta etxe bat aitzakia hartuta, familia beten historia kontatzen digulako. Gainera, nobela mardula da, arratsalde baten amaitzen ez diren horietakoa.

Las hijas de Hanna :Suedian dago kokatuta istorioa, XX. mendearen hasieran amaieran. Familia baten historia kontatzen du, birramamarengandik hasita birrilobarenganaino. Emakumeak dira ardatz. Interesgarria egin zait Suediako gizartearen nondik norakoak azaltzen direlako, eta kontatzeko modua desberdina delako, oso xumea eta ahozkotik oso hurre. Egia esan, gutxitan irakurri dut Eskandinaviako literatura, ez dakit liburu hau bertakoen eredu izan den, baina nik desberdina eta freskoa aurkitu dut.

Plataforma :Liburu honen gainean ez dakit oso ondo zer esan. Hasieran oso gogorra begitandu zitzaidan, gordina, nire printzipioen kontrakoa. Eskandalizatu eta dena egin nintzen. Batzuetan hotzikarak eta guzti sentitzen nituen. Baina aurrera egin ahala, gogoeta batzuekin bat etorri eta trankilago amaitu nuen liburua. Itzultzen dudanean, hareaz itzuli behar dut; liburua arropa eskegitzeko lekuan zintzilik izanda ere, ezin izan diodalako kendu haize bolada batek sartu zuen guztia

Sobre la belleza :Gustatu zait, amaiera ez hainbeste. Ematen du ez zekiela zelan burutu hasieratik planteatutako guztia. Idazteko beste forma bat, komunitate beltzaren barrutik gauzak ikusteko modua. Azkenean, zuri edo beltz denok berdinak garela eta berdin jokatzen dugula erakusten du. Esan dudan moduan, idazteko era oso desberdina, nik ezagutzen dudana. Liburuaren propagandatik, baina, urrun geratzen dena.

Orígenes :Askotan izan dut gogoa liburu hau hartzeko. Baina banekien Amin Maalaouf-ek gauza serioak eta pentsatzekoak idazten zituela; eta, lehen esan dudan moduan, ez nago holakoetarako. Gainera banekien ez zela nobela, baina liburutegiko zoramen hartan hartzea erabaki nuen, probatzeagatik. Eta oso pozik nago. Ez da nobela, baina bere familiaren historia da, batez ere bere aititarena. Banekien Maalouf libanoarra zena, eta banekien Libanon kristau mota asko zeudena. Ez nekien, baina, gaur egun Ekialde Hurbil izenarekin ezagutzen duguna XX. mende hasieran inperio otomandarra zenik. Gauza asko ikasi ditut, eta gustura irakurri dut. Beste irakurketa batzuekin “Desde el monte santo”:http://www.altair.es/nou.4.4.htm uztartu eta osatzeko aukera eman dit. Era atsegin eta errazean dago idatzita, eta benetan merezi du.

Pájaros sin alas :Liburu honekin gauza bitxi bat gertatu zitzaidan. Kanpora joan aurretik hasi nintzen irakurtzen eta ez nuen Portonovora eraman astunegia zelako. Gero bueltan, nagikeria puntu bat eman zidan, horregatik “Orígenes” irakurtzen hasi nintzen. Eskerrak! Liburu biak nik pentsatu barik, sasoi berean oinarrituta, eta inperio berean, nahiz eta leku ezberdinetan gertatu. Egia esan, liburu hau asko gustatu zait. Nobela izanda ere gaur eguneko hainbat gatazka ulertzeko aukera ematen baitu oso istorio eder eta gordinen bitartez. Ez nuen hainbeste espero horrelako nobela batetik. Mardula eta ederra da. Guztiz gomendagarria. Deskubrimendu polita, benetan

Euskaraz gutxi irakurri dut, egia esan. Eta irakurritakoen artean, aipatzeko gutxi, zoritxarrez. Gogotsu hartu nuen Euskal Hiria sutan Xabier Montoiarena, baina irakurri ez nuen bakarra izan zen, ipuin bat baino ez. Espero dut lagunak lehenbailehen itzultzea irakurtzeko irrikatan nago eta.

Kutxa maitea

Leire Narbaiza 2007/10/02 19:19

Badira bost urte luze zurekin nagoena ezkonduta, beste erremediorik ez daukadalako. Interes ezkontza bat izan zen, batez ere zure aldetik. Mesede bat egiten zenidalakoan erretiroraino lotu ninduzun. Aberatsa zara, baina zure ezin asetasun horrek gehiagotara eraman zintuen. Poligamiara. Orain, zurea zure, eta nirea ere bai!

Harrapatuta naukazu. Zurekin aseguru, nomina, helbideratzeak…dena egin behar izan dut, onena zarelako, eta komisiorik kobratzen ez zenidalako. Baina zure aurpegi goseti, maltzur eta zikoitza erakutsi didazu. Orain egiten dizkidazun mesede guztiengatik kobratuko didazu. Hiruhilabetean 2,5 euro. Hala ere, kartilan idazteko bonoak ematen dizkidazu, 50 hiru hilean!! Hortik gora 6 zentimo kobratuko dizkidazu bakoitzarengatik. Zelako ona zaren!

Nahikoa da! Bada aurre egiteko sasoia. Harrapatuta gauzkate, baina gure dirua, gurea da. Ze uste du Kutxak? Urterik urte, gero eta etekin handiagoak lortzen ditu. Bulego eta langile gutxiago dauzka. Orain dena on-line egiteko, eta makinak bulegoetan. Zer kobratu nahi digute, eragiten tinta?

Interesak gora doaz, baita euriborra ere. Gero eta estutuago gaude. Beste banku batzuetan hasi dira komisioak eta kentzen. Zerbait egin beharra dago, martxan jar gaitezen! Orain urte batzuk ere ahalegindu ziren komisioak kobratzen, baina jendeak kontuak kentzeko mehatxua egin zien, eta atzera egin zuten. Ez gara kapazak izango? Matxina gaitezen. Asko gara, eta denon artean senar zapaltzaile honi aurre egin diezaiokegu! A las barricadas!

Afiziñua, ofiziorako on

Leire Narbaiza 2007/09/26 18:32

Zenbatetan kritikau nabe, zenbatetan egin deste barre entzutzen dodan musikiagaittik! Maria Dolores Praderan mezuan esaten neban moduan nire gusto musikalak jende askori aspergarrixak begittantzen jakoz. Neretako, baiña, ez da holan. Esan biharra dago sarrittan be barre egin destela nere kantu zaletasaunagaittik: kantu guztiak dakidazela, bertso guztiak ez dirala kantau bihar…Arraro begiratu deste urte birik behin-edo Zuberoako maskaradia edo pastorala ikustia gustatzen jatalako. Askok uste dabe super-euskaltasuna erakusteko baiño ez dala...

Ze oker dabizen, ze gitxi ezagutzen naben. Ni benetan dibertitzen naiz holako gauzekin! Disfrutau egitten dot, siñesteziña dirudixan arren! Etxian Bulgariako abotsen koruak entzutzen badittut, zelan ez jataz, ba, gustauko xiberutarrak kantuan?

Jende gitxik daki, halan da be, zenbat ikasi dodan holakuak entzutzen eta kantatzen: sinonimuak, egiturak bitxixak, aditz erregimen berezixak, esamolde ulergaitzak…nere biharrerako primeran!

Uda honetan baiña, iñoiz baiño gehixago eskertu dut zaletasun hori. Hamaikatxo bidar akordau naiz adarjotzailliekin! Barre asko egin dittue nere kontura, bai. Jarraittu daixiela barrezka, neuk be barre egin dot-eta. Trankil, gaiñera. Aurten EGAn ikasle zuberotar bat izan dot. Afiziño arrarueri esker, lasai zuzendu dittut idazlanak eta sinonimuak. Berak jarrittako estuasun guztietatik ondo eta airosa urten dot. Dana egitten jatan ezagun eta itzultzeko modokua. Gora Atharratzeko gaztelua eta Altzürükuko elizia!. Biba kantagintza!

Hogeta bost urte eta gero bazkarixa!

Leire Narbaiza 2007/09/25 16:21

Iraill honetan bete dira hogeta bost urte Eibarko La Salle ikastetxian hasi giñala BUP egiten. Egixa esan bihar badot, neri urteurren hau konturatu barik pasauko jatan La Sallen emondako urtiak ez ziran izan-eta nire onenak. Baiña hiru balientek erabagi zeben alkartu egin bihar giñala. Martxan jarri ziran Pedro, Iñigo eta Eva, eta kriston bazkarixa montau zeskuen pasa dan zapaturako.

Lana ez zan erreza izango. Hasiera baten, ehun eta berrogeta hamar laguneko zerrendia lortu zeben (Zer ete da “baby-boom”-ekua izatia!). Gero hórrekin danekin kontaktuan jarri…bat A Coruñan, beste bat Torreviejan, bestia Zaragozan, bestia Londresen, baitta Argentina eta Miamin be! Bizkai-gipuzkuan luze-zabalian bizi garanak kontuan hartu barik.

Itzelezko biharra hartu, eta erantzuna be ona izan zan, hirurogeta hamar lagun baiño gehixagok emon genduan izena. Aitorrek be zabaldu zeban blogakin jende asko animau zan. Bertan be hainbat erretratu jarri zittuan –baten batek deskubritzen banau antxiñako baten, premixua daka!–, eta egunotan zapatukuak be agertuko dira.

Lehen esan dodanez, La Sallekua ez zan izan nere sasoirik polittena. Ez jatan ezer txarrik pasau, baiña nire akorduan urte harek ez dira atsegiñenak, ez jentiagaittik, eskolia, girua, nerabe izatia…dana egongo da lotuta. Bazkarirako be ez nekan gogo haundirik, baiña kuadrillakuak “danak ala iñor be ez” erabagi genduan. Izan leike aurreiritzixengaittik, persona batzuk hogei urtian ikusi barik negula, beste batzuekin akordau be ez nintzala egitten, gaur egun beste jende mota batekin ibiltzen naizela….motibuak milla! Zorionez, juan izana ez jata damutu.

Benetan esan bihar dot zapatuan heldutasuna igerri zala: hain giro ona ez dot nik gure artian iñoiz ikusi. Danok genkan dibertitzeko gogua, eta ikaskide ohiak deskubritzeko jakin-miña. Nik mutil batzueri, ondiokan ez detset arpegirik jartzen,…baiña eurak akordatzen ziran!

Dibertigarrixa izan zan jakitzia zegaittik gogoratzen gaittuen. Batek esan zestan nerekin beti akordatzen zala selektibidadiaz berba egitten zebanian. Jakiña, potsa barruan nekan despertadoriak jo zestan azterketa erdixan! Beste batendako ni nitzan injustizien defendatzaillia. Irakasliak zeozer esan, eta bazekixan nik besua jaso eta kontra egingo netsala. Ez naiz aldatu, ezta? Enfin! Bestien begixekin diferente ikusten da mundua.

Astion ixa guztiok abots barik gagoz, batzuk dantzaldirako be afoniko zeguazen-eta. Bai, ondo irakorri dozue: dantzaldixa. Dj bat ekarri zeben gure sasoiko kantuak jartzeko. Sasoiakin ez zeben oso ondo asmatu Shakira eta Julieta Venegasekin hasi eta Abbakin jarraittu zebalako. Baiña azkenian lortu zeban larogeigarren hamarkadan zentratzia.

Pozten naben beste gauza bat da zenbat jendekin egin neban euskeraz. Orduan sasoian intuidu egitten genduan zein izan leikian euskalduna, nahiz ta askotan ez asmatu. Gaur egunetik begiratuta eziñezkua dirudi, baiña sasoi haretan ixa iñork ez zeban euskeraz egitten kalian. Nik pentsautako baiño gehixago dira euskaldunak! Ondo!

Punto baltz bakarra La Sallera jautia izan zan, bertan erretratua etaratzeko. Uf! Nere buruari ez itzultzeko promesa eginda nekan, baiña…Neretako konzetraziño eremu bat izan zan ha eskolia lau urtian. Bertan nere ikasle-bizitzako irakaslerik txarrenak izan dittut. Irakasle batzuk ona ziran, baiña bertan erabilittako metoduak frakistak ziran. Eta hori ni mertzedarietatik netorrela, monja eskola batetik! Mertzedariak laga genduanian danok esan genduan: “ez monjarik, ez uniformerik, eta mutillak!”. Monjak, halan da be, frailiak baiño hobiak. Uniformeko gonia, bakeruen trukian, eta mutillak….gizonezkuekin izan neban lehelengo desilusiñua: ez ziran mutillak, umiak ziran eta saskibaloian gaiñian egitten zeskuen berba! Demasa!!

Erretratuana, baiña, protestau neban, zelan ez! Hortik aurrera dana oso-oso ondo. Goizaldera arte. Alemanian zeguan bat goizeko lauretan aillegau ei zan; baiña aillegau. Penia, ni ordu erdi lehenago etxera juan nintzala. Oiñak neka-neka eginda nittuan, goizeko hamaika eta erdixetatik kalian…Domekan abots barik, hainbeste gauza gekaguzen komentatzeko!

Politta izan zan, eta Anak esan zeban moduan, juan izan ez bagiña, gaur penatan egongo giñake. Ia hurrengorako antolatzaillerik daguan!! Bazkari honetatik, zelan ez, beste batek urten dau: mertzedarixetan gure kursuan ibilli giñanona. Aberastuko dira gure kontura Eibarko tabernak!

Beraneua

Leire Narbaiza 2007/09/20 12:59

Aspaldi nintzan etaratzekua, baiña gauza bat eta bestia zala, azkenian gaur, uda amaitzeko ezer gitxi falta dala

Izango dira hamabost urte baiño gehixago beraneatzen ez nebana. Ahaztuta nekan zelakua zan. Beti esan izan dot oso gogorra zala turistian bizimodua, beti erdi brometan baiña serixo be bai: egun guztia etxetik kanpora eurixa edo eguzkixa egin etxebakuak bagiña moduan; gauzak ikusten, zutiñik, illaretan; tontorrak igotzen gazteluak bisitatzeko; aldaparak jeisten kobazuluetan sartzeko; siestia egitteko gogua izan eta ezin….Ez da gogorra, ala?

Aurten beraneuakin egin dot tope barriro. Debako beraneua ezagutzen neban: hiru hillabete, sanjuanetatik klasiak hasi arte; askotan euripian, beste askotan euri egun bat eskatzen plaiatik ihes egin, eta txokolatadia egitteko; sanrokiak….zoragarraixa zan.

Aurtengua ez da hain luzia izan, ez dau txokolatadarik euki, ezta euririk be…lagunekin pasautako lehelengo beraneua izan da, Galizian. Goizian lo egin (aspaldi ez neban hainbeste ordu lo egitten), plaiara juan, etxian bazkaldu, siestia edo deskantsua, errekauak edo bueltatxo bat egin, eta etxera itzuli afaltzeko. Deskantsau dogu, bai, horraittiok! Harri bat be ez dogu ikusi! Nik mono pixa bat be eduki dot; baiña, tira, garai batzuk ikusitta asetu bihar izan dot.

Berriro disfrutau dot playiakin. Oso eguraldi ona izan arren, ez dau bero haundirik egin, perfektua neretako! Hori bai, uretan sartzia, uf, itzela! Odol zirkulaziñua be eten egitten zeban, barren! Hamen gurasuak txillixoka ibiltzen dira umiak uretan ez sartzeko. Han nik txaloka ikusi nittuan ume batek sartzeko balentria egin zebania! Ezin da osasungarrixa izan! Hankak, txindurrittuta, toallan etzin eta hamar miñutura sentitzen hastia be ezinda ona izan!

Hurrenguan “harrixak” eta beraneua buztartzia be ez litzake plan txarra izango. Baiña ondiokan hamaika hillabete luze eta hotz dakaguz aurretik…Ai, oporrak, non zagozie?

Barixakuko afarixa

Leire Narbaiza 2007/09/18 17:17

Aspaldiko pertez giñan egittekuak afarixa, eta azkenian lortu genduan. Ez da erreza izaten jentia mobitzia eta danok gustora juanda be, gatxa egiten da antolatzia.

Hamasei lagun alkartu giñan. Aurtengo nobedadia Aintzane izan zan. Kale batzuk be izan ziran, baiña holakuak beti gertatzen dira

Entremes hotzak izan genduazen, eta ostia "Porco a la alentexana" plater portugesa Asier Arregin egindakua: almejak, txarri okelia eta patatak. Itxuria ez zekan oso ona (hainbeste nahaste ikusitta...) baiña oso ona zeguan. Postria "euskal pastela" ei zan. Sikua. Izandako arazuekin be, esan bihar dot pozik egon bihar zeozer izan genduala postretarako. Ikusten neban neure burua "tia mildred" batzuk erosten! Ez dakitt errezetia txarto eguan, baiña esaten zebana baiño askoz urun gehixago bihar zeban! Ia hurrenguan!

Deskonferentzixak ondo. Mutrikuko portuan egitten diharduen astokerixia, eibar.org-k hamar urte, eta sekretua.

Oso ondo pasau genduan, betiko moduan. Giro politta sortu zan eta barre asko egin genduazen. Hona hamen Erral -ek etaratakua

1393585600_996380ca32(2)

Lagun batek esan destan moduan: "afari askotxo hasi zarie egitten, ezta?". Ba, bai. Ondo pasatzen dogun seiñale

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua