Madalenak Kafesnetan bloga
Euskalduna naiz por la gracia de Dios
Euskalduna naiz, por la gracia de Dios. Hala definitzen dut euskaldun tipo bat. Berezkoa du euskara, zeruko grazia. Euskaldun hauendako euskara da jainkoak (balego) emandako ohorea, kondizio natural bat jaiotzetik datorkiena, 0Rh- odolarekin eta zortzi abizen euskaldunekin batera erantsia.
Euskaldun hauek, baina, ez dute ezer egiten euskara maila hobetzeko, uste dute emandako dohaina dutenez, ez dutela ezer egin behar, ez alfabetatu, ez liburu bat irakurri ere. Euskaldunak direlako, por la gracia de Dios.
Hori bai, erdaldunek ikasi behar dute euskara. Baina, era berean, euskaldun berriei gainetik begiratzen diete, plastikozko euskara egiten dutelakoan. Hauetako askok diote euskara batua ez dela ulertze. Kasualitatez, batuko zerbait ikasten badute, edo forma bitxiren bat agertzen bazaie, aurpegi muzina jarri eta hauxe esango dute: “baina hori erabiltzen da, ala?”, eurena baita euskara, eurek baitira euskararen zilborra. Euskaldunak baitira, por la gracia de Dios
Baina Jainkoaren graziak bedeinkatutako euskaldun hauek zabarrak izaten dira. Berdin zaie ondo ala txarto egin, ergatiboa jan edo “ikusi dizut” esan, eurek direlako aukeratuak. Euskaldunak direlako, por la gracia de Dios
Jakina, EGA ez dute gainditzen, eta kexaka dabiltza bazterretan, euskara euskaltegian ikasitako beste batek, ezer jakin barik, tituluduna delako, eurak euskaldunak direnean, por la gracia de Dios.
Hori bai, sarriegi euskañolez dihardute, zabarkeriaren zabarkeriaz, ez direlako gai erdara erabili barik esaldi luze bat osatzeko, are gutxiago grazia edo umorea duen zerbait. Finean, euskara ume eta txakurrekin berba egiteko baino ez delako! Baina eurena benetako euskara, bizitza guztian egin dena.
Jainkoaren graziak salba gaitzala desgrazia honetaz!
Marteko euskara
Hala deitu izan dio Koldo Zuazok batuan ekoitzitako testu batzuei. Marteko euskara zeritzon inon ez baita euskara hori erabiltzen. Nik ere izendatze hori erabiliko dut egokia begitantzen zaidalako.
Aurreko baten alfabetizazio ezaz jardun nuen, eta esango nuke alfabetizazio eskas horren ondorioz sortu dela euskara martiztarra. Alde batetik gutxi alfabetatutako, eta euskararen ezagupen sakona ez dutenen artean zabaldu da halako molde fantastikoa: zenbat eta arraroagoa, hobe! Horrela, hartu dira esamoldeak eta hitzak, eta entsalada ederra egin dute zenbaitzuk!
Gutxiagotasun konplexu batetik ere badator kontua, lotuta dagoena ezagutza faltarekin. Eta exotismoa, euskaldunoi forma exotikoak gustatzen zaizkigulako ikaragarri.
Hau guztia elkartuta koktel mortala bihurtzen da, eta gaztelaniaz Madrileko politikoek sortutako “neoleguatik” ere badu pixka bat. Ulergarri izateko baino, ezkutatzeko egindakoa, alegia.
Ahalik eta anti-"naturalen" idatzi behar da. Badirudi premisa hori ugaritu dela nonahi. Zaila, korapilatsua eta gure auzoko erdaren estiloan: pedante eta ponposo! Ustezko dotorea!
Txostengintzako euskara ere bada Marteko euskara. Sasoi bateko ezker abertzalearena ere bai! (hori beste post batean garatuko dut)
Eskerrak medio batzuetatik lan handia egin den modu hori saihesteko, Euskaldunon Egunkariaren sasoietatik hasita, gaurko Berria-ra arte, besteak beste. Komunikagarritasuna delako hizkuntza idatziaren helburua.
Baina funtsean, hizkera martzianoan egindakoak erdaraz pentsatutako testuak dira. Izan ere, idazki horiek egin dituztenen erreferente kultural eta idatzizkoak gaztelaniazkoak dira. Irakurri ere ez delako egiten euskaraz. Eta sarriegitan, gaztelania eta frantsesezko moldeak dauzkagulako euskaraz. Txantiloia horixe baitugu, eta berbak euskarazkoak.
Ahozkotik urrunegi, komunikatzetik are urrutiago. Euskara martiztarrak gure lurraldea inbaditu du!
Alfabetizazioaren aukera galdua
Alfabetatze euskalduntze koordinakundea. Helduen alfabetatze eta berreuskalduntze erakundea. Ezagunak egiten zaizkizue izen hauek? Agian horrela esanda ez, baina akronimoak ematen badizkizuet denok ezagutuko dituzue: AEK eta HABE. Biek ala biek dute alfabetatzea euren zereginen artean. Baina existitzen ote da halakorik?
Hamasei urterekin sartu nintzen euskaltegian alfabetatzera, A ereduko neskatila nintzelako. Euskara berreskuratu -erdi galduta nuen- eta poesia euskaraz irakurri -eta ulertu- helburu jarrita, ekin nion prozesuari. Bi ikasturte eman ostean, zerbait lortu nuelakoan, karrera ere euskaraz egiten hasi eta amaitu nuen. Hori izan zen alfabetatzeaz izan nuen azken berria.
Urtarril honetan egin ditut 26 urte lanean hainbat euskaltegitan, zonalde askotarikoetan, egoera anitzekoak, ezagutza eta erabilera desberdinekoak. Hori bai, denak bizkaiera edo mendebaldeko hizkeraren eremuko ikastegiak dira. Nire lehenengo urte hartan talde bat sortu zen. Iaz beste bat ezagutu nuen Mungian eta ahoa bete hagin laga ninduen. Sui generis batzuk ere ikusi ditut, erretiratuekin esate baterako, Eibarren.
Askok kontra egingo didazue gaur egunean ez dagoela alfabetatze premiarik, jendeak badakielako idazten eta irakurtzen. Arrazoi puntu bat ere baduzue, ez dizuet ukatuko. Ume eta gaztetxo gehienek euskaraz ikasten dute eta hala egiten ez dutenek euskaldundu behar dira, ez alfabetatu. Ados.
Baina badago jende multzo handia helduaroan, euskaraz egiteko gai dena (maila askotakoak), eta ez dena edozein testu euskaraz irakurri eta ulertzeko gai. Edo ikaragarri kostatzen zaio, behintzat. Asko guraso izango dira, edo aitita-amama sasoikoak. Ezingo diete ezertan lagundu umeei. Ez dira izango eredu. Gaztelania edota frantsesa hobetsiko dute irakurtzeko orduan. Erdaldun elebakarrak balira legez.
Biztanleriaren kopuru handia, euskaraz ahoz ondo jakin arren, alfabetatu barik dagoenean kalteak baino ez dakartza gure hizkuntzaren normalizazioan. Ondorio negatiboak kazetaritzan, lehenbizi. Inoiz ez du euskarazko prentsan irakurriko, ezin baitu (ez bada zerbait laburra); beraz, euskaldun horrek beti joko du erdal prentsara eta komunikabideetara oro har (irratia izan liteke salbuespena, baina euskalki periferiko batekoa izanda, zailago). Euskal literatura ere ezin du kontsumitu; edo behintzat ezingo du letrez disfrutatu.
Esan bezala, alfabetizazioaren abandonuak eta eskasiak kalte asko dakarzkio euskarari: kultura kontsumo urria, batez ere literaturarena; euskal komunikabideak indartu ezina; euskararen aberastasuna ez sendotzea; elkar ulertzea oztopatzea, hainbat euskalkietakoon artean eta euskara batua ez ganoraz ulertzea; euskararen produkzioa mirrintzea; batua finkatzeko eta osotzeko aukera galdua; zuzentasunari kalte nabarmenak hiztun batzuen hizkera fosilizatuta geratuko baita, ume eta txakurrekin berba egiteko...
Aurreko urteetan abandonatu egin da alfabetatzea, ez delako interesatu. Askok uste zuten ez zutela behar, eurak euskaldunak izanda, erdaldunen lana zela euskara ikastea. Oso jarrera erosoa. Hau guztiau argi ikusten da: arnasguneetan erdaraz funtzionatzen da irakurtzeari dagokionez, esate baterako. Euskal letrendako arnasgunerik ez
@garaigoikoa @KikeAmonarriz @BlogakCom #arnasguneak ezagutu ditudan neurrian ikusi dut erlajazio handia eta gehiena erdaraz leitzen dela
— rubensánchezbakaikoa (@arlotea) 2016(e)ko urtarrilak 12
Izan ere, inork imajinatuko luke hizkuntza normalizatu bat bere hiztunen gehiengoa gai ez bada hizkuntza horretan irakurtzeko? Ezingo genuke, ezta? Lizardik zioena “nahi haunat noranahikoa, jakintza hegoek igoa” ezinezkoa da alfabetizazio barik.
“Denok eman behar dugu zerbait, gutxi batzuek guztia eman ez dezaten”. Erdaldunei euskaraz ikasteko esaten diegu, euskararen alde zerbait egin dezatela. Baina etxetik euskara jaso genuenok ere egin beharko dugu ahalegintxo bat hizkuntza hobetu eta zeozer gehiago ikasteko.
Ikasi ez izanak, edo ganora gutxiko alfabetatzeak beste albo ondorioak ere badakartza: “Marteko euskara” eta “Euskalduna naiz por la gracia de Dios”, Madalenak Kafesnetan beste atal batzuetan garatuko ditugunak.
Save
Madalenak kafesnetan
Badira momentuak non buruan bueltaka daukaguna, urteetako hausnarra, ordenatu eta azaldu behar dugun. Hori da “madalenak kafesnetan”.
Hau guztiau Fermin Etxegoienek blogean lagatako erantzun batek isiotu zuen. Berak hitzez hitz hauxe zioen: “Hizkuntza batez jabetuko zara hizkuntza horretako zenbait mutur linguistiko –esamolde- behin eta berriro inguruan entzuten baldin badituzu, zu atrapatu arte.
Ia-ia -esango nuke- prozesu intelektualari uko eginda; hobe errepikapenak”. Irakurritakoan madalenak eta kafesnearen irudia etorri zitzaidan, sarritan ikasleei botatzen diedana: katilu bi kafesne dauzkagu eta madalena bana. Katilu bat kafesnez beteta dago, besteak pixka bat besterik ez du. Beteta dagoen horretan sartzen badugu madalena, di-da, segundo gutxiz madalena ez da bustiko asko. Beste katiluan, kafesne gutxi duen horretan sartzen badugu madalena eta luzaroan badaukagu, pla-pla geratuko da, mela-mela eginda. Azkenean kafesne kantitatea baino, zenbat denboratan izan dugun madalena murgilduta da gakoa madalena blaitzeko.
Horregatik blogeko atal berri honek izango du Madalenak kafesnetan izena. Batzuetan kafesnerik ez dugulako, bestetan astirik ez, hurrengoan, madalena beharrean soletilla bizkotxoak, eta katilua beharrean, basoa…
Euskararen paraderoaz egin gura dut berba, zer gertatu zaigun jakin, eta frankotiratzaile mundu honetan egia pare bat jaurti, izan liteke kamikazeegia naizela.
Euskararen munduan aspaldi nabil. 26 urte lanean euskaltegietan, euskara elkarteetan, soziolinguistika mintegian, ikastaro, jardunaldi eta abarretara joaten, lagun artean hitz egiten eta urte hauetako inpresioak baino ez dira nire madalena hauek.
Aitortu behar dut zertzelada hauek ezkorrak direla oso, ni horrela bainago. Ezkorregi, beharbada, baina gerrera, oso gerrera. Izan ere, ezkor egoteak ez du esan nahi kemen faltan gaudela, ez. Ezkortasunak arazo bakarra dauka, nekea eta hori bai da arriskutsua. Zoritxarrez, inguruan jende asko dut nekatuta egoerarekin.
Agian, porrota aldarrikatu beharko genuke, @martin_kitto-k esan zidan bezala, positibismo on faltsua beharrean. Ez dugu zintzoago jokatuko? Ezkortasunarena aurretiaz laga nahi dut argi, inor harritu ez dadin. Era berean, nire ikusmira txikitik eta pertsonaletik abiatutako hausnarketa eta behaketa da. Nire mundutxotik, nire egoera eta ingurutik. Ni eta nire zirkunstantziak baikara.
Kritikoegia, igual. Irtenbiderik ere ez dut proposatzen, baina hanka sartzeetatik ikasten dugulakoan nago. Horregatik, fokatu horretan eta alda dezagun txarto egin duguna, sasoiz gaude eta.
Eroriz ikasten da oinez!
Dokumentuaren akzioak