Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Anti-gona

Bush aitaren galtzerdiak

Leire Narbaiza 2017/02/08 17:10

Bushen kaltzetiñakObamaren agintaldia amaitzear zela, komunikabide batzuek argazki bildumak argitaratu zituzten. Bat edo beste nituen. Batzuetan argazki bitxiak ziren, eta beste batzuetan argazki ofizialak. 

Bereziki honek eman zidan atentzioa, eta ez Obamagatik; baizik eta George Bish aitaren galtzerdiengatik. Gurpil aulkian jarrita dagoenez ederki ikusten zaizkio, belaunak tolestu eta prakak igo zaizkiolako.

Atentzioa, galtzerdiak arrosak direlako eta gorbatarekin konbinatzen dutelako! Joko egiten dute! Beitu argazki honetan:Bush aittaren kaltzetiñak

Gainera, gertutik ikusita, konturatuko gara galtzerdiok estanpatuak zirela! 

Nork esango zigun Bush zaharrak hain kontserbadorea izanda (suabe esatearren) horrelako kolorerik irabiliko zuenik bere traje batekin? Zahartzaroak dakarren erreparo galtzea ote?

EAEko emakume politikarien estilo konbinatua

Leire Narbaiza 2016/06/05 23:51
Argazki batek erakuts lezakeena, tontamentean!

Hegoaldeko emakume politikariak

Ezkerretik eskuinera: Rosa Martinez (Equo-Ahal dugu), Nerea Llanos (PP), Idoia Mendia (PSE-EE), Onintza Enbeita (EH Bildu) eta Itsaso Atutxa (EAJ).

Goizane Landabasok eman zidan argazki honen berri. Diario de Noticias-en argitaratua, "Emakumeak eta genero arrakala" izeneko mahai-inguru baten ateratakoa. Gutxitan irudi batek eman ditu hainbeste pista. Seguru nago, nahi barik egin zutela. Baina kointzidentziek hizpide ederra eman digute!

 

Bost emakume politikari sofa batean, hiru leku duen jarlekuan. Horregatik, bik besoetan jesartzea beste erremediorik ez dute. Metafora bat da hori ere? Gizartean eta politikan lekurik ez dugula emakumeok adierazten ote du besaulkiak?

 

Binaka sailka genitzake, nahiz eta horrela bat kanpo geratzen zaigun, ezezagunena, berriena (guretako behintzat). Bikoteak eginda, eskumako biak, Atutxa eta Enbeita, beltzez jantzita daude, praka eta alkandora. Baina soingainekoa (jaka eta txalekoa) beixak dira. Zer adierazi nahi digute? Egoera beltza dela, baina argitasuna ematera datozela? Abertzaleen munduak geruza argia behar duela? Ez da kointzidentzia larregi? Akordioetara iritsiko dira etorkizunean?

 

Beste bikotea, konstituzionalista, alegia, rockeroago jantzi dira, larruzko jaka beltzekin, nahiko antzekoak, gainera. Idun bakoak, papar-hegalik (solaparik) ez! Itxura modernoagoa eman behar duelako konstituzionalismoak EAEn? Baliteke. Bitxia da, gainera, Mendiak eta Llanosek –Mendia eta Llanos? Zer da, hitz-jokoa?–  baina, abertzaleen kontrara daramatzatela koloreak; izan ere, kamiseta edo alkandora beixa dute txuparen azpian! Zer mezu helarazi nahi digute? Baikorregi ote daude barrutik, baina goibeltasun puntu bat erakutsi beharrean daude?

 

Martinez geratu zaigu bakarrik. Bera ez dago inorekin konbinatuta. Lastima. Hori bai, Equokoa izanda alkandora berdea du. Azpimarratzeko bere ideologia? Tira, Martinez eta Enbeita ere ileagatik elkar ditzakegu: biek dute ile laburra, biak ezkerrekoak direlako?

 

Beste hirurek, ordea, ile luzea dute, nahiko klasiko, lisotuta. Formal eta zintzo itxura ematen diena. Mendia eta Atutxa ile-hori tonu desberdinak. Horia ere Enbeitak du, platino kolorea goiko aldean, look berriarekin.

 

Arropara itzulita, behe aldean, praka beltz bi, bakero bi. Gona bakarra, beltza. Eta ez da Enbeita, Llanos baizik. Hortik ere ondorioztatu genezake estatuko zentro-ezkerrak bakeroak nahiago dituela? Euren identitatearen erakusgarri?

 

Pena da argazkian oinik, eta beraz zapatarik, ez agertzea! Ziur naiz mezu ezkutu mordoa aurkituko genituzkeela. Ezta, lagunok? Kontua da, Cuarto Milenio ikusten ari naizela eta Iker Jimenezek misterioak nonahi ikusarazten dizkidala…

Arnaldo Otegi meets Elizabeth II.a

Leire Narbaiza 2016/04/26 00:30
Bloga berpizteko, saski-nahaskia otu zait!

Kartzelatik irten denetik nonahi dugu Arnaldo Otegi. Indartsu eta gogotsu atera da, antza. Baina blog honetan ez dugu politikaz jarduten, politikarien janzkeraz baizik. Eta orain urte batzuk komentatu genuen elgoibartarraren estiloaren kontua. Egia da, Otegik joera markatu duela politikarien artean, gizonezko trajeen uniformizazioaz aldendu zelako, eta esan genezake it-boy bihurtu dela politikaren munduan, luzaroan barruan egon bada ere.

Horregatik harritu gintuen hainbeste Azpimarra+ etb1eko saioan, lehenengo euskarazko elkarrizketa luzean, Maddalen Iriarteri emandako hartan alkandora zimurtua jantzi izana. otegiren alkondara zimurtua

Ni ere ez naiz batere plantxazalea. Baina egia da, ez zuela oso ondo ematen pantailan. Ziur naiz, goizean etxetik irten zenean, lisatu eta dotore zegoela, baina egun osoan hala eman ondoren, jantzi berriko freskotasuna galduta zuela.

Otegik janzkerari dagokionez beste sorpresa bat eman digu: gorbata jantzi du! Halakorik! Londresen dago eta Jonathan Powellekin biltzeko jarri du zintzilikarioa! Ezustekoa izan da, halakorik ez nuen espero! Gorbaten kontrako iraultza, pikutara! Ai! Gainera, gorbata ere zimurtuta zegoen! Ze pasatzen da Elgoibarren? Ez dago lisaburdinarik? Deba errekako haize umelak ez du lisotasuna lortzen lagatzen? Ikertu beharrekoa!

otegi korbatiakin

Eta aprobetxatuz Otegi Britainia Handian dela, beste protagonista bat ekarriko dugu hona: Elizabeth IIa. Izan ere, pasa den astean 90 urte bete zituen gure amamaren lehengusinak! Bere look-a oso berezia da, beti dena konjuntatuta kapelarekin! Tira, boltsomari emakume izendatu genuen, beti boltsoa aldean zeramalako. 

Isabel II loibekin eta boltsua!

Urteurrena ospatzeko familia argazkia atera dute, amama zaharra iloba eta birlobekin. Boltsoa ezin falta. Itxura denez, hurrengo belaunaldian badu boltso kontu horrekin oinordekorik, eskuko-zakua gustura eroango dionik. Familiako neskatila gazteenetakoa!

Orain pentsatzen jarrita, Otegik Londresen jantzi du gorbata. Elizabeth bizi den hirian. Kasualitatea? Ez dut uste! Bertan ez dakit elkartu diren, baina Antigonak juntatu ditu aste honetako protagonistak.

Sabin Bikandiren dotorezia Max sarietan

Leire Narbaiza 2015/05/21 21:02

Astelehen gauean banatu ziren Bartzelonan Espainiako arte eszenikoetako Max sariak, eta Sabin Bikandik jaso zuen konposizio musikal onenaren saria Kukai dantza taldearen "Gelajauziak" espektakulurako egindako musikagatik

Ez da lehenengo aldia Bikandi blog honetara dakarkiguna. Aurreko baten txapela zein egoki janzten zuen komentatu genuen. Oraingoan, ostera, antzinakotasunaren klasea erakutsi zigun

Traje dotorea, urdin bilbao kolorekoa, itxura onekoa. Alkandora iluna, gorbata beltza eta betiereko txapela, era berezian jantzita. Ikusi nuen lehen irudia bere esker ematea izan zen eta gerritik gora baino ez nuen ikusi. Atentzioa txapelak eman zidan, gauean horrelako ekitaldi baten zeramalako

Baina geroago, photo-call-eko argazkia ikusi nuen, goikoa, alegia. Orduan bai haluzinatu nuela! Abarketa beltzak daramatza!!!! galtzerdi beltzekin! Eta ze ondo geratzen zaion? Sekula ez nuen pentsatuko!

Kontua da bere diskurtsoa eta janzkera bat datozela goitik bera: musikari tradizionalaren look-a baitarama, dotorezia osoz! Bikaina, Bikandi! Ederra iruditu zitzaidan, eta ez zuen desentonatzen, gainera!

Zorion bikoitza: saria eta arropagatik!

Intelektual itxura izateko zer behar den (edo nola jantzi sari literario bat jasotzeko)

Leire Narbaiza 2014/12/17 22:52

Nola jantzi intelektual itxurak egiteko? Gaur egunean sarritan planteatzen zaigu galdera hori, hainbat ebento, sari-emate eta ekitaldi daude non intelektual plantak egin behar diren, batez ere zalantza duena sari-jasotzailea bada.


Bizi garen gizarte “eskaparatista” honetan, itxura denez garrantzitsuena, pista batzuk eman nahi diet gure lagun gizonezkoei; izan ere, intelektual piura izateko ezinbestekoa da gizona izatea, jakina baita emakumeok oraindik ez dugula halako loriarik iritsi. Ez bekit gaizki uler, ez diot emazteok ezin gintezkeenik intelektualak izan, baina postureoan, oraindik ez dugu benetako espazioa lortu. Betorkigu berandu baino lehen!


Hara hor lehengo baldintza, gizona izatea. Bigarrena, aurpegian ilea izatea. Hala da, kausitu ote duzue idazle edo abeslari coolik bibote, bizar, kokospeko, papilota/patilla edo abarrik gabe, hori hipster edo modernoegi izan barik ere.


Buruko ilea, baldin eta oraindik bada, luzetxo, baina ez gehiegi eta desorraztuta, baina ez larregi. Natural antzean, baina oso estudiatua.Hori da komeni dena, jakinekoa baita azaluskeria dela helburu,


Hirugarrena, jaka janztea baitaezpadakoa da, amerikana izan behar du, gura dena, nahiera, baina hor ez dago eztabaidarik. Omendua rokero zaharra, makarra edota oso alternatiboa bada, onartuko zaio larruzko txupa , kremaileraduna, jakina.


Jakaren azpian, prefosta, alkandora eramango du sariztatuak, lisoa, kolore bakarrekoa eta praketan sartu gabe, arduragabekeria airea emateko lookari. Norbaitek originala izan nahi badu, tanto txikiko alkandora ere jantz lezake, baina beti oso leuna bada estanpatua. Alternatibo eta abozinatuendako tixerta ere erabil liteke, beti ere okasiorako kostumizatuta badago; alegia, slogan edo leloa ad hoc badu serigrafiatua.


Modelo hau nahikoa intelektual iruditzen ez zaionak ttattarra ere lot lezake idunean, hori bai, atorraren barrenak praketan sartu beharko ditu bai ala bai, narraskeriarik ez lagunok!

Erretzaileek pipa ere eroan lezakete, edo zigarretak eramateko iragazi luze horietako bat. Agian eztabaida ere sortuko du aretoan pipatzeak, baina pentsalariari zer ardura ote dio, ez da, bada, bera eguneko protagonistak?


Eta errematea, pastelaren ginga: fularra! Zer da intelektual ustezkoa fular gabe? Bai, txikia eta erabilia bada ere, zer axola dio? Tapauka ere izan liteke, baina ez oso negukoa. Estiloarekin jarrita. Jakin ezean, inguruan izango da emakumeren bat badakiena kolokatzen. Eska lekioke laguntza, beti egongo da abat edo bat prest zorionduari lepoan eskua jartzeko.


Eta argazkietarako mementoan interesante aurpegia jarri. Lehenengo planoa bada, eskua okotsean bisajeari eusten legez, eta ezpainak "muturtxoa" eginez, ez sobera, hauteman ez dakizuen. Beti oro era oso sotilean.


Hau da, estimatuok, Anti-gonatik errateko duguna. Kontuan hartuz gero, ikusiko duzue nolako arrakasta izango duzuen inguruan, saria elkarte gastronomikoaren ipuin lehiaketakoa bada ere. Berdin dio, hemen garrantzitsuena plantak egitea da, azalutsen erreinuan bizi baikara, oraindik ohartu gabe zeundeten, ala?


Disfrutatu premioaz eta hurrengo galan gonbida gaitzazue.

Pertsona publikoen arropa eta sexismoa

Leire Narbaiza 2014/11/21 11:39
Euskadi irratirako Faktorian egindako kolaborazioa

Karl Stefanovic-ek Australiako Channel Nine-ko albistegiko aurkezleak urte osoan jaka bera jantzi du. Alkandora eta gorbatak aldatzen zituen, baina alkandoren kasuan denak zuriak edo kolore argikoak ziren. Time-lapse bat egin dute eta nabarmen geratu da bere ondoko emakume aurkezleak egunero modeloz aldatu zuela, baina berari ia nabaritu ere zaiola egiten. Urtebetean aldatu barik eta inork ez du igarri.

Jakin gura nuke andrazko baten kasua izan balitz zer esango zioten. Ziur naiz, astea amaitu orduko jendeak antzemango ziola eta nonahi agertuko “eskandalua”. Izan ere, emakume batek arropa errepikatzea eskandalua da. Anormala den zerbait.

Agian, orain denbora gutxira arte jende arruntak arropa gutxi zuelako, eta asko izatea aberatsen kontua zelako. Orain, armairuak gainezka dauzkagu eta, gainera, gutxi dugula iruditu. Kontsumismoa, arropa merkea, eta modaren konbinazio zoroak eraman gaitu egoera surrealista honetara.

Aitortu behar dizuet niri ere gustatzen zaidala arropa aldatzea, eta kritika nigandik hasi beharko nukeela. Baina aldatzearenaz gain, uste dut hor ere badagoela sexu edo generoari dagokion osagaia: emakumeok txukun eta egoki janzteaz gain (honetaz ere asko hitz egin genezake), modan eta dotore jantzi behar dugu. Emakume publikoak (ejem) izanez gero, erakusleiho ere izan behar dugu. Hala gertatzen zaie ministro emakumeei, aurkezleei eta abarrei. Cécile Duflot-en kasuaz hitz egin izan dugu,Cécile Duflot eta soineko loraduna

edo Loyola eta Ana de Palaciori ahizpei egindako kritika zorrotzak estilo berezia zuelako.Loyola de Palacio

Bestalde, aktore, abeslari, printzesa eta abarrek arropa errepikatzen dutenean, artisten kasuan, kritikatu egiten da; printzesen kasuan, ostera, koipea emanda, xumea dela esaten dute, berrerabiltzen badakiena. Baina birritan baino gehiagotan errepikatzen badu denboran zehar (ez bi egunetan jarraian, hori ezinezkoa litzateke), zikoitz eta xuhurtzat hartuko dute, glamourrik ez duela ere esango dute. 

(Bilaketa bat egin dut Googlen: Letizia repite vestido, eta 70.000 sarrera irten zaizkit!)

Baina oreka mantentzea ere zaila da; izan ere, arropa gehiegi edo nabarmenegia jantziz gero ere, kargu hartuko diote emakume publikoari, Teresa Fernández de la Vegaren kasuan bezala: dirua xahutzen zuela zioten. Nola asmatu, baina?

Gizonezkoen kasuan askoz errazagoa da, Karl Stefanovic-ek demostratu duen bezala: kontrol gutxiago, kritika gutxi, eta dena errazago. Egia da, Lorenzo Milak La Dos kateko albistegian gorbata barik agertu zenean hautsak harrotu zituela, baina alergiadunek ere ez lukete igarriko hauts hori! Amatiñok ere pajaritekin, ttattarrekin eman zuen zeresana (gutxiago). Eta Pedro Toledok Banco Bilbao Vizcaya (BBV)ko kopresidentea izan zenak ere eman zuen zeresana trajea utzi eta sarri praka bakeroak, gorbata eta jaka janzten zituelako, orduan nahiko modernoa. Baina boterea eta dirua izatea zer ote, kritika gutxi jaso zituen! Pedro Toledo

Dena de, irratiaren kasuan erraz-erraz daukagu, bainu jantzian edo pijaman egon gintezke eta zuok ez zenukete inoiz jakingo! Ahotsa janztea da hemen arazoa!

Antzinako idazle errusiarren estetika

Leire Narbaiza 2014/06/27 13:25
Ostiraleko katekorratza

Argazki honek kateatu eta liluratu egin nau

Idazle errusiarrakidazle erusiarrak

Sreda Moskuko talde literarioarena da. XIX. mendekoa, errusiar jantzi eta mendebaldeko jantzien nahasketa. Bibote eta kokospekoak, beso bako betaurrekoak, eskumara begiratzen, elkarri oratuta... Ikaragarri gustatu zait!

@Libroantiguo-ren bidez jaso dut. Mila esker!

Aurpegiko txanoa

Leire Narbaiza 2014/06/20 11:48
Ostiraleko katekorratza

Javier Maroto, Gasteizko alkatearen adierazpenek polemika bizia sortu zuten sare sozialetan, izan ere hijaba jantzita egotea are larriago zela esan zuelako. Xenofobiatik ere badute.

Kontua da, higienea dela erabiltzen den argumentua jantzita ezin dela banatu adierazteko. Eta txanoa jantzi behar zela ere aitatzen zen arrazoitze honetan. Ederki, orduan denok depilatuta? Eta bizardunek, zer?

Ana Moralesek topatu du irtenbidea: aurpegi osoa estaltzen duen kaputxa.

Txertatutako irudiaren behin betiko esteka

Honengatik ere esango dute zerbait!

Etxeko zapatilak

Leire Narbaiza 2014/01/29 12:33
Euskadi Irratiko Faktoriarako egindako kolaborazioa

 

Gaur galdera mordoa dakart! Zelako zapatilak erabiltzen ditugu etxean? Hauek orain dauzkadanak!

 Txertatutako irudiaren behin betiko esteka

Badago plazer txiki handiagorik etxera iritsi, zapatak erantzi eta txapina janztea baino? Ezetz esango nuke! Kaleko zapatetan oinak orduetan kaiolaratuta izan ostean, gozatua da etxeko txapin bigun eta nasaiak janztea!

Baina etxean nola ibiltzen zarete: ortozik, soletutsik, txapinetan, kaleko zapatatan? Ni beti txapinetan esan dudan moduan! Ezin ortozik ibili, etxea oso-oso garbaia izan arren, beti dagoelako ogi-apurren bat, zikintxo bat oin-azpietan itsasten dena, eta hori ez dut gustuko. Dena den, badago jendea inoiz ez duena txapinik janzten, beti ortozik ibiltzen dena. Gainera, joera hau txiki-txikitatik sortzen zaie.

Baina zapatiletan ibiltzekoak bazarete, nolako zapatilak janzten dituzue? koadrodun tradizionalak, orpo bakoak, galtzerdi itxurakoak baina zoladunak, txankleta estiloan, akoltxatuak (bigungarriduna, animalia formarekin …). Orpodunak jantziz gero, txankleta modura erabiltzen dituzue? Ala ondo sartuta? Ordua, zertarako orpodunak? Nik normalean, txankleta estilokoak!

Eta beste galdera bat: neguan eta udan aldatu egiten dituzue? Berogarriak neguan, freskoagoak behatzak bistan eta felpazkoak udan,… Dena den, batzuek, Josu Bergarak bezala, hauek janzten dituzte urte guztian zehar!

 Josu Bergararen zapatillak

Joxe Rojasek dio (gai hau iradoki zidanak) gaur eguneko zapatilen zolak ez direla lehengoak bezalakoak, desegin egiten direla, poliexpana bezalaxe, zurrunagoak direla eta kosta egiten dela lehengoak aurkitzea. Desberdinak dira, bai, baina lehengoak ere zabaltzen ziren, beheko zola mehea desitsatsi eta aho goseti bihurtzen baitzen.

 Joxeren zapatilak

Baina zapatilek sortzen digute zalantza bat: noiz bota txapinak? Izan ere, txiki-txiki egin arte janzten ditugu. Behatz potoloak zulatzen ditu, patata itzelekin ere erabili, zola hondatuta eduki arren, hain gustura gaude zapatila horiekin… Lotsa emateko moduan egoten dira!

Hortik beste galdera bat sortu zait: kalera jaitsi txapinetan? Atariraino bai, baina gehiago ez!  Ezta zaborra botatzera ere, eta hori edukiontziak atari aurrean ditudala! Gainera, ez du zentzu handirik ere, ezta? Kaleko zikin guztiak etxera ekartzea ere!

Faktoriara entzuleek bidalitako argazkiak hementxe.  Mila esker denoi!

Joskintza atzera ere modan

Leire Narbaiza 2014/01/15 12:03
Euskadi irratiko Faktoria saiorako egindako kolaborazioa

Lehen emakume guztiek zekiten josten, euren betebeharra zelako. Askok jori zen jasotzen zuten ikasketa formal bakarra. Konfekzioko arropa gutxi zegoenez, jostunengana jotzen zen "arropa ona" egitera. Nik ere ezagutu dut hori.

Konponketak amak egiten zituenez, ia etxe guztietan zegoen josteko makina. Gurean ez, eibartarra izan arren, gureek bizikleta, patin eta eskopetak egiten zituzten. Horregatik, Aratuste eta abarretan sekula ezin izan dugu mozorrorik egin, beti hala moduz konpondu behar

Ez nuen ganoraz josten ikasi. baina, hori bai, eskuz, saretu, barrenak hartu eta gauza txikiak josten badakit. Ez naiz trebea, baina moldatzen naiz. Denok jakin beharko genuke josten, pixka bat, gutxienez, oso ondo etortzen delako. eta estutasunetan laguntzen duelako.

Nik justuan botoiak josten dakit, esan dudan moduan, baina petit point, gurutze puntua egiten badakit. Señorita batek jakin behar zituen gauzak!

Josi ez, baina puntua egiten zuen amamak, eta guri gauza asko egin zizkigun: kulero eta kamisetak perlezkoak, jertseak, tapaukak, txanoak.... Berak irakatsi zidan puntua egiten, modan jarri zenean 20 bat urte nituenean. Duela 5 bat urte ere modan jarri zen atzera ere. Egia esatera oso erlaxatzailea da, eta gustagarria. Galtzerdi batzuk (amamak egizituen orpo eta puntak) eta jertseren batzuk ere egin nituen bere laguntzarekin.

Orain krisiarekin joskintzak gora egin ei du. Inbidia ematen dit, beti jostunari eraman izan dizkiodalako arropak konpontzera, eta agian makina izanda nik konponduko nituzkeelako. Baina agian ez!

Dena den, oso ondo ikusten ditut horrelako kontuak, imajinazio eta sorkuntzan eragina izan lezakeelako eta uniformitatetik askatu.

Aurkezpena

"Jantzi. Erantzi. Janzkiak, arropak, soin gainekoak. Moda, estiloa, bizitzaren zati bat. Umorez, eztenaz, xarmaz. Leire eta Elenari interesatzen zaigu. Baita zuri  ere, ala ez?"

@ElenaLaka

@txargain

Izan eta esan

Kalamuatik Txargainera