Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Ez gaitezen higuingarriak izan!

Leire Narbaiza 2020/09/18 00:59
Gipuzkoako Hitzan 2020ko irailaren 4 argitaratua

Kanpineko igerilekuan nago, gerizpetan arratsaldeaz disfrutatzen. Oso ondo dago guztia prestatuta pandemia sasoirako, eta hiru metroko distantzia mantendu egiten da hamaka artean. Eskerrak! Zeren nire ondoan dagoen ama bartz-orrazia (liendrera: zorriak izan edo, egoteko susmoa edukiz gero, erabiltzen den hortz estuko orrazia) ari zaion pasatzen semeari. Haluzinatuta nago, orrazi pasada bakoitzeko, paper baten gainean astintzen baitu, eta atzazalekin bartz edota zorriak akabatu. Higuingarria leku publiko baten.

Gauean bertan, familian afaltzen gabiltzala, gaiaz jardun dugu. Pasadizoa erabili dugu umeei esateko zer den onargarria eta zer ez leku publiko baten gaudenean. Aprobetxatu dugu jakinarazteko jatorduetan ezin dela ahoa zabalik jan, gureetako bat hala dabilelako ahokoa besteoi erakusten eta zaratak egiten murtxikatzean. Hori ere nazkagarria dela adierazi diogu, oso konforme geratu ez bada ere. Edukazioa ona dela esan arren, ez du ulertzen ondo, eta eztabaidan ibili gara.

Orduan, horrelako nardagarrikeriak etorri zaizkigun burura, ranking bat egin nahian bagenbiltza legez. Aurreko baten ikusi eta entzundakoa gogoratu dut: udako egun eguzkitsua, parkean paseatzen genbiltzan, eta klak-klak-klak entzuten zen. Hurreratu, eta zer izango? Gizon bat atzazalak mozten bankuan! Baina nori otutzen zaio halakorik? Irten egin behar da, gero, asmo horrekin kalera! Zelako enpagua hots hutsa entzunda!

Norbaitek esan lezake atzazalena ez dela hainbesterako. Baliteke. Higienikoa, behintzat, ez da. Antihigienikoagoa da, zalantzarik gabe, txakur kakak ez jasotzea. Hori nazkagarrikeria handienetakoa da. Oinez espaloian, eta mokordoa jaso barik. Zapalduz gero, zorte ona dakarkigula esan, kontsolatze aldera. Itzela. Halako hamaikatxo anekdota nardagarriak dituzte lorezainek, herrietako zelaietan belarra mozten ibiltzen direnean kirten luzeko makinarekin. Puntan helize zorrotz bat du, eta mina batekin topo egitean, goitik behera zikintzen dira gorotz zipriztinez langileak, zergatik, eta jabe burubakoek txakurrak “berdean” kaka egitea nahi dutelako, ekologiaren aitzakian gorozkia ez jasotzeko. Alfer berekoiak besterik ez dira txakurdun zikin horiek.

Segituz gero higuingarrikeriekin, top 3an sartuko nukeena lehenengo postuan ez bada, kalean tu egitea da. Karkaxaren zarata, gorrodun txistu hori, eta jaurtitze-hotsa baino gauza lohiagorik gutxi, nahiz eta umeen eredu diren futbolari hiper aberatsek ere egin futbol zelaian. Ez da edukazio edo sentsibilitate kontua soilik, osasunarekin ere badu zerikusia. Kerru horretan birus eta bakterio asko egoten direlako. Beti pentsatzen dut, laprast egin eta karkaxa baten gainean jaus gintezkeela… Gurpil aukian dabilen bati irakurri nion eskuak erroberetan jartzen dituztela, eta tu horiek ukitzen dituztela. Aj! Lagun baten amak esaten duen bezala: pena ez dutela errebotatzen ta pla! aurpegian eman jaurtitakoari. Justizia litzateke.

Sasoi asaldagarriak bizi ditugu, hala da. Inoizkorik gehien gabiltza zaintzen higienea eta garbiketa. Eten barik geure buruaz eta elkar zaintzeaz dihardugu, baina badirudi oinarriko edukazio kontuak ez ditugula barneratzen erabat. Bada, edukazioa eta hurkoarenganako errespetua ere zaintza da, ez dezagun ahatz

Gipuzkoako Hitzan

Non dago Kilimon?

Leire Narbaiza 2020/08/31 23:52
Gipuzkoako Hitzan 2020ko uztailaren 24an argitaratua
Non dago Kilimon?

debabarrenaturismo.com-etik hartutako argazkia

Errepidez bidaia bat egiten dudanean beti izaten dut gogo bera: bide bazterrean dauden seinaleei jaramon egin, eta iragartzen dituzten eliza, etxe, zubi eta abarrei bisita egitea. Automobila gelditu, eta ezagutzea panelean iradokitzen duen guztia. Seguru nago sorpresa on asko hartuko nituzkeela. Txarren bat ere bai, ez dut dudarik.

Umetatik horrela ibiltzeko guraria badut ere, ez dut inoiz egin, helmugak beti agindu duelako, iritsi beharrak frenatu duelako nire nahi hori. Zer esanik ez bidaiakideen betoa, alderrai ibiltzeak jende gutxi erakartzen duelako.

Bulkada hori edozein bide-tartetan agertzen zait, beharrera noala ere pultsio hori izaten dut, edo horrelako desplazamendu errutinazkoetan. Zenbat bider pasatu ote naiz Zaldibartik eta San Andres eliza XII. mendekoa jartzen duen kartela irakurri? Zenbatetan autoa geratzeko gogoa izan? Ehunka, eta oraindik ez dut egin.

Halako zerbait gertatu izan zait Astigarribiarekin, Mutrikun, batez ere Gipuzkoako elizarik zaharrena bertan zegoela jakin nuenetik (hau ere San Andres). Etxetik 19 kilometro eskasera egon arren, uztail honetako egun baten erdipurdiko eguraldiak lagundu dit bisita egiten.

Txango berean Kilimon bailara bisitatu genuen. Ziur nago hegoaldeko guztiok entzun dugula Guadiana ibaiari zer gertatzen zaion, desagertu egiten dela badakigu. Baina ez dakigu Gipuzkoan bertan badugula halako erreka bat, Kilimon, Andaluziakoa baino askoz txikiagoa, baina fenomeno bera duena: agertu eta desagertu egiten da —dakidala beste bat ere badago Nafarroan, Urrobi ibaia—. Mendaron dago, etxe ondoan.

Irtenaldiek Kilimon ezagutzeko ez ezik, beste kontu batzuetarako ere balio izaten dute. Gure herria hobeto ezagutzea beti da onuragarria, laguntzen digulako gehiago maitatzen, eta, ondorioz, babesten eta zaintzen. Noraezean ibilita aurkikuntza handiak egin litezke, haran harrigarriak, txoko txukunak, eraikin erakargarriak eta paraje paregabeak. Ederrak guztiak. Baina toki hauen ifrentzua ere topa genezake, ia alboan. Horrela, egunotan galdu-gordean ibilita, konprobatu dugu bertatik bertara zer sarraski egiten dabiltzan mendietan. Katastrofe bat konpondu beharrean, beste handiago bat eragin. Pinuak kendu, eta sail osoak soilduta ikusi ditugu, matarrasa eginda, gorri, malda handiak inongo babes begetalik gabe lagata, lurrari eutsiko dioten landare barik, substratu emankorra lehenengo zaparradarekin galtzeko arriskuan; eta hori gertatuz gero, lurra lokatz bihurtu eta ibaiak hondatzeko moduan. Mendi-hegiak ebakiondoz josi dituzte, arbolak ateratzeko eraikitako pistak zaurituta, basoa urbanizatuta. Eta errematerako, eukaliptoa sartuta. Hondamendi ekologiko bat beste hondamendi larriago batekin ordezkatuta. Ederra, oso ederra dena. Ez dugu ezer ikasi.

Hiztegian begiratuta jakin dut kilimon egin porrot egitea dela, erreka jotzea. Gure bazterrak maitatzeko, lanbroak ezkutatzea ez da nahikoa, ezagutu behar ditugu, hori da lehenengo pausoa balioesteko. Balioa emanda estimatuko ditugu, eta horrela bakarrik zaindu eta babestu. Horregatik da hain garrantzitsua Kilimon non dagoen jakitea, gertukoa ezagutzea, kilimon ez egiteko.

Uda atipiko honetan hasi gara gu. Zuetako nor animatuko da Kilimon ezagutzen?

Gipuzkoako Hitzan

Familia

Leire Narbaiza 2020/08/19 00:05
Argia astekariko 2671. zenbakian argitaratua

Lagun batekin elkartu eta umeen gainean itaundu barik, gurasoen galdera egiten badiozu, helduaroan zauden seinale, gazte denbora joan zaizula esan gura du.

Familia denon ahotan. Gizartearen oinarri ez ezik, euskarri ere badelako, sistemaren funtsa. Zeren aitatutako guraso horiek gaixotuz gero, familiartekoen gain geratuko dira zaintza ez ezik, medikuetako kontu guztiak ere.

Bikotekide edota seme-alaben pentzudan daude gaixo askoren tratamendua eroatea eta gainbegiratzea, baita joan-etorriak ere. Zelan egin liteke, lan ordutegian denean guztia? Hor konpon! Familiakoa zara eta zure ardura da. Eta senideak, ezinean. Baina berdin dio sistemari, zaintzak ez diolako inori ardura, ez duelako baliorik bizimodu honetan.

Sistemaren eredua tradizionala da, antzinakoa eta patriarkala, etxekoandre bat sendian lemazain zegoenekoa. Halakorik gutxi orain, ordea.

Darabilgun martxarekin bateraezinak dira askotan zaintza eta lana. Zelan moldatu muntatuta dagoen hau guztiau? Zelan irauli eta gure bizimodura ekarri? Eta zahartzen garenean, nork hartuko du gure ardura, modelo honek segituz gero? Aldatu beharko da zeozer, ostantzean…

Argian

Hutsunea

Leire Narbaiza 2020/07/31 14:20
Argia astekariko 2692. zenbakian argitaratua

Hil ala biziko zeregin baten aurrean, geure gorputz eta buruak lanari era berezian ekiten diote. Dena emanda jarduten dugun bitartean, estresak edota adrenalinak aurrera eroaten gaitu, mantendu eginkizun horretan buru belarri. Nahiz eta batzuetan pot egin, edo animo gorabeherak izan, beharrean segitzen dugu, besterik egin ezin delakoan.

Esfortzu handiaren ondorioak sinestezinak izaten dira, baina. Eginbeharra amaitutakoan, haren falta igartzen da, eta noraezean bezala geratzen gara, zer egin eta gure lekua non dagoen jakin ezinda.

Halako zeozer gertatu zaigu batzuoi itxialdiaren ostean. Konfinamenduaren helburua argia zen, zehaztapen nahasiak eman bazizkiguten ere. Ahalegin handia eginda, indarrak ere ia agortu zaizkigu bidean, hustuta sentitzen gara barrutik, kantsatuta. Normalitate berrira ailegatutakoan, ostera, ez dago ezer espazio horretan, ez dugu xede zehatzik, hutsik dago, zulo beltz erraldoi bat besterik ez da, energia xurgatzen duena, ezerezean laga gaituena.

Itxialdiak kaleak hustu zituen lez, deskonfinamenduak barruan hutsune erraldoi bat zabaldu digu, gaitza betetzeko.

Argian

Uztaileko antsiak

Leire Narbaiza 2020/07/20 13:35
2020ko uztailaren 10ean Gipuzkoako Hitzan argitaratua

Uda hasierak beti egiten zaizkit gogorrak, aldaketak beti konplikatuak izaten direlako. Uztaila ez da hilabete erosoa, neguan alde batera lagatakoa, geroratutakoa, azaltzen zaigulako: Geroa, alferraren leloa esaerak ederto definitzen du. Era berean, arropa kentzeko unea ere bada, eta buruhaustez betetako sasoia: armairu aldaketak; arropa zaharra deskubritzea (onerako zein txarrerako); oso gustuko dugun nikia ez aurkitzea; oinak, bernak eta besoak airean erakustea… Azal-huste bat, nolabait esateko. Biluzte fisiko eta metaforikoa, arropa geruzak erauztea, benetako hezur-haragia erakusteko. Latza, oso latza!

Are latzago aurtengo uztaila, udaberri bariko uda dugulako. Etorri, etorri zen udaberria, baita joan ere. Baina itxialdian harrapatu gintuen. Esan genezake ez dugula primaderarik bizi izan, gure leihoetatik pasatu besterik ez zelako egin negu osteko urtaroa. Eta orain, bat-batean, eguzkia eta beroa jaun eta jabe bihurtu dira. Gure larru zurbilegiak, hanka iletsuak eta konfinamenduan areagotutako girgiloak azaleratu eta protagonista bilakatu zaizkigu, arropa erantzi dugulako, batere sexya ez den striptease ez-borondatezkoan.

Porlan eta asfaltoz betetako lekuetan gogorragoa da trantsizio hau. Galipotak beroa, eta ondorioz izerdia, handitu egiten baitu. Gipuzkoako barru aldeko herri handietakook freskura bila ihesi irten behar izaten gara gure hiribilduetatik mendira edota itsasora, gure herriak negurako daudelako pentsatuta —inork ezer pentsatu eta planifikatu bazuen, behintzat, kaleak eta plazak egitean—, kale-zuloegi direlako, egonean egoteko ez daude diseinatuta, baina bai barruan (tabernan zein etxean) sartzeko. Ez dira bertako biztanleokin goxoak, abaroan ez gaituzte hartzen, batez ere, beroaldietan. Horregatik egiten dugu ospa, eta inguruko herri eta toki amultsu eta atseginagoetara joaten ahalegintzen gara, bake bila.

Hanka egiten dugunean, ahal den moduan egiten dugu. Etengabe errepikatzen duten mantra ere sartuta dugu buruan: erabili garraio publikoa. Adibiderako, egunotan ikusi ditugun irudiak Eibar-Deba-Eibar treneko desplazamenduetan. Baina ez dira pandemiak ekarritako nobedadeak, ekain amaierak eta uztailak halako imajinak laga izan dituzte, umetatik bizi izan ditugu. Trenak egurrezkoak zirenean, orain 35 urte, ikusita gaude umeak leihoetatik sartzen, ezinezkoa zelako pasatzea. Taldeko ama pare bat aurretik sartu eta beste amak umeak bentanatik pasatu. Orain ez dago halakorik, leihoak ezin direlako zabaldu, bestela…

Kontu historiko bat izan arren, ez da ezer egiten trenen edukiera zaintzeko, segurtasuna bermatzeko. Izan ere, geltoki askotan ez dago langilerik kontrolatzeko, eta langilerik badago, bakarra, eta ez da nahikoa.

Debako irudiak pic.twitter.com/KbprQVuJQU

— GAZTEZULO (@Gaztezulo) July 1, 2020

Jendeak badu ardurarik? Bai, jakina. Baina itxialdiak eragindako antsia horrek galduko gaitu izurrite sasoi honetan. Halere, eguzki eta aire libre goseak ezin justifika lezake zer zikin lagatzen diren hondartzak. Horrek ere galduko gaitu, izurrite izan ala ez.

Gogoko dut trenean mugitzea, eta hondartza. Desiratzen nago Debaz disfrutatzeko. Beste edozein paraje ederrez ere berdin. Baina merezi du horrela ibiltzea? Ezingo diogu antsiari eutsi, eta disfrutatzeko beste modu batzuk deskubritu? Seguru badaudela!

Gipuzkoako Hitzan

Solstizioa sukaldean

Leire Narbaiza 2020/07/05 16:40
Gipuzkoako Hitzan 2020ko ekainaren 26an argitaratutakoa
Solstizioa sukaldean

Zaldibar Argitu banderatxoa (Anboto.eus-etik hartutakoa)

Igande eguerdia da, eta sukaldean nabil bazkaria prestatzen. Oraintxe etorri naiz etxera, berandu, domeka goizetako patxadarekin ibili naizelako. Eguraldi ederra egiten du, naturala. Solstizioa da. Leihotik begiratu, eta bertan zintzilik dudan Zaldibar Argitu banderatxoa buelta emanda dago, airea dabil eta. Eraz jarri dut, ondo ikus dadin.

Oraintxe kaletik etortzea egin dudanez, etxea isilik dago, ez dut inolako zaratagailurik isiotu. Kozinatzeko, baina, beti da ona irratia. Piztu dut. Hara non Aritz Gallastegi agertu den uhinetan futbol partida bat kontatzen. Ez dakit zein, eta ez dit ardura. Amatatu egin dut.

Banderatxoa dantzan dabil airean. Bentanatik begiratu dut berriro ere, eta Ertzaintzaren automobil bat dakusat aparkatuta. Tira, autoaren ipurdi aldea. Luzaroan dago bertan, argiak emanda. Zertan ote dabiltza?

guakamoliaAhuakatea nabil sardexkaz zapaltzen, maspil-maspil egiten guakamolea lortzeko. Goxoa irteten zaidalakoan nago. Baina ahuakateak ezin dira sarri erosi, karuak eta urrunekoak direlako. Urrun, Malagakoak direlako, kontinente honetakoak, halere. Amerikarrek, gure plateretara iristeko, nik baino gehiago bidaiatu dute. Hauek gutxiago bidaiatu arren, besteak baino garestiagoak dira. Orokorrean, sasoiko fruta eta berdura freskoa dena dago karu, iaz baino askoz karuago. Gereziak 6 eurotan. Gerezi denbora den arren —literala, ez metaforikoa, pandemiak ez digu halakorik ekarri-eta, zoritxarrez. Osasun arduradunek egunean bost errazio fruta/barazki jan behar ditugula esaten dute. Merkeagoa da txokolatezko palmera industrial erraldoi bat erostea, kilo bat sagar baino. Palmera palma olio eta azukrez lepo badago ere. Kontraesanak. Txileko sagarrak, adibidez, Lleidakoak baino merkeago. Mundua aldrebes. Diru hori sasoikako fruta batzaileendako balitz, sikiera. Baina ez. Lleidan Keita Balde futbolariak ordaindu behar izan die langile horiei lolekua. Balioko balu, behintzat, Huelvako mailuki batzaileek kontratu duinak izateko, sexu jazarpenik ez jasateko? Ez, hori ere ez. Zeinen eskuetan geratzen da etekina, orduan? Nola elikatu ganoraz umeak eta zaharrak prezio horiekin? Normalitate berria lehengo normalitatea da, baina garestiagoa.

Normalidadea esaten zioten gure aurreko andreek opor sasoiaz kanpoko denborari, umeak eskolara eta senarrak beharrera itzultzen zirenekoari, errutinari. Baina oraingo normalidade berria delakoak betiko anormalidadea du bere baitan, lehenengo anormalidade zaharra. Zaldibarkoak argitu barik segitzen du, Alberto eta Joaquin zaborpean daude oraindik. Futbola ere hortxe, egunero, negozioan. Ertzaintzaren automobil aparkatua, orain ere susmagarri. Pandemia batek ere aldatzen ez dituen kontuak.

Solstizio eguna da, uda dator. Baina barruak esaten dit ezin dela uda izan, ez nago-eta prestatuta uda izateko. Hala ere, naturak bere bidean segitzen du, ez du barkatzen; nahiz eta niri begitandu duela gutxi izan zela sukaldeko bentana txiki honetatik malutak jausten ikusi nituen unea, banderatxoa lekuko.

Normalitate anormal honetan, hemen, sukaldean, segituko dut telelanean. Garbigailua jarri ezinda, bideo-deian sar ez dadin zarata. Bazkaria egiten den bitartean, erlatibo erreferente gabea azaltzen jardungo dut. Bitartean, Zaldibar Argituko banderatxoa dilindan, ezer aldatu ez den seinale.

Gipuzkoako Hitzan

30 urte

Leire Narbaiza 2020/06/30 11:55
Argia aldizkariko 2677. zenbakian argitaratua

Gabon ostean 30 urte bete ditut beharrean. 30, nahiz prekarietatearen ondorioz, askoz gutxiago kotizatu ditudan, ia beti lanean ibilita ere.

Hiru hamarkada ofiziorik ederrenetakoan, irakaskuntzan, euskara irakasten helduei euskaltegietan. Zenbat desafio, eta zenbat haserre, zelan ez, ba. Azterketekin borrokan, titulitisaren zama arindu nahian. Sarri gizartearen oldearen kontra, baita instituzio batzuen aurka ere.

Zelan aldatu den guztia sei lustrootan. Hasi nintzenean, aldizkari hau, Argia, baino ez zen existitzen. Ez egunkari, ez herri aldizkaririk. Internet existitu ere ez zen egiten. Liburu gutxi eta gaitzak ikasleendako. Hori bai, ETB1en serie eta filmak ematen zituzten. Gizartea eta ikasleak ere aldatu dira, orain jolasean kale.

Zenbat ikasi dudan, eta ikasten dudan egunero. Batez ere ikasleengandik eta ikasleekin. Euskaran ere ikaragarri sakonduta, gaztelanian ere bai, kontraesana iruditu arren.

Baina helburua litzateke gure ogibide hau, ederrena bada ere, betiko desagertzea, beharrezkoa ez delako izango, Euskal Herria zeharo euskalduna izango delako.

Beste 30 urte beharko ote?.

Argian

Fenomeno paranormalak eta euskara

Leire Narbaiza 2020/06/19 11:50
Gipuzkoako Hitzan 2020ko ekainaren 12an argitaratua
Fenomeno paranormalak eta euskara

Wikipediatik hartuta

Ez dakit inoiz Iker Jimenezen saioa ikusi duzuen, seguru nago baietz, Hegoaldekoak bazarete, behintzat. Cuarto milenio du izena, eta fenomeno paranormalez, OHEz (objektu hegalari ezezagunez), konspiranoiez eta abarrez hitz egiten du bertan. Gidoilariak gozatzen ibiliko dira pandemiarekin, beste hamar denboralditarako ere emango dielako materiala. Bada, programa horretan teoria bat defendatzen dute: eraikin baten hormen artean bizi izandako gertaerak indartsuak eta bortitzak badira, paretak sentimendu horiekin blaituta geratzen dira, sufrimendu hori kutsatuta geratzen da bertan, alegia. Jakina, fenomenoa sufritzen dutenak beti izaten dira ospitale psikiatrikoak, kartzelak, barnetegi krudelak… Oinazea eta terrorea aterpetu duten etxeak aztertzen dituzte, psikofoniekin-eta. Beldurgarria (hartu nahi duzuen zentzuan).

Ez dakit Euskal Herrian ibili ote diren halakoen bila. Badakit ankerkeria aterpetu duen leku bat baino gehiago dagoela gurean, polizia etxeetan, esaterako. Halere, badago toki bat non urduritasun neurgailu guztiek —existituko balitz halakorik—, eztanda egingo luketen: BEC, Barakaldoko erakustazoka. Hango pabiloietako hormek milaka azterketariren urduritasuna xurgatuko zuten honezkero, han egiten diren azterketa eta oposizioen ondorioz. Iker Jimenezen lantaldeak kirio-neurgailua jarri beharko luke Ansioko eraikinean ea poltergeistik dagoen.

Aurten, ordea, BECeko hormek ez dute urduritasunez kargatzeko aukera handirik izan, bertan behera geratu direlako pentsatuta zeuden oposizio eta azterketa guztiak. Tira, den-denak ez, HABEkoak egingo dituztelako; barkatu, egiten dabiltzalako dagoeneko. Atzo goizetik datorren asteko ostiralera arte, EAEko euskara ikasleek B2, C1 eta C2ko etsaminak egingo dituzte. Pandemiaren amaieran euskara ikasten dabiltzanek BECera joan beharko dute. Lehen, hiru azterketa leku egoten ziren: Donostia, Gasteiz eta BEC. Orain, bakarra. Izurritearen erdian erabakitako kontua. Euskaltegietakoek ez ezik, C1era euren kasa aurkeztuko direnek ere han egingo dute etsamina. Komentario gutxi merezi du erabakiak.

Askok argudiatu dute ikasleek merezi zutela azterketa izatea. Hala bada, zergatik ez du inork halakorik esan HAEEk (IVAPek) bertan behera laga zuenean udaberriko deialdia? Osakidetza, Ertzaintza, Hezkuntza, suhiltzaileak… Oposizio (ez oposaketa, mesedez) horiek guztioriek atzeratu zituztenean sine die? Ez ote dute oposiziogileek ere errespetua merezi? Ezinbestean egin behar zen C1eko azterketa librea deialdi honetan, orain arte inoiz egin gabea? Derrigorrean BECen, beste aukera batzuk mahai gainean jarri zirenean (eskualdeka, herrika, euskaltegietan)? Ez litzateke logikoagoa, osasuntsuagoa, Barakaldoko areto erraldoian 14.000 pertsona ingururen joan-etorria eragitea baino? Hainbeste galdera dauzkat, Misterioaren ontziak ere argituko ez lizkidakeenak…

Eta galderarik handiena: zergatik bihurtu dira azterketak euskararen irakaskuntzan ezinbesteko? Azterketa dugu ardatz, zoritxarrez. Euskara ikasi eta erabiltzea inportanteena izan beharrean, probak (eta ez frogak) gobernatzen gaitu, euskararen kaltetan. Titulua versus praktika. Gurpil zoro horretan dugu murgilduta euskaltegien jarduna. Iker Jimenezi ere kostako zaio fenomeno paranormal hori argitzea!

Gipuzkoako Hitzan

Biribiltasuna, ilarak eta multzoak

Leire Narbaiza 2020/06/14 14:40
Gipuzkoako Hitzan 2020ko maiatzaren 29an argitaratuta
Biribiltasuna, ilarak eta multzoak

Barren.eus-etik hartutako argazkia

Aitortu behar dut itxialdia apurtzeko faseek desosegua eragiten didatela. Sekulako gogoa dut maite dudan jendea ikusi eta besarkatzeko, Kalamuara igotzeko eta Deban itsasoa ikusteko, baina era berean asko urduritzen nau jendetza ikusteak. Kontraesana dirudi: lehengora itzuli nahi, baina erreparoa izan. Beharbada, konfinamenduaren fobia moduko bat da, eragin dizkidan umore gorabehera guztien artean beste kontu bitxi bat. Ez dakit. Baina erneguaren eta esperantzaren artean nabil segundo gutxiren tartean, sigi-saga emozionala balitz bezala. Arraroa, oso arraroa dena. Atopia-koen irudimen zoroenak ere inoiz ezingo zuen halakorik imajinatu. Horregatik, ezin umorea galdu, geratzen zaigun arma bakarra delako. Barrea eta algara inoiz baino gehiago behar ditugulako.

Ez dakit inoiz irten zareten zaharren orduan kalera. Aurreko zapatu baten suertatu zitzaidan niri, eta haluzinatu eta beldurtu egin nintzen, edadetuen lekuetan ibiltzen ohituta banago ere. The Walking Dead zirudien, zonbien ordua, errespetu osoz diot. Inpresioa eragin zidan zenbat adintsu zebilen makulu, taka-taka eta gurpil aulkian. Gehienak ezinean. Lehenago ere horiek beroriek ikusita neuzkan, baina heldu, ume eta gazteekin espazio bera okupatzen. Nahasian dena naturalagoa da, neutralagoa ere bai. Ordutegi markatuekin, ostera, zaharrak (eta laguntzaileak) baino ez ziren ageri, askoz nabarmenago, askoz gordinago. Ikuslea beti dantzari eder, baina nago ordutegiena beste modu baten ere egin zitekeela, adina izan barik muga. BERRIAn maiatzaren 17an Mari Luz Estebanek idatzi zuen belaunaldien arteko lotura kolektiboak eta horizontalak asmatzea eta sendotzea premiazkoa ikusten zuela, familiatik harago. Berarekin bat nator. Horretarako, belaunaldiak elkartu eta baltsatu egin behar dira, banandu ordez. Lagun bati Guatemalako maia batek esan zion guk zuriok dena kaxoi desberdin eta karratuetan sartzen dugula, gauzak biribilak badira ere. Adinka sailkatu digute denbora, kaleka, adibidez, sailka zitekeen arren.

Karratuak eta biribilak, ez lerro zuzenak. Horrela egiten dute ilara batzuek. Eskoletako ikasgai bihurtu behar da zelan egin ilarak, hurrengorako. Bata bestearen atzean, errenkadan, kalean pasatzen dabiltzanei enbarazurik egin barik. Lerro bakarra, ez hiru. A, ikasgai horretako sakontze mailan irakatsi beharko lukete distantziak nola zaindu. Asko kabitu ezinda ibiltzen direlako gure herrietako espaloi estuetan. Gehienetan eta batez ere, gizonak: larregi hurreratu, edota espazioaren jaun eta jabe sentitzen direlako, agian.

Beste alde batetik, eta klasifikatzen jarraitzeko, ikertzaileek ere aztertu beharko lukete kuadrillak ematen duen immunitatea, nerabe eta oso gazteen artean, besteak beste. Osterantzean, zelan ulertu maskara gabe, elkarrengandik hamar zentimetro izanda, edo elkar ukitzen ibiltzea? Superheroiak direlako! Kuadrillarenari hormonek emandako ziurtasuna gehitzen zaio, kapa babesle ikusezina baleukate legez. Fenomeno paranormala, ia-ia. Baliteke superheroi uste hori informazioek ere areagotzea, batez ere zaharrei eragiten dielako mezua zabaldu da-eta. Gaztaroa-hilezintasuna binomio mitikoa indartuta.

Adin multzoka ibili gara, baina ilarak egiten jarraitu beharko dugu. Kaxoi karratuetan sartu nahi gaituzte; biribiltasuna, ostera, lortuko ote dugu inoiz?

Gipuzkoako Hitzan

Bizigarrixa eta danondako

Leire Narbaiza 2020/06/05 15:15
...eta kitto astekarixan 2020ko maietzaren 24an kaleratutako artikulua
Bizigarrixa eta danondako

Eibar, goittik ikusitta

Behin bakarrik juan naiz pasiatzera arratsaldeko 8retan. Txarto datorkit ordutegixa, baiña ez da horregaittik; urten neban egunian agobixau egin nintzan hainbeste jende ikusitta, automaten moduan mobitzen, leku barik ganoraz ibiltzeko. Aurretik pentsatzen nebana –eta askotan aittatutakua–  indartu dau esperientzia horrek: Eibarren berdeguniak, parkiak eta espazio zabalak bihar dittugu, bankodunak eta kerizpia dakenak, lehenbailehen.

Ikusi dot partido politiko batzuek ibiltzeko tokixak egittia proposatu dabela. Ondo. Baiña egoteko lekuak be bihar dittugu, herrixa disfrutatzeko. Automobillak kentzia be aittatu dabe. Ederki. Baiña ez deilla izan zentrotik kotxiak desagertzia, eta auzuetara eruatia problemia. Autuak apartatzeko plan haundi eta anbizioz betia egin bihar da, kontuan hartuta eibartar askok kotxia biharrera juateko erabiltzen dabela, ezinbestian. Plan horrek garraio publikua indartu biharko leuke, garaje merkiak eraiki, mobilidade arazua dakeneri gauzak erreztu… ostantzian, aberatsendako baiño ez da izango, herriguneko garajien prezixuak –oin be karuak– gora egingo leukielako, diru gitxiago dakanen kaltetan.

Espaloiak zabaltzia be badago asmuen artian. Ederto. Beti be oiñezkuen mesedietan, ez tabernetako mahaiz betetzeko, oin arte moduan. Pasatzeko lekua izan deigun.

Leku hórrek ointxe hasi leikez egitten, dagozen orube hutsak aprobetxatuta, Arraguetan, esaterako. Berriro etxiak eraiki? Zertarako? 11 proiektu dagoz martxan, barren! Batek mendi magala jango dau, gaiñera! Txontan 200 etxe egin bihar dittue! 200! Zeiñendako? Etxe hutsez betetako herrixa da geuria. Auzo eta etxebizitzak barriztuta, nahikua litzake.

Nasaittasunez bizitzeko ametsa dakagu, Eibar bizigarri baten.

...eta kitto!-n

Arraguetako orubia 2Arraguetako orubia 3

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua