Guggenheimek 10 urte
Museo zabaldu zenean, ahoz aho zebilen txistean Erriberako nafarrak zioen: Si así es la lata, cómo serán los espárragos. Baina Guggeheim latan geratu dela uste dut. Oso ederra iruditzen zait eraikina, itzela. Barrukoa, egia esateko, ez dut ezagutzen; ez boikota egin diodalako ezta gutxiagorik ere, baizik eta hamarkada honetan izan ditudan aukerei joaten laga diedalako. Beste barik.
Bestalde, aitortu beharra daukat arte modernoa ez zaidala gustatzen, nire onetik ateratzen nauela, adarra jotzen ari zaizkidan sentsazioa dut. Hainbat museotan benetan haserretu egin naiz, lagunak ditut lekuko. Beraiei disfrutatu egiten dute; nik, ostera, sufritu. Marmarka sartzen naiz, lanei begiratu, agobiatu eta lagunen zain egon. Atzera ere marmarka. Eurek barre egiten didate, baina gainditu egiten nau. Kultura eza izango da, sentsibilitate falta, ez naizela artista. Ondo da, onartzen dut. Baina zatar-zatarrak begitantzen zaizkit (gaztelaniazko horroroso berba erabiliko nuke!). Inpotentzia sentitzen dut, eta ziria sartu didaten sentsazioa. Hala da. Zer egingo diot, bada?
Guggeheimera itzulita, gogoratzen dut zer polemika izan zen orduan. Nire iritzia egitearen kontrakoa zen, ez museoren aurka nengoelako, diru gehiegi xahutuko zelako baino. Ekimen erdi-publiko, erdi-pribatua, dirutza ikaragarria gastatu behar zuena. Urte haietan hainbat kultur eta kirol talderen diru-laguntzak oso murriztuta gelditu ziren. Ezagutzen dut eskubaloi talde bat ezin izan zuena kategoriaz igo, hain zuzen ere, Bizkaiko Foru Aldundiko diru-laguntza hutsaren hurrengoa izan zelako. Proiektu faraonikoegia zela uste genuen askok. Eta horrela segitzen dut pentsatzen. Gainera modu yanki hori (pribatu-publiko) ez dut oso gogoko, susmagarria iruditzen zait.
Bilbori itzelezko bultzada eman dio. Ados. Baina herri honetan oso kanpolarrosak gara. Badakizue zer dioen esaerak: Kanpolarrosa, etxe-kardo! Seguru nago hemengo jendeak proiektu interesgarri bat aurkeztu, eta Guggenheimen gastatu dugunaren erdia eskatu izan balu, ezezko biribila jasoko zukeela. Ziur naiz. Asmo asko geratzen dira baztertuta oso karuak irizten dietelako, baina bat bera ere ez da museo hori bezain garestia izan, ezta hurrik eman ere!
Txiste batekin eman diot hasiera postari. Gero latan geratu dela esan dut. Nire ustez, hain modan dagoen eskaparatismoa egin da museoarekin: lata ederra, baina esparragoak gutxi-gutxi batzuendako. Janari exotikoa!
Beste arrisku bi ere ikusten dizkiot Bilbok bizi duen eraldaketari: bata, nortasun bako hiri bihurtzea. Eta bestea, hainbeste eraikin ikusgarri izanda, eraikinen absurdo bihurtzea.
Bilbotarren bat haserretu egingo zait, badakit, nortasunarena diodanean. Niri Bilbo beti gustatu izan zait baita zikina, iluna eta zaharra zenean ere. Beraz, alde horretatik, lasai txinbook! Homologatze, garbitze horrek kezkatzen nau. Aseptikotasunean jausteko arriskua hortxe dauka-eta.
Eraikinen pilaketa ere, ez dakit, exageraziora ez duten eroango. Hainbesteko modernotasuna, hain fashion egin behar dutena, hainbeste arkitekto izar gauza onerako. Gehiegi, beti da lar.
Ez dakit, Begoñako amatxuk babes ditzala, negozioan sartuta daudelako, eta titanioak eman diena titanioak ken diezaieke. Arrakastaz ere makinatxo bat hil da!