Hemen zaude: Hasiera Blogak Periferiatik, erral
Dokumentu Akzioak

Periferiatik, erral

Mikel Larreategiren bloga

Hamabost egun Italian: hondartza, xakea eta historia

Erroma, historia, Koliseoa, Vatikanoa, hondartza, Fermo, xakea, ... ederra oporraldia

Palatinoa

Apirilean Donostiako Nazioarteko Xake Txapelketa bukatu zenean komentatu zuen Jonek: zergatik ez dugu abuzturako txapelketa bat topatu eta bidai bat antolatzen? Baten eta bestean bila ibili ondoren Italiako herritxo baten txapelketa interesgarria topatu genuen. Porto San Giorgio zuen izena herriak izena eta txapelketaren 21 edizio antolatuta aurtengoa 22.a litzateke. Euren atzetik hainbat denboran ibili ostean eman ziguten albistea: aurtengoan txapelketa Fermon jokatuko zen (aldameneko herrian) I Festival Internazionale de Scacchi del Fermano izenarekin.

Esan eta egin, datak begiratu ostean, oporraldi majoa iruditu zitzaigun: txapelketa abuztuaren 21etik 29ra zen, eta aurretik egun batzuk Erroman pasatzea erabaki genuen. Behin joango Italiaraino eta nola ez genuen bada hiriburu historikoa bisitatuko?

Klubean komentatu eta beste 4 lagunek berehala eman zuten baiezkoa, asko pentsatu gabe. Beraz, Italiarako taldetxoa prest zegoen: Haritz, Asier, Edu, Julen, Jon eta neu.

Hegaldiak hartu, Erromako hotela gorde, Fermorako apartamentua alokatu aldameneko Porto Sant'Elpidio herrian eta azkenik kotxea alokatu. Abuztuaren 16a noiz iritsiko zain geratu ginen.

Abuztuaren 16tik 20ra: Erroma

Neu Koliseoan
Booking.com webgunearen bidez Giorgina Hotela erreserbatu genuen. Prezioz ez zitzaigun garestia iruditu eta kokalekua bikaina, Termini tren geltokiaren ondoan. Berehala aurkitu genuen hotela eta gauez Koliseoa ikustera joan ginen pizza bat afaldu aurretik.

Hilaren 17an egunean monumentu zaharrenak ikusi genituen: Palatinoa eta Koliseoa barrutik eta zirkoa, eta baita inguruko beste hainbat harribitxi ere.

Hurrengoan Vatikanoraino joan, Kapera Sixtinoa, San Petri plaza eta basilika ikusi eta Erromako kaleetan barna, Navona plazatik Fontana di Treviraino joan ginen.

Gure Erromako azken egunean beste ibilaldi luze bat egin genuen, Espainiako plazara, Piazza del Popolora eta haren gaineko parke handi eta eder baten sekulako ibilaldia eguna amaitzeko.

Gure ibilaldiak errepikatu nahi badituzu, hona hemen egin genuenaren mapa:


Ver Roma - Abuztua 2010 en un mapa más grande

Abuztuaren 20tik 30era: Porto Sant'Elpidio eta Fermo

Bista Fermoko Katedraletik

Termini geltokian kotxea hartu eta autopistan zehar 2 ordu t'erdiko bidaia genuen aurretik Porto Sant'Elpidioraino. Bertan hartu baikenuen ostatu Fermon jokatuko zen txapelketara joateko (bi herrien artean 20 minutu daude kotxean). Gure nahia garbia zen: ostatu hartzeko herrian hondartza egon behar zen. Beraz Nazionale Residencen hartu genuen ostatu aurreko Porto San Giorgioko txapelketaren antolatzailearen ostatuan.

Egunean bertan egin genuen bisita Fermora txapelketaren jokalekua ikustera: Astoria Hotela. Hotela Fermoko hiri-erdian kokatuta dago plazatik gertu. Historia handiko herri gotortua da Fermo. Muino baten kokatuta, inguruko herri guztiak ederki ikusten dira bertatik eta itsasoa ere bertan, guztia ondo kontrolatuz. Gorengo puntuan, katedral zuri-zuria, eta kale eta etxeak harrizkoak, estuak eta politak.

Hilaren 21ean hasi zen txapelketa. Egun bakoitzean partida bat (ez da arrunta hori aurkitzea, gero eta normalagoa baita egunean partida bat baino gehiago jokatzen den txapelketak aurkitzea), berau 6 bat ordu ingurukoa gehien jota (ordu eta erdi 40 jokaldi egiteko eta ondoren beste ordu erdi betiere egindako jokaldi bakoitzeko minutu erdi gehituz). Lehenengo egunean berdindu egin nuen.

Eguneroko martxa berehala hartu genuen, goizean erosketak eta hondartza. Bazkaria goiz, partidak 15:00tan jokatzen baitziren, eta partiden ostean ilunabarreko bainutxoa eta partiden analisia, afaria, mus partida, afalondokoa eta gainontzekoak.

Xake taula

Bigarren egunean ere berdinketa lortu nuen eta ez negoen gustura nire jokoarekin. Gainera hirugarrenean galdu egin nuen. Baina horixe izan zen galdutako partida bakarra, jarraian beste bat irabazi, hurrengoa berdindu eta hiru jarraian irabazita azkenengo txandara 5.5 punturekin heldu nintzen. Kalkuluak egin eta sailkapeneko lehenengo 12en artean geratzeko aukerak nituela ikusi genuen. Azkenengo txandan partida berdindu egin nuen eta azkenean, sailkapeneko 12. postua lortu nuen. Ez dut uste sekula holako emaitza onik lortu dudanik txapelketa ireki baten. Bale, "B Txapelketa" zen (Nazioarteko Federakuntzaren zerrendan 1900 puntutik berakoentzakoa), baina emaitza ezinhobea izan zen.

Gainontzeko espediziokideen emaitzak denetarikoak izan ziren (beste guztiek A txapelketa jokatu zuten), Haritzek 5.5 puntu lortu zituen hasiera irregular baten ostean; Asierrek 4.5 puntu lortu zituen partida asko berdindu ostean. Eduk ederto hasi zuen txapelketa eta 5. txandan 3,5 puntu zituen. Hortxe hasi zen bere gainbehera gainontzeko partida guztiak galdu baitzituen. Jonek aurkako bidea egin zuen, gaizki hasi zen eta azkenean 4.5 puntu lortu zituen. Julenek Benasqueko Txapelketa eta Espainiakoaren ondorengo nekea nabaritu zuen (agian Eduk bezala) eta 3 punturekin amaitu zuen txapelketa.

Abuztuaren 30a: bueltako bidaia

Goizean goiz kotxea hartu eta 10:30tan Erromako aireportuan geunden. Hegazkina hartu eta Madrilen hainbat ordu eman behar genituen. Azkenean, behar zirenak baino gehiago Iberiari esker, behar baino 2 ordu gehiagoan egon baikinen Bilborako hegazkinaren zain.

Eta datorren urtean...

Esperientzia ezinhobea beraz etxetik kanpora oporretan xake txapelketa bat jokatzea. Eta ezinhobea ere hondartza ondoan genuelako. Datorren urterako hainbat proposamen ere bota ditugu, Kreta, Tromso edo Kopenage esaterako. Beste hainbat xakelari-bidaiarirekin komentatu beharko dugu. Animatzen zara? Gu prest gaude!

Argazkiak ikusi nahi badituzue, Flickr-era kargatu ditut batzuk, bai Erromakoak eta baita Fermokoak ere. Eibarko Klub Deportiboaren webgunean txapelketan zehar ateratako argazki guztiak argitaratu ditugu.

 

Mikel Larreategi 2010/09/02

Open Street Mapeko mapak nire Garmin GPSan

Orain dela pare bat hilabete GPSa aldatu nuen. Jatorrizko Supratech-a alde batera utzi eta Garmin etxeko aparatu bat erosi nuen.

Iazko abuztuko bidaia prestatzen ibili nintzenean, aurretik hackeatuta nuen nire GPSan TomTom-en mapa berriak sartzen saiatu nintzen. Ezinezkoa egin zitzaidan, orain jada mapak softwarearen bertsio berrirako egiten dituztela, software berria nire modeloan ez zebilela, aparatu berria erosi behar nuela... eta antzekoak irakurri nituen foroz foro ibili ostean.

Azkenean bidaia jatorrizko mapekin (nahiz eta errepideren bat markatuta ez egon) ondo joan zen eta hantxe gelditu zen GPSa kajoian, eguneroko bidaietan ez dut GPSaren beharrik izaten, askotan kotxea bakarrik ere joango litzateke-eta.

Hala ere, aurten ere GPSaren kontuari bueltak ematen hasi nintzen eta laneko adituei galdetu nien. Mikelek berehala eman zidan erantzuna: "erosi Garmin bat. OSMko mapak sar dakizkiokeenetako bat. Nüvi serieko hauek merkeak dira". Esan eta egin, Pixmariara sartu, aukeratu eta hiru edo lau egunetan etxean nuen. 

Lehenengo probak Garminen beraren mapekin izan ziren, eta dena ondo zebilela zirudien. Bigarren pausua, Mikelek aipatutakoa Open Street Mapeko mapak erabiltzea. OSMren wikian sartu eta pare bat artikulu interesgarri irakurrita berehala abiatu nintzen lanera.

Garminen mapen formatua ez da irekia, baina atzerako ingeniaritza erabiliz formatuaren inguruko datuak atera dituzte eta OSMren datuetatik abiatuz Garmin formatuko mapak sortzeko programa bat ere sortu dute, mkgmap

Beraz, edo mkgmap erabiliz mapak sortu edo jendeak sortzen dituenak erabili besterik ez da egin behar. Hona hemen mapa horiek deskargatzek helbide mordoxka bat, herrialdeka banatuta. Espainiakoak deskargatu nahi badituzu, Alternativas Libres webgunetik egin dezakezu, egunero eguneratzen dituzte eta Frantzia hegoaldeko datuak ere badaude bertan (beste webgune honetan Europako herrialde bakoitzeko mapak dituzue).

Baina gauza txar bat ere badu kontu guzti honek. Ezagutzen ez den arrazoiren bategatik ezin da kaleen bilaketa erabili OSMn oinarritutako mapak Garmin baten badarabiltzazu. Egia esan bilaketa egin daiteke, baina ezin da bilaketa hori gure bidaiaren helburu gisa erabili. Ederto, GPSa horretarako erabiltzen da eta bere oinarrizko erabilera ezin aprobetxatu.

Azkenean, leku baten eta bestean gauza asko irakurri ostean, Garminen MapSource programa erabiltzeko gomendioa irakurri nuen nonbait. Hori ez zen batere erraza izan, Garminen webgunetik MapSource-ren eguneraketa bakarrik deskargatu baitaiteke. Baina lasai, hori erraz konpondu daiteke-eta. Garminen webgunetik deskargatzen den fitxategia zuzenean exekutatu beharrean, deskonprimatu WinZIP edo antzeko beste programaren bat erabiliz. Behin hori eginda, deskonprimatutako karpetan dagoen Setup.exe fitxategia exekutatu eta instalazioa egin.

Horrekin lehenengo pausua prest. Orain MapSourcen mapak erabiltzea ahalbidetu behar dugu, horretarako gutxienez mapa legal bat izan behar dugu. Nahiz eta OSMkoak guztiz legalak izan, MapSourcen bere mapa bat instalatu behar dugu. Horretarako, Garminen beraren TrainingCenter programa instalatu dezakegu. Honekin oinarrizko mapa bat instalatuko dugu gure sisteman eta MapSourcek ondo funtzionatuko du.

Hori ere baldin badugu, mapak OSMtik MapSourcera pasatu behar ditugu. Horretarako erregistratu egin behar ditugu. Horretarako MapSetToolkit erabil dezakegu. Honek ondo funtzionatzeko, aurretik cGPSmapper instalatu behar dugu (dohaineko bertsioarekin nahikoa dugu) eta nahi badugu GMapTool ere bai. Behin programa horiek instalatuta ditugula, ireki MapSetToolkit, eta ezkerrean behean dauden aukerak erabiliz konfiguratu non dauden cGPSmapper eta GMapTool.

MapSetToolkit prest dugunean, deskargatu Garminerako OSMren mapa bat, Espainiako hauxe esaterako (aukera sinpleago bat ere badago, batzuk MapSourcerako prest dauden mapak ematen dituzte eta MapSetToolkit honetan inportatu bakarrik egin behar dira, adibidez Alternativas Libresek ematen du aukera hori), eta aukeratu Select IMG botoia. Hor aukeratu deskargatutako mapa dagoen karpeta. Ondoren aukeratu mapa eta sakatu Add, eskumako leihora pasa dadin. Behean Create MAPSET dioen tokian, aukeratu karpeta huts bat, horra idatziko ditu behar dituen fitxategiak, jarri izen bat (Mapset name), eta jarri zenbaki batzuk Family ID bat (edozein, adibidez 1234). Hori guzti hori egindakoan sakatu START botoia, eta mapak sortzen hasiko da. Sorketa bukatzen duenean, eskumako zerrendan elementu bat gehiago agertuko da, hor badago jada MapSourcen instalatuta edukiko dugu. 

Ireki MapSource eta goian ezkerraldean agertzen den laukian mapa aukeratzen utziko digu. Aukeratu kargatu berri dugun mapa eta pantailan agertuko da. Erabili "Mapa" tresna (Herramientas -> Mapa), egin zoom atzerantz, eta aukeratu mapa guztiak (MapSourcerako mapa osatzean, lehen deskargatutako mapa handia fitxategi txikiagoetan banatzen du MapSetToolkit programak, erabilgarriagoa izan dadin). Denak aukeratuta daudela aukeratu Transferir -> Enviar a dispositivo, eta aukeratu hor GPSko memoria txartela. Datuak GPSra pasatuko ditu fitxategi bakar bat sortuz. 

Eta zer lortu dugu pausu guzti hauekin? GPSaren "Puntos de interés" aukera erabiliz kaleak bilatu ahal izatea. Aukera hori erabiliz erraz-erraz bilatu ditzakegu OSMko mapetako kaleak GPSan.

Mikel Larreategi 2010/08/03

"Nire greba egiteko eskubidea zapaltzen ari zara"

Langile batek bere nagusiari esandakoa? Ez, ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek osatutako "pikete informatibo" batek nire amari atzoko greba egunean Eibarko merkatu plazan esandakoa.

Goizeko 8rak baino lehen agertu zen ELA eta LABeko ordezkari sindikalek osatutako pikete bat Eibarko merkatu plazan eta goiko esaldi hori esan zion taldeko batek nire amari. Nire amak ardoa saltzeko postu txiki bat du merkatu plazan, harategi ondoan.

"Hurrengoan etorri eta dena apurtu eta erreko dugu". Esaldi marabilloso hori ere esan zioten. Eta gero postua zabalik zuteneri "eskirolen izenak apuntatu eta banatu egingo ditugu jendea ezer erostera etor ez dadin".

Hori da hori informatzea, ezta?

Eibarko tabernari bati, goizeko 8:00tan zera esan omen zioten: "Vas a cerrar?" Haren erantzuna: "Haré lo que yo quiera". Pikete informatiboak serio serio: "Volveremos a las 9:30 y si tienes abierto, tomaremos medidas contra tu hijo". Hauek langileen ordezkariak ala Siziliako mafia dira?

Abadiñoko lantegi baten nire izebari: "XXXXX-k (enpresaren jabeak) kalera botatzen zaituenean ea nork defenditzen zaituen".

Greba orokorrak arrakasta izan duela? Izango zuen bai, baina sindikatuei buruz nuen iritizia txartzea besterik ez du ekarri.

Mikel Larreategi 2010/06/30

15 urte atzera eginez

Asteartean 29 urte bete nituen, eta gaur igandea 15 urte egin dut atzera. Orain dela urte batzuk egin nuen bisitatxoa, baina hura gauza laburra izan zen. Oroitzapenak ez zitzaizkidan gaur bezain garbi iritzi.

Gaurkoa beste zerbait izan da: aspaldi egindako apustu baten ordaina hain zuzen ere. Bazkari bat zor zigun lagun batek eta barbakoa antzeko bat eskaini digu. Hanburgesak, txuleta ederrak, txorizoa eta saiheskia, letxuga-entsalada eta marrubiak natarekin. Mmmmm..... Eguraldia ona, beno, behintzat hiru eta erdiak arte edo... ondoren lainoak iritsi eta euria ere hasi baitu. Baina ez dugu mahaia batu. Ordura arte txuleta erdia besterik ez baikenuen janda. Azkenean erdi-atertu ere egin du eta ustez jango ez genuena ere jan egin dugu. Hiru hanburgesarekin bakarrik itzuli gara.

Baina jatorduaz gain, ondorengoa izan da onena. Orain dela 15 urteko irudiak etorri zaizkit begietara. Bizikletarekin egiten genituen ibiliak, urteetan zehar gure etxe izan zen taberna gaineko etxe horia, nire gela ohiko leihoa eta balkoia, merkadilloa egoten zen tokia, medikuaren etxetxoa, kanpineko sarrerako barrera, eliza, garagardotegiko mahai berdeak eta fubolina, Street Fighter 2 makina jarri zuten taberna, txikitako jolaslekuak, ura hartzeko presatxoa... Hango lagunak ere etorri zaizkit gogora, Iker, Oskar, Santi, Xabi, Jorge, Álvaro, Jon, Oskitz, Julen ... (izen bat idatzi eta beste bat etortzen zait burura).

Aspaldi bukatu zen lagun horiekin nuen erlazioa, toki hartara joatea urte batetik bestera bat-batean utzi genuelako. Eta baita orduko komunikatzeko moduak oraingoak ez zirelako. Haietakoren batekin gutunen bat edo beste gurutzatu nuen orain dela asko. Gabonetako postalak idazteari aspaldi utzi nion. Beste batekin unibertsitatean hasi nintzenean kontakturen bat izan nuen e-mail bidez, baina bere helbidea galdu ere egin nuen. Beste bat, lagun handienetako bat, duela gutxi aurkitu dut Facebooken, baina urte eta denbora asko pasa da eta kontaktua ez da betikoa.

Hango kaleetan ibiltzea. Orain dela 15 urte bizi izaten genituenak denboraren distantziarekin begiratu eta oroitzea. Mila toki eta gogoeta berriz egitea. Eta azkenean etxean dutxan nengoela, 8. mailan Iturburun nengoela irakaslearen lan baten, Etorkizunean nola ikusten duzu zure burua edo antzeko izenburua zeukan lan bat burura etorri zaidan momentua. Han idatzi nuen nagusitan oporretan herrixka hartara joaten jarraitzea nahi nuela. Momentuz ez da bete, baina gaurkoak nolabait desio hura bete balitz bezala egin du.

Horixe izan da opari onena. Ez dakit nahita ala nahi gabe irten zaizun oparia, baina eskerrik asko Edu.

P.D. 2010/04/19: hau idatzi ostean Kauta taldearen Nostalgia abestia etorri zait burura, hona hemen bideoklipa eta letra.


euskaltube.com bideoak | Izenburua: KAUTA - Nostalgia | Erabiltzailea: rotiao2

Erlojuaren norantza geldi ezin hontan
gogora ekarri ditut nire ondora
ustekabez elkar eman zigun
aterpe hura
bezalako momentuak, nostalgia

Iraganeko ume txikia
itzaliko ez den inozentzia
behin esan zenidan, arrazoi zenuen
aro bakoitza ahaztezina dela

Izango naiz
une berrien zain
esperoa
izango naiz
aro berria da
izango naiz
une berrien zain
esperoa
izango naiz

Nerabezaroko erokeriak
uda hartako lehen maitasuna
amaitu berri den idatzi honetatik
agertuko al da, nostalgia

Izango naiz
une berrien zain
esperoa
izango naiz
aro berria da
izango naiz
une berrien zain
esperoa
izango naiz

Ahhhhh........

Mikel Larreategi 2010/04/18

Tia Elo telebistan

Gazte-gaztetatik ibili zan Tia Elo tallarrian biharrian. Gaur ETBko albistegixetan, berari eta Rosario Arosa bere lagunari egindako elkarrizketarekin mini-erreportaje bat emon dabe. Hona hemen bideua.

 Bideuan holan agertzen dan arren ez da Eloisa Arana, Eloisa Etxaburu baizik.

Mikel Larreategi 2010/03/04

Paseo San Andres edo Ego-gaineko "ez-etxeak"

Azken aldian Eibarren egin den aberrazio handienetako bat Corte Ingles berriaren aurrean daukagu. Hiru etxe bloke egingo zituztela agindu zuten. Baina saldu ez dituztela-eta bat egiten hasita eta bestea plastiko batzuekin tapatuta utzi dute.

Agian ezin da konparaziorik egin, baina pentsatu dendaria zarela eta ez duzula arrautzarik erosten salduta izan arte. Erosleak arrautzak eskatzen dizkizunean, orduan baserrira joan baserritarrari arrautzak erosi eta erosleari saltzen dizkiozu. Euro batzuk beharrean ehundaka milaka eurorekin.

Udalak Alfa zegoen lekuan denbora tarte jakin baten etxeak egiteko baimena emango zion promotoreren bati, baina honek etxe-bloke bakarra eraiki du eta han utzi du bestea. Gure boletin ofizial bietan (Gipuzkoakoan eta Bizkaikoan) etorri dira harekin egingo omen dutenaren albisteak, badirudi azkena pintura eskolakoek hango horma edo zutabeak margotu egingo dituztela dela. Kalean, hor eraikita dagoena bota egingo dutela ere entzun dut. Ezin du udalak beste erabakirik hartu? Seguru badagoela lege-argudioren bat orain proposatzera noana egiteko, baina borondatea behar horretarako: "nik (udalak) etxeak egiteko lizentzia eman nizun eta zuk ez dituzu eraiki. Hainbat (5? 6? 7?) urte pasatu dira eta ez dirudi aurrera egingo duenik. Lur horiek "erreskatatu" edo "errekuperatu" egingo ditut, ezer ordaindu gabe, eta hor, adibidez Babes Ofizialeko Etxeak eraikiko ditut. Bai, Amaña edo Urki puntan, edo Bolinguan, edo Eibarko toki inakzesibleenetan orain eraikitzen direnak bezala.

Horrek ere badu bere puntua: badirudi legez X etxe "libre" egiten badituzu Y BOE egin behar dituzu. Eibarren X etxe horiek hiri erdian egiten dira (Ego-gainen adibidez), eta BOEak "periferian": Jardinetan, Urki-kurutzekuan, Amañako puntan bariantearen tuneletako bat atzean dutela, ...

Alfa-San Andres-Ego gaineko etxeekin zer? Udalak erreskatatu eta BOEak egin inor indemnizatu gabe (ez Errebalen bezala, lehen saldotan erregalatutakoa berrerosten eta norbait aberasten). Baina noski, horretarako borondatea behar da. 21etik 19k ez dute horretarako borondaterik izango.

Mikel Larreategi 2010/01/08

ESAIT: sortu Euskal Herriko kirol federazioak...

... behingoz! Horixe da ESAITi hemendik eskatzen diodana.

Aurten ere ez da egongo futboleko Euskal Selekzioaren partidurik gabonetan. San Mamesen jokatutako hiru edo lau partidutan izana nago eta hango giroa ezinhobea zen. Baina kontua ez da futbola edo giroa, atzean dagoen eztabaida eta jokatzeko modua baizik.

ESAITek eta futbol jokalariek hainbat gauza esan dituzte azkenaldian. Normalean gabon inguruan irteten dira komunikabideetara Euskal Federazioek ofizialtasunaren bidean ezer egiten ez dutela salatuz. Urteak eta urteak daramatzate manifa egiten futboleko Euskal Selekzioak jokatzen duenean, ekitaldiak, manifak antolatzen, kamisetak saltzen, asteburuan belodromoan egingo duten moduko ekintzak egiten, ... eta baita politikariak eta Euskal Kirol Federazioak kritikatzen. Nafar Federakuntzen inguruan ez dut ezer entzun, kritikak Euskal Federazioei egiten dizkiete, ez ahaztu gabonetako futbol partidua Euskal Kirol Federazioak (batzuk esango luketen moduan Vascongadetako Gobernuaren legepean sortutako federazioak) antolatzen duela.

Kritikak betikoak izan ohi dira: partidu bat bakarrik da, ez dute ezer egiten ofizialtasuna lortzeko, hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da...

ESAITekoek ongi dakiten moduan, Euskadiko Kirol Federazioek ezin dute pauso gehiago eman ofizialtasunaren bidean, ofizialtasuna Espainiako eta Frantziako Federazio eta Selekzioei uko egitea bada. ESAITekoek ongi dakiten moduan, Euskal Kirol Federazio gehienen Estatutuetako artikulu baten zatitxo bat epaitegira eraman zuen Estatuaren Abokatuak, bertan Euskal Federazioari kirol horren ordezkaritza Espainia eta Nazioartean edukitzea zegokiola zioelako. Euskadiko Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen esalditxo hori. Esaldi hori atzera botatzen badu, nola demontre emango du Euskal Federazio batek "ofizialtasuna"ren bidean pausu gehiago? Nola lortuko da Nazioarteko Federakuntza baten errekonozimendua, Espainiako Federazioa aurka badago?

Askotan aipatu da Nazioarteko Federakuntzak elkarte pribatuak direla eta nahi dutena egin dezaketela, baita estaturik gabeko lurraldeen partehartzea onartzea. Baina euren arauetan ez badute hori onartzen zer?

Askotan entzun izan dut, eta azken aldiz joan zen asteko Kalaka telebista saioan, Euskal Herriko 7 lurraldeak batuko dituen Federazioak sortzeko garaia dela. Zeren zain zaudete orduan, sor itzazue behingoz !! Heldu zezenari adarretatik, sortu elkarte europar bat, eman izena Madrilgo eta Parisko Elkarteen erregistroetan (edo behar den lekuan), eta antolatu txapelketak. Ah baina ez dira txapelketa ofizialak izango? Orduan Euskal Federazioak kritikatuko dituzue zuen txapelketeri ofizialtasunik ez ematearren? Baina Euskadikoeri bakarrik? Nafarroako Federakuntzei ere eskatuko diezue hori? Galdera gehiegi dira, agian zuen proposamenaren eragina ez duzue neurtu... edo hain ondo neurtuta duzue ezen ez duzuela zuek egin nahi. Besteek egin dezatela eta ondoren zuek kritikatu. Kritikak kirol nazionala dira Euskal Herrian. Nire artikulu hau ere kritika bat da.

Besten lana kritikatu beharrean zergatik ez duzue zuen Euskal edo Euskal Herriko Federazioa sortzen? (agian ezingo duzue izen hori erabili...). Ah, dirua ere lortu beharko duzue, egungo Kirol Federazioak Gobernuen diru-laguntzetatik bizi dira eta horregatik dute kutsu ofizial hori. Gaur egun Gobernuen laguntzarik ez balego, ez litzateke ia kirol federaziorik egongo. Zuek atrebituko zarete hori egitera? La Pelota Basqua zuen teilatuan dago. Utzi besteak kritikatzeari eta pasatu hitzetatik ekintzetara. Sortu Federazioak.

Zorionak Maialen!

Ez dut finala osorik jarraitzeko aukerarik izan. Goizean agurreko pare bat bertso eta kartzelako gaia. Arratsaldean oso-osorik.

Zorionak Maialeni txapela lortzeagatik. Gozada bat izan da zure bertsoak entzutea. Amets ere heldu da azken buruz-burukora. Orain lau urte atean geratu zen (4. Maialen 3.arekin berdinduta), eta gaurkoan lortu du goraino heltzea. 

Goizeko azken lanean, kartzelakoan, azken artikulua idazten dagoen kazetariaren paperean jarri dituzte bertsolariak. Hona hemen Ametsek bota dituen hiru perlak:

Hamasei urte ta Egunkarian
hasi nintzen bekario
Martxelok hantxe jarri ninduen
beste baten gregario
Gero Berrian saiatu nintzen
lan onaren ondorio
gero Argian serio
besten hitzaren jario
Berrogei urte pasatu ditut
berrogei kalendario
Orain lumari tintaren partez
malko pila bat dario

Reala igotzen ikusi nuen
ta ahaztu nituen penak
kontatu nitun lehen pausoak
herri palestinarrenak
Nola hogei urte iraun zituen
Evo gizon indigenak
Eta gure preso denak
zirela senideenak
Notizi on asko idatzi ditu
nere kazetari senak
baina oraindik gehiago dira
idatzi gabe daudenak

Hauxe dut nere azken eguna
askatu dut alkandora
Luma malkoen atzetik joan da
paper fin zurian gora
Eta gero prest maketarekin
hor daukat ordenadora
gaur egin behar dut froga
nere bizioa droga
idatz dezadan: "muga urtu da
Euskal Herria libro da"
Ez da egia baina egia
bihurtuko da gerora!

Eta Maialen. Zer esan honi buruz? Zorionik beroenak. Ez dago hitzik-eta. Hona hemen Txapeldunaren azken agurreko bertsoa:

Gogoratzen naiz lehengo amonen
zazpi gaineko gobaraz
Gogoratzen naiz lehengo amonaz
gaurko amaz ta alabaz
Joxei ta zuei mila zorion
miresmenaren zirraraz
ta amaituko dut txapel zati bat
zuek guztiontzat lagaz
Gure bidea ez da errexa
bete legez, juizioz, trabaz!
Euskal Herriko lau ertzetara
itzuliko gara gabaz
Eta hemen bildu dan indarraz
grinaz eta poz-taupadaz
herri hau sortzen segi dezagun
euskaratik ta euskaraz

 

Mikel Larreategi 2009/12/13

Aupa Maialen!

Gogoratzen dudan lehenengo bertsolari txapelketa nagusia 1989koa da. 8 urte besterik ez nituen baina etxeko irrati zaharra erabiliz grabatu zuen amak arratsaldeko saioa.

Jon Lopategik irabazi zuen txapelketa hartako hainbat bertso behin eta berriz entzun ditugu etxean, Andoni Egañak eta Xabier Euzkitzek zortziko txikian egindako batzuk adibidez, bata etxekoandrea eta bestea etxeko azulejoak jartzera etorritako langilea zirelako gaia emanda kantatutakoak.

Aurtengo Txapelketa Nagusiko saio batzuk jarraitzeko aukera izan dut, ez presentzialki, Internet bidez baizik, Info 7 Irratia eta Bertsoa.com atarietatik. Finalera gustura joango nintzateke, baina igande goizean zehar beste konpromiso bat dut eta tarteren baten irratiaren bidez jarraitu beharko dut.

Entzun ditudan saio apurretan Maialen Lujanbioren bi bertso aipatu nahiko nituzke, biak Bergaran jokatutako finalerdian kantatutakoak.

Lehenengoa kartzelako gaiari erantzunez bota zuen lehenengoa. Hauxe zen Bergarako kartzelako gaia: "argazkilaria zara, oraintxe iritsi zara gertakariaren lekura eta lanean hasteko prest zaude". Hona Maialenek bota zuen lehenengo bertsoa:

Irratiak zion kaleetan
zela jendetza demasa:
pankarta baten ostean oihuz
bete kale eta plaza.
Egoera da tentsoa eta
bazun iskanbila traza;
hemen norbere hitzari eusten
ere ez dago erraza.
Oraindik entzuten da oihartzuna
hori pelotazo jasa,
lurrean odol arrasto batzuk
ta tentsiozko arnasa
Kordoietik hara hona nabil
foto bila nere kasa,
baina kaskodun batek esan dit:
"hemen ez da ezer pasa"

Mikel Laboaren "Eguzkiak urtzen du goian" abestiaren doinua eta neurria erabiliz hiru bertso bordatu zituen Maialenek Bergaran.

Binakako lanean, Beñat Gaztelumendirekin ere lan ederra egin zuen, honako gai honekin: "Zuen semeak neska bat bortxatu eta hil zuen. Haren aurkako epaiketa gaur hasiko da eta oraintxe sartu zarete epaitegian". Hona Maialenek bota zuen azken bertsoa:

Ikasiko zun ordun kanpoan
zegon denbora apurrean;
Kontuak kontu neskaren ama
distantzia laburrean.
Eska dezaket errukia edo
belaunikatu lurrean;
baina 'barkatu' zein hitz hutsa den
heriotzaren aurrean.

Ea nork irabazten duen igandean BECen. Orain lau urte norbaitek kantatu zuen moduan BECtekada espero da bertan. Maialenek irabaztea ederra litzateke!

Audio-playerrak EuskalTubekoak dira eta jatorrizko audioa Koska Irratiarena da. Eskerrik asko!

Mikel Larreategi 2009/12/09

Tok, tok. Nor da? La Pelota Basqua!

Mikel Larreategi

Mikel Larreategi Arana

(Eibar, 1981). Informatikaria ikasketa eta ofizioz, CodeSyntaxen egiten dut lan Eibar.ORG bezalako webguneak egiten. Ikastolan nengoela xakean jokatzen hasi nintzen eta horretan jarraitzen dut, eta 2006tik Eibarko Klub Deportiboaren presidentea naiz. Xakeak eta Klub Deportiboak, horretxek jaten dit nire denbora.

Goiburuko irudia Barcelona da. Orain dela urte batzuk bisitatu nuen hiria eta asko gustatu zitzaidan. Irudia nondik hartu nuen ez dut gogoan (lehen jarrita nuen baina aldatu egin nuen eta berriz itzuli eta galdu egin dut kreditua. Baina haren CC-BY-NC lizentziak dioena jarraituz kreditua ematen diot. 

Azken erantzunak
gipuzkoarrak ez garenak zer? nafar bat, 2010/07/13
pikete informatiboak Aitor, 2010/07/01
Zu bai... erral, 2010/03/22
Informatu gaittuk Imanoltxu, 2010/03/22
capablanca Capablanca, 2010/01/05