Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Udako liburuak

Udako liburuak

Leire Narbaiza 2007/10/03 17:27

Aurtengo udan makinatxo bat liburu irakurri ditut. Aspaldian best-sellerrak; nobela arinak (nik nobelita esaten diet nahiz eta 600 orri izan); misteriokoak edo gai esokeriodunak: kataroak, griala, anaitasun sekretuak, tenplarioak,….baita nobela arrosak ere banabil irakurtzen. Lehen edozein totxo irakur nezakeen, baina orain konplikazio gutxiko gauzak baino ezin ditut irakurri. Ez nau kezkatzen, badakidalako bizitzaren bolada bakoitzak liburu mota bat behar duela, eta nik orain horrelakoak behar ditut.

Udan, baina, irakurritako liburuen artean sorpresa politak hartu ditut. Liburu guztiak Eibarko eta Durangoko udal liburutegietatik hartu ditut, honekin esan nahi dut ia guztion eskutara egon daitezkeela.

Eibarko liburutegia itxi zen egunean sei liburu hartu nituen. Ia aukeratu barik, gauza gutxi zegoen-eta aukeratzeko. Zer zen hura! Kamioilarien grebetan egoten dira, bada, supermerkatuak tifoi bat bertatik pasatu izan balitz bezala? Horrela zegoen: apalak erdi hutsik, generoa desordenan botata, anabasa orokorra!!! Apalen artean ere hiru-lau pertsona…Horrela gaitza zen ezer aukeratzea, antsietatea baino ez zuen sortzen! Denbora amaitzen ziharduen, eta gero eta liburu gutxiago zegoen. Hortaz, gutxi pentsatuta hartu behar. Uste dut hemendik aurrera horrela hartuko ditudala liburuak, emaitza ezin hobea izan delako.

Oporretara lau liburu eraman nituen, eta joan ginenon artean ni izan nintzen libururik eraman zuen bakarra. Hori niretzat ulertezina da, baina denetarako jendea egon behar omen denez… Hartara, liburutegi ibiltari bihurtu nintzen, eta banatu egin nituen neramatzanak. Arrakasta bakarrarekin izan nuen. Hori dela eta, euskaraz eramandako liburua ezin izan nuen irakurri. Oraindik ere nire lagunak dauka, amaitu badu ere.

Hilabeteotan hamabost bat liburu irakurri izan ditut, baina denak ez ditut komentatuko, batzuek lerro bat ere merezi ez dutelako. Hauexek dira, pretentsio handirik barik, harritu nauten liburuak: “La casa veneciana” Mary Nickson-ena; “Pájaros sin alas” Louis de Bernières-ena; “Las hijas de Hanna” Marianne Fredriksson-ena; “Plataforma” Michel Houellebeq-ena; “Sobre la belleza” Zadie Smith-ena; “Orígenes” Amin Maalouf-ena.

La casa veneciana :Berba baten esateko liburu hau maitasunezko liburua da, hasieratik jakin liteke zein den neska eta zein mutila, eta zelan amaituko den. Hala ere, atsegina da, istorio gehiago nahasten dituelako, eta etxe bat aitzakia hartuta, familia beten historia kontatzen digulako. Gainera, nobela mardula da, arratsalde baten amaitzen ez diren horietakoa.

Las hijas de Hanna :Suedian dago kokatuta istorioa, XX. mendearen hasieran amaieran. Familia baten historia kontatzen du, birramamarengandik hasita birrilobarenganaino. Emakumeak dira ardatz. Interesgarria egin zait Suediako gizartearen nondik norakoak azaltzen direlako, eta kontatzeko modua desberdina delako, oso xumea eta ahozkotik oso hurre. Egia esan, gutxitan irakurri dut Eskandinaviako literatura, ez dakit liburu hau bertakoen eredu izan den, baina nik desberdina eta freskoa aurkitu dut.

Plataforma :Liburu honen gainean ez dakit oso ondo zer esan. Hasieran oso gogorra begitandu zitzaidan, gordina, nire printzipioen kontrakoa. Eskandalizatu eta dena egin nintzen. Batzuetan hotzikarak eta guzti sentitzen nituen. Baina aurrera egin ahala, gogoeta batzuekin bat etorri eta trankilago amaitu nuen liburua. Itzultzen dudanean, hareaz itzuli behar dut; liburua arropa eskegitzeko lekuan zintzilik izanda ere, ezin izan diodalako kendu haize bolada batek sartu zuen guztia

Sobre la belleza :Gustatu zait, amaiera ez hainbeste. Ematen du ez zekiela zelan burutu hasieratik planteatutako guztia. Idazteko beste forma bat, komunitate beltzaren barrutik gauzak ikusteko modua. Azkenean, zuri edo beltz denok berdinak garela eta berdin jokatzen dugula erakusten du. Esan dudan moduan, idazteko era oso desberdina, nik ezagutzen dudana. Liburuaren propagandatik, baina, urrun geratzen dena.

Orígenes :Askotan izan dut gogoa liburu hau hartzeko. Baina banekien Amin Maalaouf-ek gauza serioak eta pentsatzekoak idazten zituela; eta, lehen esan dudan moduan, ez nago holakoetarako. Gainera banekien ez zela nobela, baina liburutegiko zoramen hartan hartzea erabaki nuen, probatzeagatik. Eta oso pozik nago. Ez da nobela, baina bere familiaren historia da, batez ere bere aititarena. Banekien Maalouf libanoarra zena, eta banekien Libanon kristau mota asko zeudena. Ez nekien, baina, gaur egun Ekialde Hurbil izenarekin ezagutzen duguna XX. mende hasieran inperio otomandarra zenik. Gauza asko ikasi ditut, eta gustura irakurri dut. Beste irakurketa batzuekin “Desde el monte santo”:http://www.altair.es/nou.4.4.htm uztartu eta osatzeko aukera eman dit. Era atsegin eta errazean dago idatzita, eta benetan merezi du.

Pájaros sin alas :Liburu honekin gauza bitxi bat gertatu zitzaidan. Kanpora joan aurretik hasi nintzen irakurtzen eta ez nuen Portonovora eraman astunegia zelako. Gero bueltan, nagikeria puntu bat eman zidan, horregatik “Orígenes” irakurtzen hasi nintzen. Eskerrak! Liburu biak nik pentsatu barik, sasoi berean oinarrituta, eta inperio berean, nahiz eta leku ezberdinetan gertatu. Egia esan, liburu hau asko gustatu zait. Nobela izanda ere gaur eguneko hainbat gatazka ulertzeko aukera ematen baitu oso istorio eder eta gordinen bitartez. Ez nuen hainbeste espero horrelako nobela batetik. Mardula eta ederra da. Guztiz gomendagarria. Deskubrimendu polita, benetan

Euskaraz gutxi irakurri dut, egia esan. Eta irakurritakoen artean, aipatzeko gutxi, zoritxarrez. Gogotsu hartu nuen Euskal Hiria sutan Xabier Montoiarena, baina irakurri ez nuen bakarra izan zen, ipuin bat baino ez. Espero dut lagunak lehenbailehen itzultzea irakurtzeko irrikatan nago eta.

etiketak: liburuak, uda
Iban Arantzabal
Iban Arantzabal dio:
2007/10/03 20:29

Nik azken hori irakurri nuen ba. Denbora dezente pasa da orduti, larregi. Gogoratzeko moduan ere ez nago ze atera zenean joan nintzen Arrasateko dendara eta gosez irakurtzen hasi. Hobe nuke liburuaren gainean zeozer zehatzago esango banu, gustatu ere gustatuko litzaidake, baina horretarako berriz ere hartu beharko nituzke ba liburua bai apunteak. Orain ezin. Zure iruzkinen zain geratuko naiz :-)

Horrenbeste "Euskal Hiri" horrenbeste "Euskal Hiri" eta... eta Montoiak "Euskal Hiria Sutan"! Gogoz hasi nintzen eta baita gustura irakurri ere. Ipuin batzuk beste batzuk baino hobeak, hori bai, baina merezi duen liburua.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua