Kutxa maitea
Badira bost urte luze zurekin nagoena ezkonduta, beste erremediorik ez daukadalako. Interes ezkontza bat izan zen, batez ere zure aldetik. Mesede bat egiten zenidalakoan erretiroraino lotu ninduzun. Aberatsa zara, baina zure ezin asetasun horrek gehiagotara eraman zintuen. Poligamiara. Orain, zurea zure, eta nirea ere bai!
Harrapatuta naukazu. Zurekin aseguru, nomina, helbideratzeak dena egin behar izan dut, onena zarelako, eta komisiorik kobratzen ez zenidalako. Baina zure aurpegi goseti, maltzur eta zikoitza erakutsi didazu. Orain egiten dizkidazun mesede guztiengatik kobratuko didazu. Hiruhilabetean 2,5 euro. Hala ere, kartilan idazteko bonoak ematen dizkidazu, 50 hiru hilean!! Hortik gora 6 zentimo kobratuko dizkidazu bakoitzarengatik. Zelako ona zaren!
Nahikoa da! Bada aurre egiteko sasoia. Harrapatuta gauzkate, baina gure dirua, gurea da. Ze uste du Kutxak? Urterik urte, gero eta etekin handiagoak lortzen ditu. Bulego eta langile gutxiago dauzka. Orain dena on-line egiteko, eta makinak bulegoetan. Zer kobratu nahi digute, eragiten tinta?
Interesak gora doaz, baita euriborra ere. Gero eta estutuago gaude. Beste banku batzuetan hasi dira komisioak eta kentzen. Zerbait egin beharra dago, martxan jar gaitezen! Orain urte batzuk ere ahalegindu ziren komisioak kobratzen, baina jendeak kontuak kentzeko mehatxua egin zien, eta atzera egin zuten. Ez gara kapazak izango? Matxina gaitezen. Asko gara, eta denon artean senar zapaltzaile honi aurre egin diezaiokegu! A las barricadas!