Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Galtzeimer (VII) Baliabideak

Mikel Iturria 2008/08/26 20:44
Gaur gizarte laguntzailearekin egon gara.

Ohar garrantzitsua: blog honetan bakarrik erabiltzeko apuntea.

Jukebox lagunak kontatu zidan aurrekoan Nobel Sariduna den Elfriede Jelinek idazle austriarrari irakurri ziola Estatuek dirua kulturan baino gizarte zerbitzuetan gastatu behar zutela. Ondo dago planteamendua, baina agian Elfriedek zahartzaroan duen pentsamendua da hori. Gazte garaian gauza bera esango ote zuen? Dena den, kulturaren alorretik kendu beharrean, intsignia itsatsita eramaten duten neska-mutilen partidatik ere kendu dezakete. Ez naiz bakarrik goi mailako kirolaz ari, gerraz ere bai, nahiz eta Olinpiar Jokoak amaitu diren une honetan talde askoren arropa ikusterakoan Armada etorri burura.

Harira, asteburua hola-hola egon ondoren, hobetu egin da attaren egoera, nahiz eta batzutan ideiak nahastu eta pertsonaren bat edo bestearen kontra jarri, auskalo zergatik.

Igande gauean lagun batek aitaren heriotzaren ondoren idatzitako testu ezberdinak irakurtzen egon nintzen. Etxean hasi nintzen arratsaldean eta kosta egin zitzaidan attaren aldamenean jarraitzea. Une honetan, urrutiago ikusten dut bere heriotza. Match-balla irabazi duelakoan nago, baina bai hasi naizela ideia hori lehen baino gertuago ikusten.

Goizean hitzordua genuen Irungo Udaleko gizarte laguntzaile batekin. Eskura ditugun baliabideen berri eman digu: eguneko zentroak, gune gerontologikoak, plaza kontzertatuak, plaza pribatuak, bete beharreko paperak, balorazioak…

Atta lo harrapatu dut gero (botiken ondorioz). Egoerari buelta ematen hasi garen honetan, amarekin egon naiz hizketan egonaldi honen ondoren zer egin erabakitzeko. Anaiak eta biok genuen beldurra errealitate bihurtu da: amak etxean nahi du. Berdin du zer esaten diozun. Gaizki pasatako garaiak hortxe izango ditu, baina ahaztu egin nahi dituela dirudi.

Okerrena guk betiko martxa hartzerakoan hasiko da.

Recursos para mayores

Galtzeimer (VI) Olinpiar Jokoak

Mikel Iturria 2008/08/23 12:43
Seul 1988 vs. Pekin 2008. Ben Johnson vs. Usain Bolt. Olariaga vs. Zakilixut.

Michael Phelps alde batera utzita, Olinpiar Jokoetako beste izar nagusia Usain Bolt atleta jamaikarra izan da. Gehienok jakingo duzue, baina 100, 200 eta 4 x 100 metroetako lasterketetan txapela janzteaz gain, munduko errekorra hobetu du hiruretan.

Berari begira 1988an Seulen ospatutako Jokoekin gogoratu naiz. Asian ospatzeaz gain, aita ere gaixo zegoen orduan, munduko markak puskatu ziren 100 metroetan, atleta jamaikarrak bietan tartean, eta abar…

Gogoratzen dut hemengo goizeko 5:00ak aldera korritu zela karrera hura. Ben Johnson  jatorri jamaikarreko korrikalari kanadiarrak 9 segundo 79 ehuneneko behar izan zituen nik gehiegi maite ez nuen Carl Lewis estatu batuarrari aurrea hartzeko. Gero dopatze kontuak etorri ziren eta akabo Johnsonen txapela eta errekorra.

Oker ez banago, handik gutxira etorri zen Donostiara Johnson, Euskadiko Sei Orduetara, eta Zakilixut-en tira bat dut gogoan. Bette Davis aktorea ere sartu zuen tartean Olariagak. Aktorea Zinemaldira etorri ondoren, handik gutxira hil egin zen.

"Bette Davis, Bette Davis… eta Davis joan".

"Ben Johnson, Ben Johnson… eta Johnson etorri".

Ez ditut behar den bezala jarraitu Zakilixuten tirak azken bolada honetan, baina uste dut ez duela ezer egin oraingoz Usain Bolt-ekin. Zain nago.

Los Juegos Olímpicos

Galtzeimer (V) Bakarrik dagoen amona

Mikel Iturria 2008/08/20 19:46
Aita hobeto dago. Aldameneko gelan dagoen amonarena kontatuko dut gaur.

Ohar garrantzitsua: blog honetan bakarrik erabiltzeko apuntea.

Gaur gelan barna oinez hasi da aita eta ez du alde egiteko imintziorik egin oraingoz. Egindako frogen emaitzen zain geratuko gara, beraz.

Egun hauetan laurogei urteen langa pasata izango duen andre txiki bat ikusi dut bakar-bakarrik ospitalean. Ondoko gelan dago eta señoritaka aritzen da gauez, baita batzuetan egunez ere, erizainei eta laguntzaileei deika. Behin entzun nion eskatzen semeari deitzeko, baina erantzun zioten ezin zutela (protokoloa izango da). Dirudienez, familiak badaki amona ospitalean dagoela.

Astelehen goizean, berriz, garbiketa-lanak egiten zituzten bitartean, korridorean barna zebilen tarrapa-tarrapa sueroa zeraman gurditxoari heldurik. Halako batean, zakarrontzi batean sartu zuen eskua. Erabilitako goanteak eta zapi zikinak hartu eta poltsikoan gorde zituen. Erizainari abisu eman eta jarraian deitu zion atentzioa. Errainarentzat zirela erantzun zion. Kostata bueltatu zituen zakarrontzira. Arriskua bost axola zitzaion berari. Erizainen buruak goante eta zapi erabili gabeak oparitu zizkion plastikozko poltsa batean.

Gauean etorri nintzenean amonaren gela hutsik zegoen. Pintatzen ari dira unitatea eta hustu egingo zuten. Amona non ote zegoen galdegin nion nire buruari. Etxean egongo da? Ospitalean jarraituko du?

Laster jakin izan nuen non zegoen amona. "Señoritaaaaa".

Una abuela muy sola

Galtzeimer (IV) Eskapo egin nahi

Mikel Iturria 2008/08/18 18:18
Preso guztiek eskapo egin nahi dute gartzelatik. Berdin ospitalean egonik bere buruaren jabe ez denak ere

Blog garrantzitsua: blog honetan bakarrik erabiltzeko apuntea.

Larunbateko apuntea bukatu nuen esaten: "Ea astelehenean zer dion neurologoak. Frogak egin beharko dizkiote jakiteko zein den panorama (badakigu ez dela alzheimerra, beste dementzia mota bat baizik, frontala)".

Aitak igande goiza markatua zuen bere agendan. Duela urtebete hildako Tio Miguel zenaren aldeko meza zegoen Kateko Elizan eta esana zigun bertara joateko asmoa zuela senideei eta ezagunei galdetzeko ea ba ote zekiten emaztea non zebilen (nahiz eta emaztea berarekin batera egon).

Iritsi zen igande goiza eta txanda anaiari utzi nion, nik lo pizarra egiteko asmoz. Bazkalduta bueltatu nintzenerako, hantxe zegoen bera ohetik eskapo egiteko prest (nahiz lotuta egon). Arratsaldean hiru orduko borroka egin zuen alde egiteko. Pare bat poltsa lasaigarri eman zizkioten zainetik, erabat lo zegoen baina jarraitzen zuen hanka egin nahian.

Halako batean, amore eman zuen eta ohean geratu zen. Begiak irekita eta burua batek daki non. Eskutik helduta somatzen nuen haren pultsua oso azkar zihoala eta erizainei deitu nien pultsua eta tenperatura hartzeko. Pultsua azeleratua zuen, baina kezkagarriagoa zen haren kalentura 39 gradu luze zegoela jakitea. Gainera, zainean irekitako bidea itxi egin zitzaion. Laostia! Bertan geratuko zela pentsatu nuen.

Gauean ibili omen da saiakera gehiago egin nahian, baina goiza erabat lo pasa du gizajoak, ezgauza. Apenas ulertzen zitzaion zer adierazi nahi zuen, baina bera bakarrik jan du. Medikua harrituta dago hain abiadura handiko txarraldiarekin eta bihar froga batzuk egitea aurreikusi du.

Gogoratu hau blog honetan bakarrik erabiltzeko apuntea dela. Eta eskerrik asko guztioi.

Galtzeimer (III) Ospitala

Mikel Iturria 2008/08/16 19:05
Edo nola egoera larrietan erabaki okerrak hartzeko arriskua handitzen den.

Ohar garrantzitsua: blog honetan bakarrik erabiltzeko apuntea. Aitak periodikoak begiratzen ditu, irratia entzuten du eta telebistari begira ere egoten da.

Asteartean eraman genuen aita ospitalera (beherakoa zuelako). Asteazken arratsaldean, berriz, siestatik esnatzerakoan, delirio batean esnatu zen. Aldamenean zuen gaixoa ikusitakoan buruan sartu zitzaion amak etxera ekarritako beste gizon bat zela hura. Kostata hartu zuten mendean erizainek eta medikuak.

Ni beranduago iritsi nintzen eta, lotu ez zutenez, etxera zihoala esanez hasi zen berriro. Medikuak ohera lotu behar zutela planteatu zigun, baina agian etxean hobeto egongo zela. Eta erabaki okerra hartu genuen (etxera eraman genuen gurekin), baina medikuak ere bazuen bere ardura, izan ere aukera eman baitzigun horretarako (eta ez zegoen bi aukerarik, bakarra baizik: ospitalean geratzea).

Anaiak egin zuen lo gurasoekin etxean. Goizean lanera joan nahi zuen garai bateko enpresara. Anaia ibili zen berarekin. Ni, berriz, jestioak egiten hasi nintzen norabaitera eramateko. Neurologoarekin hitz egin ondoren, psikiatrikora bidaltzekotan geratu ginen.

112 telefonora deitu eta bere kabuz sartu zen anbulantziara Donostiara joateko. Eskerrak guardiako psikiatrak begiak ireki zizkidala: ez zuela berak bere aita arazo horrekin psikiatrikoan sartuko, azken errekurtsoa zela hura. Hobe dela inguruko ospitale batean egotea, familia gertu izatea eta krisiak ere gurekin pasatzea.

Arratsaldean ospitaleratu genuen berriro Bidasoaldeko Ospitalean. Anaia geratu zen berarekin eta etxera eraman nuen nik ama. Bueltan aita oso urduri topatu nuen. Afaria ekartzerakoan, bera ez zela han geratuko esanez hasi zen berriro. Medikuari esaten zion gaizki zegoela eta sendatzerakoan etorriko zela. Ez dut detaile gehiegi emango, baina oraingoan bai, oraingoan lotu egin zuten ohera.

Anaia eta biok gelara bueltatu ginenerako, kristorenak bota zizkigun biei. Gaua pasatzen geratu nintzen ni. Azkenean, lasaitu egin zen. Ostirala eta larunbata goiza lasaiago pasa ditu, baina egin ditu ere alde egiteko saiakera berriak. Ea astelehenean zer dion neurologoak. Frogak egin beharko dizkiote jakiteko zein den panorama (badakigu ez dela alzheimerra, beste dementzia mota bat baizik, frontala).

P.S.: aita ostegun arratsaldean ospitaleratzen genuen ordu berean, jakin dugu, ospital berean gainera, bere bigarren biloba, nire iloba, neskato bat izango dela. Heriotza vs. bizitza.

Jarraituko du, baina gogoratu hau blog honetan bakarrik erabiltzeko apuntea dela. Eta eskerrik asko guztioi.

Oh Pello Pelloren bertsio bitxia

Mikel Iturria 2008/08/14 09:28
Zer dago honen atzean? Marketing kanpaina instituzional bat? Junkera?

Atzo ageri zen Calamaro, Jaime Urrutia eta Loquillo Oh Pello Pello kantatzen Sustatun, baina gaur ez dut ikusten bertan. Eguna liatua izan nuen, batez ere arratsaldea, eta gaur goizera arte ez dut izan astirik bideo hau ikusteko.

Gaurko Noticias de Gipuzkoa periodikoak dio Kepa Junkeraren disko berrirako izan daitekeela. Disko bat grabatzen ari omen da musikari bizkaitarra eta honetaz galdetuta ez omen zuen ezer esan nahi.

Galtzeimer (II) Ama

Mikel Iturria 2008/08/11 23:07
Ohar garrantzitsuena: blog honetan bakarrik erabiltzeko apuntea. Aitak periodikoak begiratzen ditu, irratia entzuten du eta telebistari begira ere egoten da.

Aurreko astean argitaratutako apuntean kontatu bezala, nahikoa lan dugu aitarekin bai. Dena den, aitaz gain, gehien sufritzen ari dena ama da. Gurutze-bide edo kalbario partikularrean barna dabil.

72 urte beteko ditu datorren hilean amak. Oiartzungo lurretan izan arren, Irun herritik gertuago dagoen baserri batean jaiotakoa, sei anai-arreben artean bera da emakume bakarra. Eta horrek badakigu zer esan nahi duen gure herrian. Bizitza guztia zaintzaile lanetan ibili dela.

Duela hamasei bat hilabete hil egin zen amaren lehengusu batekin esposatutako gizona. Gaixo pasa zituen azken hilabeteak. Eta ama ere gertu egon zen. Iazko martxoa-apirilean, berriz, osabari minbizia atzeman eta lau senideen artean zaindu zuten anaia ezkongabea. Abuztuan hil egin zen. Jarraian, berriz, aitarena etorri da.

Afagi elkartean esan ziguten aurrekoan amari zenbait errutina sartu beharko dizkiogula bere bizimoduan. Eta gauzak nola diren, hara non ikusten dudan nire burua Elizaren alde egiten. Hau da, orain ni naiz berari esaten diona mezatara joan behar duela eta berak ezetz, ezin duela joan eta ez dela joango. Kaguensos!

Ama bukle batean dago sartuta. Berarekin hitz egiten duzunean beti gauza bera kontatzen dizu: gaizki pasatzen ari dela. Baina anaiak eta biok botatako sokak ez ditu harrapatzen.

Saiatzen ari gara ea Afagi elkartera doan bere kabuz, baina urduri jartzen da hitz hori entzuten duenean. Aste honetan, tira, Aste Nagusia (edo Santua) da Donostian eta ez dago aholkularitza zerbitzurik. Baina datorren astean arrastaka bada ere eramango dut elkartera.

Jarraituko du.

P.S.: gogoratu goiko oharra. Blog honetan bakarrik erabiltzeko apuntea.

Ah! Ia ahaztu egin zait aipatzea Iñaki Segurola idazleak erabilitako hitza dela galtzeimer. Oso ondo jarria, gainera. Berak dio lankide baten arabera horrela esaten diotela Alzheimerrari Ondarrun. Askotan joaten naiz aieka hartara,  baina ez dut inoiz entzun bertan.

Hiri probintzianoa

Mikel Iturria 2008/08/08 06:00
Juan Aceña, SA taldeko abeslaria, Berrian. Kontzertua eman zuten atzo Gasteizen. Erantzunetan aho-bilorik gabe musikaria.

Esan bezala Soziedad Alkoholika taldeko kidea den Juan Aceña abeslariari Ivan Santamaria kazetariak eginiko elkarrizketa ageri zen Berrian atzo. Gasteizko jaien barruan txosnen esparruan eskaini behar zuten kontzertua zen aitzakia. Oso-osorik irakurtzea gomendatzen dut, baina hona hemen harribitxi batzuk:

SA, Gaztetxea, Hala Bedi

Galdera: “Aurten hogei urte bete ditu SAk, Gasteizko gaztetxeak  adina, eta  Hala Bedi irratiak 25. Nola liteke, Ama Birjina ikusteko milaka herritar goiz esnatzen diren eta bost zezenketa egiteko plaza berria duen hiri batean?

"Ziur asko daukagun hiri aspergarri eta geldoaren erantzuna dira. Jendeak badu gauzak sortzeko gogoa, ezberdin aritzekoa, baina bitxia da halako kontuak eta musika talde onak hainbeste ateratzea. Hiri probintzianoa da eta ez aspertzeko zuk zerbait asmatu behar izaten duzu. Apur bat jasanezina da herritxo hau".

Jaiak

"Jaiak herrikoia behar du, eta ez Udalak edo erakundeek zuzenduta. Niri jaiak gustatzen zaizkit, baina parte-hartze handiagoa badute eta herrikoiagoak badira. Udala tartean sartzen denean dena kontrolatu nahi du, eta hor izorratzen da guztia, herriak sortu duena desnaturalizatzen duelako".

Blusak

"Frustrazio handia eta erreprimitu gehiegi dago, badirudi batzuek soilik mozorro bat jantzita dutela ondo pasatzeko eta nahi dutena egiteko lizentzia. Apur bat tristea da, tunoen antza hartzen diot kontuari. Denetarik egongo da, baina tentel samarra iruditzen zait, agian inor gogaitu gabe euren artean ondo pasatzen ariko balira ondo legoke, baina muga batzuk gainditzen direnean ez du batere graziarik".

Ez dakit Gasteizen zein izango den Donostiako Urrezko Danborraren ekibalentea, baina honek behintzat merituak egin ditu berau ez jasotzeko.

Ez dut imaginatzen hau bezalako Donostiako musikaririk antzeko adierazpenak egiten. Eta Donostiak asko du kritikatzeko, asko. Nik, gaur behintzat, ez dut gogo handirik, baina Love of 74 and cia ari dira gogotsu eztabaidatzen Donostiaz, kontzertuak aitzaki hartuta.

Ciudad provinciana

Galtzeimer (I) Gogoratzen zea, attá?

Mikel Iturria 2008/08/07 06:00
Ohar garrantzitsua: blog honetan bakarrik erabiltzeko apuntea. Aitak periodikoak begiratzen ditu, irratia entzuten du eta telebistari begira ere egoten da.

Ez da gaurko kontua aitaren arazo hau. Duela zenbait urte antzeman zioten gaitza (laburbiltzeko, alzheimer deituko diogu). Pasa den gabonetan, konturatu ginen famili bazkarietan ezin zuela gure erritmoa mantendu. Offean egoten zela.

Orain arte ez da izan oso larria, baina azken bi hilabeteak gogorrak egiten ari zaizkigu. Belauneko desgastea izan du urteetan eta uda aurretik ebakuntza egitera animatu zen, min handia ematen baitzion belaunak. Ekainaren 5ean jarri zioten protesia eta burutik nahasten hasi zen ospitalean. Egoera zein zen ikusirik, medikuek etxera bidali zuten handik sei-zazpi egunetara.

Bigarren edo hirugarren egunean, ostiral arratsaldean bisitan joan ginenean, etxean ez zegoela esan zigun. Hura ez zela bere etxea, ea nola zitekeen etxe hura erostea berari ezer esan gabe. Apuratu ginen, noski. Jadanik bere kasua jarraitzen zuen neurologoarekin hitz egin, botiken dosia aldatu eta lasaitu zen zerbait gizona.

Dena den, ama ari da trago txarrena pasatzen, besteak beste, une honetan aita emaztearen bila dagoelako. Hau da, aldamenean duen pertsona, emaztea, ez du ezagutzen.

Astelehenen goizean ospitalera joan behar izan zuen anaiak biekin. Aitari buruan sartu zitzaion emaztea ospitalean zuela eta hara joan behar zuela derrigorrean.

Astearte arratsaldean anaia eta biok Afagi elkarteak Donostian duen egoitzara joan ginen. Zita genuen bertako aholkulari batekin. Oso ondo tratatu gintuen María Victoriak.

Asteazken arratsaldean, berriz, aitak gutuna idatzi dio emazteari. Aitak diktatzen ziona, gazteleraz, kopiatu egin du anaiak.

Jarraituko du.

Ah! Titulua: Amamaren memoria Pok Produkzioak taldearen antzezlana da eta bertan alzheimerra duen amona baten istorioa kontatzen da. Gaztelerazko bertsioa ¿Te acuerdas, abuela? da.

P.S.: gogoratu goiko oharra. Blog honetan bakarrik erabiltzeko apuntea. Ulertuko duzuelakoan, agur.

Mikel Iturria ez da bakarra munduan

Mikel Iturria 2008/08/04 05:00
Joan den ostiralean galdetzen nion nire buruari Iturria non dago eta Ander Izagirrek bat baino gehiago garela erantzun. Egosurfing egitera noa.

Banekien bai ez nintzela Mikel Iturria bakarra. Noizean behin egin dut egosurfing sarean eta konturatu naiz bat baino gehiago garela munduan. Belaunaldi ezberdinetakoak, gainera.

Ander Izagirre fenomenoak esan bezala badago Mikel Iturria txirrindularia. Andoaingoa da eta kadete mailan dabil urte honetan. Ez dakit zenbat lasterketa irabazi dituen baina ohituta dago aurre samarrean ibiltzen.

Duela ez hainbeste denbora deskubritu nuen Bortzirietan bazegoela Mikel Iturria dantzaria. Beno, kasu honetan dantzari ohia dela esan beharra dago. Beratarra omen da eta dantzari batzuei herrian eginiko omenaldi batean hartu zuen parte.

Donostiako Amara auzoan ibili naiz lanean azken urteetan, Ernest Lluch Kultur Etxean, eta banekien bazegoela beste mutiko bat nire izen-abizenak zituena. Kasu honetan, Mikel Iturria tanborreroa deituko diot, sarean ikusi baitut azken danborradan ibili zela. Oker ez banago, haur honen aita Gara periodikoan Realaren jarraipena egiten du Joseba Iturria da.

Aipatu hirurekin, ustez behintzat, ez dut inolako familia loturarik. Eta hau guztiau sareari erreparatuz gero, hortik zehar agian gehiago ibiliko baitaitezke.

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter