Galtzen ikasi beharra
Gaur goizean lanetik atera behar izan dut. Kafetxo bat hartu beharrean, Hontza Liburudendan sartu eta David Trueba idazlearen Saber perder liburua erosi dut.
Alde Zaharrean bazkaldu dut eta, normalean horrela jokatzen ez badut ere, liburua eraman dut jatetxera. Nahiago dut bazkaltzen dudan bitartean periodikoren bat edo aldizkariren bat irakurri, liburuak leitzea bazkalorduan deserosoa baita.
Kontrazalean agertzen zen laburpenarekin hasi eta lehenengo hamar orrialdeak irakurri ditut. Asko gustatu zait irakurri dudana. Engantxatu nau liburu batek aspaldian ez bezala.
Lanerako bidean, Alde Zaharrean gelditu naiz pare bat ezagunekin berbetan. Halako batean, Ana M-rekin nengoela hizketan, hara non agertu den aurrez aurre David Truebaren itxura duen pertsona. Bera izango ote da? Baietz erantzun diot nire buruari eta, liburua eskutan nuela, zera esan diot: "Soilik hamar orrialde irakurri ditut, baina asko gustatu zaizkit". Berak: "Ea bukaeran sentsazio bera duzun".
Asteazkenean, irailaren 24an, David Trueba Ernest Lluch Kultur Etxean egongo da Saber perder liburua aurkezten. Planak egunekoak egiten ditut nik eta ezin esan joateko aukerarik izango ote dudan edo ez. Ea zuotako norbaitek joaterik duen. Liburuak eta egileak merezi dutelakoan nago.