Galtzeimer (XII) Amaren urtebetetze eguna
Ohar garrantzitsua: oraingoz blog honetan bakarrik erabiltzeko apuntea.
Goizeko 7:20 dira. Laster azalduko da ama gelatik eta nire buruari galdegiten diot zer kristo egin behar dudan bera ikusterakoan. Argi dago zoriondu behar dudala/dugula, baina nola hartuko du gaizuak agur hori?
Anaiak hots egin zidan atzo arratsaldean. Gaurko eguna dela-eta, zerbait oparitu behar diogula amari esateko deitu zuen. "Aunkesea lore sorta bat edo landare bat". Senarra dagoen egoeran alboan duela lore sorta eramatea ez zitzaidan ondo iruditzen niri. Gaur goizean landarea oparituko diogula geratu ginen, beraz. Bilobak entregatuko dio 206 gelan.
206 gela idatzi dut eta ondo dago idatzita. Atzo goizean koltxoi bereziko ohe batera ekarri zuten atta. Eskertzekoa ospitalekoek egin duten ahalegina (erizainen buruaren erabakia izan dela uste dut).
Ondo baino hobeto ezagutzen dut gela, aurreko gelan pasa ditugun lau asteetan gutxienez bi lagun hil baitira bertan. Ulertuko duzue, beraz, gela hau gehiegi ez maitatzea. Are gehiago gogoratzen dudanean hona ekarri zutela atta lehen delirioa izan zuen egunean. Egia da ere gure auzotar bat hiru astez egon dela bertan eta lerro hauek idazterakoan etxean dagoela jada. Ikusiko dugu, baina dagoen bezala ez dut uste asko iraungo duenik.
Hau da amaren urtebetetze-egunean kontatu nahi nuena. 23an, asteartean, 41 urte beteko dira gurasoak ezkondu ziren egunetik.
Arratsaldeko 19:00ak dira. Etxean nago orain, ordenagailuaren aurrean. Ama sartu egin da goizean gelara eta bi muxu eman dizkiot. Atta ez da enteratu.
Bihar, irailak 21, Alzheimerraren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da. Idatzia dut jada attak beste dementzia mota bat duela, baina gaitz honen lehengusua dela. Berria egunkarian iaz azaldutako informazioan irakurri berri dut Afagi Elkarteak emandako datua: "Alzheimer gaitzak 5.500 familiari eragiten die egun Gipuzkoan. Eta hamar urteren buruan 11.000 inguru izan daitezkeela aurreikusten da". Kontutan hartzeko kopurua da.