Galtzeimer (XI) Ospitalean berriro
Ohar garrantzitsua: oraingoz blog honetan bakarrik erabiltzeko apuntea.
Astelehen goizean hasi nintzen berriro lanean. Hilabetea azkar pasa da arlo honetan zoritxarrez, nahiz eta betiko errutina ondo etorri zenbait gauza puskatzeko.
Goiza lanean pasa ondoren, anaiari hartu diot txanda iluntzean. Donostia Ospitaleko unitate honetan, Irungo Ospitalearekin konparazionera, beste protokolo batzuk erabiltzen dituzte. Adibidez, ez dute atta gerritik lotu, nahiz eta behin eta berriro eskatu familiak. Arrazoi ezberdinak eman dituzte ezezkoa argudiatzeko, baina gu prest gaude gure ardurapean lotzeko (ezin baituzu gela utzi, besteak beste). Ez dago manerarik, baina. Dementziaren aurkako botiken dosia ere jaitsi egin dute eta horrek dakar atta nahasiago egotea. Azken honek gerorako ondorio garbia dakar: polizia moduan zaudelarik bere aldamenean (ez egin hau, ez egin hori, ez mugitu, ez…), ziur naiz hemendik urte batzuetara gogoratuko naizela oraindik (txarrerako).
Astelehen goizean medikuak esan dio familiari hurrengo krisialdiari begira zer erabaki hartuko dugun argi eta garbi izateko. Eskertu egin dugu horrela hitz egitea. Hau da, gaixotasuna doan moduan ea merezi ote duen berpizteko ahalegina egiteak. Bronkioek lana behar den bezala egiteari utzi omen zioten larunbatean (kontrako eztarritik joandako zerbait geratu zitzaiolako, ingurua infektatuz). Denok argi dugula dirudi, baina unea iritsitakoan ikusiko dugu zer gertatzen den.
Irunerako trasladoa eskatu genuen eta gaur arratsaldean bertan eraman dute berriro Bidasoako Ospitalera. Zenbat gela korritu ditugu hemen azken aste hauetan: 209, 206, 201, 222…
Gaua tokatzen zait berriro. Bihar ez naiz lanera joango.
Muxu handi bat, Mikel.