Auzitegi batean, errefrauak soberan daude
Aste bukaera hau, eguraldia eta beste kontu batzuk alde nituela, Alberto Barandiaran kazetariak Miguel Sánchez-Ostiz idazleari eginiko elkarrizketa mamitsu bat irakurtzen eta gaztelaniara itzultzen egon naiz, besteak beste. Oraindik ez dut dena amaitu, baina nahikoa aurreratu dut. "Lubaki bat iruditzen zait mundu hau".
2001eko abenduaren azken egunetan, gustu handiz irakurri nuen garai hartako Euskaldunon Egunkarian plazaratu zen beste bat. Orduan ere biak ziren solaskide, baina zoritxarrez eta Auzitegi Nazionaleko Del Olmo epaileari esker, ez dago sarean. Jatorrizkoa ez, baina bai nik gaztelaniara itzulitakoa. Hona hemen lotura. "Hay razones sentimentales para crear otra sociedad".
Oraintxe bertan jakin dut Theklaneh-ren twitter honi esker, filtratu dutela Arnaldo Otegiren kondena zein izan daitekeen. "Según el fallo del tribunal, al que ha tenido acceso la Cadena Ser" dio albistearen hasierak (San Ildefonso eskolako umeen tonu horretan esateko modukoa da). Hemezortzi hilabeteko kartzela zigorra eta hamalau urteko inhabilitazioa.
Hasieran aipatutako elkarrizketan, Barandiaranek epaiketa horri buruz eginiko galdera ageri da, baita Sánchez-Ostizen erantzuna ere. Ezer gutxi erantsi daiteke.
Alberto Barandiaran: Justiziaren inguruan lotsatzeko moduko gauzak ikusi ditugu azkenotan. Esaterako, Arnaldo Otegiri epaileak bota zion hura, “ardoa edan nahi badu ere!”.
Miguel Sánchez-Ostiz: Lotsagarria iruditu zitzaidan. Epaiketa horretan ere fiskalak errefraua erabili zuen bere tesiei indarra emateko, esan zuenean isildu egiten denak amen egiten duela. Barka: isiltzen dena, isildu egiten da. Auzitegi batean, errefrauak soberan daude. Fiskalaren alegatu batean jurisprudentzia edo zigor kodea erabili behar da, baina ez errefrauak.
Oharra: argazkiaren kreditua, Dani Blanco (Argia).
Mundu hau zirku bat da
Esan bezala, duela bi urte pasatxo kontatu nuen Iñaki Diéguez irundarra Cirque du Soleil-ekin apuntean mundu mailan ezaguna den konpainiak eginiko casting-a pasatu zuela musikari honek. Handik urtebete ingurura-edo, aste batzuk eman zituen (2008ko bukaera eta 2009ko hasiera) Hego Korean. Baina berriro bueltatu zen Euskal Herrira.
Bertan hilabete batzuk egin ondoren, 2009ko ekainean jo zuen Quebecera. Ipar Amerikan dabil geroztik: Montreal, Toronto, California... Irailetik, gainera, emaztea (Edurne) eta bi semeak ditu inguruan.
Beraiekin gogoratu nintzen aurreko batean jakin nuenean Cirque du Soleil konpainiako beste talde bat Donostian egongo dela apirilaren bukaeran Saltimbanco izeneko ikuskizunarekin.
Hilean behin edo, mezu kolektibo luzea bidaltzen du Iñakik azken hilabetean nondik nora ibili den kontatuz. Behin baino gehiagotan esan izan diot bloga egin beharko lukeela, baina ez dit kasu egiten (behintzat Iñaki Diéguez profila badu Myspace atarian).
Azken mezuan Kepa Junkera musikariarekin egon dela kontatzen zigun. Eta Kepa Junkerak Egokitu zutabea idatzi zuela Deian. Dirudienez, musikari bizkaitarra Kalifornia aldean omen dabil, familiarekin hau ere.
Amaitzeko, Myspaceko txokoan kuku egin ondoren jakin dut New York-en pasako duela udaberria. Zaila izango da, baina gustatuko litzaidake halako batean beraiekin topo egitea. Izan ere, Edurne nire lehengusua da-eta.
The activists filmaren trailerra
Petrolioaren errentak
Oxfam America erakundearen Right to Know, Right to Decide kanpaina batekoa da "Follow the money" film laburra.
Guerra Eterna blog oso gomendagarrian ikusia.
Anasagasti, moda aditu
Anasagasti jaunak ez du inolako aurkezpenik behar, ezta? Aste honetan (beste) apunte bitxi bat idatzi du bere blogean. En ETB podían usar txapela:
"¿Alguien se imagina al director de Turismo de Edimburgo saliendo en la televisión con una txapela puesta? Pues no. ¿Alguien se imagina un enviado de Escocia o de Qatar con un sombrero mexicano puesto? Pues no. Exagero pero es que a la debilitada txapela, una seña de identidad de lo vasco, no se le ve en ETB ni cuando proyectan la película de Bonny and Clyde. Y es una pena."
Ondoren, bi kasu zehatz aipatzen ditu. Roberto Pérez kazetariarena, bata; Manu Narváez, Donostiako Turismo zuzendariarena, bestea.
Eta jarraitzen du aholkuak ematen: "Ahora, que hace frío y hay que proteger la cabeza y la calva, es buena la fecha para que periodistas y gente referencia y las chicas guapas que aparecen en nuestro medio usen una prenda que siempre nos ha identificado y que está en trance agónico".
Roberto Pérez-ek erantzuna bidali omen dio eta Anasagastik publikatu.
Gauza asko esan daitezke apunte hauen inguruan, baina hobe isilik egotea.
La txapela de Anasagasti, este apunte en castellano.
Orain ere, gezurra ari du
Duela egun batzuk txoko honetan plazaratu nuen Begoña Urroz Ibarrola izan omen zen lehena izeneko apuntea. Bertan El País egunkarian agertutako erreportaje bat hartu nuen hizpide, La primera víctima de ETA. Jesús Duvak sinaturiko informazioaren arabera, neskato hau izan zen ETAren lehen hildakoa.
Hurrengo egunean bertan jaso nuen Serafinen komentarioa, Gezurra galanta. Gaztelaniazkoan ere mezu bat baino gehiago jaso nuen gauza bera esanez.
Otsailaren 12an, berriz, Martin izeneko pertsona batek Gara egunkarian Iñaki Egaña historialariak sinaturiko Cómo se construye una mentira artikuluaren lotura itsatsi zidan. Uste dut bertan Egañak nahikoa argumentu ematen duela El Paísek argitaratutakoa gezurtatzeko.
Beti argi ibili beharra dago horrelako albisteekin. Egun gauzak dauden bezala, are gehiago. Ez dakit nola erori nintzen Duvaren tranpan, are gehiago Florencio Domínguez bezalako iturriak erabili zituela argi eta garbi adierazten zuenean.
Siguen lloviendo mentiras, este apunte en castellano.
Europa guztia Donostiara begira
Pasa den igandean inauguratu zuen Cristina Garmendia ministroak Tabakaleran paratutako Siliziozko ametsak erakusketa (Sueños de Sicilio webgunea españolez eta ingelesez dago soilik). Igande arrasaldean Ï antzezlana ikusi nuen Egiako Gazteszenan. Han egin nuen topo goizean Tabakaleran egondako “notable” batekin. “Obsceno” erabili zuen goizeko “ikuskizuna”z galdeginda.
Lanera joan behar astean zehar eta poliziaz lepo ikusi dut hiria astelehenetik asteazkenera. Astelehen goizean, gainera, Kursaal ingurutik pasa nintzen: polizi klase guztiak. Munizipalak, ertzainak, nazionalak. Frankotiratzaileak Kursaaleko teilatuan. Guardia Zibilaren patrullera Zurriolako hondartzan. Surferrak behintzat ez zituzten zakurraren ipurdira bidali. Demokraziaren jaia izateko, ez dirudi oso parte hartzailea denik.
Victoria Eugeniaren edo Kursaal jauregiaren inguruan ote zen jada ez dut gogoratzen. Kontua da Donostia 2016an Europako Kultur Hiriburu izateko hautagaitza ezagutzera emateko halako txirinbolo puzgarri batzuk zeudela. Bat ikusi nuen “compartiendo” eta “copylefting” leloekin. Euskaraz ere bazuen zerbait. Traba bakarra zuen: poliziaz eta hesiaz inguratuta zegoela eta ezin zela harekin gauza askorik egin. Argazki kamera eramanda ere, ezin argazkirik atera. Seguruenik.
Lotsagarria izan da ere bi afari, gutxienez, Gipuzkoako ez dakit zenbat sukaldari michelindunak prestatu dituztela. Un menú de doce estrellas, Europako hamabi izar eta beste hainbat michelin izar parekatzen duen artikulua irakurtzea besterik ez duzue.
Asteburu honetan zirkua A Coruñara joan da. Galegoei ere esango al zieten Europa guztia haiei begira dagoela? Hona hemen bilkura guztien egutegia El Paísen.
Toda Europa mirando a San Sebastián, este apunte en castellano.
Gora Gaztemaniak-en helburua lortuta, ospatu beharra dago

Gora Gaztemaniak ekimenetik behean itsatsi dudan oharra helarazi digute. Era berean, kasu honetan twitter bidez, jakinarazi digute zein izango den 2010eko Gaztemaniak zikloaren lehen kontzertua. Hidden Cameras otsailaren 26an Hondarribian. Behingoz, ea aurrekari moderno gisa balio digun, herritarren presioak desegite bidean jarritako proiektu bat geldiarazi du.
"Joan den astean gora Gaztemaniak ekimenak Donostiako Guardetxean egingo den kontzertuaren berri eman zuen aurreko batean. Ostiral honetan izango da, otsailak 12, iluntzeko 20:30ean. Ekitaldi honekin Gaztemaniak programaren jarraipena ospatuko dugu manifestua sinatu dugun 800 sinatzaileen artean lorturikoa. Lehendik iragarritako Correos eta Munlet taldeekin batera, LOS STEAKS taldea arituko da, egungo euskal underground-aren sentsazioa. Sarrerak 5 euro balioko du eta kontutan hartzekoa da aretoak edukiera mugatua duela."
GORA GAZTEMANIAK KONTZERTUA
Munlet + Los Steaks + Correos.
Guardetxea. Donostia.
Ostirala, 2010eko otsailak 12. 20:30.
5 euro.
"Komeni da mezua ahoz aho pasatzea eta kontutan izatea ere, kontzertuaren ondotik, Groseko Ondarra tabernan inauteri giroko kantak jarriko dituela Brandeejays-ek."
Imanol Muruaren "Loiolako hegiak" liburua
Zer gertatu zen Loiolan? kolaborazioa sinatu zuen Xabier Mendiguren Elizegik pasa den asteko Argia aldizkarian: "Egundoko liburuak suertatzen zaizkigu batzuetan esku artean, editore-lanbide honetan. (...) Gure ofizio xumeak horixe du ederrena: beste inork baino lehenago edukitzea begien aurrean egiazko harribitxiak." Norena den liburua? Imanol Muruarena. Titulua: Loiolako hegiak.
Mendigurenek hiru idazle eta beste hainbeste obra aipatzen ditu jarraian: Azurmendiren Espainolak eta euskaldunak, Sarrionandiaren Hnuy illa nyha majah yahoo, Elorriagaren SPrako tranbia...
Eta zer topatuko dugu irakurleok Muruaren Loiolako hegiak liburuan: "Kronika xehe bat da, 2006ko udazkenean Jesulagunen basilikan EAJ, PSE-EE eta Batasunako ordezkariek egin zituzten elkarrizketei buruz, baita aurretik eta ondotik ETAren eta Espainiako Gobernuaren artean izandako hartu-eman eta gorabeherei buruz ere."
Eta amaitzeko: "Liburu hau apartekoa da, ordea, orain arte oso jende gutxik zekiena kontatzen baitu. Urkullu, Egiguren eta Otegirekin izandako solasaldi luzeetan oinarrituta, eta hainbat iturritatik osatuta, azken bake-prozesuaren erretratu zehatza egin du, erdi ezkutuan zeuden edo guztiz ezezagunak ziren datu ugari plazaratuz."
Tira, orain bakarrik falta zaigu jakitea liburua noiz egongo den kalean. Irakurtzeko gogoa piztu zaigu-eta.
Imanol Muruaren "Loiolako hegiak" liburua. Aktan jasoa. Sustatu. 2010eko otsailak 9.
Bazterketa sozialari buruzko gogoetak
Ia berrogei lagun hurbildu ginen ekitaldira. Arratsaldeko 20:30ak aldera eseri ginen bertan eta gauerdia pasata utzi genuen taberna. Makgregoryren blip-eko kanalean dituzue hiruzpalau bideo. Behean itsatsi dut Estombaren sarrera.
Pobrezia eta lankidetza zen gaia, baina Estombak esan zuen nahiago zuela bazterketa sozialaz hitz egitea. Pobrezia zer den zehazten zailagoa delako bere irudikoz. Donostiako Udaleko Gizarteratze zerbitzuko burua da Iñigo Estomba (Gizarte Ongizatea) eta ondo baino hobeto zentratu zuen gaia, baita administrazioek eremu honetan egiten duten lanaren berri eman ere. Jose Antonio Lizarralde (Pottoko), berriz, Aterpeko arduraduna da, Gipuzkoako Elizaren Caritasek bultzaturiko zerbitzua. Zertan dabiltzan kontatu zigun.
Ez nituen apunteak hartu, beraz, buruan gordetako hiruzpalau datu bota nahi ditut hementxe bertan. Goian esan bezala, zertaz aritu ginen hiru ordu luzez jakin nahi izanez gero, ikusi bideoak.
Sare sozialak, pikutara
Behin eta berriro azpimarratu zuen Pottokok ideia hau. Pentsatu, une batez, zure bizitzako lau zutabeak zeintzuk diren. Bat pikutara doala imaginatu. Handik gutxira, beste bat. Eta gauzak erabat okertzeko, beste biak ere bai. Hori gertatu zaie kalean bizi direnei, dena galdu duen jendea da.
Gu beraiek bezain kabroiak
Ideia hau ere Pottokok bota zuen. Aterpen dabiltzan pertsonekin hitz egin eta bere bizitza nolakoa izan den kontatzen diotenean, beti gauza bera pentsatzen omen du: zure egoeran, zu bezain kabroia izango nintzen.
Gazte magrebiarrak (marokiarrak, batez ere)
Iñigo Estombak kontatu zuen Gipuzkoako gazte marokiar gehienak Marokoko hiri handi batekoak direla (Tetuan esan zuen, baina zalantzati). Hiri honek arrabalak ditu (ez omen da hori oso ohikoa Marokoko gainerako hiri handietan). Aldiri hauetan bizi diren familietako emakumeek fabriketan egiten dute lan, eskulan merkea direlako. Ordu asko eta diru gutxi. Senarrak, berriz, edanari emanda, mozkortuta, nahiz eta musulmanak izan, ez dira haurren zaintzaz arduratzen. Horri gehitzen badiogu Marokoko eskoletako arauak betetzen ez dituen jendea eskola-sistematik kanporatua izaten dela, horra hor puzzlea.
Gaztetxo horietako asko dira Gipuzkoan dauden magrebiar gaztetxo problematikoenak. Kabroi batzuk dira, bai, baina ez da komeni ahaztea nondik datozen. Eta ez da ahaztu behar ere, lantegi haietako jabeak, askotan, espainolak direla.
Ijito errumaniarrak
Iñigok aipatu zuen gai hau ere. Ez omen da erraza jakitea zer gertatzen den talde horietan, baina Donostian eskean ari diren ijito errumaniar gehienak hiri batekoak dira (ez nintzen hiriaren izenarekin geratu) eta dirua irabazteko plaza ona delako daude hemen. Joan-etorrian dabilen jendea ei da (etxea Errumanian dute). Ez dute hemen bizi nahi.
Algunas reflexiones sobre la exclusión social, este apunte en castellano.
