Mundu hau zirku bat da
Esan bezala, duela bi urte pasatxo kontatu nuen Iñaki Diéguez irundarra Cirque du Soleil-ekin apuntean mundu mailan ezaguna den konpainiak eginiko casting-a pasatu zuela musikari honek. Handik urtebete ingurura-edo, aste batzuk eman zituen (2008ko bukaera eta 2009ko hasiera) Hego Korean. Baina berriro bueltatu zen Euskal Herrira.
Bertan hilabete batzuk egin ondoren, 2009ko ekainean jo zuen Quebecera. Ipar Amerikan dabil geroztik: Montreal, Toronto, California... Irailetik, gainera, emaztea (Edurne) eta bi semeak ditu inguruan.
Beraiekin gogoratu nintzen aurreko batean jakin nuenean Cirque du Soleil konpainiako beste talde bat Donostian egongo dela apirilaren bukaeran Saltimbanco izeneko ikuskizunarekin.
Hilean behin edo, mezu kolektibo luzea bidaltzen du Iñakik azken hilabetean nondik nora ibili den kontatuz. Behin baino gehiagotan esan izan diot bloga egin beharko lukeela, baina ez dit kasu egiten (behintzat Iñaki Diéguez profila badu Myspace atarian).
Azken mezuan Kepa Junkera musikariarekin egon dela kontatzen zigun. Eta Kepa Junkerak Egokitu zutabea idatzi zuela Deian. Dirudienez, musikari bizkaitarra Kalifornia aldean omen dabil, familiarekin hau ere.
Amaitzeko, Myspaceko txokoan kuku egin ondoren jakin dut New York-en pasako duela udaberria. Zaila izango da, baina gustatuko litzaidake halako batean beraiekin topo egitea. Izan ere, Edurne nire lehengusua da-eta.