Parlen els ulls dokumentala ikusi berritan
Eta printzatu dira harkaitzak artikulua irakurri dut gaur goizean. Hor izan dut dokumental honen berri. Jokin Sagarzazuk Berrian sinatutako testuak zioen atzo eman zutela TV3 telebista katean eta gaur zela botatzekoa Aieteko Bakearen eta Giza Eskubideen Etxean, duela urtebete gune horretan egindako Konferentzia gogoratu asmoz, Lokarrik antolatutako ekitaldian.
Gauean, Zuzeun Peru Zaratek sinatutakoa ikusi dut. Tartean TV3ko nahieran zerbitzua erabiliz Parlen els ulls ikusteko lotura azaltzen zen. ETB2n igandeko hauteskundeei begira eginiko debatea ikusi beharrean, nahiago izan dut 52 minutuko saioa ikustea eta lerro hauek idaztea. Eta merezi izan du.
Binaka jarri ditu sei mahaikideak Gorka Espiauk. Lehenengoan Javier Asla ETAk hildako bi urteko haur baten osaba, Fabio Morenorena. Berarekin batera, Tamara Muruetagoiena, Guardia Zibilaren torturen ondorioz hildako Esteban Muruetagoiena medikuaren alaba.
Bigarren mahaian, Rosa Rodero, Joseba Goikoetxea ertzainburuaren alarguna, ETAk duela 18 urte hildakoa. Berarekin batera, Jon Landa, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendari ohia.
Hirugarren mahaian, Margarita Robles, Espainiako Botere Judizialeko kidea, epailea eta Felipe Gonzálezen gobernuan Barne Ministerioko goi kargua izandakoa. Aurrez aurre, Joxean Agirre, etakide ohia, erakundean 18 urterekin sartu eta kartzelan beste hainbeste egondakoa.
Gero bikote aldaketak gertatzen dira: Asla-Agirre, Robles-Landa eta Rodero-Muruetagoiena.
Zati ezberdinen lokailu, Jon Sarasuaren bertsoak. Pierre Hazan adituak ere hitz egiten du, baita manifestazio batean eta ekitaldi batean harrapatutako hainbat euskal herritarrek ere.
Gaiak: adiskidetzea, presoak, barkamena, etorkizuna...
Patxada handiz hitz egiten dute denek. Eta dokumentalaren tituluak adierazi nahi duen bezala, begiradek indar handia dute.
Badakit oraindik urrats asko eman behar direla, baina horrelako materialak behar-beharrezkoak dira.
Eskerrik asko TV3 kateari horrelako materiala izateko aukera emateagatik.
Euskarak egiten gaitu euskaldun
Gogoan dut 90. hamarkadaren bigarren erdialdean, Donostiako Udaleko hainbat talde politikok prentsaurreko batzuk euskaraz emango zituztela adostu zutela. Ez ditut orain gogoan zenbat talde agertu zen horren alde, baina esango nuke abertzale guztiak izan zirela konpromisoa jendaurrean hartu zutenak.
Garai hartan, EAkoa zen Euskara zinegotzia (Beatriz Otaegi) eta ausartuko naiz esatera berarekin batera EAJkoak eta HBkoak agertu zirela prentsaurrekoan akordioaren berri ematera (ez dut ezer aurkitu sarean).
Oker ez banago, konpromisoa zen lau prentsaurrekoetatik bat euskaraz egitea, gaia edozein zelarik.
Akordioa sinatu zen, prentsaurrekoan azaldu ziren agertu beharreko alderdiak... eta sinatutakoa kaxoi batean artxibatu zen. Inork ez zuen kontrolatu adostutakoa bete ote zen, inork ez zuen azalpenak emateko eskaerarik egin. Kitto.
Orain, berriz, hautsak harrotu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak hizkuntzen erabileran hartutako erabakiak. Denborak esango digu ea gauzak aldatu ote diren.
Ez da ahaztu behar horren aurretik polemika piztu zela Arnaldo Otegiren Tiempo de luces liburua gaztelaniaz argitaratua izan delako, Argien aroa ondoren etorriko delarik. Iñaki Sotok apunte luzea idatzi zuen blogean eta asko harritu ninduten ondorengo lerro hauek: "Azalpen hau zentzu orokor batean emanda inor ase eta denak mintzeko arriskua dago. Ondorioz, azalpena zeini zuzenduta dagoen argitu nahi dugu lehenik eta behin: gure ildo editoriala eta proiektua babesten dutenei ematen diegu azalpena, beste inori ez".
Minduta agertu zen Hasier Etxeberria, besteak beste: Arnaldo, Soto, Gara, euskara eta zakurraren putza.
Ez da Arnaldorena soilik. Ibarretxek ere liburu berria kaleratu du egun hauetan: El caso vasco. Javier Ortiz lagunak egin zuen lehendakariari buruzko liburua duela urte batzuk, baita Arzalluzen Así fue hura ere. Carlos Garaikoetxeak gaztelaniara jo zuen Euskadi: la transición inacabada memoria liburua plazaratzeko orduan. #horiholada , twitter sarean idazten dugun bezala.
Baina iritsi beharko du eguna horri buelta emateko eta orain izan daiteke unea. Oso argi adierazi berri du elkarrizketa batean Garbiñe Biurrunek, gaztelaniaz esan behar izan badu ere: No entiendo ser vasca sin saber euskera.
Dementzia eta zahardadea
Alzheimer-aren estatu politika baten alde (hona hemen La memoria es el camino proiektuaren webgunea) Fisterratik Jerusalemera ibilbidearen lan erdiak eginak dituen Guillermo Nagore kazetari nafarrari eginiko elkarrizketa irakurri nuen. Merezi du elkarrizketa osoak, baina nik esaldi honi jarri nahi diot fokoa:
“Esa cultura cristiana mal entendida que tenemos de que jamás llevaremos a un familiar a un centro de este tipo es un error garrafal que se paga muy caro. Lo paga el paciente y lo paga la familia. En eso, los franceses nos llevan años luz”.
Nagorek arrazoi duela uste dut, baina iluntzean, Donostiako Zinemaldiaren edizio honetako lehen filma ikusi nuen: Michael Haneke zinemagilearen Amour.
Laurogei urteko bi musika-irakasle dira protagonista. Hiri handi batean bizi dira. Andreak iktus bat jasan eta bikotearen bizitza erabat aldatzen da. Emazteak ospitaletik pasa ondoren, senarrari eskatzen dio ez eramateko beste behin ospitalera.
Ez dizuet gehiago kontatuko, baina emaztearen endekapena erabatekoa da eta horrek senarraren bizimodua errotik aldatzen du.
Herenegun, amak 75 urte bete zituen. Bera da aitaren zaintzaile nagusia. Niri gustatuko litzaidake gauzak beste modu batez egingo balitu, gauzak beste modu batez hartuko balitu, berekoiago jokatuko balu, baina ezinezkoa da.
Eta hori errespetatu beharra dago, gustatu edo ez gustatu.
Vejez y demencia, apunte hau euskaraz
Fontana eta Muguruza, bi elkarrizketa
Nonbaitetik hasi behar da eta azken egun hauetan entzundako bi solasaldi gozo ekarri nahi ditut hona.
Lehenengoa larunbatekoa da. Javier del Pinok, José Martí Gómezen laguntzaz, Josep Fontana historialaria elkarrizketatu zuen SER katean. Hona hemen Fontanaren audioa.
Bestetik, gaur bertan hasi du denboraldi berria Radio Euskadin Jabier Muguruzak eta Fermin izan du gonbidatua.
On egin!
Pakita, in memoriam
Pablo kontratatua zen eta jai izaten zuen igandeetan, baina Pakita bere kontura aritzen zen eta ez zuen barkatzen. Egunero hurbiltzen zen esne bila. Esnea hartu eta gero etxez etxe banatzen zuen.
Bere bizitza guztian lanean ikusi dut andre hau. Goizeko 5ak aldera jaikitzen zen: uda izan, negu izan, jai eta lan-egun. Horrela ibili beharra zuen? Garai batean, seguraski bai, baina gero ez zuen nezesidaderik horrela aritzeko; barruak eramango zuen bide horretatik, batek daki.
Hamasei urte nituela bihurritua izan nuen orkatilan. Berak eramaten ninduen institutura. Gogoan dut gurea bezalako baserrietan jasotako esnez beterik izaten zituela marmitak autoan, baita etxe ezberdinetan ematen zizkioten ogi zaharrak eta txerri jana ere.
Saltzeko moduan ez zegoen patata ere izaten zuen. Saltzeko ez, baina bai jateko moduan. Ezagunei eta bizilagunei ematen zien debalde.
Horrela ibili zen baserria bota zioten arte. Behirik gabe gelditu zen orduan, baina lanean jarraitu zuen.
Duela bi urte eskas edo, esklerosiak harrapatu zuen eta horren eraginez hil da. 78 urte zituen.
Pakita, in memoriam.
Zer gertatzen ari da Donostiako Udaletxean?
Ez ditut gehiegi jarraitzen Donostiako Udal plenoak, baina jarraitzen ditudan apurretan iruditzen zait demaseko espektakularizazioa dagoela. "Sálvame" txiki bat.
Ezin dut sinetsi egoera normal batean Nereak Denisek dioena esan izana. Eta sineskaitza egiten zait nik ezagutzen dudan Nerea ez delako horrelakoa.
Arraroa oso egiten zait ere Denisen erreakzioa. Susanak ere jenioa badu, baina ez da pertsona gaiztoa.
Beraz, galderak baditut, baina erantzunik ez.
Zer gertatzen ari da Donostiako Udaletxean?
P.S.: Denisen bertsioa Por algo será apuntean (bide batez, blogeko komentario batzuk ere oso maila eskasekoak dira). Nerearen bertsioa Bilduren tuit honetan.
Eguneratzea. 19:30. Urak baretu direla dirudi: Demokrazia ikuskizun (Bilduren oharra) eta Denis Itxasoren komentarioa.
Pasazaite, argitaletxe berri bat Euskal Herrian
Barkatuko didazue, baina argitaletxe honi buruz idatzi aurretik, edizioari buruzko apunte batzuk botako ditut.
André Schiffrin estatubatuarra editorea da. Eskarmentu handikoa, gainera; 1962an hasi baitzen lanean. Aitak (beste batzuekin batera) sortutako Pantheon Books-en ibili zen 1990rarte eta urte horretan sortu zuen oraingo proiektua, The New Press.
Alicia Dujovne Ortizek idatzitako El dinero y las palabras artikuluan izan nuen Schiffrin-ek idatzitako titulu bereko liburuaren berri. Duela hilabete irakurri nuen Penínsulak kaleratutako liburua. Bi lan labur biltzen ditu: El dinero y las palabras (2010) eta La edición sin editores (1990).
Edizioaren mundua kapitalismoaren laborategi gisa aztertzen du liburuak. Izan ere, XX. mendeko bigarren zatia ondo aurreratua izan arte, oraindik XIX. mendeko argitaletxeen eredua zegoen indarrean nagusiki.
Editorearena ofizio bat zen, ez negozio bat. Liburu interesgarriak publikatu, fakturak pagatu eta mozkinen bat atera urte amaieran. % 1a, normalean.
Kapitalismoaren munstro erraldoiek edizioaren mundua begiz jo zutenean, aldiz, prestigiodun argitaletxeak erostea izan zuten xede. Eta erraldoiak sartzen ziren tokian, jada ez zen nahikoa fakturak pagatzea: urtero % 15eko irabaziak lortu behar ziren, gutxienez.
Mozkinak lortzeko egile eta titulu gutxiago izan behar katalogoan, liburuen salmenta plana minimo batzuetara iritsi behar (20.000 aleko tiradak duela 10 urte; 60.000koak egun AEBetako argitaletxe handietan), etab.
Erraldoiek merkatua kontrolatzen badute ere, liburu interesgarrienak argitaletxe independenteek kaleratzen dituzte. Arazoa baino, banaketa eta hedapena dira. Frantzian, argitaletxe txikiek urtero publikatzen diren 38.000 liburuen herena argitaratzen badute ere, salmentetan soilik %1a dira.
Honetaz gogoratu nintzen pasa den ostegunean Donostiako Kaxilda Liburudenda zabaldu berrian Pasazaite argitaletxearen lehen liburua aurkezten zuten bitartean Ion Olanok eta Josu Zabaletak. Argitaletxearen atzean Xabi Queiruga galegoa dago. Eta euskara ikasten ari den galego honek euskarara itzulitako liburuak publikatzeko proiektua abiatu du hainbat laguntzailerekin.
Lehenengo liburua Andrej Longo italiarraren Hamar da. Sustatun kontatzen dute zertan dabiltzan Pasazaite, inportazioko liburuak apuntean. Itzultzaileari dagokion tokia eman nahi diotenez, Josu Zabaletari elkarrizketa bat egin diote bideo honetan.
Zorte on eta urte askotarako Pasazaite eta Kaxilda!
Eguneraketa. Uztailak 16. 21:35. Gaur goizean Leioako Liburutegiak tuit baten bidez gogorarazi didan bezala, argitaletxe txiki gehiago sortu da azken boladan: Edo! argitaletxea eta Gaumin, besteak beste.
Las editoriales pequeñas nos dan vida (este apunte en castellano).
Miguel Angel Blanco hil zutela hamabost urte
Ez dut gogoratzen nola jakin nuen Ermuako zinegotzia bahitu zuela ETAk, baina bai gogoan dudala 1997ko uztailaren 11n Hondarribian nengoela, lagun baten ezkontza ospatzen. Ostiral gauean elkartu ginen.
Gurekin batera ikasten ibilitako bat ertzaina zen. Eta Miguel Angel Blancoren bahiketari buruz aritu ginen hizketan. Tipoa goiz erretiratu zen, hurrengo egunean lan handia aurreikusten zuelako.
Ezkontzaren ondorengo eguna, Irundik Donostian izan nuen lehen etxebizitzara aldatzeko aprobetxatu genuen. Bazkalostean telebistari begira ari ginela, ajea gainetik kendu nahian, ETBko flash batek esnatu ninduen: Lasarte inguruan agertu zela arratsaldeko 16:30ak pasata zinegotziaren traza zuen pertsona bat, larriki zauritua. Goizaldean zendu zen gizona eta Dorre Bikiak erori ziren eguneko sentsazioa bera izan nuela dut gogoan. Munduaren akabera edo.
Igandean, oker ez banago, elkarretaratzea deitu zuten agintariek Gipuzkoa plazan, Foru Aldundiaren aurrean. Hainbeste jende zegoen bilduta, ezen orduko Herri Irratia (oraingo Onda Vasca) emisoraren parean egon baikinen, plazara sartu ezinik.
Gure aurretik pasa zen Álvarez Cascos ministroa, PPko hainbat buruzagi eta bizkartzainekin, jendearen txalo artean. Gaurko egunetik begiratuta hori ere ez diot ETAri barkatzen: elkarretaratze batera joatea eta Cascos bezalako jendilajearekin topo egin behar izatea.
Lizarra-Garazikoaren ondorengo urteetan, ETAk norbait akabatzen zuenean, Donostiako Udaletxe aurrean deitutako elkarretaratzeetara joaten nintzen. Halako batean, nazkatu egin nintzen politikariek komunikabideen aurrean egiten zuten showaz eta horietara joateari utzi egin nion.
ETAri kosta egin zitzaion ulertzea agur esan behar zuela, baina azkenik zorioneko erabakia 2011ko urrian hartu zuten.
Esan bezala, gauza asko idatzi dira urte hauetan guztietan, baina beste hainbeste izango ditugu kontatzeko.
Blogari gisa, horrelako ariketak tokatzen dira noizean behin; lagun gisa, 1997ko uztailaren 11n ezkondu ziren haiek zoriontzea tokatzen den bezala.
Spain is different?
Ados. Espainiako Futbol Elkargoak batu duen jokalari taldea azken lau urteetako onena da. Oso ondo jokatzen dute eta Italia baina askoz hobeak izan ziren igandean. 4-0. Punto.
Poloniara eta Ukrainiara joan aurretik, jokalariek hitzartu zuten bakoitzak 300.000 euro kobratuko zituela Europako txapeldun izanez gero. Eta diru horrengatik ez zituztela zergak pagatuko Espainian. Nork aholkatzen ditu mutil hauek? Etsaiak?
Valentzia inguruan sute latzak izan dira azken egun hauetan eta egoera ez da erraza (ez bakarrik Valentzian). Horrelako momentu batean, Espainiako gobernuko presidenteak, Felipe printzea alboan zuela, Ukrainiara joatea erabaki zuen. Espainiako jokalariek golak sartzen zituzten bitartean, denak Sandro Pertinik 1982ko Espainiako mundialean egin bezala ezin protokoloa gorde.
Berriro diot: hori gertatzen zen bitartean sute itzelak Valentzia aldean. Eta ez dirudi gauzak naturalki gertatzen direla. Hau da, erakundeek (ez) hartutako erabakiek badute ondoriorik. Errekorte famosoetaz ari naiz.
Hotzean pentsatuta, astakeria da...
Baina gu ez gara hobeak. Euskal Herrian ez dago selekzioa animatzerik, baina norberaren taldeak zerbait irabazteko aukera duenean berdin jokatzen dugu.
Besterik gabe.
P.S.: gaur 20 urte hil zen Camarón.
Spain is different?, este apunte en castellano.
Iñaki Iñarrak amonari eginiko omenaldia
Galdera bota zuen asteazkenean @lacajadezapatos-ek. Donostiako amona baten istorioa kontatzen zuen film laburraren bila ari zela. Handik gutxira erantzun zion @tipitto-k Amatxo izango zela berak bilatzen zuena.
Ez nuen ezagutzen Iñaki Iñarraren lana. Berri samarra da: hilabete pasatxo darama sarean soilik.
Araban 1917an jaiotako amona Pilarri eskainitako film laburra oso hunkigarria da. Ikusi ez baduzue, eskaini asteburu honetan hamalau minutu.