«Euskadin antzerkiak ez du inoiz dirurik emanen»
Azaro honetan pasako dira Donostiako eszenatokietatik euskarazko antzezlan garrantzitsuenak, seguruenik. Hilabete hasieran, Tanttakaren Soinujolearen semea taularatu zen Victoria Eugenian; hilaren 17an eta 18an Egiako Gazteszenan egon zen Publikoari gorroto (Ander Lipus Factory) eta asteburu honetan estreinatuko da Antzoki Zaharrean Hika Teatroaren Hitzak.
Soinujolearen semea
Lehen aldiz elkartu dira Euskal Erdiko kapitaletako hiru antzoki nagusienak (Bilboko Arriaga, Gasteizko Principal eta Donostiako Victoria Eugenia) produkzio bat aurrera eramateko. Albiste ona.
Inbertsio handia da (hamabost antzezletik gora taula gainean), baina ez dakit toki askotan ikusteko aukera izango ote den. Pena. Oraingoz iragarrita dagoen bakarra (ez dut besterik aurkitu) Madrilgoa da: Valle Inclán Antzokian 2013ko martxo bukaeran eta apirila hasieran El hijo del acordeonista.
Pare bat kritika egon dira hizkuntz tratamenduari buruzkoak (Mikel Irizarren Soinujole erdalduna eta Jon Eskisabelen Erdaldunaren semea apunteak; komentarioak ere irakurri, tartean Patxo Telleriak utzitako mezuak); euskarazko bertsioan gaztelaniak presentzia handia baitu, soinujolea bera gaztelaniaz aritzen delako eta Daviden emazte estatubatuarrak Joseba lagun ez ingeles hiztunari egiteko hizkuntz hori erabiltzen duelako.
Hasieran arraro egin zitzaidan niri, baina gero ulertu (nahi) nuen gure gizartearen isla baino ez dela taula gainean ikusitakoa.
Hori bai, Eskisabelenean batek dioen bezala, Iparraldera antzezlan hau eramateko zailtasuna da aukeraketa hori.
Gauza bat amaitzeko: aktoreen artean, Asier Hernandez inoiz baino hobeto ikusi nuen eszenatokian, bai Obabako seme, bai poliziaren rolean.
Publikoari gorroto
Hilabete hasieran estreinatu zuen Huts Teatroak Xabier Mendigurenen Publikoari gorroto obra. Beste eskola batekoa da: bai produkzioa, bai antzerkia, bai dena. Albiste ona: Euskal Herriko agenda bete samarra dutela.
Donostian emandako prentsaurrekoan, Ander Lipusek sorkuntzaren alde soziala aipatu eta aldarrikatu nahi izan zuen. Nola orain arte berak egindako saiakera guztiek, errealitatearen horma izan duten aurrean eta ezinezkoa suertatu zaion konpainia bat zutik mantentzea. Antzerkiola Imaginarioa utzi eta Huts Teatroa sortu du: berak dioen bezala, pertsona bakarreko konpainia; Arte Dramaren gordasolapean, hori bai.
Manex Fuchs zuzendariak aipatu zuen iparraldean, Frantziar Estatuaren eremupean, intermitentzia dela medio bizi ahal zutela antzezleek. Hau da, langabezia sistema zutela alde sortzaile frantsesek. Hori, oraingoz, ezinezkoa da Hegoaldean.
Igandean ikusi nuen Egian antzezlana. Antzerkiari buruzko testua da Mendigurenena eta Lipus puri-purian agertzen da jendaurrean. Histrioniko, ia bakarrizketan, ikusle rola jokatzen duten bi antzezle gehiagoren aurrean.
Pertsonaia asko (batzuk beldurra ematekoak), produkzio xumea (Lipusek berak erregulatzen ditu argia eta soinua).
Urrats bat gehiago bere karreran. Ez da aberastuko, baina bai aberastuko gaituela.