Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

CUPeko David Fernandezi eginiko elkarrizketa baten zatiak

Mikel Iturria 2014/10/23 20:00
CUPeko parlamentaria Kataluniako egungo Parlamentuan. Ez omen du errepikatu datorren legegintzaldian.

Ez dut David Fernández pertsonalki ezagutzen, nahiz eta berak harreman estua izan Euskal Herriarekin. Parlamentari izan aurretik, Cròniques del 6 liburuaren egile izateagatik ezagutzen nuen. Kasualitatez, liburu hori irakurri ondoren, gaztelaniazko edizioa izan zen Javier Ortizek hil aurretik aurkeztu zuen azken liburua, 2009ko otsailean, Madrilen: Crónicas del 6 (Bartzelonako poliziari brigada bati buruzko erreportaje luzea).

Egun CUPeko parlamentaria da Kataluniako Parlamentuan 2012ko azaroko hauteskundeetan eserlekua lortu ondoren. Asteburuan elkarrizketa luze eta interesgarria irakurri dut Vilaweb digitalean (David Fernàndez: 'No hi pot haver marxa enrere amb el 9-N, no podem fallar'). Kataluniako egungo hainbat gai jorratzen ditu bertan, prozesua jomugan, baina nik zeharkako beste gai batzuk interesatu zaizkit.

Artur Masekin duen harremanaz

“Ez dut politika pertsonalistan sinesten: ni behin-behineko bozeramailea naiz. Pertsonen mailan, errespetua eta entzuteko gaitasuna dago. Eta nire ustez hori albiste ona da, XXI. mendeari dagozkion parametro nahitaezkoetan sartzen baita: politikaren feminizazioa. Hitz egiteko, entzuteko, akordioetara iristeko, ados ez egoteko eta adostasunak lortzeko gaitasuna. Politika hierarkikoa, autoritarioa eta inposatzailea albo batera utziz, feminismoak beti defendatu duen horizontaltasunera pasa, denak berdinak diren esparru batera.”

Kontsulta dela eta, CUPen jarrera

“(CUPen) tentsio politikoa dago hitzaren zentzurik positiboenean. Dialektika politikoa dago. Egia da ere bi erritmo oso diferente daudela: CUPena, asanblearioa da eta, beraz, motela; prozesuarena, berriz, oso azkarra da. Ez da beharrezkoa deskribatzea zein izan den CUPeko edozein militanteren erreakzioa kontsulta bertan behera utzi denean, baina nahiz eta iruzur hau aurreikusi, badakite bide bakarra dela konpromisoa mantentzea eta aktibo jarraitzea ziklo aldaketarako bidean. Gaur egun erregimenaren krisi bat dago eta herrialde honen errebeldia demokratikoa geldiezina da. Jada irabazten hasiak gara. Badira zortzi urte irabazten ari garela. Debekatu egin dira gomazko pilotak, fracking-a debekatu da, homofobiaren aurkako lege aitzindaria onetsi da, herri kurduari elkartasuna adierazteko mozio bat atera da aurrera, Kobane denean munduko hiriburua... Herrialdea laborategi demokratikoa da. Europako hegoaldeak inbidiaz begiratzen gaitu. Eta tenkatzaile demokratikoa prozesua bera da, zerbaitengatik ez dugu hemen sugearen arrautzarik, faxismoaren, arrazismoaren eta xenofobiaren arrautzarik”.

Legegintzaldi bakarreko parlamentariak

“2012an Molins de Rein eginiko asanbladan CUP-ek erabaki zuen parlamentura joatea lehen aldiz, baina baldintza jakin batzuk jarriz, besteak beste parlamentariek legegintzaldi bakarra egingo zutela. Eta legegintzaldi bat legegintzaldi bat da, bost urte edo bost hilabete izan. Koherentzia da hitzak eta ekintzak lotzen dituena eta gauza bat esan baduzu, hura bete beharra dago. Sinesgarritasuna duzu jokoan eta, batez ere, politikagintzaren egungo krisia dagoenean”.

(…)

“Atzetik datozenek askoz ere hobeto egingo dute, bildutako jakinduria aintzat hartuz. CUP eskola partekatua da, taldeka mugitzen gara. CUP ez da Isabel, Quim eta ni (egungo parlamentariak), atzean dagoen potentzialtasun politiko guzti hori da CUP. 1991n hasi nintzen politikan eta bi urte soilik daramatzat erakunde batean. Beraz, politikarekin, kazetaritzarekin eta kooperatibismoarekin dudan konpromisoarekin jarraituko dut. Albiste ona da ordezkoak egotea, horrek pitzatzen baitu trantsizioaren kultura politikoa eta maila horretako lidergoak”.

(…) “Jendea falta da pobrezia energetikoaren kontrako borrokan, komunikabide alternatiboetan, pobreziaren aurkako sareetan, espekulazioaren kontrako borrokan, herrialdea erosi nahi duten funts putreen aurka etortzeke dagoen borrokan...”

(...) “CUPek beti esan du Parlamentuko borroka instituzionala osagarria zela, mugimendu sozialek erreminta kaxan dugun tresna bat gehiago aldaketa politikoa eta soziala ekartzeko. Dena den, hori guzti hori CUPek berak erabaki beharko du, baina ni hemen nago eta bertan geratuko naiz. Bat gehiago izango naiz borrokatzeko orduan. Kontu handiz ibili beharra dago lidergoaren gaiarekin. Botere orok usteltzeko joera dauka eta guretzat, beti Europa hegoaldeko zapatistak izan garenontzat, askoz hobeto da indar kolektiboa, asanbladarena eta pertsona berriena. Parlamentuan erreleboa hartu dezaketen ehundaka lagunen izenak datozkit burura, seguraski gaitasun eta ezagutza gehiago duen jendea. Honek guztiak zerikusia du CUPen kultura politikoaren aurkakoa den ekosistema batean gaudela. Praktikan, ni ez naiz CUPekoa. Aro instituzional hau amaitzen denean kide egingo naiz”.

PPko eta Ciutadans-eko parlamentariekin duen harremanaz

“Ciutadans-eko parlamentari batekin izandako lehen elkarrizketaz akordatzen naiz. Diputatu honek CUPekiko oso erasokorra zen interbentzioa izan zuen hemizikloan, baina handik kanpora munduko pertsonarik adeitsuena zen. Esan nion aukeratzeko barruko agresibitatea edo kanpoko adeitasuna, baina nik berdin jokatuko nuela kanpoan zein barruan, ez bainaiz hipokrita.  'Zirko hau horrelakoa da', esan zidan. Erantzun nion ni ez nintzela etorri zirkoa egitera, politika egitera baino, eta aukeratzeko zer nolako harremana nahi zuen. Ulertu zuen. (…) Aurrean dugun PPko kideen zati bat jasanezina da. Hezigabeko jendea da, tribunan hitz egiten ari den jendea iraintzen, eskola bateko patioa ematen du. Aztertzen duzu egoera eta klase-gorrotoa dutela ikusten duzu. Beraiek uste dute gu okupa batzuk garela eta aulkiak ez direla gureak, eliteentzat direlako”.

Ulertzen ditut, noski, Davidek esandakoak, baina galderak egiten dizkion kazetariak bezala uste dut galera handia izango dela Fernandezek parlamentua uztea. Andreu Barnils-ek, adibidez, mezu hau bidali dio: No te'n vagis, David (Ez aldegin, David!)

Eta hona hemen Fernandezen erantzuna:

Autoak blokeatzeko urrutiko tresnak

Mikel Iturria 2014/10/05 22:20
Autoa mailegu bidez erosi duzu. Mailegu-emaileak autoa blokeatzeko gailu bat jarri dizu. Ez baduzu kuota garaiz pagatzen, jai duzu.

Gorka Juliok idatzi zuen aste honetan Berrian Smart herria izeneko zutabea. Denboraldiko lehen Amarauna irratsaioan Gorkak artikulu horren abiapuntu izaniko artikulua ekarri du: Miss a Payment? Good Luck Moving That Car.

Dirudienez, AEBetan 2013an autoak erosteko egindako maileguen %25 inguru arrisku handikoak izan ziren (subprime) eta aurtengo lehen hiru hilabeteetan 145.000 milioi dolar mugitu dira alor honetan. PassTime konpainiak 1,5 milioi aparatu saldu ditu mundu guztian zehar eta erreportajeak dio 2 milioi autok dutela horrelako aparatu bat.

Ez dakit Europara iritsi ote diren jada, baina AEBetan hasi badira, laster ditugu ate joka. Gaiak arazo juridiko asko planteatzen ditu, baina nik nahiago izan ditut New York Times-eko erreportajeak aipatzen dituen hainbat istorio hemen biltzea.

Kasu Robert Swearingen abokatuaren esaldi honi: "Klase ertaineko inor ez lukete jazarriko egun bateko atzerapenarengatik".

Bolender anderea

Termometroak 39.7 gradu markatzen zituen eta 10 urteko alabaren asma berpiztu zen. Las Vegasen bizi den Mary Bolender-ek alaba larrialdi zerbitzuetara eraman behar zuen, baina ezin izango zuen autoa martxan ipini.

 

Bolender andereak hiru eguneko atzerapena zeukan autoaren hileko kuotaren ordainketa egiteko orduan. Mailegu-emaileak urrutiko kontrola duen aparatua aktibatu eta ezin izan zuen automobila martxan jarri. Errepidera bueltatzeko, 389 dolar pagatu behar zituen, baina Bolender andereak ez zuen diru kopuru hori martxoko goiz hartan.

 

“Erabat inpotente sentitu nintzen,” zioen Bolender andereak, alaba zaintzeko lana utzi zuen ama ezkongabeak. Ez zen gertatu zen aldi bakarra: autoa blokeatu zioten martxoan, apirilean eta ekainean.

Vead jauna

“Walmart supermerkatuetan erosketak egiten ari nintzen bitartean auto bat desaktibatu dut” zioen Lionel M. Vead jaunak, Covington-eko First Castle Federal Credit Union konpainiako Ordaingabeen ataleko buruak. Aipatu kreditu konpainian autoa erosteko mailegua duten %30ak inguru dute gailua instalatua. New Orleans-eko aldirietan duen bulegotik, Vead jaunak mapa batean kontrolatu ditzake arrisku handiko 880 mailegu-hartzaile. Argi gorri batek markatzen du autoen kokapena. Vead jaunak antzeman ditzake ordainketatan atzeratu diren gidariak eta urrutitik desaktibatu ditzake haien ibilgailuak ordenagailu edo mugikor baten bidez.

Senarrarengandik ihesi

Austin (Texas). Aterpetxera genero indarkeriaz babesteko senarrarengandik hanka egin zuen andre baten autoa lokalizatu eta errekuperatzeko dispositiboa erabili zuen etxe mailegu-emaile handi batek, Amy Clark Kleinpeter abokatuak esandakoaren arabera. Dirudienez, aterpetxera joaterakoan autoaren mailegua arautzen zuen kontratuaren klausula bat puskatu zuen andreak (ezin omen zuen lau konderritik atera). Gauzak horrela, kreditu erakundeak garabia bidali zuen autoa erretiratzeko.

Ikaratuta zegoen, autoa eraman zuen garabiaren konpainia nongoa zen jakiteko gai izan zitekeelako senarra” zioen Kleinpeter abokatuak.

Fahy anderea

Urtarrileko arratsalde batean, lau seme-alabak eskolatik jaso ondoren, Fahy anderea gasolindegian geratu zen depositua betetzera. Baina furgoneta berriro martxan jarri behar zuenean, ezin izan zuen. Telefono mugikorrari erreparatu zion eta mailegu-emailearen hainbat dei galdu zituela konturatu zen.

Furgoneta pizteko, Fahy andereak zorretan zituen 255,99 dolar pagatzea adostu zuen. Tramitean berandutu zenez, seme-alabak “ikaratuta zeuden”.

Smith anderea

Iaz, Nevadako Parlamentuak T. Candice Smith-en lekukotza entzun zuen. Smith andereak hilko zela uste izan zuen autoaren motorra itzali egin zenean bat-batean Las Vegaseko hiru karrileko autopista batean. “Izugarria izan zen”.

C.A.G. Acceptance konpainiak urrutiko tresna aktibatu zuen. “Nahiz eta ordainketa guztiak egin eta inoiz ez berandutu pagatzeko orduan, sentitu nuen pertsona horiek nahi zutena egin zezaketela, eta ezerk ezin zituela gelditu”. Smith andereak akordio konfidentziala lortu zuen C.A.G. etxearekin.

P.S.: no comment.

Bloqueo de vehículos por control remoto, este apunte en castellano.

2050eko Txina Benoît Cézard-en argazkietan

Mikel Iturria 2014/09/22 19:50
Joan da abuztua eta iraila ere bidean da. Frantziako komunikabideetan ikusitako erakusketa baten berri gaurkoan.

Txina 2050. Argazkilaria: Benoît Cézard.

Rue 89n bidez (La Chine en 2050: et si les immigrés, c’était nous?) izan dut Benoît Cézard argazkilariaren berri. Lotura horrek eraman nau elkarrizketa honetara: Et si la Chine était la nouvelle terre d’immigration des Occidentaux?

Benoît Cézard musikaria, argazkilaria eta frantses irakaslea eta Txinan bizi da 2006tik. Buelta eman dio orain arte gure munduan ikusten ohituta gauden irudiei (nahiz eta jada gauzak nabarmen aldatzen ari diren). 2050 urteko Txina irudikatu du argazki erakusketa batean eta bertan mendebaldarrok gara Txinara lan bila joango garenak. Goiko argazkian ikusi bezala, gurean etorkinek egiten dituzten lanak han guk egiten ditugu.

2020. urtearen bueltan Txina munduko lehen potentzia ekonomikoa izango da. Mendebaldearen gainbehera, Ekialdeak gailurra ukitzen duen bitartean.

Immigrazioa ironiaz ikusteko arrazoiei buruz galdetuta (espero dut itzulpenean hankasartzerik ez egitea): "Txinan makina bat urte pasa ondoren kezkatzen nauen gaia delako, Frantzian eta Txinan gaurkotasun handiko gaia delako eta, azkenik, punk mugimendutik natorrelako (punk-hardcore taldeetan abestu dut) eta mugimenduaren oinarrietako bat diskriminazio era guztien aurka borrokatzea delako".

Amaitzeko: "Zorionekoa naiz: hemen jendeak mendebaldarrak tratatzeko moduak ez du zerikusirik Mendebaldean atzerritarrak tratatzeko moduarekin. Nahiz eta egunero topo egiterik duzun pertsona xenofoboekin, jende gehiena oso atsegina, abegitsua eta kuriosoa da gurekiko".

La China del 2050 en las fotos de Benoît Cézard, este apunte en castellano.

Titularrak emateko makina da Eguiguren

Mikel Iturria 2014/07/25 16:10
Uztailaren 24an Jurdan Arretxe kazetariak Jesús Eguiguren elkarrizketatu zuen Donostiako Garoa Kultur Lab-en. Azken boladan bezala aritu zen politikaria. Eguigurenek ez du inor epel uzten.

Jesus Egiguren, @Jurdan Arretxe eta Peio Rubio @egaroa-n. 19:00etan hasiko da #zabaleta34 #donostia pic.twitter.com/eO2mBDe7W5

— Garoa (@egaroa) July 24, 2014

 

Jesús Eguiguren: "Nire denbora pasa zen. Baina osasuna errekuperatzen badut, bataila emateko prest nago"

Atzo hartutako apunteak garbira pasatzerakoan, ia hiru orrialde bete ditut. Gauza batzuk tokiz aldatu ditut, baina saiatu naiz esandakoak modu fidelean jasotzen (ekitaldia euskaraz izan baitzen).

Ordu erdi luze aritu zen hizketan Jesús Eguiguren, Jurdan Arretxek patxadaz egindako galderei erantzuten. Hona hemen hartutako hainbat apunte.

Abuztuaren 6ko eguneratzea: Oier Aranzabalek Zuzeun orraztu ditu Eguigurenek esandakoak.

Arnaldo Otegi eta bakea

"Otegi eta bakea lortu zutenak mimatu behar zituzten. Rosónek-eta Mario Onaindiarekin egin zutena. Arnaldorekin egiten ari direna injustizia da. Bisitatzen nuenean ni baino hobeto zegoen, baina auskalo nola aterako den kartzelatik".

"Politika egiteko ondo etortzen zaie Kataluniarekin eta Euskadirekin gatazka izatea. Boto gehiago ematen zituen komando bat detenitzeak, bakea egiteak baino".

"Madrilen eta Euskadin dagoen estrategia da Bilduri oztopo guztiak jartzea alderdi gisa ez kontsolidatzeko. Bildu integratu beharra dago, hemengo parte bat delako. Bestela, arazo asko izango ditugu."

"Bakea hauxe da. Orain bezala bizitzea. Hau da Espainiako zonalderik baketsuena. Bakeak ez du aberastasunik ematen. Errekontziliazioa egina dagoela uste dut. PSOEko asko ondo entenditzen gara Bildukoekin. Bakeari buruz hitz egiten da, gobernuak dirua gastatzeko."

"Biktima asko daude bi aldeetan. Aita kartzelan edo amenazatuta ikusi dituzten horiek dira biktimak eta ez da horietaz inor okupatzen. Ezagutzen ditut mutil koxkor horietako batzuk. Eskolan ez dabiltza ondo. Istorio bat baino gehiago kontatu dezaket horien inguruan."

"Espainian ez dakite seguru nork irabazi duen. Hemen ere ez. PSOEko askok ez dakite. Une txarrean etorri zen bakea. Hauteskundeetan 11 puntuko aldea zegoen eta ez zuten bakerik nahi. Lehendakaria Ameriketan, etab. Bakea garestia da. Nahiago nuke garai haiek (2011ko urria) ez gogoratzea. Sozialistok gobernua galduko zutela, AHTren obren kontrola..."

GAL eta estatu-terrorismoa

"(García Goena hil zutenean) Garai hartan GALen kontra geunden, bagenekielako zein izango zen erantzuna. Txapuza bat zen, baina isilik egon ginen gauza asko jakinda. Kontutan hartu, GALek lagun batzuk hil zizkidala. Gaurtik begiratuta, esan behar dut estatu terrorismoa GAL aurretik egiten zela eta sozialistek bukatu zutela estatu terrorismoarekin. Gauzak ahaztea ere ez da txarra".

PSE-Bildu

"Bien arteko akordio posible asko daude. Errekontziliazioa eta guzti hori. Hemen Bildurekin egiten ditugun akordioak gaizki ikusiak daude Espainian (PSOEn). PSEk soberanoa izan beharko luke."

"Eskubia aprobetxatu egiten da. Ezkerrak ez du banderarik, ez sinbolorik, himnoak ere galdu egin ditu."

Orduan kontatu zuen egoitzan zer bandera jarri aukeratzeko izandako eztabaidak: ikurrina, Espainiako Errepublikakoa, gaur egungo española.

"Napoleonek esaten zuen gerrak banderarekin irabazten zirela."

Jesus Eguiguren @egaroa-n: "Martxa honetan Espainiari Perejil uhartea bakarrik geratuko zaio"

— Lander Arretxea (@larretxea) July 24, 2014

Espainiako Estatua

"Euskaldunoi ez zaigu federalismoa interesatzen. Euskaldunak eta nafarrak diferente izatea eskatzen ari gara. Katalunian ere ez dut uste orain interesatzen zaienik federalismoa. Zein da Espainiako estatu-forma? Ez dago zehaztuta Konstituzioan. Federalismoa hitz soil bat da. Ez da inoiz izan Espainian ondo eroritako hitza. Konstituzioak dio hiru nazionalitate daudela Espainian eta horrek esan nahi du paktua derrigorrezkoa dela Estatuarekin. Estado innominal (izenik gabeko estatua) da Espainia eta Estado plurinacional (nazio anitzeko estatua) izan beharko luke."

Kontsulta

"Nire ustez, bide hori erabiliz ezin dira gauza batzuk erabaki. Demokrazia da gutxiengoen eskubideak errespetatzea, ez ea nork ateratzen duen gehiengoa."

Gure Esku Dago

"Ez naiz abertzalea eta ez ditut gauza hauek entenditzen. Baina uste dut denbora galtzen ari direla. Kataluniatik garaile PP aterako da. Nire ustez, Bilduk indarrak jarri behar ditu partidu serio bat martxan jartzen, aparatuarekin, diziplinatua... baina dirigenteak kartzelan daude."

Balantza fiskalak

"Nafarroaren eta Euskadiren meriturik handiena da inoiz ez diotela inori poltsikoa ukitzen utzi. Katalunia injustizia bat bizitzen ari da. Extremadurak soberan ditu karreterak, piszinak, eskolak. Besteak beste, Kataluniako diruarekin eginak dira. Eta hauteskundeak irabazten dituzte Kataluniaren kontrako diskurtsoarekin. Paro asko dago, baina emigranteak ari dira lanean. Espainia gaizki antolatuta dugu. Ez dago enpresaririk: tratanteak dira"

"Kataluniak dirua sortzen du lana eginda. Norbaitek esan beharko die espainiarrei. Justizia soziala ondo dago, baina gaizki dago bertakoak paroan egotea, prestazioak kobratzetik bizi direlako, eta atzerritarrak lanean aritzea."

PSOE-PP: bipartidismoa

"PSOEko dirigenteek PPko dirigenteen mentalitate bera dute. Baina PSOEko botanteak langileak dira. Dirigenteen eta botanteen artean ruptura bat dago. Berdin-berdin Katalunian. Rubalcabaren ikuspegia PPko batena da: Madrilek agindu behar du eta probintziako gizajoek obeditu."

"Kontserbadorea naiz planteamenduetan. Konstituzioa bastante ona da: hiru nazionalitate eta erregioak jasotzen ditu. Baina dena nahastu egin da. Paktatu beharra dago. Libertatea emanez gero, ez lirateke joango. Kontuan izan españolistok emango diogula independentzia Euskadiri, abertzaleekin bakarrik ez baita nahikoa."

"Katalunia paktu ekonomiko razonable batekin ez da izango independiente. Espainiako eskubiari komeni zaio Euskadiko eta Kataluniako eskubiarekin entenditzea. Ez dut uste Katalunia puskatuko denik. Andaluz gehiago daude Katalunian katalanak baino. Paktuak egin behar dira Trantsizioan bezala."

Euskal Herria

"Euskal Herria euskararen herria da. Nafarroa trantsizio garaian baino urrutiago dago gaur egun. Gipuzkoa desagertzen ari da eta Euskadi Bizkaia bihurtzen ari da. Mespretxatzen ditugu Nafarroa eta Iparraldea. Bizkaia izeneko autonomia bat izango gara."

"Espainiako alderdi sendoenak daude Euskal Herrian. Urteak, historia dute atzean PSOEk, PNVk... Ezker abertzaleak frakasatu du PNV izan nahi duelako. Ezker abertzaleak PNVrekin puskatu beharko du eta etorkizunari begiratu."

Nazionalismoa

"Uste da nazionalismoa Sabino Arana dela, baina Frantziako, Alemaniako eta Kataluniako sozialistak ere nazionalistak dira. Hemen Aranari bota dizkiogu kulpa guztiak. Ezker abertzaleak sortu beharko luke nazionalismo moderno hori."

Politikariak

"Politikariak gero eta eskasagoak dira. Guk leitu egiten genituen gauzak. Gaurkoek ez dute ezer leitu."

Nik bota nion Suarezek eta Carrillok ez zutela ba irakurle fama.

"Suarezek ez zuen Carrillo kartzelan sartu. Aldiz, gaur egun Arnaldo kartzelan dago. Feliperi buruz esaten zen zein ondo hitz egiten zuen".

Nik berriro: bai, baina gaur gauza bera esaten da Pablo Iglesiasi buruz.

"Pablo Iglesiasek kanpainan PSOEren diskurtsoa egin du. Podemos bezalako fenomenoak pasajeroak dira. Ez nuen ezagutzen Iglesias."

Pedro Sánchez

"Bere diskurtsoari zerbait falta zaio. Ikasiko du. Bestela alternatiba Andaluziatik dator "(Susana Díaz-engatik ari zela ematen zuen).

PSE Euskadin

"Espainia ezkerrekoa da eta laster errekuperatuko da ezkerra. Euskadin, berriz, ezkerraren aldetik desertua datorrela uste dut. PNV jaun eta jabe egingo dela. Pragmatismoa. PNV da Euskadin PSOEren papera betetzen ari dena."

"Gipuzkoan egoera tristea da. Botoen %13a eta alkate bat zegoen ni sartu nintzenean. Feliperen garaian lehen partidu izatera iritsi ginen."

"Ezker abertzalearekin bakea negoziatzen ari ginenean botoen %30a lortu genuen, Bildu debekatuta zegoelako. PSE atzeraka doa. Gazteak ez dira hurbiltzen."

"Denek alde egin behar dugula diote. Ni prest nago joateko, baina frustrazioa daukat honela irten beharragatik. Barkua hunditzen ari denean, kapitainak azkena izan behar du."

Nafarroa

Publiko artetik esan zioten sozialisten erruagatik zegoela Barcina Nafarroan agintzen.

"Ez ditut Nafarroako oraingo dirigenteak gehiegi ezagutzen. Madrilen ez zaie komeni Bildurekin akordioak lotzea. Nortasun gutxi dute PSNko dirigenteek."

"Nafarroako planteamendua gaizki egin zen: Nafarroa Euskadira ekartzea. Erreferendumaren aukera hori Konstituzioan sartuta dago inoiz ez egiteko. Espainia aldetik hori egin zuenak asko zekien. Aldrebes egin behar zen. Nafarroa ia autonomia soberanoa da Foru- Hobekuntzarekin."

Podemos

"Podemos pasajeroa da. Ez dakigu zein dagoen horren atzean. Marea igotzen denean ez da inoiz goian geratzen, ezta behean ere."

"Arriskua munizipaletan dute. Podemosek kandidatuak aurkitzen baditu, kontsolidatu egingo da."

Zapatero eta alderdietako aparatuen indarra

"Jendeak uste zuen Zapatero demokrata bat zela. Hiru lagun zituen eta ez zion beste inori kasu egiten. 'Bai' esaten zion jendeari egiten zion kasu. Zapaterok kalte handia egin zion PSOEri amaieran eta partidua hori pagatzen ari da gaur egun ere."

"Zapateroren kasuan psikologia dago tartean. Berak uste zuen la hostia zela eta horrek galbidean jartzen ditu politikari gehienak. Politikari txarra izanda, asesore onak badituzu, ondo ariko zara. Churchill-ek bi baldintza jartzen ziten politika egiteko: ondo lo egitea eta asesore potoloak izatea."

"Orain arte ezagutu ditudan politikari gehienak onak izan dira. Korrupzioa egon da, bai. Oraingoengatik ez dakit zer esan. Jendea sartzen da politikan telebisioan ateratzeko".

Tako Donostia: deialdia bertako argazkilariei uztailaren 28rako

Mikel Iturria 2014/07/19 09:50
Bilbon sortu eta Zarautzera hedatu ondoren, Tako Donostia jaio da. Iniziatibaren atzean Estudios Durero eta Garoa Kultur Lab daude. Lehena puntako marka bat da inpresio munduan. Museo del Prado, Thyssen-Bornesmizsa (Madril), Arte Ederren Museoa (Bilbo) bezalako erakundeekin aritzen dira lanean. 5 argazki bidali behar dira uztailaren 28rako.

Ekainaren erdialdean bilera bat izan nuen Garoa Kultur Lab eta Estudios Dureroko kideekin (Garoakoen eskutik baitator Donostiara Estudios Durerok bultzatutako Tako proiektua). Ez da erraza hitzetan kontatzea zehatz-mehatz zer den, baina ni ezagutzen banauzue ez naiz motoak saltzezalea eta ordubeteko bilera hartan oso itxura ona hartu nien guztiei.

Zer da Tako bat?

Tako bat 20x20 zentimetroko egurrezko pieza bat da. 4 zentimetroko lodiera dauka. Obra grafiko bat darama inprimatuta: argazki bat, irudi bat, artelan bat.

Tiradak murritzak dira (500 bat alekoak, gehienez ere). Katalogo batean agertzen zara eta katalogo horretan erosleak eskatutakoan egiten da pieza, zenbakitua. 30 euroko prezioa dauka (kasu batzuetan, 40 bat euro) eta egileak portzentaje bat poltsikoratzen du.

Bertako artistekin lan egitea gustuko dute. Baina ez da edozer gauza agertzen katalogoan. Kontatu zidatenaren arabera, batzorde artistiko batek erabakitzen du zer atera eta zer ez. Adibide negatibo gisa: ez eskatu zure ezkontzako argazkiekin tako bat egitea. Ez da hori kontzeptua.

Zeintzuk dira?

Esan bezala, Estudios Durero enpresaren egitasmoa da. Kontatu zidatenez, egoitza nagusia Zamudion duen 70 langileko enpresa da. Bi hitzetan esateko inpresio digitalaren alorrean aritzen da, punta-puntako teknikak erabiliz. Beraien webgunean sartuz gero, ikusiko duzue izen handiko markak, kultur erakunde eta artistekin aritzen direla lanean.

Non daude?

2013an abiatu zen proiektua. Sareaz gain (Tako), denda bat dute Bilboko Alhondigan eta beste bat Zarautzen.

Une honetan Bilboko Arte Ederren Museoarekin eta Madrilgo Museo del Prado eta Thyssen-Bornesmizsarekin aritzen dira lanean, baita BBK Live jaialdiarekin ere.

Tako Donostiaren deialdia

Donostiako argazkilari profesionalei (zentzu zabalean) bost argazki aukeratzeko eta WeTransfer bidez beraiei bidaltzeko deialdia egin dute. Epea uztailaren 28an amaitzen da.

Tako Donostia: convocatoria para fotógrafos locales hasta el 28 de julio, este apunte en castellano.

EibarOrg blog komunitateak bezala, 10 urte bete ditu Harrikadak blogak ere

Mikel Iturria 2014/07/14 21:25
EibarOrg blog komunitatea 2004ko uztailean sortu zen. Urteurren hau euskal blogosferarekin batera ospatu nahi dugu urrian. Blog honen sarrerarik zaharrena 2004ko uztailaren 14koa da.

2014ko ekaina. Luistxo Fernandezek esan zigun "munduaren dominazioa" (sic) lortzeko blog komunitate bat sortu beharko genuela EibarOrg elkartearen barruan. Urte horretan hasi baitzen jendea blogei buruz berbetan, nahiz eta 2005-2006 urteen bueltan gertatu eztanda 2.0 famatu hura.

Ikastaroa egin aurretik, probak egiten hasi nintzen eta horrela sortu zen gaurko egunez, uztailaren 14an, blog honetan bizirik mantentzen den lehen sarrera: Mariano Ferrer-en agurra (tamalez, apunte horren barruko lotura gehienak ez dabiltza). Egun batzuk lehenago erretiroa hartu zuen Mariano handiak. Herri Irratia indarrean zegoen oraindik.

2004ko uztailaren 17an egin genuen ikastaroa Code & Syntax enpresaren bulegoetan, alde teknikoa jorratuz. Ateak zabaldu berri zituen Elgetako Espaloian egin genuen eguerdiko otordua.

Luistxo klase ematen. Argazkilaria: Asier Sarasua.

Zabaldu parentesia. Hamar urte hauetan Iban Arantzabalek eta enparauek gidatu dute Villa Arribako kultur gunea. Uztailaren 9an utzi dute Espaloia. Eskerrik asko urte hauetan guztietan egindako lanagatik eta lekukoa hartu dutenek ea beraiek bezain ondo eta natural eramaten duten lokala. Amen. Itxi parentesia.

Hamar urte pasa dira eta moteldu egin da nire (gure) erritmoa. Jada ez dut (dugu) lehen bezainbeste idazten (argitaratzen). Blogen bolada pasa zen (sare sozialen eraginez, besteak beste). Baina blogari izaten jarraitzeko asmoa dugu batzuk behintzat. Amen.

Modak moda, gureari eutsiz gero agian berriro boladan gaudela konturatuko gara (gelditutako erlojuek ere bitan asmatzen dute egunero ordua). Eta ez bada horrela gertatzen, ez zait axola ;-)

Hasieran esan bezala, urriaren erdialdean (11n edo 18an, eguna finkatzeko dago oraindik), EibarOrg elkarteko blog komunitateak hamargarren urteurrena ospatuko du euskal blogosferako kideekin batera. Gonbidatuta zaudete!

Sanferminek ekarriko dute Donostiara Garoa liburu denda

Mikel Iturria 2014/07/05 18:45
Aldatzen ari dira gauzak Donostian; azken bolada honetan oso proiektu interesgarriak ari baitira ernatzen Gipuzkoako hiriburuan. Eta pozgarria da hori bizitzea eta kontatzea. Garoaren inaugurazioa: uztailaren 6an izango da, arratsaldeko 18:00etan.

Aldatzen ari dira gauzak, kamarada

Dabadaba ireki zuten udaberrian Mundaizen, Tabakaleratik gertu. Martxan jarri zuten joan den astean Grosen The Loaf Bakery (lerro hauek idazten hasi baino lehenago ikusi dut Twitter-en Pantori-k denda zabaldu duela Boulevardean). Donostiako Piraten indarra eta kemena gauza jakina da eta Manu Chao ekartzea lortu dute, uztailaren 9an. Adibide batzuk baino ez dira. Dena ez da Zara, beraz.

Kasu gehienetan, gainera, 30 urteren bueltan (goitik eta behetik) dabilen jendea da. Eta berdin gertatzen da niri gehien poztu nauen Garoa liburu dendaren kasuan ere.

Aurkezpena

Atzo, uztailak 4, goizeko 10:00etan zuten hitzordua komunikabideek Zabaleta kaleko 34. zenbakian. Hurbildu ginenean, erakusleihoak paperekin estalita zeuden oraindik. Atea zabaldu eta ilunpetan zegoen dena. Erdian mahai bat, (kontatu zigutenez) aldameneko tabernatik ekarritako hainbat aulkiz inguratuta; dozenaka urte dituen idatz-makina soleraduna mahai gainean.

Asko gustatu zait gaur @egaroa-k erakutsi duena prentsaurrekoan. #gros #donostia #sansebastian http://t.co/vAnRZBF8SE pic.twitter.com/FB9NBxSh8M

— Mikel Iturria (@iturri) July 4, 2014

 

Argazkilarien erreguei kasu egin eta piztu zuten argia. Argazki-saioaren ondoren, Imanol eta Eneko Agirre anaiak eta Oier Aranzabal eseri ziren mahaiaren bueltan (beranduago agertu zen Kepa Matxain).

Zazpi-zortzi lagun entzuteko prest. Nondik datozen kontatu zuen anaia zaharrenak, Imanolek. 41 urteko Zarauzko esperientzia konpartitu nahi dute donostiarrekin. 1973an Flor Illarramendi amak abiatu baitzuen Garoa herri horretan eta 2008an hartu zuten testigua Imanol eta Eneko semeek.

Nondik nora arituko diren kontatu ziguten eta ez nintzen ni izan planak entzuten hunkitu zen bakarra (Garoaren kimu berria)

Aurkezpen hunkigarria, espazio berezia, kultura lab, esperimentazioa @egaroa @zerdionk #ongietorri pic.twitter.com/qmeorvjHbQ

— Ritxi Lizartza (@ritxitxi) July 4, 2014

 

Hiru hanka izango ditu proiektuak: liburu denda, paperezko familia eta laborategi teknologikoa. Baina beheko aldean erakusketa gela muntatzen ari ziren atzo (Xabier Egaña da artista) eta beraiek eskutik etorriko da Tako Donostia, Estudios Dureroren ekimena ere.

Liburu denda

Prentsa oharretik hartua: "Fondoko liburu denda izango da Garoa. Eta bereizgarri gisa, Laurence Cosse-ren La buena novela eleberriko zenbait ideia geureganatu ditugu. 12 idazle eta intelektualekin Literaturaren Garoako Komisioa (LGK) osatu dugu. 12etarik inork ez du elkarren berri, eta guztiak anonimotasunean mantenduko ditugu. Urteko hilabete bakoitzean, komisioko kide batzuk aukeratutako 'ezinbesteko irakurgaiak' jarriko ditugu Groseko liburu-dendaren erdigunean dagoen mahaian".

Paperezko familia

  • Paperezko Lagunak. Beñat Sarasolak gidatutako irakurle kluba euskaraz.
  • Amigos de Papel. Ruth Perez de Anucitak dinamizatutako duen irakurle kluba gaztelaniaz.
  • Paperezko Kontzertuak. Liburu bati eskainitako kontzertu solasaldiak. Udan Jon Eskisabel arituko da dinamizatzaile lanetan: The Wave Pictures (uztailaren 12an, 20:00etan); Anari (uztailaren 26an, 20:00etan); Robert Ellis (irailaren 7an, 13:00etan); Sleepy Sun (irailaren 20an, 13:00etan). Kontzertu bakoitzeko sarrera 12 euro (liburu dendan eros daiteke soilik).
  • Paperezko Filmak. Literatur zine kluba Begoña del Tesoren eskutik.
  • Paperezko Antzerkia: Antzerki eta hizketa saioak. Ainhoa Alberdi.
  • Paperezko Pulpitutik: hitzaldiak eta aurkezpenak. Uztailaren 23an (19:00etan) Jose Antonio Agirreri buruz arituko dira Ludger Mees eta Josean Rodríguez Ranz. Uztailaren 24an, Jesús Eguiguren egongo da, 19:00etan ere (Euskal Herria: por un nuevo nacionalismo, vasquismo y navarrismo).
  • Garoan hitzaren geroaz: Kike Amonarriz arduratuko da udako solasaldi hauetaz. Denak arratsaldeko 19:00etan izango dira: Los dominios del español, Juan Carlos Moreno Cabrera uztailaren 9an; Hiztunpolisa, Jon Sarasua uztailaren 16an; Goza daiteke gehiago, Karmelo Ayestaran abuztuaren 27an.

Laborategi teknologikoa: osoigo.com

Zarauzko Garoa sotoan Eneko Agirrek sortutako espaziotik garatu da 2013ko abendutik aurrera osoigo.com (politikariei galderak egiteko plataforma). Eneko Agirre, Oier Aranzabal eta Lander Arretxea ari dira proiektu honetan lanean.

Kasu honetan, I. Forum Osoigo antolatu dute abuztuaren 6an, Kongresuko eta Senatuko hainbat politikariekin egingo den gosaria (goizeko 10:00etan).

Laburbilduz: biba zuek!

Mardula da egitasmoa. Euskalduna. Goi mailakoa. Ilusioz beteta ikusten da taldea. Kanpotik begiratuta suizidio komertziala dirudi, baina uste dut ondo aterako zaiela. Hasier Etxeberriak txio honetan esandakoekin erabat ados.

Diooosss! Nahiago nuke @egaroa koek asmatuko balute. Gora eurak! Biba letrak! Eta bizi bitez luze artistak eta artezaleak!

— Hasier Etxeberria (@hasier) July 4, 2014

 

La Librería Garoa se viene a Donostia por sanfermines, este apunte en castellano.

Ahazteko eskubidea vs memoria babesteko eskubidea

Mikel Iturria 2014/07/02 22:25
Googlek idatzi egin dit gaur goizean.

Hauxe da Javier Ortizen webguneko administratzaileok gaur goizean jasotako mezua.

Aviso de eliminación de resultados de búsqueda de Google

Lamentamos informarte de que ya no podemos mostrar las páginas siguientes de tu sitio web en respuesta a determinadas búsquedas en las versiones europeas de Google:

Roban una placa contra la obligatoriedad de poner la bandera española en la Diputación de Gipuzkoa

Para obtener más información, consulta

El derecho al olvido en Google

Poztu egin nau albisteak. Arrazoi bikoitza: alde batetik, badago nire sarrerak irakurtzen dituen jendea; bestetik, badago jendea lotsatu egiten dena egindako gauzengatik.

Pena ere sentitu dut apunte horretan komentarioa utzi zuenetako bat Alargaor zelako eta Alargaor jada ez dago gure artean.

Asko idatzi da ahazteko eskubideari buruz azken bolada honetan. Pare bat lotura utziko dizkizuet:

Enrique Dans: El absurdo derecho a que internet te saque por tu lado bueno.

Jorge Campanillas: Google responsable en Europa por la indexación de datos de carácter personal en su buscador.

Gauza bakarra gehitu nahi dut: batzuetan norbaitek duen ahazteko eskubidea pikutara doa eta gertatzen dena okerragoa izaten da (Streisand efektua).

Derecho al olvido vs derecho a la memoria, este apunte en castellano.

Blog Hop Project: blogean horrela idazten dut

Mikel Iturria 2014/06/29 23:05
Idazketa prozesuari buruzko meme bat iritsi zait. Lau galdera erantzun behar. Nork emango dio jarraipena kateari?

Iñaki Muruak bidali zidan aste honen hasieran mezua: Blog Hop Project: Así escribo mi blog. Hona hemen erantzunak.

Zeri buruz ari naizen orain idazten?

Betiko martxan nabilela ezin esan. Hamar urte beteko ditu blog honek uztailaren erdialdean (zortzi urte bete zituen 2014 hasieran Pedradas-ek) eta asko jaitsi dut erritmoa. Normala ere bada: agortu egiten dira gaiak, behin eta berriz errepikatzen naizela da dudan sentsazio nagusia, sare sozialek (twitter-ek eta facebook-ek) asko aldatu dituzte gauzak, etab.

Gainbegiratu ditut azken boladan idatzitako sarrerak eta ez dakit zer esan. Seguruenik asko aldatuko ziren gauzak idazten hasi naizenetik, baina ez naiz ni hori aztertzeko egokiena.

Zabaldu parentesia. Maialen Odriozola ari da eibar.org-eko blog komunitatea aztertzen. Itxi parentesia.

Blog pertsonal bat da hau eta nire kezkak ekartzen ditut hona. Politikaz (gero eta gutxiago), kulturaz, sareko gauzetaz, Realaz...

Genero berbera jorratzen duten beste batzuekin alderatuta zein alde dago nire idazketan?

Badago jendea azkar (eta ondo) idazten duena blogean, ez zaiona asko axola nola kontatzen dituen gauzak eta nahiago duena kontatu. Ni ez naiz eskola horretakoa. Oraindik ere asko kostatzen zait blogeko sarrera bat idaztea. Buelta asko ematen dizkiet idatziei, behin eta berriro aldatzen ditut esaldiak.

Bestalde, zalantza asko izaten dut iritziak plazaratzerakoan eta, denbora pasa ahala, konturatzen naiz zalantzak handitu egin direla.

Zergatik idazten dut idazten dudana?

Hasiera batean ez nuen uste blogarekin oso urruti iritsiko nintzenik. Hau da, bloga izateko aukera eman ziguten eibar.org elkartean eta ikastaro batera joan ondoren hasi nintzen idazten. Krisiak krisi, boladak bolada, orain uste dut bizi naizen bitartean zabalik izango dudala hau bezalako etxe bat sarean. Espazio publikoa da, baina baita pribatua ere. Askatu egiten nau, barne korapiloak askatzeko balio izan dit askotan.

Hasierako garai haietan idazketa prozesuak asko balio zidan gai baten inguruan irakurtzeko, ikasteko eta iritzi bat izateko. Orain ere horretarako balio duela esango nuke.

Gehienetan sarrerak bi hizkuntzatan plazaratzen ditut, baina beti egoten dira ñabardurak hizkuntza batetik bestera. Libreago idazten al da euskaraz?

Nolakoa da nire idazketa prozesua?

Gaia behin finkatuta dudanean, idazten hasten naiz. Ez ditut borradoreak online izaten, etxeko ordenagailuan baizik, baina ez da oso ohikoa izaten egun batetik bestera uztea kontserban apuntea. Hau da, jartzen naizenean gustatzen zait errematea ematea.

Euskarazkoa behin bukatu ondoren, sarean jartzen dut, argitaratu gabe. Loturak egiten ditut, negritak erabiltzen ditut eta, argitaratzeko moduan dagoela uste dudanean, gaztelaniazkoarekin hasten naiz. Normalean euskarazkoa argitaratzen dut aurretik eta handik ordu erdira edo bigarrena. Gustatzen zait bi sarrerak lotzea beheko aldean.

Memearen jarraipena

Jarraipena eman behar nion kate honi, baina ez dakit nori pasa eta pentsatu dut egokiena izango dela hemen bertan esatea nahi duenak jarraitu dezala memea. Polita izango litzateke norbaitek jarraitzea... eta bestela, ba zer egingo diogu!

Eguneratzea: Oier Gorosabelek hartu du lekuko bat.

Blog Hop Project: así escribo, este apunte en castellano.

Twitter eta politikariak Europako hauteskundeen ondoren

Mikel Iturria 2014/06/22 19:45
Euskadi Irratiko Amarauna saioan izan gara gaur Maite Goñi, Gorka Julio eta hirurok. Lehengoan irakurritako blog sarrera batetik abiatuta hainbat politikarik twitter-en duten jardunari buruz hitz egin dut. Bai, jendea falta da, baina erretratua ez da asko aldatuko.

Denok dakigu hauteskunde kanpainan zein txatxuak izaten diren politikari asko. Amaitzen da kanpaina eta ez dira desagertzen, baina bai albo batera uzten dituztela kanpainan ezagutzera emateko egiten dituzten txatxuen gauza horiek guztiak. Sare sozialak indarrean daudenetik, txorakeriak ere sare sozialetan egiten dituzte.

Elena Mengual kazetari eta blogariak Políticos "tuiteros" por interés sarrera argitaratu zuen hauteskunde eguna pasa bezain pronto, maiatzaren 27an. Batez ere Europako Parlamentura aurkeztu ziren Espainiako bi alderdi nagusietako zerrendaburuak zituen hizpide.

Gaur ia hilabetea pasa da hauteskunde egunetik eta, horietaz gain, euskaldunei ere erreparatu diet nik. Hauxe da atera zaidan argazkia.

Bide batez, erabili nahi baduzue, zerrendatxo bat sortu dut: Europarlamentua.

Euskal Herriko zortzi parlamentari

Izaskun Bilbao, Josu Juaristi, Ramón Jauregui, Eider Gardiazabal, Maite Pagazaurtundua, Fernando Maura, Pablo Zalba eta Michèlle Alliot-Marie dira akta lortu duten zortzi parlamentariak.

Horietatik hiru lagunek ez dute inolako presentziarik twitter sarean: Jaureguik, Pagazaurtunduak eta Maurak.

Pertsonalak dira mezuak edo beste norbait ari da?

Askotan oso garbi geratzen da ez direla beraiek ari sarean, are gutxiago kanpainan daudenean. Nabarmena da inpresio hori iritsi berria den jendearen profiletan. Willy Meyer-ek esaten du kontua berea eta taldearena dela. Arias Cañetek sinatu egiten ditu bere txio apurrak. Pablo Iglesiasek ere askotan aipatzen du talde-lana.

Noiz hasi dira?

Hauteskundeengatik hasi dira batzuk: Arias Cañetek apirilaren 25ean zabaldu zuen profila twitter-en, zerrendaburu izendatu bezain pronto. Elena Valencianok 2013ko hasieran utzi zuen sarea (seme-alabak babesteko, dirudienez), baina Europarako zerrendaburu izango zela zurrumurruak hasi zirenean, profila zabaldu zuen urte amaieran. Josu Juaristi otsailaren 2an hasi zen tuiteatzen. Apirilaren 5ean zabaldu zuen kontua Javier Nartek.

Eta hauteskunde kanpainaren ondoren, zer?

Gehienek nabarmen jaitsi dute jarduna kanpaina amaitu ostean.

Cañetek 92 txio bota zituen maiatzaren 23ra arte eta gainontzeko egunetan beste 10 txio bota ditu. Valencianok 9 tuit bota ditu maiatzaren 25etik.

Kanpaina amaitu ostean 29 tuit bota ditu Josu Juaristik. Azkena, ostegunean izan zen, Hodei Egiluz-en aldeko mezua.

Oso deigarria da akta berritu ez duen Carlos Iturgaizena. Azken txioa maiatzaren 25ekoa du. “A la espera de los resultados” zioen eta Euskadiko popularren presidente den Arantza Quiroga eta beste alderdikide batekin ageri da argazki batean.

Carlos Iturgaiz zai

Esperientzia dute batzuk sarean

Badira sarean denbora asko daramatenak: horietako gehienek errepikatu egiten dute Europako Parlamentuan.

Aipagarriena da, nola ez, Pablo Iglesias: 2010eko ekainetik dabil twitter-en eta 443.000 jarraitzaile ditu. 7830 txio.

Era berean, Pablo Zalba nafarra: 2009ko martxotik twitter-en: 12.000 txio eta 4.028 jarraitzaile.

Michèle Alliot-Marie 2010eko maiatzetik dabil twitter-en, baina oso gutxi aritzen da: 17.200 jarraitzaile eta 445 txio. Hemen nahiko garbi da ez dela bera ari.

Ez dakit noiztik dabilen Izaskun Bilbao, baina 1957 txio idatzi ditu eta 1092 jarraitzaile ditu.

Eider Gardiazabal 2012ko maiatzean hasi zen: 735 jarraitzaile eta 1.505 txio.

Hizkuntzen erabilera

Oso gutxi egiten dute euskaraz. Euskaraz eta gaztelaniaz ari dira Juaristi eta Bilbao, hura hau baino gehiago. Gehienak gaztelaniaz ari dira soilik eta badira beste hizkuntza batzuk sartzen dituztenak, (ingelesa, batez ere). Alliot-Marie frantsesez aritzen da.

Blogaririk bai?

Batzuk ez dute inolako webgunerik aipatzen beren profilean (harrigarriago Arias Cañete, Elena Valenciano eta Javier Nart zerrendaburuen kasuan); beste batzuk alderdiarena aipatzen dute (Pablo Iglesiasek Podemos, Josu Juaristik EH Bildu eta Alliot-Mariek Le Chêne); badira ere webgune propioa dutenak (Izaskun Bilbao, Willy Meyer eta Pablo Zalba).

Azken hiru hauek errepikatu egiten dute parlamentuan eta albisteen atal bat dute webgunean. Denetarik biltzen dute bertan: beraiei buruzko albisteak, prentsa-oharrak, beste komunikabideetan idatzitako artikuluak, propio edo idatzitako sarrerak...

Políticos en twitter tras las elecciones europeas, este apunte en castellano.

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter