Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Titularrak emateko makina da Eguiguren

Titularrak emateko makina da Eguiguren

Mikel Iturria 2014/07/25 16:10
Uztailaren 24an Jurdan Arretxe kazetariak Jesús Eguiguren elkarrizketatu zuen Donostiako Garoa Kultur Lab-en. Azken boladan bezala aritu zen politikaria. Eguigurenek ez du inor epel uzten.

Jesus Egiguren, @Jurdan Arretxe eta Peio Rubio @egaroa-n. 19:00etan hasiko da #zabaleta34 #donostia pic.twitter.com/eO2mBDe7W5

— Garoa (@egaroa) July 24, 2014

 

Jesús Eguiguren: "Nire denbora pasa zen. Baina osasuna errekuperatzen badut, bataila emateko prest nago"

Atzo hartutako apunteak garbira pasatzerakoan, ia hiru orrialde bete ditut. Gauza batzuk tokiz aldatu ditut, baina saiatu naiz esandakoak modu fidelean jasotzen (ekitaldia euskaraz izan baitzen).

Ordu erdi luze aritu zen hizketan Jesús Eguiguren, Jurdan Arretxek patxadaz egindako galderei erantzuten. Hona hemen hartutako hainbat apunte.

Abuztuaren 6ko eguneratzea: Oier Aranzabalek Zuzeun orraztu ditu Eguigurenek esandakoak.

Arnaldo Otegi eta bakea

"Otegi eta bakea lortu zutenak mimatu behar zituzten. Rosónek-eta Mario Onaindiarekin egin zutena. Arnaldorekin egiten ari direna injustizia da. Bisitatzen nuenean ni baino hobeto zegoen, baina auskalo nola aterako den kartzelatik".

"Politika egiteko ondo etortzen zaie Kataluniarekin eta Euskadirekin gatazka izatea. Boto gehiago ematen zituen komando bat detenitzeak, bakea egiteak baino".

"Madrilen eta Euskadin dagoen estrategia da Bilduri oztopo guztiak jartzea alderdi gisa ez kontsolidatzeko. Bildu integratu beharra dago, hemengo parte bat delako. Bestela, arazo asko izango ditugu."

"Bakea hauxe da. Orain bezala bizitzea. Hau da Espainiako zonalderik baketsuena. Bakeak ez du aberastasunik ematen. Errekontziliazioa egina dagoela uste dut. PSOEko asko ondo entenditzen gara Bildukoekin. Bakeari buruz hitz egiten da, gobernuak dirua gastatzeko."

"Biktima asko daude bi aldeetan. Aita kartzelan edo amenazatuta ikusi dituzten horiek dira biktimak eta ez da horietaz inor okupatzen. Ezagutzen ditut mutil koxkor horietako batzuk. Eskolan ez dabiltza ondo. Istorio bat baino gehiago kontatu dezaket horien inguruan."

"Espainian ez dakite seguru nork irabazi duen. Hemen ere ez. PSOEko askok ez dakite. Une txarrean etorri zen bakea. Hauteskundeetan 11 puntuko aldea zegoen eta ez zuten bakerik nahi. Lehendakaria Ameriketan, etab. Bakea garestia da. Nahiago nuke garai haiek (2011ko urria) ez gogoratzea. Sozialistok gobernua galduko zutela, AHTren obren kontrola..."

GAL eta estatu-terrorismoa

"(García Goena hil zutenean) Garai hartan GALen kontra geunden, bagenekielako zein izango zen erantzuna. Txapuza bat zen, baina isilik egon ginen gauza asko jakinda. Kontutan hartu, GALek lagun batzuk hil zizkidala. Gaurtik begiratuta, esan behar dut estatu terrorismoa GAL aurretik egiten zela eta sozialistek bukatu zutela estatu terrorismoarekin. Gauzak ahaztea ere ez da txarra".

PSE-Bildu

"Bien arteko akordio posible asko daude. Errekontziliazioa eta guzti hori. Hemen Bildurekin egiten ditugun akordioak gaizki ikusiak daude Espainian (PSOEn). PSEk soberanoa izan beharko luke."

"Eskubia aprobetxatu egiten da. Ezkerrak ez du banderarik, ez sinbolorik, himnoak ere galdu egin ditu."

Orduan kontatu zuen egoitzan zer bandera jarri aukeratzeko izandako eztabaidak: ikurrina, Espainiako Errepublikakoa, gaur egungo española.

"Napoleonek esaten zuen gerrak banderarekin irabazten zirela."

Jesus Eguiguren @egaroa-n: "Martxa honetan Espainiari Perejil uhartea bakarrik geratuko zaio"

— Lander Arretxea (@larretxea) July 24, 2014

Espainiako Estatua

"Euskaldunoi ez zaigu federalismoa interesatzen. Euskaldunak eta nafarrak diferente izatea eskatzen ari gara. Katalunian ere ez dut uste orain interesatzen zaienik federalismoa. Zein da Espainiako estatu-forma? Ez dago zehaztuta Konstituzioan. Federalismoa hitz soil bat da. Ez da inoiz izan Espainian ondo eroritako hitza. Konstituzioak dio hiru nazionalitate daudela Espainian eta horrek esan nahi du paktua derrigorrezkoa dela Estatuarekin. Estado innominal (izenik gabeko estatua) da Espainia eta Estado plurinacional (nazio anitzeko estatua) izan beharko luke."

Kontsulta

"Nire ustez, bide hori erabiliz ezin dira gauza batzuk erabaki. Demokrazia da gutxiengoen eskubideak errespetatzea, ez ea nork ateratzen duen gehiengoa."

Gure Esku Dago

"Ez naiz abertzalea eta ez ditut gauza hauek entenditzen. Baina uste dut denbora galtzen ari direla. Kataluniatik garaile PP aterako da. Nire ustez, Bilduk indarrak jarri behar ditu partidu serio bat martxan jartzen, aparatuarekin, diziplinatua... baina dirigenteak kartzelan daude."

Balantza fiskalak

"Nafarroaren eta Euskadiren meriturik handiena da inoiz ez diotela inori poltsikoa ukitzen utzi. Katalunia injustizia bat bizitzen ari da. Extremadurak soberan ditu karreterak, piszinak, eskolak. Besteak beste, Kataluniako diruarekin eginak dira. Eta hauteskundeak irabazten dituzte Kataluniaren kontrako diskurtsoarekin. Paro asko dago, baina emigranteak ari dira lanean. Espainia gaizki antolatuta dugu. Ez dago enpresaririk: tratanteak dira"

"Kataluniak dirua sortzen du lana eginda. Norbaitek esan beharko die espainiarrei. Justizia soziala ondo dago, baina gaizki dago bertakoak paroan egotea, prestazioak kobratzetik bizi direlako, eta atzerritarrak lanean aritzea."

PSOE-PP: bipartidismoa

"PSOEko dirigenteek PPko dirigenteen mentalitate bera dute. Baina PSOEko botanteak langileak dira. Dirigenteen eta botanteen artean ruptura bat dago. Berdin-berdin Katalunian. Rubalcabaren ikuspegia PPko batena da: Madrilek agindu behar du eta probintziako gizajoek obeditu."

"Kontserbadorea naiz planteamenduetan. Konstituzioa bastante ona da: hiru nazionalitate eta erregioak jasotzen ditu. Baina dena nahastu egin da. Paktatu beharra dago. Libertatea emanez gero, ez lirateke joango. Kontuan izan españolistok emango diogula independentzia Euskadiri, abertzaleekin bakarrik ez baita nahikoa."

"Katalunia paktu ekonomiko razonable batekin ez da izango independiente. Espainiako eskubiari komeni zaio Euskadiko eta Kataluniako eskubiarekin entenditzea. Ez dut uste Katalunia puskatuko denik. Andaluz gehiago daude Katalunian katalanak baino. Paktuak egin behar dira Trantsizioan bezala."

Euskal Herria

"Euskal Herria euskararen herria da. Nafarroa trantsizio garaian baino urrutiago dago gaur egun. Gipuzkoa desagertzen ari da eta Euskadi Bizkaia bihurtzen ari da. Mespretxatzen ditugu Nafarroa eta Iparraldea. Bizkaia izeneko autonomia bat izango gara."

"Espainiako alderdi sendoenak daude Euskal Herrian. Urteak, historia dute atzean PSOEk, PNVk... Ezker abertzaleak frakasatu du PNV izan nahi duelako. Ezker abertzaleak PNVrekin puskatu beharko du eta etorkizunari begiratu."

Nazionalismoa

"Uste da nazionalismoa Sabino Arana dela, baina Frantziako, Alemaniako eta Kataluniako sozialistak ere nazionalistak dira. Hemen Aranari bota dizkiogu kulpa guztiak. Ezker abertzaleak sortu beharko luke nazionalismo moderno hori."

Politikariak

"Politikariak gero eta eskasagoak dira. Guk leitu egiten genituen gauzak. Gaurkoek ez dute ezer leitu."

Nik bota nion Suarezek eta Carrillok ez zutela ba irakurle fama.

"Suarezek ez zuen Carrillo kartzelan sartu. Aldiz, gaur egun Arnaldo kartzelan dago. Feliperi buruz esaten zen zein ondo hitz egiten zuen".

Nik berriro: bai, baina gaur gauza bera esaten da Pablo Iglesiasi buruz.

"Pablo Iglesiasek kanpainan PSOEren diskurtsoa egin du. Podemos bezalako fenomenoak pasajeroak dira. Ez nuen ezagutzen Iglesias."

Pedro Sánchez

"Bere diskurtsoari zerbait falta zaio. Ikasiko du. Bestela alternatiba Andaluziatik dator "(Susana Díaz-engatik ari zela ematen zuen).

PSE Euskadin

"Espainia ezkerrekoa da eta laster errekuperatuko da ezkerra. Euskadin, berriz, ezkerraren aldetik desertua datorrela uste dut. PNV jaun eta jabe egingo dela. Pragmatismoa. PNV da Euskadin PSOEren papera betetzen ari dena."

"Gipuzkoan egoera tristea da. Botoen %13a eta alkate bat zegoen ni sartu nintzenean. Feliperen garaian lehen partidu izatera iritsi ginen."

"Ezker abertzalearekin bakea negoziatzen ari ginenean botoen %30a lortu genuen, Bildu debekatuta zegoelako. PSE atzeraka doa. Gazteak ez dira hurbiltzen."

"Denek alde egin behar dugula diote. Ni prest nago joateko, baina frustrazioa daukat honela irten beharragatik. Barkua hunditzen ari denean, kapitainak azkena izan behar du."

Nafarroa

Publiko artetik esan zioten sozialisten erruagatik zegoela Barcina Nafarroan agintzen.

"Ez ditut Nafarroako oraingo dirigenteak gehiegi ezagutzen. Madrilen ez zaie komeni Bildurekin akordioak lotzea. Nortasun gutxi dute PSNko dirigenteek."

"Nafarroako planteamendua gaizki egin zen: Nafarroa Euskadira ekartzea. Erreferendumaren aukera hori Konstituzioan sartuta dago inoiz ez egiteko. Espainia aldetik hori egin zuenak asko zekien. Aldrebes egin behar zen. Nafarroa ia autonomia soberanoa da Foru- Hobekuntzarekin."

Podemos

"Podemos pasajeroa da. Ez dakigu zein dagoen horren atzean. Marea igotzen denean ez da inoiz goian geratzen, ezta behean ere."

"Arriskua munizipaletan dute. Podemosek kandidatuak aurkitzen baditu, kontsolidatu egingo da."

Zapatero eta alderdietako aparatuen indarra

"Jendeak uste zuen Zapatero demokrata bat zela. Hiru lagun zituen eta ez zion beste inori kasu egiten. 'Bai' esaten zion jendeari egiten zion kasu. Zapaterok kalte handia egin zion PSOEri amaieran eta partidua hori pagatzen ari da gaur egun ere."

"Zapateroren kasuan psikologia dago tartean. Berak uste zuen la hostia zela eta horrek galbidean jartzen ditu politikari gehienak. Politikari txarra izanda, asesore onak badituzu, ondo ariko zara. Churchill-ek bi baldintza jartzen ziten politika egiteko: ondo lo egitea eta asesore potoloak izatea."

"Orain arte ezagutu ditudan politikari gehienak onak izan dira. Korrupzioa egon da, bai. Oraingoengatik ez dakit zer esan. Jendea sartzen da politikan telebisioan ateratzeko".

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Mila esker, Amatiño. Pasa den mendeko 80ko ... Mikel Iturria, 2024/12/18 22:16
Kontrakorik pentsatzea populismo hutsa da. “Hobe ... Amatiño, 2024/12/15 15:09
Mila esker, Beñat. Gaur goizean saiatuko naiz ... Mikel Iturria, 2024/11/29 00:24
Iturri jauna, laburpen ederra. Asko poztu nintzen ... Beñat Irasuegi Ibarra, 2024/11/28 23:14
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Stat counter