Blogariaren hankasartzeak
Aurreko batean atentzioa deitu ziden Juanito Ugartek. Apunte bat publikatu nuen blog honetan, haserre. Esan zidan aldatu egin zela egoera eta ez nuela txintik ere esan. "Eta zergatik ez duzu ezer adierazi?" esan nion Juanitori. "Hara bestea, blogariek hori nahi dute, bere blog-era joatea eta han jartzea ez-dakit-zer". Ulertu nuen Juanitok ez idaztea ezer bitakora honetan eta arrazoia ematea besterik ez zitzaidan geratzen.
Atzo bueltak ematen egon nintzen gaiari. Eta konturatu nintzen bat baino gehiago zirela bere horretan utzitako mezuak, inolako zerarik gabe, nahiz eta egoera aldatu.
Batzuetan ahaztu egin zait, beste batzuetan akordatu naiz, baina ez ordenagailuaren aurrean nengoela. Izan dira ere estuegi hartutako kontuak. Denetarik.
Adibide bat jarriko dut. Barclays banketxeari buruz idatzi nuen haserre. Oso, gainera. Gazteleraz eta euskaraz argitaratu nuen komisioak kobratzen hasi behar zirela beste erakundeen kutxazainetan dirua ateratzeagatik. Kexatu nintzen Gipuzkoan eta Donostian nahiko kutxazain ez zituztelako. Gutuna bidali nion sukurtsaleko zuzendariari, deitu ninduen eta entitateak bertan behera utzi zuela erabakia jakinarazi hark. Eta ondo adierazi dut: bertan behera dago erabakia, baina edozein unetan etor daiteke buelta.
Juanitok beste bat gogorarazi zidan. Soldata igoera ezberdinak izango genituela Donostiako Udaleko zinegotziek eta funtzionariek argitaratu nuen. Eta, zorionez, gero ez da horrela izan. EUFALEBA akordioa sinatu baitzuten sindikatuek eta udalek zein foru diputazioek. Donostian, dirudienez, funtzionariook zinegotziek baino soldata igoera handiagoa izan dugu 2005ean.
Amazonen kontra ere idatzi nuela uste nuen, baina orain ez dut topatzen idatzitakoa. Agian idatzi behar nuela erabaki baina gero ez nuen ezer egingo. Kontua da, itzuli egin zidatela dirua traba handirik jarri gabe, handik hilabete batzuetara.
Eusko blogariak idatzi nuenean, uste dut estuegi hartu nuela Arantxa Iturbe, Arantxaren lan egiteko era eta tonua aspaldian ezagutu ez banitu bezala.
Beraz, blogariak hanka sartzen duenean aitortu behar du. Publikoki bada, hobeto. Baina asko kostatzen zaigu hori egitea (eta ez bakarrik blogariei, eh, Juanito?)
Ken Zazpi taldearen kontzertua Lugaritzen
Ostegun gauean Nacho Vegasen kontzertuan egon nintzen Egiako Kultur Etxeko Gazteszenan.
Ostiral gauean, berriz, Lugaritzeko Imanol Larzabal aretoan Ken Zazpi talde bizkaitarraren emanaldira hurbildu nintzen.
Ez nuen taldea apenas entzun emanaldira joan aurretik. Irratian noizbait kanturen bat. Lauaxetari eginiko omenaldi diskoan, Rafa Ruedak gidatutakoan, Eñaut Elorrieta abeslariak hartzen du parte. Diskoa etxean dut eta zuzenean ikusi nuen Donostiako Antzoki Zaharrean emandako kontzertua.
Esan zidaten neska gaztetxoen momentuko taldea zela. Eta hori horrela dela konprobatzerik izan nuen ostiral gauean. Ez dira 300 lagun sartzen aretoan, baina eserleku guztiak okupatuta zeuden. Berandu samar iritsi nintzenez, ez nuen ikusi publikoa nola sartu zen antzokian, baina bai ikusi nuela nola atera ziren.
Gurasoekin joandako zenbait gaztetxo tartean, 8-12 urte bitarteko haurrak ziren asko. Mutilen bat edo beste kenduta, gehiengoa neskak.
Kontzertuaren bisak jotzera atera zirenean, ikusle gazte askok ipurdia mugitu eta lehen lerroa okupatu zuten. 30-40 bat lagun bilduko ziren han aurrean.
Bitxia egin zitzaidan bukaeran gurasoak nola iritsi ziren haurren bila. Eta bitxia da ikustea fan mugimendu hau Euskal Herriko talde batekin. Bukaeran, puak eta baketak banatu zituzten musikariek zaleen artean.
Amaitu zen kontzertua, atera zen jende guztia teatroaren kanpoaldera eta hara non agertzen den Eñaut zaleekin egotera. 30-40 bat lagun berriro barrura. Abeslariak guztiei egin zien kasu: argazki bat atera batzuekin (telefono mugikorren argazki kamerarekin, gehienek) edo sarrera edo kartelaren gainean idoloaren sinadura bat idatzi.
10-15 minutu egon zen tipoa jendea atenditzen. Agur esan guztiei eta bakoitza bere zereginetara. Gaztetxoak etxera, adrenalina igoera hura lasaitzera. Ni, Oliyos tabernara zerbeza bat hartzera tipo zirikatzaile batek zapata bat bestea baino handiagoa nuela esaten zidan bitartean.
Zirikandok kolore ezberdinetako zapatak zituen soinean.
Agur Amorrortu, agur jauna
Lehengoan agur Metak eta gaur agur Amorrortu. Bai, badakit futbolaren elite maila horrelakoa dela eta profesionalek dirutza irabazten dutela, baina Amorrortu kargutik kendu zutela enteratu nintzenean, astelehen eguerdian-edo, pena hartu nuen. Bere garaian Iruretak kluba utzi zuenean bezalaxe (gero, ez ahaztu, urtetik urtera emaitza ezin hobeak lortzeko Galiziako bi klubetan). Norbaitek esango dit Amorrortuk ez duela izango Iruretak izandako bide arrakastatsua. Ez, seguraski ez da horrela izango. Baina dotore aritu da Deustuko gizon umil hau Gipuzkoako talde txuri-urdinean egin duen urte eta erdian.
Hau idazten dudan bitartean Euskadi Irratian entzun dut Realaren informazioa jarraitzen duten kazetariek txalotu egin dutela Jose Mari Amorrortu, agur esateko emandako prentsaurrekoaren ondoren.
Ez da kirol krisia Realak duena. Krisi instituzionala da. Asko aldatu da futbola azken urteetan eta mila faktore izango dira sartzekoak kokteleran: jokalariek ez dutela garai bateko konpromisoa eta kasta, Atotxatik Anoetarako urratsa, zalegoak ez duela lehen bezala bultzatzen eta animatzen, ikuskizun mediatikoa gailendu, kirola bigarren mailan geratzen dela, etab.
Hori eta ez dakigula zer kristo den XXI. mendearen atarian dagoen Reala. Zer demontre gara? Harrobia lantzen duen taldea? Harrobia eta puntako jokalari kanpotarrak dituen taldea? Zergatik ez hitz egin argi eta garbi?
Zer pentsatua eman dit jokalari ohiek bultzaturiko gaur egungo administrazio kontseiluak nola jo duen kanpoko jokalariak fitxatzera gauzak gaizki jarri direnean. Zer ez luke ekarriko Miguel Santos jokalarien ordezkariak?
Zaleek ez dugu batere pazientziarik, ez diogu etxeko jokalariari behar duen denbora ematen. Beti gogoratzen dut Satrustegi mitikoak Lehen Mailan egin zuen lehenengo denboraldian oso makal aritu zela hilabete luzez. Garai hartan, jendea gai zen esateko hau txarra da, baina gutarra da.
Gaur egun, berriz, txistu eta marmarka ari dira asko eta asko etxeko jokalarien kontra. Eta horrela ez dira gauzak konponduko, bideratuko, ni-pa-dios!
Zorte onena opa diot Gonzalo Arconadari bere eginkizun berrian eta ea datorren urtean ere Lehen Mailan aritzeko moduan gauden.
Eta Amorrorturi, esan bezala, agur eta ohore, jauna.
Artista baten fabrikan
Autoa hartu nuen asteazken arratsaldean. Donostiako Herrera ingurura hurbildu nintzen. Inguru guztia obretan zegoen. Eta ez dakit oso ondo zer egiten ari diren. Zementua barra-barra. Hautsa. Zaratak.
Artista batekin nuen hitzordua. Esandako tokian aparkatu nuen kotxea. Fabrika zahar bat zen. Kanpotik ez zen aktibitate askorik antzematen. Autotik atera eta telefono dei bat egiteko aprobetxatu nuen. Berbetan ari nintzela iritsi zen nire solaskidea. Eraikinaren ateak ireki zizkidan. Nik telefonoz hizketan jarraitzen nuen. Halako batean bukatu nuen.
Kaixo eta guzti hori esan ondoren. Barrualdera sartu ginen. Hemen ezkerratara ez dakit zein dagoen, hor goian bulegoak daude, han ez dakit zer. Eta hau da nire eremua. Txoko hau? Ez, nabe guztia.
Harrittuta eta perplejua geratu nintzen. Ez dut gogoratzen inoiz artista baten estudioan egon naizenik baina 600 metro koadro dituen espazio zabal baten aurrean nengoen. Edifizioak ez du gehiegi iraungo: porlanezko progresoak agintzen baitu gure herrian ere. Hilabete batzuk barru, urte batzuk barru gehienez ere, edifizio hori pikutara joango da eta artista hau eta beste batzuk beste norabaitera joan beharko dute.
Nola lortu zuen hain espazio handia galdegin nion tipoari. Lagun baten aitarena zela, artezale amorratua dena, eta eraikuntza plan berriak moldatu arte bertan egon daitezkeela ordaingarria den diru kopuru baten truke.
Esan bezala, sartu gabea nengoen horrelako arte fabrika baten barruan. Bazter guztietan hamaika kuadro, zirriborro, oihal, kristal, auto kapota, mahai, disko, argi… kaosaren kontzertu zoragarri baten gisara.
Noiztik zeraman bertan esan nion, zenbat denbora behar izan zuen hura guztia moldatzeko. Bi urte inguru. Eta hemendik alde egiteko deia jasotzen duzunean, non sartuko duzu hau? Ez dakit, kalean egin beharko dugu sute handi bat eta dena pikutara joan dadila.
Indarberritu ninduen ikusitakoak. Enpresaritza ikasketak amaitu eta buru belarri pintatzera jarritako gazte autodidakta bat.
Fabrika zaharrak sormen fabrika berri bihurtzekoak direnean (Tabako Fabrika dut gogoan), Donostiako beste muturrean dagoen fabrika da Ibonena.
Agur Metak, Metak agur
Berria ez nuen atzo jaso. Pasa den astean enteratu nintzen. Kasualitatez. Harritu egin nintzen, baina pentsatzen jarrita, ez da harritzekoa merkatua nola dagoen kontutan hartuz.
Irundarra naiz eta nire kultura musikala oso lotua egon da gaur egun Metak disketxean dagoen jendeari. Moskun hezi nintzen musikalki. Bertso-Hop musika dendan zabaldu nituen begiak eta belarriak. Esan Ozenki Records disketxearekin jarraitu nituen Euskal Herriko talde interesgarri asko. Metak zen guzti horren oinordeko.
Pena hartu dut, nola ez ba! Zaila dute disketxeek iraupena gaur egun. Ez dutela asmatu gauza batzuekin? Seguru. Hanka sartu dutela? Baita ere.
Baina nik hitz on asko ditut Jitu, Karmele, Zulu, Ioio, Iñigo eta lagun hauentzat.
Ezin zutela gehiago esan zidaten. Hanka biak sartu eta ezin atera geratu aurretik, pertsiana jaistea, atea ixtea erabaki zutela.
Gehienak 40 urteren bueltan daudenak dira. Etor daitezela 20 urtekoak errelebo lasterketa honekin segitzera.
Agur Metak, Metak agur.
Nostalgiarik gabe.
Pedradas, Javier Ortiz kazetariaren blog komunitate berrian
Uste baino denbora gehiago pasa bada ere, azkenean ikusgai dago Javier Ortiz kazetariaren webgune berria. Bertan blog komunitate ttiki bat sortu da eta bitakora honen anai gazteleraduna egongo da bertan.
Oraingoz, gaztelerara pasa ditut azken bolada honetan idatzitako apunte batzuk, hemen argitara emandakoak. Ikusiko dugu aurrerantzean nondik nora nabilen.
Komentarioak egitea libre dago, baina blogosfera espainola nola dagoen ikusita, igual itxiko ditut. Segun.
Codesyntax enpresak egin du lan hau, sortu berri duen Bitakora izeneko produktuarekin. Bitakora software librea da, eta euskaraz eta gaztelaniaz badago.
Iban Arantzabalek hemen idatzi duen bezala: Dabillan harriari, etçaica goroldioric lotcen.
Hiriaren kronista
Donostiako jaietan eta hiriari buruzko edozein kontu ilustratu behar denean edozein komunikabidetan topo egingo duzu Javier María Sadarekin. San Sebastian eguneko bandera igoeran eta jaitsieran, adibidez, Localia telebistan aritu da. Jaitsieraren ondoren, etxerako bidean, taxian, beste irrati batean entzun nuen hizketan.
Aitor dezadan: garai batean ezin nuen jasan. Gizon pisua iruditzen zitzaidan. Iritziz aldatu dut, baina. Lagun batek esan zidan behin tipoa miresten zuela. Ez dakit ze aurpegi jarri nion lagunari, baina xelebrekeriatzat jo nuen haren ateraldia.
Handik hilabete batzuetara, berriz, Sada bertatik bertara ikusteko aukera izan nuen. Zorroaga elizaren obrak amaitu ziren 2004ko abuztuan. Eta eraikin berrituaren inaugurazioa egin zuten. Sadari XX. mende hasieran eraikitako edifizioaren historia kontatzea tokatu zitzaion. Labur mintzatu zen, baina garai hartako 10 bat lagunen izen-abizenak, karguak eta beste zenbait xehetasun bota zituen. Ez zuen paperik begiratu eta txundituta utzi ninduen.
Hau guzti hau pentsatzen nenbilela orojakileari galdetu diot eta cronista de la ciudad hitzen bilaketak 12800 lotura ekarri dizkit.
Orduan konturatu naiz Latinoamerikan espainiarren garaiko ofizioa (edo kargua) dela, gaur egun toki askotan mantentzen dena. Hemen, ordea, ez.
Donostiak badu kronista lanak egiten duen pertsona. Eta debalde ateratzen zaigu, askotan. Izan ere nork pagatzen dio gizon honi? (bazkariak eta afariak ez dute balio; gure gizartean pagatzea dirua ematea da).
Ah! Zalantza izan dut hiriko edo hiriaren kronistarekin. Badirudi hiri honek kronista bakarra duela (hiriko, beraz), baina kronista gehiago egon daitezke, ezkutuan (hiriaren, beraz).
Trasladoa
Egun batean nire lagun batekin nengoen eta telefonoz entzun ninduen lankide batekin hizketan. "Tenemos que trasladar a los demás lo que nos ha dicho Maroto" esan nion telefonoaren beste aldean zegoenari. Telefonoa itzali eta lagunak bota zidan: "¿Vas a montar una empresa de mudanza?"
Handik aurrera txipa piztuta edukitzen saiatzen naiz. Azkarate eta Ibarretxe
Atzo arratsean entzun nuen Miren Azkarate irratian. Batasunaren ekitaldia dela-eta, Ertzaintzak epailearen erabakia beteko duela ari zen kontatzen. "Quiero trasladar" eta-ez-dakit zer gehitu zuen.
Nire lagunarekin gogoratu nintzen. Berak dio lehendakariak askotan erabiltzen duela "trasladar" hitza, "transmitir" beharrean: "quiero trasladar a la sociedad vasca que este lehendakari…"
trasladar
tr. Llevar a alguien o algo de un lugar a otro. U. t. c. prnl.
tr. Hacer pasar a alguien de un puesto o cargo a otro de la misma categoría.
tr. Hacer que un acto se celebre en día o tiempo diferente del previsto.
tr. Pasar algo o traducirlo de una lengua a otra.
tr. Copiar o reproducir un escrito.
Marka da gero politikarien artean ibiltzen denean euskaltzaina galtzaile ateratzea.
Arsenio Escolar
Ez bakarrik euskaltzaina: Arsenio Escolar, 20 minutos egunkariko zuzendaria da. Blog baten bidez irakurleekin harreman zuzena mantentzen duen zuzendari bakarrenetakoa da Espainiako Estatuan.
Aste honetan kontatu du Escolarrek, Zapatero presidentea aldaketak egitekotan dagoela gobernuan. Honela adierazi du idatziz:
"Las pobres notas que reciben en las encuestas la mayor parte de los ministros le piden a gritos desde hace meses a Rodríguez Zapatero o bien que cambie medio Gobierno o bien que sustituya al equipo de comunicación del Gabinete, el que se encarga de trasladar a los ciudadanos los logros del Ejecutivo o de disimular sus fracasos".
Harritu nau, Escolarrek asko zaintzen duelako hiztegia.
Ondorioa
Gero eta okerrago hitz egiten dugunez, zaila da ados jartzea.
Kultur Garaikidearen Nazioarteko Gunea
Hau da Donostiako Tabakalera ohian egin asmo duten XXI. mendeko kulturgune berria. Agintariei ados jartzea kosta egin zaie, baina pasa den ostegunean behingoz proiektuaren ildo nagusiak finkatuko dituen hirukotea izendatu dute. 14 hilabeteko epea dute Joxean Muñozek, Santi Erasok eta Iñaki Galarragak. Baga
Ez dut Joxean Muñoz gehiegi ezagutzen. Nire pertzepzioa da kultur giroak, euskaldunak batez ere, ondo hartu duela bere izendapena. Zortea hirukoteari eta ea proiektu on bat gauzatzeko gai diren. Asko dago-eta jokoan.
Biga
Batzuk ulertu ez duguna da saldu ziguten arkitektoa-filosofoa-gerentea hirukote horretan, gerente izateko hautagaiak ezetz esan zuenean, arkitektoa-filosofoa-filosofo jefea hirukotea izendatu dutela.
Higa
Larunbateko Noticias de Gipuzkoan hirukoari eginiko elkarrizketa irakurri dut. Ondo da komunikabideek elkarrizketak nahi izatea, baina lanean hasten utzi beharko zaie. Eta isilean aritzen badira hilabete batzutan, hobe.
Eta hitz egin behar badute, hiru lagun ari beharrean erakundearen izenean, hobe batek hartzea ardura hori. Oilotegi horretan oilar gehiegi ibili baita orain arte.
Laga
"Zergatik da ezaguna Donostia hemendik kanpo? Kultur kontuengatik ari naiz, eh? Zinemaldiagatik, adibidez. Musika Hamabostaldiagatik, agian. Jazzaldiagatik, baliteke. Abangoardia kontuetan, berriz, ez dago puntan. Hiri honek underground gutxi du eta behar-beharrezkoa izango da horrelako egitasmotzarra aurrera eramateko".
Horrelako zeozer esan zidan aurreko batean nire ezagun batek. Ez du arrazoi faltarik. Undergroundik ez badago eta beharrezkoa bada, nonbaitetik atera beharko da, ezta?
Boga
Astean zehar Roman Suduperi eginiko elkarrizketa bat ikusi nuen Gipuzkoako telebista lokal batean. Gogoan izan behar da Sudupe zela Gipuzkoako ahaldun nagusi ekimena abiatu zenean, XX. mende bukaeran.
Kultur kontuetan ez da gizon bereziki iaioa azkoitiarra, baina honi buruz Ezquiagak galdetu zionean zera bota zuen: "Tabakalerak ez du izan behar hirian jada dauden zerbitzuen kontenedore berri bat. Beste gauza bat izan behar du". Hau da, hori da EAJko politikariek beren manualean duten erantzuna.
Egia izango ote da? Zaila ikusten dut.
Sega
Zenbat diru behar da horrelako egitasmoa aurrera eramateko? Diru guztia Administrazioak jarri behar du? Nondik kenduko du Administrazioak hemen jarri beharrekoa?
Zai
Hirukoaren izendapen ofiziala prentsari ezagutzera ematerakoan, CICC akronimoa atera da garaile. Bilbon BEC ingelesez bataiatu zuten. Eta hemen gaztelera nagusi?
Gerardo Luzuriagari irakurri diot KuGa erabiltzen zuela ekimen hau izendatzeko. Ez dakit bere proposamena den edo nonbaitetik hartu duen. Kultura Garaikidearen akronimo da eta ez zait gaizki iruditu. Kuboak, Kursaala, Kutxa… eta orain KuGa.
Edo Tabakalera izaten jarraituko du? Izen hori mantendu ezkero, dirua jarriko al du Espainiako Gobernuak? Tabakoaren kontrako zera horregatik diot.
Salda badago
Hilbeltza dela nabarmen egin zait lehen lan aste honetan, martxa hartu ezinik ibili naizelako: ez lanean, ez blogean, ez ezertan. Eta egon dira gai interesgarri batzuk astean zehar. Patxadarik eta gogorik ez haiei heltzeko, ordea.
BEC, BEC, BEC
XX. mende bukaerako Donostiako Belodromoari lekukoa hartu dio BECek mende berri hasiera honetan. Jada bat baino gehiago izan dira bertan egin diren ekitaldi nagusiak, baina euskaldunok erreparatu diogu Centreri bertsolariak bertan egon direnean. Orain ezker abertzalearen txanda da. Datorren asteburuan Bide Eginez Centre izan dadila. Amen.
Osasuna
Osasunaren sinbolo edo the organization-en sinbolo den polemika horretan, gustatu zitzaidan pasa den osteguneko Pásalo saioan Gorka Landaburu kazetariaren ateraldia. Honen berbaldiaren aurreko erreportaian María San Gilen prentsaurrekoa eta Batasunaren bertsioen berri eman zuten. Ondoren, Landaburuk hitza hartu eta oso modu naturalean esan zuen: “Gaur egun Batasuna herritarren osasunaz kezkatzen dela jakitea pozgarria da niretzat”. Hori esan zuen the organization-en ondorioak pairatu zituen esku kaltetuari eragiten zion bitartean.
Eta bapatean
Maddi eta Joseba Irazoki bikotearen Iglua bertatik bertara ikusteko aukera izan genuen Erakusleihoan. Inprobisazioa oinarri zuen kontzertu zinematografikoa zela zioten protagonistek. Soinuak eta irudiak nahasian. Ostegunean izan zen hori.
Hurrengo gonbidatua, martxoaren 23an, Giorgio Bassmatti izango da Eta bapatean proiektuarekin. Martin Varsavskyk bere enpresa-egitasmo fonianoa blog bidez zabaltzen duen bezala, antzeko-parezido hasi da Love of 74 blogean. Ea zer egiteko gai den amodio jauna.
Mundo Café, Mundo Tortilla, Mundo Txotx
Mundo Café ikuskizunaren azken emanaldia ikusi nuen Lugaritzen ostiral arratsean: Narf galegoak, Miquel Gil valentziarrak eta Jabier Muguruza euskaldunak, musikari lagunekin, egin duten kantautore espektakuluaren bukaera donostiarra.
Sorpresa izan dira niretzat beste bi kantautoreak, batez ere Narf. Fran Perez ditu izen-abizen eta, aire zeltak alde batera utzita, hegoaldera begiratzen du: Portugal eta Afrika lusofona.
Maiatzean egon ziren Egiako Kultur Etxeko Gazteszenean eta txantxa Mundo Tortillarekin egin zuten. Atzoko txantxa Mundo Txotx izan zen eta hori horrela zela frogatzeko eta proiektuaren bukaera ospatzeko sagardotegira jo zuten musikariek.