Gerra ondorengo kontrabandoa Irunen
Atzo goizean, gosaldu bitartean, Irunero Irungo euskarazko aldizkariaren azken zenbakiaren ale batekin aritu nintzen gora eta behera. Halako batean, Unai Garin antropologoari eginiko elkarrizketari erreparatu nion.
Aldizkariak dioenez, Daniel Fernandez, Unai Garin eta Gelaxi Goikoetxea antropologoek 2003an Irungo Udalaren Serapio Mujika beka irabazi zuten "Kontrabandoa Irunen (1936-54)" izeneko ikerketa historikoa egiteko. Lana amaituta, horren emaitza publikatu berri dute. Udalaren webguneak dio, 300 ale argitaratu dituela Udal Artxiboak. Liburua Hiritarra Atenditzeko Zerbitzuan (SAC) eta Artxiboan bertan eros daiteke 6 euroko prezioan.
Aita gaztetan kontrabandoan ibilitakoa da. Gutxitan aipatzen ditu garai hartako kontuak, baina behin animatu egin zen eta hiruzpalau aldiz ibili omen zen gauez Lesakatik Hernanira (oker ez banago). Norbaitek esan zidan baserria ere erabiltzen zutela estraperloan ibiltzeko ezkutaleku (amona alargundu eta seme-alabak aurrera atera behar nola edo hala). Pena informazio gutxi izatea. Gehiago tiratu beharko diot hurrengo batean aitari.
Hona hemen aipatu elkarrizketako zenbait zati:
Gosea
Gerra Zibila hasi zenean mugak itxi zituzten; Espainia isolatuta geratu zen eta gerraren ondorioz eskasia handia zen. Testuinguru hartan kontrabandoa goseagatik egiten zen (…) Bi mota zeuden: kontrabando txikia, hau da, soinean eraman zitezkeen familiarentzako produktuak eta, bestetik, sarean sartu eta saltzen ziren gaiak (motorrak, gurpilak, industriarako piezak…)
Ez zegoen gaizki ikusia
Familien ekonomian izugarrizko pisua izan zuen (…) Kontrabandoa ez zen lapurretatzat jotzen, ez zen gaizki ikusia.
Karabineroak, guardia zibilak eta kontrabandistak
Karabineroak eta Guardia Zibilak sare haren funtsezko elementuak ziren. Konfiskatzen zituzten gaiekin ofizialki zer egiten zen ez dakigu, ez baitugu horren inguruko dokumenturik topatu. Jakina denez, ustelkeria guztiz zabaldua zegoen (…) Guardiek eta kontrabandistek elkar ezagutzen zuten, gehienak Bidasoaren inguruko herrietan bizi zirelako.
Emakumeak ere bai
Ikerketari ekin genionean kontrabandoa gizonen kontua izan zelako aurreiritzia genuen; haatik, emakumeen papera funtsezkoa izan zen. Kontrabando handia gizonen esku zegoen, txikia edo biziraupenekoa, ordea, emakumeenetan.
Zigorrak
Gauza txikiengatik zigor ekonomikoa, handiengatik kartzelara eramaten zituzten. Pertsonekin ere egiten zen kontrabandoa. Naziek Frantzia okupatu zutenean Irungo mugatik hegoaldera kontrabandistek judutarrei pasatzen laguntzen zieten. Halaber, portugaldarrek iparraldera joateko muga zeharkatzen zuten (…) Pertsonen kontrabandoak heriotza-zigorra zuen.
Komunikazioa
Bilera egitea beharrezkoa izaten zuten, merkantzia nondik pasako zuten erabakitzeko, besteak beste (…) Baserri jakin batean maindire zuria agertzen zenean kontrabandistek bilera egingo zuten seinalea izaten zen.
Hitz egitea kosta
Errudun sentitzen dira batzuk. Beste kasu batzuetan garai latz haiek ez dituzte gogora ekarri nahi.
Ondorioak
Egileok ez genuen uste kontrabandoa Irunen hain kontu zabaldua, antolatua, finkatua eta oinarrizkoa izan zenik.
Taberna bat erosi nahi Bartzelonan?
Bartzelonako tabernari fin bati eskua bota behar taberna saltzen. Benetakoa da iragarkia.
Etxetik erraza dirudi
Aurreko mezuan idatzi bezala atzo goizean egon nintzen Más que palabras irratsaioan.
8:45etan iritsi nintzen Miramonera eta bertan egin nuen topo Txaro Arribasekin. Irundik ezagutzen dut Txaro eta plazera izan da berarekin batera tertulian egotea.
9:05ean ireki du saioa JVk eta aurkezpena egitera gonbidatu nau. Aurrekoan Julen Iturbe-Ormaetxeren estreinako saioa entzun nuen eta lantxo hori prestatuta neraman. Zaila izaten baita norberari buruz hitz egitea boteprontoan.
Txarorekin batera Dardo Gómez, Bartzelonan bizi den kazetari argentinarra. Ondo etorri zait eskarmentudun jendearekin batera egotea, beraiek hitz egiten baitzuten nik zer esana ez nuenean (eta hori askotan gertatu zait).
Bakoitzak bere teknikak erabili behar ditu ahal duen neurria emateko. Kanpotik begiratuta, Dardo edozer gauzetaz hitz egiteko moduko tipoa da eta zu berarekin zaudenean, eskertu egiten da hori. Txarori gustatzen zaio apunteak hartzeko erabiltzen duen koadernotxoa mahai gainean zabalik izatea.
Ez dut esango gustura geratu naizenik, baina, tira, pasa dut lehenengo saioa. Naturaltasuna eskatu zidaten eta horretan saiatu naiz. Txaroren bikotekideak, Iñakik, eman dit urrezko beste arau bat: ez dakizun gauzetaz, hitzik ez.
Bukaeran gusturago nengoen, baina konturatzeke amaitu da saioa. Hori bai, parabien edo boto positiboa emateko aukera izan dut. Kasu honetan, garbi neukan nori: Joxe Aranzabalek emandako datuak oinarri hartuta, euskal blogosferari egokitu zaio. Gehiago zehaztuz, hiru urte bete dituen eibar.org-eko blog komunitateari. JVk esan dit entzulegoak ez zituela nik esandakoak ulertuko. Berdin zait, pixkanaka joango gara pozoia barreiatzen.
Hurrengo asteetan oporretan egongo naiz eta blogean nabarituko da hori. Zaindu.
Tertuliano?
Igande goizean Más que palabras irratsaioaren hiruko mahaian parte hartzera gonbidatu naute. Duela zenbait aste esan zidan Vizcaínok halako batean deituko ninduela udararako eta joan den astean finkatu genuen eguna.
Ahots batzuk berritzeko orduan euskal blogosferara jo du MQPk. Eta ez naiz izango irratsaio horretatik pasako den blogari bakarra, pasa den igandean estreinakoz aritu baitzen Julen Iturbe-Ormaetxe.
Joxe Aranzabalek dio 5464 blog inguru daudela euskaraz eta aurkezpen txartel ona da bloga, ezbairik gabe. Datorren larunbatean hiru urte beteko ditu txoko honek sarean, hiru urte Eibar.orgeko blog komunitatea abiatu zenetik (ikastaroa uztailaren 17an egin genuen, zapatuan).
Hasieran ez nuen uste gauza asko izango nuenik kontatzeko, baina hiru urte pasa dira jada eta oporren ostean hementxe jarraituko dut. Oporraldia ailegatu bitartean, irratira noa igandean.
Urduri nago. Tertuliano?
Giorgio
Autobusetik, erdialderako bidean, Espainiako telebista kate baten kamioitzarra ikusi nuen Perlako parean. Bazkalostean Ángel Martínek Sé lo que hicisteis telebista saio freskagarrian duen atala ikusiz, jakin nuen Emma Garcíak agur esango ziola arratsaldetan aurkeztu duen zabor-saioari. Ez nekiena zen Donostiako Badia aukeratu zuela horretarako. Eta bildu zuen jendetza?
Dena dela, gu beste plan bat genuen. Bi aukera nituen apuntatuta: FasTFatum edo Giorgio Bassmatti. Sentitzen dut Igor & Harkaitz, baina bigarrena aukeratu nuen.
Toki bitxietan jotzeko joera hartu du artista donostiarrak. Kasu honetan, hirian ireki berri den musika gaietan espezializatuta dagoen Pentagrama liburudendan. Inés eta Eugenio dira jabeak eta Prim kaleko 16. zenbakian dago. Webgunea eraikitze lanetan dute oraindik.
Taberna batean egin genuen topo artistarekin, eztarria bustitzea komeni baita kantatzeari ekin aurretik. Bi dozena pertsona bildu ginen. Donostiako musika giroko zenbait lagun: Andoni Chico Boom, Mikel Sr. No ohia, Jocano, Saioa, Rafa Berrio...
Lokala txikia da eta fondoko eskaileran jarri zen Bassmatti. Kaña bat gertu, gitarra lagun, mikrofonotik hurbilduz eta urrunduz aletu zituen aukeratutako abestiak. Casio baten laguntza ere izan zuen, monotonoa izan zitekeen emanaldia puskatzeko asmoz. Belle & Sebastian, The Paris Sisters, Velvet Underground, My Bloody Valentine, John Lennon artisten kantuak aukeratu zituen. Kantu lasaiak. Denak jo al zituen? Zalantza daukat.
Kanpoko lagun batzuk etorri ziren atzo eta beraiekin hurbildu nintzen emanaldira. Hona hemen Mataróko Giorgio Bassmatti fan klubeko ohorezko lehendakaria Socrates jokalari brasildarraren elastikoa soinean duen guruarekin.
Egilea: Maria Zeta.
Lagun eskoziarra
Donostian hiruzpalau egun pasatzera etorri zaigu lagun eskoziarra, emaztearekin eta semearekin. Bi orduko zita kolektiboa genuen atzo terraza batean. Bihar Bergarara doa eta handik Tenerifera, bertan bi hilabete pasatzera. Normala da Suitzatik eguzki gosez etortzea.
Hizketan ari ginela, harritu nauen gauza batekin geratu naiz. John Hume politikari irlandar ohiarekin egin omen zuen topo atzo Donostian. Andrearekin omen zihoan Hume, paseoan. Zahartuta ikusi zuen lagunak. Gelditu eta bostekoa luzatu omen zion. Miresten duela esateko. Aitak ere asko miresten duela.
Hori guztia kontatzen ari zen bitartean, terrazan bertan, politikari sozialista bat zegoen eserita. Inguruan bizkartzainak. Inbidia sentitu nuen. Inbidia, nire lagunak kontatzen zuena aintzat hartuz.
Egile eskubideak: Irutxuloko Hitza
Atzo goizean, periodikoak gainetik irakurtzen, Donostiako zinegotzien goiko argazki horrekin egin nuen topo. Alderdi Ederren paratu zuten biktimen aldeko monumentuan lore sorta jartzen ari ziren Yemenen akabatu dituzten lagunen oroimenez.
Ahaztutako errutinara bueltatzen ari gara. Eta ez zait batere gustatzen, noski. Batek daki gaur goizean albiste txar batekin esnatuko ote garen.
Batek daki.
Makal dago Reala
Larunbat goizean ez nintzen Realaren Ez-Ohiko Batzarrera joan (halere, ana m gogotsuaren esku utzi nituen nire bost akzioak). Batzarraren zati luze bat jarraitu nuen telebistaz (eguerdiko 13:00ak arte) eta irratiz (hogei minutu gehiago Irunerako bidean).
Batzar tranpa
Akzionistei prestaturiko tranpan erori da Administrazio Kontseilua: ez baitzuten espero akzionista txikiek horrela egitea aurre (hitza hartu zuten gehienek errespetu osoz aritu ziren).
Apars-Ezate
Hori al zen dena, lagunok? Kontseilua botaz gero, mahai gainean jarriko dugu lehenengo mailako entrenatzaile baten izena? Tabernako oposizioa zirudien, nonbaiten irakurri dudan bezala.
Jende gaztea
Sorpresa polita izan zen jende gaztea entzutea, lotsagabe eta diskurtso egituratuarekin. Eta hori bai ez dela erraza (1700 lagun bertan, hiru telebista kate zuzenean eta irrati pare bat).
Paperak galduta
Amorragarria iruditu zitzaidan nola galdu zituzten paperak akzionista batzuek María de la Peñak txostena irakurtzen zuen bitartean. Ulergarria izan daiteke, baina pastilla hartuta joatea komeni da. Horrela, gainera, haria galtzen zen.
Administrazio Kontseilua
Negargarri. Bakar-bakarrik utzi zuten María. Ansoaldek konpromisozko zenbait interbentzio egin zituen eta gainerako kideek poker aurpegia jarri eta kitto. Futbolaren negozioa agintariak txikitzeko makina bihurtu da.
Zer puskatu da Realean?
Zer edo zer garrantzitsua, baina barruko inor ez da gai hori konpontzeko. Gela erdiko elefante arrosari erreparatu, mesedez.
Haustura?
Batzuek diote haustura dagoela. Ez nintzen bertan egon eta ezin dut baloratu bertako giroa. Gustatuko litzaidake jakitea nortzuk eman zioten botoa Administrazio Kontseiluari. Itxura guztien arabera akzio pakete garrantzitsuak dituztenak dira, interes handiagoak dituztenak Realaren inguruan.
Ez dut uste akzionista txikia bananduta dagoenik: Administrazio Kontseilu honen aurka dago.
Trantsizioa
Gaur aurkeztuko omen dute kirol zuzendari berria, Salva Iriarte. John Benjamin Toshacken morroi izatera mugatuko da? Badirudi baietz. Eta aste honetan aurkeztuko omen dute Chris Coleman ezezaguna.
Hauteskundeak? Miguel Santos dator?
Gaur egungo liderrak
Atzo arratsaldean Daniel Innerarity idazleari irakurritako lerro batzuk jarriko ditut segidan:
"El líder actual ya no necesita leer demasiado ni pensar mucho. Ni siquiera tiene que argumentar ni resultar convincente; basta con que consiga manejar correctamente los mecanismos de la atención pública. Es alguien que no tiene ideas para convencer, sino procedimientos para distraer".
Adi, beraz.
Irungoa naiz
Javi Vizcaínok idatzitako lerro hauek eraman naute teklatu eta pantaila aurrean jartzera. Jende gehiago ageri da alardean izeneko webgunean emakumearen partehartzearen aldeko iritzia plazaratuz.
Izan ere gaur alarde-eguna baitugu Irunen. Alarde-eguna baina bi alarde: betiko alardea, gehiengoak babesten duena (tartean nire koadrilako lagun gehienak, senide gehienak); alarde mistoa, gizonezko eta emakumezko soldaduekin.
Duela sei bat urte ondorengo lerro hauek idatzi nituen betiko alardeari buruz irundarren foro batean. Gazteleraz zegoena euskaraz jarriko dut hemen:
"Kontua ez da jendea botatzea, ezta inori alardean ateratzeko aukera ukatzea. Kontua da emakumeak alardean parte hartzeko aukera izatea".
"Ni ere Irungoa naiz. Ez naiz inoiz atera ditxosozko alardean. Niretzat argi dago: alardea herriko jaia da eta, horregatik, edozeinek izan beharko luke parte hartzeko aukera (eta ez bakarrik espaloitik)".
"Arazo nagusia da nik alardea espaloitik ikusten dudala eta parte hartu nahi duten Irungo neskek ez dutela horretarako aukerarik. Nik askatasun osoz erabaki dezaket, beraiek ez. Hori bai, nire lagunek Bartzelonako adiskideak ekar ditzakete herrira eta hauek lasai asko atera daitezke alardean, hori ahalbidetzen duen pitilina dutelako".
Sei urte pasa dira hori idatzi nuenetik eta gauzak lasaiago daude herrian. Baina oraindik bide asko dago korritzeko.
Gora Sanmartzial!
Loretopetik (XV) Indarkeria nagusi
Irutxuloko Hitzan ekainaren 28an argitaratutakoa.
Igande goizaldean emakume bat erail zuten Bilbon. Goizeko 11:00etan entzun nuen irratian zintzurra moztu ziotela. Geroxeago, lagun batek pasa zidan erailketaren berri ematen zuen interneteko lotura bat. Sasi-jakintsu, hau da, ezer ez dakienaren moduan, zera erantzun nion: "Kanpoko gero eta jende gehiago dago hemen, eta orain arte bertakoenak izan ez diren zenbait indarkeria ohitura hasi dira agertzen".
Ordurako banekien taberna latinoa zela, irrati esatariak bota baitzuen datua albistegian. Arratsaldean, berriz, interneteko bideo bat ikusi nuen. Esatariak zioen hemeretzi urteko ustezko hiltzailea dominikarra dela. Bizilagunek zioten askotan izaten zirela istiluak.
Kazetariek duten ohitura txarra da gaizkilea nazionalitatea jakin batekoa denean datu hori ematearena. Hiltzailea norvegiarra izango balitz, hain garbi adieraziko ziguten? Kazetari bizkaitar batek taberna latinoaren datua ematekoa zela esan dit, baita ustezko hiltzailea dominikarra zela. Nire tesiaren kontra ihardetsi dit Londresen berriki bi urteko alaba akabatzeagatik atxilotu zuten exekutiboari buruzko albiste guztiek tipoa bilbotarra zela azpimarratzen zutela.
Honekin loturik, Harresiak Apurtuz erakundeak ekainaren 27an aurkeztu behar zuen Bilbon "Inmigrazioa eta hedabideak. Kazetaritzarako jardunbide egokien eskuliburua" izeneko materiala. Ez naiz kazetaria, baina interesgarria dirudi ahaleginak.
Indarkeria autoktonoa ere badugu, zelaia uzten ez dakien ETArena, besteak beste. Loiolako kuartela ez dakit autoktonoa ote den, baina hemen dago. Duela aste batzuk, itxura guztien arabera bertakoak ziren soldadu batzuekin egin nuen topo taberna batean, gaugiroan. Latinoamerikar bi, edanda eta edaten; on puska itxura zuen ekialdeko kankailu bat; taberna guztiari desafio egiten zion beste tipo zatar bat. Orduan pentsatu nuen Espainiako nazionalitatea eskuratzeko batzuek zer nolako lanak hartu behar dituzten.
Igande arratsaldean Armada espainiarreko kide ziren sei soldadu hil zituzten Libanon, horietako hiru kolonbiarrak. Pasa den udazkenean Joseba Kamiok Artelekun eginiko EH 2.0 jardunaldietan jarritako adibide batetaz gogoratu nintzen orduan. Telebista informatiboa batean ikusitako gauza deigarri bat aipatu zuen, gaur egungo egoera globalizatua laburbiltzen duena: soldadu bat, kolonbiarra, abizen euskaldunekoa, Armada espainiarreko kide, Nazio Batuen Erakundeak Libanon duen indar armatuetako partaide.
Gazteak bortitzak direla esango dugu gero, baina egiturazko indarkeria marka guztiak puskatzeko modukoa da gure gizartean. Igandeko Berrian beste adibide xume bat. Hamar mila langile kaleratu behar dituen Airbus hegazkingile europarrak nabarmen hobetu dituela emaitzak azken bolada honetan.
Ondo goaz, bai. Hain ondo, bandera txuria ateratzeko gogoa ematen baitu.
Azkargorta edo Galeseko hirukoa
Pasa den igandean Xabier Azkargortari eginiko elkarrizketa hau entzundakoan, konturatu nintzen oraingoan ere ez dela etorriko Donostiara.
Gainera, komunikabide ezberdinek argitaratu dute Administrazio Kontseiluak John Benjamin Toshack aukeratu duela Reala bide onean jartzeko. Salva Iriarte izendatuko omen dute kirol zuzendari eta Chris Coleman entrenatzaile.
Baga
Marka da gero, berriro ere JB jarri nahi izatea agintzen. Inor ez al da gogoratzen aurrekoan nola kanporatu zuten?
Biga
Lotsagarria iruditzen zait gizon honi laugarren aukera eman nahi izatea eta Azkargorta azpeitiarrari, harrobikoari azken finean, aukera bakar bat ere ez ematea.
Higa
Larunbatean irakurri nuen nonbaiten Salvak jarraituko zuela Galesekoentzat lanean, baina hemen ezetz diote, full time arituko dela. Dena dela, JBk bai jarraituko duela Galeseko hautatzaile. Ez al da askoz ere logikoagoa egoeraren gordina aintzat hartuz, dagoena buru belarri aritzea?
Tristea da egoera, bai. Eskerrak behintzat Eibar Bigarren Mailara igo den. Zorionak.