Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Joseba Sarrionandia 'Barruan gaude' saioko azken gonbidatua

Joseba Sarrionandia 'Barruan gaude' saioko azken gonbidatua

Mikel Iturria 2026/11/29 11:10
100 etxetan sartu da Oier Aranzabal eta agur esan du Joseba Sarrionandiaren Durangoko etxean eginiko elkarrizketarekin. Urte hauetan guztietan egindako saio sorta polita geratu da.

Hasten den guztiak bukaera du eta hori gertatu zaio Oier Aranzabali Barruan gaude proiektuarekin. Ez dut esango denak entzun ditudala, baina bai horietako asko.

Ostiral goizean jai nuen eta Igeldora igo nintzen oinez bidean Joseba Sarrionandiarekin izandako solasaldia entzuten nuen bitartean. Hamabost egun lehenago Drapetomania liburuari buruz ikusi eta entzun nuen bertatik bertara Donostian, Yolanda Mendiola kazetariarekin Victoria Eugenia Cluben izandako topaketan, Literaktum jaialdiaren bueltan.

Behin baino gehiagotan ekarri ditut hona Barruan gaudeko transkripzioak eta gaur ere pasarte esanguratsuenak argitaratuko ditut hementxe bertan.

Iurreta, Durango, etxea

Zazpi urterekin etorri nintzen Durangora. Hezkuntza sasoi hartan espainola zen. Eta erlijiosoa, nacional-catolicismo espainolaren hezkuntza. Jesuiten ikastetxea etortzen zait gogora eta mundu itxi bat (…) Guk irakasgai moduan geneukan latina, erlijioa eta formación del espíritu nacional, Valladolideko falangista bat geneukan irakasle.

(...)

Etxerik gabe ibili naiz eta nire lehenengo etxea oso gaztetan utzi genuen Durangora etortzeko. Pixka bat beste mundu bat zen. Durango erdalduna zen. Gaur egun euskaldundu egin da pixka bat, baina ni Durangora heldu nintzen 7 urterekin. Hiri frankista eta oso espainola zen. Durangaldea oso euskalduna zen, Durango izan ezik.

Kartzelan egotea suertatu zitzaidan gero eta exilioan ere egon behar izan dut etxetik kanpo. Gainera, urtetan ezin nuen euskaldun gisa aurkeztu, karneta faltsuekin, eta abar. Etxetzat, edo euskaldun sentitzeko zera, nik euskalduna nintzela ezkutatuta eraman behar nuen, euskarazko liburuak armairu batean giltzapean gordeta eduki behar nituen. Jendea ez enteratzeko euskalduna nintzela.

Etxea da gauza asko. Etxea eta izena. Nik orain errekuperatu dut umetako euskara debekatuta zegoen garaiko izena. Jose Angel deitzen naiz ofizialki. Karnet faltsuak eduki ditut ia berrogei urtez eta nik sentitzen dut karnet faltsuena oraintxe daukadala. Ni ez naiz espainola. Espainiako banderak eta ciudadano español izate zera hori niretzat oso faltsua da. Holandesa izatea baino faltsuagoa niretzat.

Ez dut sentitu inoiz etxerik izan dudanik. Etxetik kanpo ibili naiz. Eta euskaldunok dugu geure herrian arrotza sentitzeko sentsazio hori. Pentsatzen genuen gaztetan hori Francoren arazo bat zela, Franco gainetik kenduta, hori konponduko zela, baina nire ustez sentsazio horrekin jarraitzen dugu.

Ruperrek [Ordorika] abesti batean oso ondo esaten duen bezala. Euskaldunon patua da. Etxe galduarena.

Ihesaldia

Ihesa da egiten duzun gauza bat eta niretzat ez dauka ezer berezirik. Horrelako gauzak bihurtzen dira... Euskaldunok ez dugu gerrarik irabazi, txapuza pilo bat egin ditugu, herri minorizatuei gertatzen zaien bezala, ezintasunen barruan. Eta ezintasun horren barruan ematen du gauza batzuk ondo atera direla eta hau modu festibo batean interpretatu da, eta nik ezin dut hartu hain modu festiboan.

(...)

Kasualitate batzuen ondorio izan zen. Zergatik nengoen Martutenen? Neska lagun bat neukan. Herreran egon ginen ia urtebete bisitarik gabe, txapatuta, borroka luze baten ondorioz. Eta juxtu horren amaieran, nire neska lagunak pastillak hartu zituen eta koman zegoen. [Txema] Montero abokatuak deitu zidan; preso baten gurasoak edo neska laguna hilzorian egonez gero, trasladoak egoten ziren. Eta zirkunstantzia horregatik eraman ninduten Martutenera.

Puerto de Santa Marian egona nintzen bi urte lehenago, eta hura Portugaletik hurbil dagoenez, irrati portugaldarra entzuten nuen asko. Egoera horretan lagun batek bidali zidan Fernando Pessoaren O Marinheiro liburua. Denbora geneukan, zigortuta denbora egoten baikinen, zeldatik irten gabe, eta itzuli nuen euskarara antzezlan hori.

Mikel Albisuk hartu zuen testu hori, antzerki talde bat zuen, eta obra Donostian antzezten hasi ziren.

Martutenen nengoela Mikel etorri zen kartzelara eta proposatu zuen obra hori nik ikusi ahal izatea. Martuteneko zuzendaria tipo normala zen; nik horrelakorik ikusi gabe neukan, kartzela-funtzionario estatal progresista zen, ez zen fatxa. Garai hartan gehienak oso frankistak baitziren, ultra espainolak. Martuteneko funtzionarioak oso diferenteak ziren, Euskal Herria ezagututa ez gintuzten begiratzen deabru moduan.

Barricadak justu aurreko urtean argitaratu zuen Txantreari buruzko lehen diskoa, Barrio conflictivo izenekoa. Kaseta entzuna geneukan Herreran. Gero, Ferminek [Muguruza] zeukan Kortatu. Orduan disko bakarra zeukaten eta erdaraz abesten zuten, abestiren bat kenduta. La asamblea de majaras ha decidido, mañana sol, eta horrelako letra fuerte eta komikoak.

Bi talde hauek aukeratu zituzten. Ez ziren ezagunak, baina preso guztiak jarri ziren patioan dantzan. Politikoak oso gutxi ginen, gehienak preso komunak zirelako. Giro oso ona sortu zen eta zuzendariari iruditu zitzaion modu on bat elkarbizitza sustatzeko.

Gu Martutenen geunden egun batzuetarako, gauza oso probisionala baitzen. Eta Herrerara itzuli behar genuen. Desesperazio moduko bat geneukan eskapatzeko.

Imanol [Larzabal] ez nuen pertsonalki ezagutzen, baina egun horretan etorri zen. Igande goiza zen eta egon ginen ordubete hizketan. Ea letraren bat ba ote neukan eskatu zidan eta ziegara joan nintzen eta bi letra eman nizkion. Bata zen orduantxe hil berria zen Andoni Arrizabalaga, ondarrutarra, Telesforo Monzonen kantuan aipatzen dena, Itziarren semea. Heriotzara kondenatuta egon zen 1967an eta Alpeetan hil berri zen, elurbizi baten azpian. Testu hori eman nion Imanoli, gero nik galdu egin dudana. Eta beste testu bat, Oroimeneko portua. Handik urte batzuetara testu honen kantua entzun nuen.

Oier Aranzabal: Berak ez zekien ihes egitera zindoazela?

Ez dakit, ni diskretoa naiz, eta ez nion galdetu. Baina oso urduri zegoen.

Oier Aranzabal: Lortu zenuten ihes egitea. Nola sentitzen da norbera kartzelatik ihes eginda?

Ba ez dakit. Irten eta umez betetako parke batera iristen zara, eguerdian, gurasoak eta umeak. Sentsazio arraroa. Bost urte neraman kartzela oso gogorretan, zigor ziegetan oso gaizki, eta bat-batean, Donostiako parke batean igande goiz batean...

Gero alde egin genuen, baina ez dut uste inork pentsatzen zuenik alde egingo genuenik benetan. Eta denbora asko egon ginen Donostian, ezin irten. Poliziaren kuartelaren gainean geunden, Egian edo, futbol zelai baten aldean. Polizia gure bila, eta kuarteletik irteten ziren bakoitzean ikusten ziren argi urdinak sabaian. Giro poliziako eta konplikatua.

Sartu ginen etxean ume txiki bat zegoen, eta guk erakutsi genion oinez ibiltzen, bertan luzaroan egon baikinen.

Lehen aipatu duzu modu festiboa. Gauza guztiak dira, detailean ikusita, oso gauza konplexuak, konplikatuak. Detaile asko kontatzeko, gertaera hau eta beste guztiak.

Sarri, Sarri

Oier Aranzabal: Oroitzen duzu lehenengo aldiz Ferminen kantua noiz entzun zenuen?

Bai, momentu hartan Hazparnen nengoen, borda batean, eta irratian entzun nuen. Baina ez nintzen enteratu. Ez nintzen adi egongo. Gero, etxeko lagunak esan zidan «abesti hori zuen ihesaldiari buruz da». Despistatua naiz eta batzuetan beste planeta batean egoten naiz.

Niretzat oso gauza arraroa da.

Oier Aranzabal: Ferminekin harremana izan duzu gerora?

Bai, Fermin, Iñigo eta Treku Martuteneko patioan ezagutu nituen. Gero, bai, handik urte askotara.

Hazparne, Habana... exilioa

Iparraldean egon nintzen. Duela gutxi egon naiz Hazparnen. Ruperren Martin Larralde abestia dago. Han egoteari buruzko kanta da. Igande goizetan irteten nintzen batzuetan, zeren sasoi oso txarra zen eta ezin zen etxetik kanpo ibili. Igande goizetan ikasleak itzultzen ziren Bordeletik, Baionatik eta kalean jende asko ibiltzen zen.

Testuak beti daude eta nik ezagutu ditudan tokietan, batzuetan, ezin nuen esan. Habanan ere ez, urte askotan, idatzi nituen hiru liburu, egunkari modukoak, baina azken urteetan. Lehenagoko gauzak agertzen dira, baina oso itxuraldatuta.

Lagun izoztua liburuan, esate baterako, Antartidan daude Antilletako gauzak, itxura aldatuta. Testuetan beti egoten da arrastoren bat.

Exilioa izan da inkomunikazioa. Hamabost urtez izan nintzen familiarekin kontakturik izan gabe. Aita hil egin zen itzuli baino lehenago. Martutenen ikusi nuen azkenengoz eta itzuli baino bi urte lehenago hil egin zen.

Amarekin suertea izan dut, itzuli eta hiru urtetan lagundu ahal izan nuen. Heldu nintzenean oso ondo zegoen, 90 urterekin. Alegrantzia pixka bat emateko eta. Neba-arrebak ni baino hobeak izan dira denak eta ama ikusi dut ondo sentitzen azkenengo urtetan.

Oier Aranzabal: Nola da hainbeste urteren bueltan amarekin elkartzea?

Arraroa, baina betikoa. Ama pertsona oso irekia zen, ona, besteekin oso ona. Marabilla bat. Maite duzun jendea berriro ikustea gauza ederra da.

Itzulera

Dena diferentea zen. Durangon autoz sartu ginen. Herrian bazegoen ume denboran gauza arraro bat. Hemen egon zen argazkilari aleman bat, argazki oso onak egiten zituena. Bazuen txalet bat matadero bidean. Barku handi eta berezia zegoen jardinean. Gauza arraroa, gure ume garaikoa.

Herritik sartu ginenean, ikusi nuen Mataderoko ingurua etxe berriz beteta zegoela. Eta derrepentean barkua agertu zen. Han zegoen. 50 urtetan dena zegoen diferente eta, aldi berean, gauza batzuk berdin.

Aireportuan, Barajasen, ez nuen ezagutzen iturriko ura berez gelditzea. Sartu nintzen eskuak garbitzera eta nahi nuen itzali. Eta ezin nuen itxi iturria. Halako batean pentsatu nuen: baten bati esango diot apurtu dela. Atetik irteten ari nintzela gelditu zen iturria eta konturatu nintzen gauza moderno arraro piloa zegoela.

Bilboko abioira sartu nintzen. Eseri eta alboko jarlekura etorri zen andre bat eta poltsatik atera zuen Hola aldizkaria. Pentsatu nuen hau berrogeitapiko urteko Hola bat da. Alemanaren barkuarekin gertatu bezala, Hola hura berdina zen, fotokopia. Jende berbera: Monakokoak, Albako dukesa, errege familia...

Gure gazte denboran Eliza zen gauza erraldoia, boteretsua. Durangon Komentu kale deitzen den kalean hor berrehun edo bostehun fraide eta moja biziko ziren. Orain Eliza ez da existitzen. Abade bakarra dago Durangalde guztian, zahar bat, eta gaztea bada, friki bat da. Gauza terriblea da.

Baserri mundua, ekonomiaren lehenengo sektorea, eta euskalduntasunaren espazio naturalena izan zitekeena, zeren gure ume denboran euskara mendiko hizkuntza zen. Hori ere ez da existitzen. Basora irteten zara Durangotik eta txaletak dira.

Eta naturalki desagertu zena pentsatzen genuena, adibidez alemanaren barkua, Hola edo El Correo Español, hor daude. Bitartean mundu guztiak botoa ematen dio Bilduri, PNVri... Eta taberna guztietan El Correo Español daukazu, periodiko falangista bat. Gizartea terriblea eta oso arraroa da, eta bizi gara normala izango balitz bezala, eta dena disparate bat da. 

Tortura

Oier Aranzabal: Hitz egin nahi nuen torturari buruz. Zuk tortura jasan zenuen eta ez da hortaz asko hitz egiten. Aurreko batean Edorta Jimenezekin egon nintzen eta berak kontatu zidan nola oroitzen zuen bere tortura.

Gai honek sentsazio arraroa ematen dit, zeren judizialki ematen du ilegalidade bat dela, eta torturatzen zaituena delinkuente bat dela. Normalki, hemengo egituran, polizia horrek erantzukizunen bat izango luke, baina hori guztiz faltsua da.

Kriterio moral eta legalekin epaituko duzu konflikto bat edo konflikto baten ondorioak? Gauza absurdoa da. Hori aztertzeko beste kontestu bat behar da. Epaile espainol bati salatuko diozu, epailea egitura horren arduradun askoz ere inportantegoa da guardia zibila baino.

Gauza absurdoa da. Hori lehen. Oraingo sisteman berdin gertatzen da.

Guardia zibil bat ekartzen zuten 1970eko hamarkadan edo lehenago Galiziatik. Gizajo bat zen, campesino bat, ez zeukana dirua fabrika batera etortzeko trena pagatzeko. Eta guardia zibil sartzen zen, pixka bat karikatura eginez, baina ardura kentzeko pertsonaje horri. Galiziako alde batetik atera eta guardia zibil jarritako tipo bat, territorio enemigon suertatzen zena Euskal Herrian, ba normala zen agintzen ziotena egitea. Guardia zibila edo polizia, egoera horretan, zeren nire ustez gizartea makina bat bezala da, eta bakoitza bere paperean dago.

Ni atxilotu ninduten goizeko 1:00etan edo, amaren etxean. Eraman ninduten Bilboruntz, autopistara sartzean, bazegoen restop moduko bat. Atera ninduten etxetik kilometro batera. Errueda moduko bat egin zuten eta kolpe piloa eman zizkidaten. Galdetu zidaten lagunengatik eta ez nuenez ezer esan fusilamendu imitazio bat egin zuten. Baserrietako txakurrak zaunka hasi ziren eta sartu ninduten kotxean berriro.

Bilbon (...) torturak izan ziren denetatik: bañera, ur zikinez betetako balde handi batean, plastikoa, mahai baten gainean buruz gora eta gerria kanpo aldera, erredurak... Zortzi egun gelditu gabe. Bigarren egunean edo, gauza berezien artean, ipurditik eskoba bat sartu zidaten. Gauza terriblea.

Egun batean, Indautxun, poliziaren egoitzan, bigarren edo hirugarren egunean ekarri ninduten Durangora zuloen bila. Pelikula bat, kontatzen hasita bi ordukoa. Eta Guardia Zibilaren kuartelean utzi ninduten eguerdi batean. Bertan, bezperan, baten bat pasa omen zen kotxez eta tirokatu egin zuen. Orduan gela batean sartu eta guardia zibil zahar bat etorri zen eta ostia piloa eman zidan. Kolpe bakoitza hildako baten izenez. Berak alargunei ordaintzen ziela soldata, konpentsazio moduan. Zamora eta Salamankako herriak aipatzen zituen.

Eguerdian eskolako umeak etorri ziren, kuartelekoak, eta berak esan zien umeei ostia bat emateko. Umeak gelditzen ziren begira eta alde egiten zuten.

Tortura gauza inenarrablea da. Ez dakit horretaz idazten. Badira gauza batzuk ezin direnak kontatu. Zortzi egun izan ziren. Uste dut aukera zutela hamar egun eta zortzigarren egunean utzi ninduten. Denok hartu eta Madrilera eraman gintuzten.

Tortura ezin da kontatu. Ez dakit ze lenguaje klase asmatu beharko den hori kontatzeko. Heriotza baino okerragoa. Han nengoela nahiago nuen hilda egon. Adibidez, igo ninduten Indautxuko kuartelean bertan, gero karneta ateratzera joan behar izan dut horra, eta eduki nuen ideia salto egiteko. Uste dut patio bat zela.

Ni torturatuta nengoela eraman ninduten erretratu bat ateratzeko. Ni Correo Españolen atera nintzen tortura momentuan. Periodikoan atera zen erretratua, tipo hau atxilotuta dago eta ebidentea da pertsonaje hori torturatuta dagoela. Gero ni konturatu nintzen El Lute eta ateratzen zutenean delinkuente aurpegiarekin, ez zela delinkuente aurpegia, torturatu aurpegia baizik.

Correo da hemengo prentsa irakurriena, ez orduan, orain, kristoren boterea dauka, periodiko faxista bat da, Falangeak sortutakoa, eta periodiko torturadorea izan da. Eta torturatzen bada, bihar babestuko dute tortura. Ostentazioa egingo dute.

Ez da aurpegi txarra dutela gaiztoak direlako sinestarazi duten bezala. Tortura aurpegiak ipini dituzte eta denok normaltzat hartzen dugu. Mundu guztiak onartu du praktika eta botereari komeni izan zaio.

Itzulera: zailtasunak

Itzultzerakoan jende askok esan dit hau eta beste, baina gizarte oso diferentea da, zeren ni 20 urterekin joan nintzen, estudiatzen geunden, eta bueltatu naizenean nire adinekoak jubilatzen ari dira, eta ni sekula lanik egin gabe, akonplejatuta, zeren ni lanean ez naiz hasi oraindik. Eta Seguridade Soziala egin behar.

Lagunak ikusten dituzu, ez dituzu ezagutzen, gaztetako lagunak kristo bat eginda daude denak, eta norbera ere bai. Mundu diferente batean eta hemen bai sentitu dudala. Batek esaten didala «Sarri, Sarri abestiarekin ligatu genuen guk». Ba nik ez dut ligatu horrekin.

Gero jendeak espero du zuk gauza bat egitea edo bestea, baina nik presio hori sentitu dut etorri naizenean, lehenago ez. Ni lehenago idazlea izan naiz, baina nik ez dut bizi izan ez fama ez ezer. Niretzat suertea izan da: idaztera dedikatu naiz, ez ditut liburuak promozionatu behar izan. Orain etorri naiz, liburu bat egiten duzu eta gero hasten da benetako lana, liburu hori aurkeztu behar duzu, elkarrizketak, eta abar.

Pertsona normalaren beste gauza horiek nik hemen sentitzen ditut. Jendeak espero du zu izatea halakoa edo bestelakoa. Mitoa? Zer mitoa? Ni gixajo bat izan naiz bizitza guztian. Beti tokatu zait okerrena: kartzelan, zigor ziegan, exilioan... Orduan, jendeak mitoaz hitz egiten duenean nik pentsatzen du ze ostiaz ari da hau? Ez nauzu ikusten? Hemen gizajo bat, erretirorik ez duen tipo bat, bere etxean egoten dena txorradak leitzen.

Niretzat hori oso arraroa da, espektakuluaren gizarte hori. Ez dauka nirekin zerikusirik.

(...)

Suertea eduki dut, lan sinplifikatua izan dudalako: idatzi, bidali eta kitto. Idazle gehienek daukate kristoren endredoa gero: zuzenketak, buelta, liburua atera, elkarrizketak, aurkezpenak...

Borroka armatua

Oier Aranzabal: Nola bizi izan duzu erbestetik euskal gatazka? Distantziatik, fase ezberdinak egon dira amaitu arte. Zer betaurrekoekin begiratu duzu hori handik? 

Borroka armatuak du problema bat. Nire ustez, herri zapaldu batek behar du erresistentzia bat, eta sortu zen erresistentzia bat 1960ko hamarkadan. Gure belaunaldian gure aukera zen soldadu joan ejerzito espainolera edo ETAn sartu, laburbilduta eta modu karikaturesko batean esanda. Nire ustez, guri aurkezten zitzaigun dilema oso ebidentea. Eta niretzat arraroa eta harrigarria zen soldaduska egitera joatea ejerzito inperialista espainolean. Eta ETAn sartu ginen.

ETAn 20 urterekin sartzen zara, pixka bat modu irresponsablean esan daiteke. Ume bat zara eta nahi dituzu gauzak aldatu. Hori da Euskal Herriko borroka armatuaren historia eta herri guztietako borroka armatuaren historia.

Denborarekin, biolentzia da desastre bat, berez. Mundu guztiak daki konfliktoak beste modu batez konpondu behar direla. Gure herrian hori zegoen eta zer uste dudan nik gerrari buruz? Desastre bat dela, borroka armatua desastre bat dela. Gainera, borroka armatuak sortzen ditu degenerazio batzuk. Herri txiki batek harrotasuna edo autoestimua bilatzea indarrean da gauza bat arraroa. Eta ETAk izan zuen degenerazio bat harrokeria armatuaren aldetik. Harrokeria armatu bat oso desagradablea joan zen indartzen, batez ere 1980ko eta 1990eko hamarkadetan, eta horrelako konfliktoa denok espero genuen negoziazio politiko bat egongo zela. Kontatzeko dago ze jende egon zen negoziazioaren kontra eta zergatik luzatu zen hainbeste.

Denborarekin nik galdu nuen kontaktua eta 1985etik aurrera jada ez nuen informazioa jasotzen. Nire zera zen negoziatuko dute momenturen batetan. Eta ikusten nuen harrokeria armatua.

Orduan, gure belaunaldiaz galdetu didazu, ezta? Nire inpresioa exilio luze horretan izan da nahi ez genuen guztia ari ginela lortzen. Hori zen nire frustrazioa. Borroka armatuan ibili ginenak ari ginen lortzen estatu poliziakoagoa, errepresiboagoa eta espainolagoa.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter