Ruper Handia
Iluntze aproposa gaurkoa Ruperren emanaldia ikus-entzuteko Donostiako Bittorin. Ia bi orduko kontzertua eskaini du oñatiarrak, Jon Piris kontrabaxu jolearen babesean gehi Bartzelonatik etorritako bizkaitar biren laguntza puntualarekin, Gorka Benitez saxo jotzailea eta Juan de Diego tronpeta jolea. Sarriren letretan oinarritutako Memoriaren mapan izan da kontzertuaren sostengu, baina egon dira beste lanei eginiko keinuak ere. Amonaren omenez moldatutako "Aspaldian" edo Euskaldunon Egunkariaren itxieraren aurka konposatutako "Zaindu maite duzun hori".
Azken kanta hau aurkezterakoan esan du atzo Elizondon egon zela. Elizako dorrean dagoen erlojua geldirik omen dago. Sentsazio berdina izan ei zuen bertako biztanle batzuk pankartak zabaltzen ikusi zituenean, denbora gelditu denaren sentsazioa.
Kontatu du ere Mikel Laboarekin batera jo zuela lehenengoz Victoria Eugenian, astelehen goizetako eskola garaiko sentsazioarekin, "Ordorika, a la pizarra". Nik ez nuen kontzertu hura ikusterik izan, baina antzoki honetan bertan ikusi nuen lehenengo aldiz Ruper, duela hamabost bat urte, ekainean.
Ruperren asmoa zen gaurkoa Pirisekin egin duen biraren azken emanaldia izatea, baina ez da hori ulertzen Berrian publikatutako elkarrizketa irakurri ondoren. Hori bai, dirudienez, rockeroagoa izango da hurrengo lana, Mugalaris taldearekin berriro aritzeko tenorea iritsi baitzaio. Gerria askatzeko garaia izango da, beraz.
Irabazten ari dira
Gaurko asmoa atzo inauguratu genuen erakusketa baten berri ematea zen, baina biharko-edo utziko dugu. Eta Vicent Partalen solasaldiaren azken bost minutuak entzun nituela aipatzea. Eta blogari ezagun batzuk zeudela Victoria Eugeniako Club Aretoan. Eta Bilbon Irratia.com-en ehungarren saioan egin dugula hurrengo hitzordua, datorren asteazkenean, Joserra Garzia eta Iñigo Fernández Ostolazaren asteleheneko hitzaldia ahaztu barik: "zer kristo/demontre/arraio egin behar dugu euskararekin?". Nire planak pikutara joan ziren 18/98 sumarioko 46 lagunen atxilotze-aginduaren berri izandakoan, ustezko demokrazia honen kiratsa beste behin.
Ostegunean Tzesnek oparitu zidan 1973, Deabruak Teilatuetan taldearen azken lana. Punk-rocka, rock latza, reggaea, lehenengo entzunaldian sartzen den diskoa.
Atzo 18/98 sumarioan inputatuta dagoen jendea atxilotzen ari zirela enteratu nintzenean, hogeita hamalau urte atzera egin nuela iruditu zitzaidan. Akusatuek eta haien abokatuek ez dute sententziaren berri, baina Espainiako periodikoetan ari dira jada bakoitzari zenbat urte erori zaizkion publikatzen. Izugarria. Laurogeita hamargarren hamarkada bukaerako Zuzenbide ikasketak ez dakit non ditudan jada, baina Zuzenbide Penalean ikasitakoak ez du ezer balio demokrazia honetan.
Joan Mari Torrealdai euskaltzain izendatu zuten atzo, Lourdes Oñederrarekin batera. Arratsaldean, Argia.com-en hamargarren urteurrenean Pello Zubiria ikusi nuen. Euskaldunon Egunkariaren auzia ez dago aipatu sumarioan, baina aipatu biak kartzelara joan daitezkeela pentsatzeak! Akademiko bat, jaun-andereak, zein herrialdetan ikus daiteke hau? José Luis Sampedro kartzelatzea bezala litzateke, akademiko espainiar baten izena botatzeagatik.
Ez dut 18/98 auzian dagoen jendearekin tratu askorik, baina izen bat botako dut, Sabino Ormazabal, adibidez. Zer egin du gizon honek kartzelan amaitzeko?
Dena den, Luistxorekin eta Jokin Muñozekin ados nago: irabazten ari dira. Nazka-nazka eginda gaude. Ez dugu kalera ateratzeko indarrik, gogorik, kemenik. Are gutxiago ETAk jendea hiltzen jarraitzen badu, gaur bertan egin duen bezalaxe.
Gureak aspaldian egin zuen. Jarraituko dugu, beste erremediorik ez dagoelako. Martxa honetan, TMEOk bere garaian eginiko azala laster beteko da.
Loretopetik (XIX) Zer gara gu, nor gara gu
Irutxuloko Hitzan azaroaren 29an argitaratutakoa.
Ezagun bat agurtu nuen duela zenbait aste bere lantokian. Nire herrikidea da eta aspaldian elkarrekin egon gabeak ginen. Lanean zer moduz zegoen galdetuta, zera erantzun zidan di-da: "Hau putetxe bat da. Begiratu kartel horrek dioena, ‘pertsonak teknologiaren gainetik’. Gezurra! Pertsonak bigarren mailakoak gara hemen".
Tristura sartzen zait barru-barruraino horrelakoetan. Toki askotan esan diezazukete gauza bera. Jende asko ari da lanean disgustura eta larria da hori, zeren eta badirudi jada kolektiboki onartuta dagoela. Lanean zaude, enpresaburuaren eta zure arteko zerbitzu truke bat da. Kitto. Puta hark zioen bezala, nik nire gorputza saltzen dut bakarrik, burua beste gauzetan eduki dezaket; zuk agian ez, gorputza eta burua jarri behar patroiaren zerbitzura.
Telebista da gizarte honen ispilu handia. Pasa den astean gezurrezko malko asko jaurti dira eta eskandalizatu egin gara arratsaldeko saio batetik pasa ondoren gizon batek andregai ohia akabatu duelako. Harritzekoa al da ba eraikitzen ari garen mundua kontutan hartuz? Asteburuan irratiko albistegietan entzun dut Brasilen hamabost urteko neska hilabetez egon dela gizonentzako kartzela batean. Hogei lagunek erabili omen dute neska sexu-esklabu gisa. Jesus, Maria eta Jose esanda ez dira egoera hauek konpontzen.
Argi dago boterean daudenek ardura asko dutela, baina auto-kritika egiteko garaia ere bada. Zer egiten ari gara gu? Inork ez du hemen erantzukizunik, besteena da beti errua. Gu erregea bezain arduragabeak gara. Ez eskatu kontuak niri, hark sartu du hanka. Eta lasai-lasai geratzen gara.
Realaren egoera penagarria dela eta, pulamentuzko gauzak esan zituen, beste behin, duela gutxi Xabier Azkargortak : "Reala Bigarren Mailara jaitsi bada, arazo ekonomiko larriak baditu, ez dut uste txinatarrengatik denik. Arreta jarri, beraz, Reala egoera horretara eraman dutenengan. Gustatuko litzaidake ideia hau argi eta garbi geratzea. Gaur egungo krisialdia eragin dutenak ez dira txinatarrak edo antzeko beste inor. Ez dut ulertzen nola eskandalizatu daitekeen jendea txinatar talde inbertsiogilea etor daitekeelako eta ez Reala dagoen tokian egoteagatik".
Ideia horiek azaldu aurretik adibide ederra jarri zuen azpeitiarrak. Kalean bi lagunek egin omen zuten topo. Batak besteari esan omen zion: "Kezkatuta nago populazioaren % 10a jada etorkina delako". Eta bigarrenak ihardetsi omen zion: "Ni beste % 90ak kezkatzen nau".
Ozenago esan daiteke, argiago nekez. Irakurle: kendu Reala eta jarri hurbileko beste adibide mingarriren bat.
Enpresa 2.0, Erret Familia 1.0
Atzo arratsaldean Teketen jaunak koordinatutako ikastaro batean egon nintzen Miramonen, Julen Iturbe artesanoa, Mikel Etxarri IKTeroa eta Marko Txopitea matemagoa entzuten. Bi ordu t´erdi pasatxoko ikastaro interesgarria atera zen.
Pena ez biltzea jende asko. Ni Teketen jaunaren blogean irakurrita enteratu nintzen, ez bainaiz Enpresa Digitalaren jarraitzailea. Hobetu beharko lukete antolatzaileek alor hori. Beraien onerako diot; ez badute nahi, tira.
Ondo dagoena da bertara joan aurretik, eguerdian kasu honetan, e-maila bidali zigutela hiru hizlariek erabiliko zituzten aurkezpenak aurreratuz.
Kosta egin zitzaidan aparkatzea. Izan ere, lehenengo aldiz igo bainintzen Mikeletegi pasealekuaren 53an dagoen auditoriora. 250 lagunentzako kapazidadea dauka tokiak eta parlamentu bat dirudi. MC Teketen-ek ederki gozatu zuen tribuna hartatik publikoari hitza emanez. Gu bezalakook gehiago eta hobeto aprobetxatu beharko genituzke azpiegitura hauek.
Hobetu beharreko beste kontu bat: Euskal Herrian egonda, arraroa tabernarik irekita ez egotea inguruan arratsaldeko 19:00etan. 2.0 gara, baina edatea gustuko dugu. Ez Birasuegi?
Besteei komentatu nien oso haserre nagoela erret familiarekin. Aste bukaeran Madrilen egon da Bruce Springsteen eta herenegun Euskal Herrian, Barakaldoko BECen. Haserre nago Felipe, Letizia eta Elena Madrilgo kontzertura joan zirelako eta Bilbora, berriz, etorri ez direlako. Hori ez da egiten, jaun-andreok, Espainiako bira osoa egin behar zuten, lurralde ezberdinen arteko inbidiak ez berpiztearren. Ez al dira ba gu guztion errege-erregin?
Edo aitak ez al die uzten kontzertuetara joaten? Nola hartzen dituzte erabakiak etxe horretan? Nola? Juan Carlos ez dela 2.0? Teketen, hortxe pagotxa: Erret Familiak 2.0 ikastaroa behar du. Beste bolondresik bai inguruan?
Ostegunean ornitorrinkus bihurtuko gara
Erakusleihoa programaren barruan, Ernest Lluch Kultur Etxean, Ornitorrinkus emanaldiarekin gozatzeko aukera izango duzue azaroaren 29an. Ekitaldia arratsaldeko 19:30etan hasiko da areto nagusian (Anoeta Estadioko 7. eta 8. ateen artean) eta sarrera doakoa izango da.
Egile eskubideak: Ornitorrinkus
Pasa den udaberrian izan nuen ikuskizun honen berri. Orduan erabat ezezaguna zitzaidan Judith Montero izeneko neska bat hurbildu zen kultur etxera. Oker ez banago, berarekin batera Nere Lujanbio etorri zen. Aukeraren bat egon zen emanaldia maiatzean egiteko, baina azkenean azarora arte atzeratu behar izan genuen. Handik hilabetera-edo, ekainean, Hernaniko Leoka labaderoan aritu zen taldea. Hona hemen egun hartako argazki bat.
Egile eskubideak: Ornitorrinkus
Ornitorrinkus gaur egungo musikak, elektronikak eta bertsoak elkar hartuta osaturiko hotsen eta ahotsen emanaldi berritzailea da.
Saxofoiak, elektronikak eta ahotsak, a priori elkarrengandik urrun leudekeen hiru jardunek, bakoitzak bere alorra arakatuz, lehenik, eta elkar eragiten ausartuz, ondoren, hizkuntza berri trinko bat sortzeko ahalegina da, esperimentazioa bide eta helburu duena.
Ornitorrinkoa irudi sinbolikoa bezala hartuta, sailkaezina denaz, izateaz, izan ezinaz etab. ari da Ornitorrinkus, betiere emanaldi bakoitza bakar eta berezi eginez.
Partaideak:
Testu idatziak, bertsoak eta ahotsa: Maialen Lujanbio
Saxofoi sopranoa, altua, tenorra eta baritonoa: Judith Montero
Elektronika eta soinuak: Xabier Erkizia
Atrezzo-rako eskultura-pintura: Juan Gorriti
Argiztapena: Ibai Gogortza
Soinua: Iñigo Telletxea
Negu bidean
Gay, lesbiana eta transexualen bilgunetako batek, Gehituk hamargarren urteurrena ospatzeko erakusketa muntatu du Donostiako Tabacaleran. Atzo egin zuten inaugurazioa.
Lehenengo inpresioa ona izan zen. Toki izugarri handia da TBK eta, lagun batek esan zidan bezala, bere tamainakoa ez den erakusketa jan egin dezake. Dena dela, inaugurazio egunak ez dira onenak erakusketak ikusteko. Han beste kontu batzuk daude-eta tartean.
Luistxorekin eta bere familiaren zati batekin egin nuen topo bertan. Argazki kamera eraman zuen eta seguru baten bat jarriko duela ikusgai flickr-eko kontuan.
Atzo Luistxo albiste izan zen ere Argiak argitaratu duelako aste honetako aldizkariarekin batera duela pare bat hilabete Interneti buruz eginiko mahai-ingurua. Atzotik dago sarean ikusgai, hamabost minutuko bideo bat lagun. Bertan egon ziren ere Gorka Julio, Lontzo Sainz eta Aitor Lopez de Aberasturi.
Gero, Nacho Mastretta musikariaren kontzertura hurbildu ginen Bittorira. Bera kontatuta, hamar lagunez osaturiko taldearekin etorri zen. Ordubete luzeko emanaldia eskaini zuen eta, ni behintzat, gustura geratu nintzen. Emanaldi instrumentala, berak apenas hartzen duen parte, birtuosoz osaturiko bandari ematen dio luzitzeko aukera eta denek aprobetxatzen dute beren tartea. Mastretta of ceremonies, kruzero batean egongo bagina bezala (Lok zioen bezala). Lastima ontzia falta zitzaigula.
Etxeko sukaldetik gaur arratsaldean ateratako argazki batekin utziko zaituztet.
Jarrai dezagun kontu kontari
Aritxulegira, lehendabizi, eta Agiñara, gero, doan errepidearen bazterretan a zer nolako kolore festa ikusi genuen atzo goizean. Josemari Ortizen errautsak lau haizetara zabaldu baikenituen lagunek eta familiak Agiñako gainean. Oteiza artistak Aita Donostiaren omenez eginiko monumentuaren atzean. Ganadua soro batetik bestera ez ibiltzeko alanbre-hesia dago eta haren aldamenean bota ditugu errautsak. Muga(k) beti presente. Eta hilberriak ere.
Goizeko 2:30etan esnatu nintzen. Irratia piztu eta Radio Euskadi jarri nuen. Ezin lorik hartu berriro. Ohetik altxa eta Rafael Chirbesen Crematorio liburua hartu nuen mesanotxetik. Eguna gero joan den bezala ikusita oso liburu aproposa. Brouard izeneko pertsonaiari zegokion lehen kapitulua irakurri nuen. Aproposa ere abizen hori, herenegun Santi akabatu zutenaren hogeita hirugarren anibertsayua bete baitzen, atzo the organizationek Ernest Lluch akabatu zuela zazpi urte betetzen ziren bezala.
Berriro ohera eta Dani Arizala aurkitu nuen dialean Beste gutar batekin. Elkarrizketa zaharra izango zen, oker ez banago tipoak ez baitu orain tarterik Euskadi Irratian. Pena. Duela hogei bat urte, puta izan zen Maiteri eginiko elkarrizketa emititu zuten. Putetxea dauka orain andreak, oker ez banago Amaran. Halako batean loak hartu ninduen.
Bi notizi on, apuntea bukatzeko:
Rafael Reigek aurkeztuko du ostiralean Madrilen Iban Zalduaren liburu berria. Ekitaldia 19:30etan izango da Kafka Hotelean. Reig-en berri Públicon izan dut eta merezi du haren egunerokoa jarraitzeak.
Nandok bidali zidan mezua gauean. Aita izan da bigarrengoz. Naroa jarri diote neskato jaio berriari. Zorionak!
Eguneratzea: azaroak 26. 20:40. Ibanek (erdikoa) bidali dit argazki bat. Reigekin (ezkerrekoa) eta editorearekin batera ageri da bertan. Ah! Eta Nandok esan dit alabaren jaiotza kontatuko duela. Zain gauzkazu.
Konta ditzagun gutar hildakoak
Denek bukatu behar dugu gure bidea, baina gauza da nola. Ez litzaidake gustatuko ultraeskuindar batek akabatzea; Euskal Herrian lan istripuz aurten hiltzen den 107.a izatea; senarrak jipoitutako emakume gaixoa ere ez; Europako ametsa behatzekin ukitu nahian hiltzen den etorkina (56 duela aste batzuk kaiuko batean, 52 handik gutxira). Jada apenas oihartzunik duen Irakeko gerrako hildako bat. Bangladeshen joan den astean naturak eramandako ehundaka lagunetako bat. Ez.
Udatik hona, Vizcaíno (eta beste batzuk) ari dira Euskal Herrian lan istripuz hildako jendearen kontaketa egiten. Izugarria da lan hori, baina behar-beharrezkoa. Europako marka guztiak apurtzen ditugu maila horretan eta, hala ere, ez dirudi neurri egokiak hartzeko gai garenik.
Etxe aldameneko obra batean langile hil berriaren albistea irakurtzerakoan, 1985eko ekainaren 20an lan istripuz hildako Agustintxo lehengusuaz gogoratu naiz. Greba-eguna deituta zegoen, baina ez genuen grebarik egin (pentsio-sistemaren kontrako greba masiboa izan zela enteratu naiz oraintxe). Hamazazpi urte betetzeko nengoen (ultraeskuindar batek pasa den astean Madrilen hildako Carlos bezala) eta hura zen soldatapeko nire lehen beharra. Ni baino urte batzuk zaharragoa zen Agustintxo. Hirugarren lan-eguna nuen Donostiako Legazpi kaleko obra hartan. Bajera bat eraberritzen ari ginen.
Gogoan dut ere bizilagun batek portaleko eskailerak igo zituela, "merezita duzue" esanez. Gero kontatu zidaten. Pentsatu nahi dut bizilagunak ez zuela nire lehengusuaren egoeraren berri izango. Pentsatu nahi dut.
Konta ditzagun gutar hildakoak. Atzo beste bat: Josemari Ortiz.
Ez ditzagun ahaztu. Arren.
Gauza ttikiak
Gaur Más que palabras irratsaiotik deitu naute Narratzaileen Txokoa egitasmoari buruz hitz egiteko. Gustatu zait Javierrek egin duen aipamena, gauza ttikien laudorioa egin baitu. Erabat ados nago puntu horretan berarekin (beste askotan ere bai, bide batez).
Ikuskizun handiek nahikoa toki hartzen dute gure gizartean eta, askotan, horrek burua galtzera eramaten gaitu. Futbolzalea bazara, ni naizen bezala, nahiago duzu zure taldea lehen mailan eta Champions League jokatzen ikustea, bigarren mailan eta partida ziztrin bat irabazteko izerdi patsetan ibili beharrean baino. Artista bazara, ez da gauza bera Victoria Eugenian, auzoko kultur etxe batean edo periferiako herri bateko kafe antzokian aritzea.
Aste honetan hamar urte bete ditu Irungo Kabigorrik. Komunikabideei helarazitako prentsa-oharrean gogoratzen dute kontutan hartzeko bi proiektu abiatu zirela 1997an Euskal Herrian: Kabigorri eta Guggenheim. Grazia egin zidan konparazioak eta barre egin nuen hori irakurtzerakoan.
Eguneroko gauzak, baina, gauza ttikiak izaten dira normalean eta horiek ematen digute plazerrik handiena: egunkariak erostea, kafea hartzea, bazkaltzea, kaña pare bat hartzea, lagunekin solastea. Ez gara New York-en edo Beijing-en bizi, hiri izan nahi duen herri probintziano batean baizik.
Eta hori ez da txarra. Periodikoak erosi ditut goizean eta galtza motzetan joan naiz kiroldegira. Bost minutu. Bizikleta estatiko batean irakurri ditut paperean eguneko notizia txarrak. Dutxatu eta beste bost minutu etxera ailegatzeko. Gauean Devendra Banhart musikariaren kontzertua dut agendan. Hamabost-hogei minutu etxetik. Lantokia ere horrela daukat.
Askotan gauza handiek txoratzen gaituzte. Futbolarekin jarraitzeagatik, oso ohikoa da normaltzat jotzea jokalari batek agur esango diola bere betiko klubari, atzerrian euroz beteriko poltsa jarri diotelako mahai gainean. Segun, erantzungo nuke nik. Gustura baldin bazaude zauden tokian, bizitzeko diru nahiko lortzen baduzu, zergatik alde egin behar? Diruagatik? Ospeagatik? Erronka berriei aurre egiteagatik?
Gauza ttikien laudorioa egin nahi nuen gaur. Besterik gabe. Purpura beste batzuentzat uztea nahiago.
Komikiari buruzko erakusketa: Euskadi Fantastikoa III
Gaur gogoratu naiz kultur etxean dugun Euskadi Fantastikoa III erakusketaren berri eman gabea nengoela txoko honetan. Garik kontatu dit gaur zortzi mila karaktere zituela gauean idaztekoak komikiari buruz. Irutxuloko Hitzaren diseinu berriaren aurkezpen ekitaldian egin dugu topo.
Eskerrak E-gorrek kasu pizarra egiten digun eta nik esan beharrekoak kontatu dituela jada, urtero bezala, txintxo-txintxo.
Aurten Raquel Alzate eta Jose Angel Lopetegi dira Iñaki Holgado komisarioak aukeratu dituen autoreak. Azaroaren 24ra arte bisita daiteke erakusketa Ernest Lluch Kultur Etxean, astelehenetik ostiralera, 16:00etatik 20:30etara, eta larunbatetan, 17:00etatik 21:00etara.
Zita berezia egongo da datorren ostiralean, azaroaren 16an. Izan ere, arratsaldeko 18:00etan bi autorek bisita-gidatua egingo baitute. Nahi izanez gero, bertaratu.