Durangon goiz pasa
Bost urte joan dira Durango Azokatik pasa gabe eta aurten bertara hurbiltzea erabaki dugu etxean.
Autoa inguruko aparkaleku batean utzi eta Landakon sartu aurretik ebakia hartu dugu Plateruenan. Gero, toki batetik bestera ibili naiz, erosten eta jendea agurtzen.
Lehenengo erosketa, Xabier Soubelet, Baztango lapurtarraren Oroitzirriak liburua, Maiatz aldizkariaren postuan, Luzien Etxezaharretaren eskutik.
Bigarren parada, Alberdania argitaletxearen postuan. Bertan, Inazio Mujika agurtu ondoren, bi liburu erosi ditut: Ramón Zalloren "El Pueblo Vasco, hoy" eta Joxerra Garziaren "Kurrin-kurrun vitae. Maisu baten ikarak eta ostikarak".
Hirugarren geldialdia, Susa. Bertan zeuden Patxi Gaztelumendi eta Paddy Rekalde. Paddy-ren "Ragga-ragga dator gaua" erosi eta sinatu dit autoreak. Gainera, Jon Alonsoren "Erretzaileen eremua" erosi dut. Gorka Arrese editoreak Pablo Sastreren "Elurretan hotsak" oparitu dit. Katalogo txukuna ere agertu da paperezko poltsan.
Laugarren geldialdia, Gure Irratiak pairatu duen azken ezbeharrari aurre egiteko sarrera nagusian zegoen Juan Etxenike aspaldiko laguna agurtzeko. Eskerrak Durangoren aurretik gertatu den, bota dit Juanek.
Bosgarren geldialdia, Julen Gabiria idazlea eta Asier Sarasua blogaria agurtzeko.
Seigarren geldialdia, Nabarra aldizkariaren postua. Aspaldian egiteko nuena egin dut: harpidetza-orria bete. Pare bat ale atzeratu eta bibragailu bat eman didate opari.
Etxetik eramandako dirua xahutzen ari nintzen eta, okerrena, musika eremua oraindik zapaldu gabe. Hemen ez dut gehiegi gastatu, baina bai saludatu dudala Jitu, Leire eta Kuki.
Gaztelupeko Hotsaken postuan ezin izan naiz erriprimitu, ordea. Mugaldekoak eta Hauxe erori dira poltsara. Gainera, eskaintza ona aprobetxatuz (katalogoko zaharreko 3 CD 6 eurotan), Txuma Murugarrenen bi eta Kokein taldearen azkena ere erosi ditut.
Centro Palentinora joan aurretik, Pamiela argitaletxearen standean erosi dut autoreak sinatu didan "Hyde Park-eko hizlaria", Jimu Iturralderena. Gustura asko jasoko nuen egilearen sinadura, baina ezinezkoa izan da Joseba Sarrionandiaren "Ez gara geure baitakoak" liburuaren ale sinatua eramatea. Opari gisa, Bernardo Atxagaren "Fontainebleau Hotel, Miami".
Centro Palentinoan tragoa hartzen ari ginela, Julen Gabiriaren deia. Plateruenan elkartu gara Txuma Murugarrenekin.
Txumak oparitu dit "Larrialdietako irteera" liburua eta Xarrak Kataluniako Conxita taldearen Conxita: amb lletra petita diskoa.
Halako batean, atera naiz Landakotik. Atera aurretik, oraintxe gogoratzen ez dudan zein unetan, Erein argitaletxearenetik pasa naiz eta Xabier Etxaniz Rojoren "Nork bere ozeanoa" eskuratu dut.
Musika entzutea ez da zaila, baina, orain kontua da noiz demontre irakurri behar ditudan liburu guzti hauek.
Dena den, gustura bueltatu naiz etxera.
Seigarrenean, good choice!
Besteetan, egia esan, baita be. Atarramendu ona atara zeuntsan gero Durangoko goxari!