Sexu erasoak futbolean
Atzo goizean entzun nuen irratian Real Unión futbol taldeko jokalari bat atxilotu zutela Bizkaian bost sexu eraso egiteaz akusatuta. Egunkarietan ibili naiz albiste gehiagoren bila eta hau aurkitu dut Noticias de Gipuzkoan. Periodikoak dio Ertzaintzak ez duela jokalariaren izen-abizenik eman, baina, Radio Irun aipatuz, jokalari honen izena ageri da artikuluan.
Ez nuen jokalaria ezagutzen, baina aste honetan bigarren aldiz entzun dut bere izena. Lehenengo aldiz bestelakoa zen arrazoia, talde irundarrak Valentziaren aurka jokaturiko Kopa partidan jokaldi ikusgarria egin eta taldekide batek gola lortu zuelako.
Eta orain hau. Azken urtean bost sexu eraso egiteaz akusatua izan da. Hala bada, ederra fitxajea! Antzeko saltsetan ibiliak dira futbolista ezagunak, baina goi mailako kirolariak direnez azkar desagertzen dira istorioak komunikabideetatik. Kasu honetan, berriz, ez da eliteko jokalaria eta gauza asko dago oraindik argitzeko. Hala ere, neskek pasa dutena larria izanik, tristea da 23 urteko mutila horrelako saltsetan nahasita ikustea.
Ezer gutxi dut gehitzeko.