Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Ostras, el de Pásalo!

Ostras, el de Pásalo!

Mikel Iturria 2007/12/09 14:00

Iñaki Muruak jarri dit beharra, bustitzeko Durangoko Azokari buruzko iritzia argitaratuz.

Kosta egiten zait gazteleraz azoka deitzea, baita euskaraz ere, Irunen azoka feria (feya) delako. Bost urte hara joan gabe eta iaz bueltatu nintzen Durangora. Orduan poz-pozik ibili nintzen alde batetik bestera. Aurten, berriz, ez nuen gorputzaldirik eta karril zentraletik ibili nintzen albo bietara begiratuz. Hau da, oso gutxi erosi nuen.

Baserritarrek, gure etxean behintzat, ez dira joaten erostera, normalean, ferietara. Begiratzera joaten dira, batez ere, lagunak agurtzera, salda edo hamaiketakoa hartzera. Eta hori izan zen nik pasa den ostegunean egin nuena.

Agian puncha galdu du, baina onerako eta txarrerako euskal kultura modernizatu egin da. Industriaren txokoa da Durangokoa, ez hainbeste artistena. Baina artistarik gabe ez dago kulturaren industriarik. Eroslerik gabe ere, negozioa pikutara doa. Eta erosleak, kultur dastatzaileak, kontsumitzaileak edo irakurleak, egunerokoan trebatu behar ditugu. Eta hori da nire espezialitatea: eguneko menua (noizean behin igandeko trajea jartzea tokatzen bada ere).

Zer eskatzen du herriak? Gutxi. Pako Aristik esan ohi duen bezala, hau kirolari, sukaldari eta enpresari herria baita. Eta gehitzen du noiz egin izan duen lehendakariak bidaiarik euskal artistekin? Ez dut uste berarekin joango zinetenik, Pako eta konpainia.

Inaziok eta Mendigreenek Argian esandakotik gertuago nago, Arresek esandakotik baino: euskararen azoka, plaza, topaleku izan beharko luke Durangoko Azokak, baina gure erdarek ere izan beharko lukete tokia.

Baina, izarrak ezin dute besteek izan. Adibide bat jarriko dut. EITB taldeak gabonetarako hiru liburu argitaratu ditu. Vizcaínoren Cociditoa, Mendiak, Palenzuelak eta Domínguezek memoriari buruz moldatu dutena eta Álvarez Solísen poesia liburua. Arraroa egin zait erakunde publikoak poesia liburua argitaratzea. Igual konturatu dira poesia etorkizunez beteriko arma dela eta horra hor arrazoia. Baina esango nuke ezetz, salmenta onak lortzea dela kontua.

Beste adibide bat: Xabier Silveirak ateratako "A las ocho en el Bule" liburuaren 1100 ale saltzeko aurreikuspena egina zuen Txalaparta argitaletxeak eta denak agortu ei dira.

Erdarek eta telebistak duten indarraren beste etsenplu bat, Álvarez Solís ikusterakoan haur batek aitari esandakoa: "¡Ostras, el de Pásalo!".

Amaitu aurretik, Radio Euskadiri eskatuko nioke auto-bonboarekin kontu gehiagoz ibiltzeko. Izan ere, maitatzen dugun jendea gorrotatzera irits gaitezke-eta.

En castellano

etiketak: Kultur harrikadak
Iñaki Murua
Iñaki Murua dio:
2007/12/11 02:54

Aurrekoan ahaztu egin zait. Beharbada neu ere ez naizelako blogari euskaldunaren adibide izango, baina ez nago ados Luistxoren azkenengo baieztapenarekin.

Iñaki  Murua
Iñaki Murua dio:
2007/12/10 19:14

Tira, "busti" zara, Iturri.

Funtsean bat nator zuk esandakoarekin; lagun batek esan zidanez, urteroko erromerian (sic) elkartu ginen.

Alvarez Solisi buruzko beste pasadizo bat. Beste batek esan omen zuen "anda, Labordeta por aquí" :-D

Luistxo
Luistxo dio:
2007/12/10 12:20

Durangoren inguruko eztabaida da, gure artean, Gabonak bai, Gabonak ez eztabaidaren aurrerapen bat.

Horrez gain, gero eta komentzituago nago Euskal Herriko kultura produkzio erdalduna errotik baztertu behar dugula gure superbibentziarako. Adibidez, blogari euskaldunak garela euskal blogosfera, edo kazetaritza euskalduna dela euskal kazetaritza. Eta, ondorioz, Vizcaino bat blogosfera eta kazetaritza espainola direla, beste barik.

jon
jon dio:
2007/12/09 16:14

"Izarrak ezin dute besteek izan". Hor dago koska! Nola ebitatu erdarazko produktuek bereganatzea arreta? Nola mugatu haien tokia? Badu euskarak nahikoa indarrik hori ebitatzeko? Nola egiten da hori? Nik, ikusitakoak ikusita, bide bakarra ezagutzen dut: sarrera ukatuz. Ez zait neurri baztertzailea denik iruditzen, euskarazko liburugintzaren protagonismoa bermatzeko eta erdarek eskua sartzeko izan dezaketen tentazioa saihesteko modua baizik. Bestela badakigu nora garamatzan honek, eta argitaletxe batzuk joko horretan sartu dira jada, Txalapartak Silveiraren liburuarekin egindakoa adibide argia da. Ez du itxaron udaberrira arte liburua kaleratzeko... Beste urtetan gauza bera gertatu da Otegi edota Arzalluzi buruzko liburuekin... Ez nekien Alvarez Solisek poesia liburu bat kaleratu duela... EITBren eskutik!! Flipantea! Ta? Euskal gaiarekin lotura du? Aluzinantea izan zen Azokako estand batean ikustea tipoa!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter